Oroimena lantzeko jolasa.

Oroimena da burmuinean esperientziak gordetzeko eta gerora gogoratzeko prozesua. Gogoratzen ditugun esperientzia horiei oroitzapen deitzen diegu. Oroitzapenak bizitzako une guztietan erabiltzen ditugu; adibidez, idazteko edo hitz egiteko, hitzak edo ideiak gogoratu behar ditugu; eta jateko edo oinez ibiltzeko ere, txikitan ikasi genituen mugimenduak gogoratu behar ditugu.

Zientzialariek badakite oroitzapenek aldaketa kimikoak eragiten dituztela burmuineko neuronetan (nerbio-zeluletan). Aldaketa kimiko horiek oroimen-loturak sortzen dituzte. Lotura horiek segundo gutxiz edo bizitza osoan gera daitezke burmuinean.

Oroimenaren mailak aldatu

Zientzialari askok uste dute oroimenak bi maila dituela: lehenengo maila iraupen laburreko oroimena edo "laneko memoria" deitzen dena da; beste maila, berriz, iraupen luzeko oroimena da, eta oroimen iraunkorra ere deitzen zaio.

Iraupen laburreko oroimenak informazioa denbora labur batez gordetzeko balio du: 15 edo 30 segundo artean irauten du. Adibidez, telefono-zenbaki bat gogoratzeko, zenbakia bilatzen dugunetik mugikorrean markatzen dugun arte.

Iraupen luzeko oroimenak, aldiz, informazioa denbora luzeagoan gordetzeko balio du. Egunak, hilabeteak, urteak edo bizitza osoa iraun dezake. Zenbait mugimendu edo zeregin behin eta berriz errepikatzeak eta egiteak burmuinari laguntzen dio denbora luzez informazioa gordetzeko. Telefono-zenbaki bat behin eta berriz markatzen badugu, zenbaki hori iraupen laburreko oroimenetik iraupen luzeko oroimenera pasatuko da, eta buruz jakingo dugula esango dugu.

Memoria-motak aldatu

Zientzialariek uste dute memoria-mota ezberdinak daudela: memoria motorra, memoria faktikoa eta memoria emozionala.

  • Memoria motorrak aurretik egin ditugun gauza fisikoak nola egin behar ditugun esaten (edo gogorarazten) digute. Iraupen luzekoa edo laburrekoa izan daiteke. Memoria motorra erabiltzen dugu, adibidez, dantzako pauso bat kopiatzeko edo bizikletan ibiltzeko.
  • Memoria faktikoaren bidez gertaerak gogoratzen ditugu. Iraupen luzekoa edo laburrekoa izan daiteke hau ere. Memoria faktikoari esker aurpegiak, zenbakiak edo esperientziak gogoratu ditzakegu.
  • Memoria emozionala sentitzen dugunaren memoria da. Iraupen luzekoa da. Adibidez, noizbait gertatu zaizkigun esperientziarik gozagarrienak bizitza osoan zehar gogoratzen ditugu, baina baita beldurgarriak eta mingarriak ere. Zenbait zientzialarik uste dute etorkizunerako prest egoteko gertatzen zaigula hori.

Nola gogoratzen dugu? aldatu

Gure oroimenean gordeta dagoen informazioa berreskurapenaren edo ezagupenaren bidez atera dezakegu. Berreskurapenak esan nahi du aurretik ikasitako informazioa berreskuratu dezakegula. Aldiz, ezagupena aurretik bizi edo ikusi dugun zerbait identifikatzea da. Ezagupena berreskurapena baino errazagoa da. Esate baterako, erraza izan daiteke guretzat pertsona baten aurpegia oroitzea, baina zailagoa pertsona horren izenaz oroitzea.

Elementu errepikakorrak oroitzea errazagoa izaten da. Adibidez, errimatzen ez duen olerki batez oroitzea zailagoa izaten da errimatzen duenaz baino.

Nola ahazten dugu? aldatu

Informazioa gogoratzeko gai ez garenean, horrek esan nahi du ahaztu egin dugula. Ahazteko arrazoi nagusienetako bat denboraren joana da. Egiten edo berrikusten ez ditugun gauzak ahazteko joera daukagu. Batzuetan, gaixotasun edo burmuineko lesio baten ondorioz ahaztu ditzakegu gure oroitzapenak.

Orokorrean, gizakiok ez dugu ahaztea gogoko. Baina, ahazteak zenbait helburu garrantzitsu lortzeko balio digu. Burmuinak jada behar ez duen informazioa ahaztu egiten du. Horrelakoetan, informazio berria eskuratzeko prest egongo da. Ahazteak esperientzia mingarriak gainditzeko ere balio dezake.