Begiaren sekzioa eta erretinaren kokapena.

Erretina begi-globoaren atzealdea barrutik estaltzen duen zelula-geruza mehea da, bai gizakietan bai eta animalia askotan ere.

Gure begietatik sartzen diren argi-izpiak erretinara iristen dira. Bertatik kable baten antzeko zerbait ateratzen da, nerbio optikoa. Nerbio horrek ikusi dugunari buruzko informazioa bidaltzen du burmuinera. Horregatik, jendeak askotan argazki-kamera baten film batekin (argiarekiko sentikorra dena) alderatzen du erretina.

Ondoren, burmuinak argi-izpi horiek batzen ditu irudi bat sortzeko. Horrela ikusten dugu. Adibidez, erretinak argia eta iluntasuna, eta gauza gardenak eta lausoak bereizten ditu. Gainera, erretinaren bidez ez dugu zuri-beltzean bakarrik ikusten, koloreak ere antzeman ahal ditugu.

Erretina nerbio-zelulak dituzten hainbat geruzaz, odol-hodiez eta argiarekiko sentikorrak diren osagaiez (batez ere zentzumen-zelulez) osatuta dago. Zentzumen-zelula gutxi batzuekin koloreak eta irudi oso gardenak ikusi ditzakegu. Zentzumen-zelula gehienekin zerbait ikusi dezakegu, iluntasunean bada ere, baina bakarrik zuri-beltzean eta ez kolorean.

Erretinaren puntu batean ez dago zentzumen-zelularik. Puntu horri “puntu itsua” deitzen zaio. Puntu horretan, zehazki, nerbio optikoa begiari konektatuta dago.

Erretina oso sentikorra denez, oso erraz gaixotu daiteke. Oftalmologoak erretina zehaztasun handiz aztertu dezake, hainbat lente eta tresnaren bidez. Horretarako, pazienteak tanta batzuk jasotzen ditu, medikuari begiaren barrualdea hobeto ikusten laguntzeko.