Espartako aztarnak, eta atzean egungo hiria: Sparti

Esparta Antzinako Greziako hiri-estatu edo polis garrantzitsuenetako bat izan zen. Peloponesoko penintsulako hegoaldean kokatuta zegoen. Lakonia izeneko eskualde baten hiri nagusia zen.

Espartako gizartea aldatu

Esparta oso ezberdina zen Atenasekin alderatuta. Atenas antzinako Greziako beste hiri-estatu garrantzitsu bat zen, eta haren tenplu eta estatua ederrekin, poesiarekin eta filosofiarekin mundu intelektuala gidatzen zuen. Espartarrei, ordea, ez zitzaien artea edo filosofia axola. Horien ordez, ausartasunari, indarrari eta obedientziari ematen zieten garrantzia. Eta, azkenean, Espartak nagusitasun politikoa kendu zion Atenasi denbora batez.

Espartarrak militarrak ziren, eta uste zuten biztanle guztien bizitza, jaiotzetik hil arte, estatuaren jabetzapean zegoela. Hiri-estatuko buruzagi zaharrek ume jaioberriak aztertzen zituzten, eta ume ahul eta gaixoak amildegi batera eramatea agintzen zuten. Behin amildegira eraman ondoren, umeak bertan uzten zituzten hiltzeko. Horren bidez, Espartak ume indartsuek bakarrik bizirautea espero zuen.

Bizirauten zuten umeak diziplina gogorrez hezitzen ziren. Zazpi urterekin haurrak gurasoen etxetik atera eta estatuaren menpe geratzen ziren, eta 20 urte bete arte heziketa militarra jasotzen zuten. Indartsuenak eta ausartenak kapitain bihurtzen ziren. Neskek ere Espartako balioak ikasten zituzten, baina haien heziketa ez zen hain zorrotza. Espartako mutilek denbora gutxi ematen zuten musika eta literatura ikasten. Horren ordez gimnastika eta taktika militarrak ikasten zituzten egunero. Horrekin batera, guda batean amore ematea edo erretiratzea lotsagarria zela irakasten zieten. Mina eta zoritxarrak kexurik gabe jasaten ikasten zuten, bai eta aginduak betetzen galderarik edo zalantzarik gabe ere. Horrela, 20 eta 60 urte zituzten bitartean, gerra zen espartarren jarduera nagusia. Gazteek proba bat gainditu behar izaten zuten: bi urte bizi behar zuten hiritik kanpo, basa-piztien modura.

Espartak bi errege zituen, biek batera gobernatzen zutenak. Buruzagi zaharren batzorde batek laguntzen zien erregeei. Herritarrak hiru klasetan zeuden banatuta Lakonian:

  • Hiritar espartarrak: hirian bertan bizi ziren eta haiek bakarrik har zezaketen parte gobernuan. Denbora guztia soldaduak izateko entrenatzen ematen zuten.
  • Perioikoiak, edo “inguruko biztanleak”: hiriaren inguruko herrixketan bizi ziren eta askeak ziren, baina ez zeukaten eskubide politikorik. Merkatariak eta eskulangileak ziren, lanbide horiek espartarrentzat debekatuta baitzeuden.
  • Ilotak: espartarren lurrak lantzen zituzten. Ilotak ia esklaboak ziren, eta Lakoniako biztanleriaren gehiengoa osatzen zuten.
 
Espartako antzokiaren aztarnak

Historia apur bat aldatu

Esparta, seguruenik, K.a. 800. urtean sortu zen. Persiarrek Grezia inbaditu zutenean Mediar Gerretan (K.a. 492 – 449), Espartako ejertzitoak persiarrak botatzen lagundu zuen. Atenasek borrokaldi handienak irabazi zituen gerra horietan. Baina Peloponesoko Gerran (K.a. 431 – 404), Espartak Atenas garaitu zuen eta Greziako hiririk boteretsuena bihurtu zen.

Espartaren nagusitasunak ez zuen asko iraun, ordea. Geroagoko beste gudu batzuek Greziako hiri-estatuak ahuldu zituzten. K.a. 339. urterako, Filipo II.a Mazedoniako erregeak Greziako lurralde gehiena konkistatu zuen, Esparta barne. K.a. 100. urte aldera, ejertzito erromatarrek hartu zuten Esparta. Geroago, bisigodo izeneko jende-talde germaniar batek hiria suntsitu zuen K.o. 396. urtean.

Gaur egungo hiria, Esparta Berria izenekoa, 1834. urtean eraiki zen, Greziako Independentzia Gerra ondoren. Antzinako hiriaren zati batean kokatuta dago, Eurotas ibaiaren ondoan.