👶
Jaiotza
5
Tarso
💀
Heriotza
66
Erroma
🔨
Lanbidea
idazle
📷
Argazkiak
ikusi
Paulo Jesusen argia jasotzen Damaskora bidean, Caravaggioren margolana.

Paulo Tarsokoa edo San Paulo Jesu Kristoren ondoren kristautasunaren historiako pertsonaiarik garrantzitsuena dela esan ohi da. Lehen kristauen buruzagietako bat izan zen. Pauloren bizitza eta bere gutunak Bibliako Itun Berriko 27 liburuetatik 13tan jasota daude. Liburu horiek paper garrantzitsua izan zuten kristau fedearen garapenean.

Bizitza aldatu

Paulok Saulo izena jaso zuen jaiotzean, gaur egun Turkia den lurraldean, K.a. 4. urtean gutxi gorabehera. Judua zen eta Jesusen jarraitzaileak jazarri zituen hasieran, haien aurkako jarrera zuen. Sinagogetara bidaiatzen zuen eta Jesus mesiastzat (juduen salbatzailetzat) zuen edozein judu zigortzea proposatzen zuen.

Saulo nola kristau bihurtu zen kontatzen duen istorioa oso ezaguna da kristautasunaren historian. Damaskora zihoala, argi distiratsu batek argitu eta Jesusek hitz egin omen zion. Esperientzia horren ondoren, Jesus mesias zela sinetsi zuen. Egun hartatik aurrera, kristau bihurtu eta Paulo izena hartu zuen.

Fede berria hartu ondoren, Paulo Jerusalemera joan zen Petri —Jesusen apostoluen buruzagia— ezagutzera; Jesus nola bizi izan zen ikasi nahi zuen. Paulo orduan inoizko misiolaririk handienetako bat bihurtu zen, kristautasuna zabaltzeko lanetan. Gutxi gorabehera hurrengo 20 urteetan, Asia Txikian eta Europan kristau-taldeak antolatu zituen. Pauloren lanaren ondorioz, kristautasuna berehala zabaldu zen leku askotara.

Paulo 50eko hamarkadaren amaieran Jerusalemera itzuli zen; bertan atxilotu zuten, judua izateari utzi eta gero juduen tenpluan sartzeagatik. Epaiketa batzuen ondoren, Erromara bidali zuten eta bi urtez egon zen han preso. Ez dago argi Paulo nola hil zen, baina 62 eta 68 urteen artean Neron enperadoreak burua mozteko agindu zuela uste da.

Eragina aldatu

Paulok uste zuen bere helburua predikatzea eta jentilak —juduak ez ziren pertsonak— kristautasunera bihurtzea zela. Kristautasunaren historian izan duen eragin handiena idatzi zituen gutunengatik da. Jesusi, lege juduari eta Jainkoaren eta Jesusen harremanari buruz zituen ideiak izan ziren kristautasuna zabaltzen lagundu zutenak.