Giltzurrun-transplantea: goian, gaixotutako giltzurrunak; behean, transplantatutakoa.

Transplantea deritzon kirurgia motan, medikuek pertsona baten organo bat ateratzen dute, eta, gero, antzekoa den beste batekin ordezkatzen dute. Transplante baten helburua kaltetuta edo gaixorik dagoen organo bat kendu eta, haren ordez, funtzionatzen duen beste organo bat jartzea da.

Funtzionatzen duen organoa norberarena edo beste pertsona baten gorputzekoa izan daiteke. Organoa jasotzen duen pertsonari hartzailea deitzen zaio. Beste pertsona batek organo bat ematen badu, pertsona horri emailea deitzen zaio. Transplanteen emaileak bizirik edo hilda egon daitezke, transplantatu behar den organoaren arabera.

Mediku batek organo bat pertsona beraren leku batetik bestera eramaten duenean, operazio horri autotransplante deitzen zaio. Larruazaleko txertaketa da autotransplante mota arrunt bat; ebakuntza horrek pertsona baten gorputzeko zati bateko azala erabiltzen du beste eremu batean galdutako azala ordezkatzeko.

Beste pertsona baten organo bat hartzaileari transplantatzen diotenean, operazio horri alotransplantea deitzen zaio. Alotransplanteak organo askorekin egin daitezke, besteak beste giltzurrunekin, gibelarekin, birikekin eta hesteekin; organo horiek emaile bizienak izan daitezke. Gainera, beste pertsona batzuen korneak eta bihotza ere transplantatu daitezke, baina kasu horretan emaileak hilda daude. Medikuek gaixorik dauden atal batzuk artifizialak edo gizakiak egindako zatiekin ordezkatu ditzakete.

Transplanteen arazo nagusia gorputzak organo berriak errefusatzea da, haren aurkako erreakzioa izatea, alegia. Hori gertatzen denean, gorputzaren immunitate-sistemak germena edo infekzioa balitz bezala tratatzen du organo berria, eta hiltzen saiatzen da. Aurkako erreakzio hori ez gertatzeko, medikuek sendagaiak ematen dizkiete hartzaileei, gorputzak ez erasotzeko transplantatutako atalari.