Huckleberry Finn 1968ko film batean.

Huckleberry Finn-en abenturak estatubatuar literaturako libururik ahaztezin eta maitatuenetakoa da. 1884an argitaratu zen eta idazlea Mark Twain da. Huckleberry Finn gazteak kontatzen du istorioa eta bere hizkera arrunt baldarra era miresgarrian moldatzen da eszenen deskribapen poetiko eta zehatzekin eta interpretazio narratiboekin. Bai deskribapenak eta bai interpretazioak oso barregarriak eta sotilki ironikoak dira.

Huckek aitaren tratu txarretatik ihes egiten du eta Jim esklabo iheslariarekin batera, sarri etengo den bidaia luzea hasten du baltsaz Mississippi ibaian behera. Bidaian zehar, Huckek pertsonaia xelebre askorekin egiten du topo, eta ibaian edo ibai ondoan bizi diren ia guztiak era ahaztezinean deskribatzen dira liburuan. Esperientzia horien ondorioz, Huckek ohiko arrazagatiko aurreiritziak gainditu eta Jim errespetatzen eta maitatzen ikasten du.

Liburuko orriak ibai bikainaren eta inguruko basoen deskribapen idilikoz josita daude, baita Hucken izaera onaz eta oharkabeko umorez ere. Baina abenturaz abentura doan istorioaren haria gizakiaren ankerkeriarena da, agerian geratzen dena gizabanakoen ekintzetan eta esklabotza bezalako ohiturak hausnartu gabe onartzean. Hucken berezko ontasuna gizarte ustelaren ondorioekin alderatzen da etengabe.