Marrazo balea.

Marrazo balea munduko arrainik handiena da. Galzorian dagoen espezie bat da, hau da, betirako desagertzeko arriskuan dago. Haren izen zientifikoa Rhincodon typus da.

Nolakoak dira? aldatu

Marrazo baleak 12 eta 15 metro arteko luzera du, baina 18 metro arte ere haz daiteke. Handienak 20 tona pisatzera irits daitezke. Buru handi eta zapalak dituzte eta haien ahoak 1,5 metro inguru zabal dira. Marrazo baleen gainaldeak urdinak, grisak edo marroiak dira eta orban eta marra hori argiak dituzte. Behealde zuriak dituzte. Buruaren alde bakoitzean bost irekigune brankial handi dauzkate.

Portaera aldatu

Planktona tonaka jaten dute, bai eta animalia txikiak ere. Horretarako, ura iragazten dute; hau da, ur trago bat hartzen dute eta janaria ahora sartzen zaie itsasoko urarekin batera. Janaria haien ahoan geratzen da eta itsasoko ura zakatz edo brankietatik ateratzen da. Marrazo baleek hortz txiki-txikiz osatutako 300 ilara inguru dituzte masailezur bakoitzean, baina hortz horiek ez dituzte jateko erabiltzen.

Marrazo baleak oso motel mugitzen dira. Bakarrik egoten dira normalean, baina batzuetan 100 arteko taldeetan elkartzen dira. Itsasoaren sakonean egon ohi dira, baina batzuetan kostaldetik gertuago igeri egiten dute. Kumeak arrautzetatik jaiotzen dira amaren gorputzean. Ama erabat osatuta dauden eta 55 zentimetro neurtzen duten kumeez erditzen da. Aldi bakoitzean 16 kume inguru jaiotzen dira aldi berean, batzuetan gehiago ere bai. Jaio diren egunetik aurrera, marrazo balearen kumeak beren kasa moldatzen dira.

Marrazo baleak 60 eta 100 urte artean bizi daitezke.