Banana baten oxidazioa materiaren aldaketa kimikoa da

Materiak aldaketak izaten ditu etengabe. Batzuetan, itxuraz edo formaz aldatzen da; beste batzuetan, bere konposizioa edo osaera da aldatzen dena eta, orduan, beste materia mota bat bihurtzen da.

Materiak bi eratako aldaketak izaten ditu: aldaketa fisikoak eta aldaketa kimikoak.

Aldaketa fisikoak aldatu

Materiak aldaketa fisikoa izaten du materia hori formaz edo itxuraz bakarrik aldatzen denean; hau da, aldaketa fisikoan ez da materiaren konposizio edo osaera aldatzen, ez eta materiaren propietateak ere, haren forma edo itxura bakarrik. Adibidez, aldaketa fisikoa gertatzen da ura izozten denean edo lurruntzen denean: materiaren egoera bakarrik aldatzen da, ez haren osaera.

Dena dela, aldaketa fisiko guztiak ez dira berdinak izaten; batzuk itzulgarriak dira, eta beste batzuk itzulezinak.

  • Aldaketa itzulgarria izaten da materiak izandako aldaketa baten ondoren materia hori bere jatorrizko forma edo itxurara itzul badaiteke. Adibidez, goma elastiko bati tira egiten badiogu, luzatu egiten dugu, aldatu egiten diogu haren forma; baina tira egiteari uzten diogunean, goma elastikoa bere jatorrizko formara itzultzen da.
  • Aldaketa itzulezina dela esaten dugu materia bat aldatu ondoren ezin bada itzuli haren jatorrizko itxurara.. Hori gertatzen da, adibidez, ogi-barra bat xerratan ebakitzen dugunean, ezingo baitugu berriro ogi-barra osatu.

Aldaketa kimikoak aldatu

Materiaren konposizio edo osaera aldatzen bada, aldaketa kimikoa gertatzen dela esaten dugu. Honelakoetan, jatorrizko materia beste substantzia bat bihurtzen da. Adibidez, aldaketa kimikoa gertatzen zaio poxpolo bati su hartzen duenean, errauts, ke eta gas bihurtzen baita; hau da, haren konposizioa aldatzen da, eta, gainera, energia askatzen da argi eta bero moduan.

Aldaketa kimikoei erreakzio kimiko ere deitzen diegu. Honelakoetan, erreaktibo deitzen diren substantzia batzuk eraldatu egiten dira eta beste substantzia batzuk sortzen dira. Erreakzio kimikoetan energiak parte hartzen du beti. Adibidez, paper batean limoi-zukuaz idatzi eta lehortzen uzten badugu, hasieran ez dugu ezer ikusiko paperean; baina papera nolabait berotzen badugu, idatzitako mezua agertu egingo da. Izan ere, papera berotzen dugunean, energia aplikatzen diogu, eta horren ondorioz errekazio kimikoa gertatzen zaio limoi-zukuari: beste substantzia bat bihurtzen da, horregatik aldatzen zaio kolorea eta horregatik ikus dezakegu idatzi duguna.

Materiaren aldaketa kimikorik garrantzitsuenak honako hauek dira:

  • Oxidazioa: aireko oxigenoaren eraginez, oxidazio izeneko erreakzio kimikoa gertatzen zaie zenbait substantziari; erreakzio kimiko horren ondorioz, beste substantzia bat sortzen da, oxidoa. Hori gertatzen zaio burdinari, adibidez, herdoiltzen denean. Baina frutari ere gertatzen zaio (adibidez, madaria moztu eta kolore iluna hartzen duenean).
  • Errekuntza: errekuntza oso azkar gertatzen den oxidazioa da, energia argi eta bero moduan askatzen duena. Substantzia bat oxigenoarekin elkartu eta su hartzen duenean gertatzen da; substantzia horri erregai deitzen diogu. Adibidez, kandela baten metxa pizten dugunean, errekuntza gertatzen da. Nola dakigu oxigenoa behar dela errekuntzan? Bada, kandela bat piztu eta kristalezko ontzi batez estaltzen badugu, oxigenoa agortzen denean sua itzali egiten delako.
  • Hartzidura: zenbait mikroorganismok (legamiek eta bakterioek, adibidez) materia batzuk eraldatzen dituzte oxigenoak parte hartu gabe, hau da, oxigenorik gabeko egoeretan. Hartzidura gertatzen da, adibidez, esnetik jogurta ateratzen denean, edo ogia egiteko prozesuan.
Ogi-orea amaitu berritan (ezkerrean) eta 40 minutu pasatu ondoren (eskuinean). Begi hutsez ikusten da orearen bolumena handitu egin dela hartziduraren ondorioz