Atena jainkosaren estatua.

Atena, greziar mitologian, gerraren eta jakinduriaren jainkosa zen. Beste 11 jainkoekin Olinpo mendian bizi zela uste zen. Minerva jainkosa erromatarrarekin erlazionatuta dago, ezaugarri ugari partekatzen zituztelako. Atenaren ikurrak olibondoa (bakearen ikurra) eta hontza (jakinduriaren ikurra) ziren.

Kondairaren arabera, Atena Zeus jainko nagusiaren alabarik gogokoena zen. Zeusen burutik atera omen zen, jadanik heldua eta armadura batez jantzita. Atena oso ezberdina zen Ares gerraren jainkoarekin alderatuta. Ares borrokalari oso indartsua zen, baina Atenak bere jakinduria handia erabiltzen zuen soldaduei aholkuak emateko gerretan. Atenak uste zuen gerra jendea babesteko eta justizia lortzeko erabili behar zela bakarrik.

Atenas hiria Atenarekin erlazionatuta zegoen. Kondairaren arabera, Zeusek hiri eder bateko jainkoa zein izango zen erabaki behar zuen, Poseidon, itsasoaren jainkoa, ala Atena; Zeusek Kreops erregearen esku utzi zuen erabakia, baina, horretarako, jainko-jainkosek opari bana eman behar zioten hiriari, eta opari onena ematen zuen jainkoarentzat izango zen hiriaren babeslea. Poseidonek bere hiruhortzarekin lurra jo eta ur-iturri bat eman zion hiriari. Atenak, berriz, lurra bere lantzarekin jo eta lehen olibondoa hazi zen. Atenak esan omen zuen: "Olibondoa ematen dizut, neguan ez zaizkio hostoak eroriko, haren fruituek jatekoa emango diote zure herriari eta mundu osoan ospetsu egingo zaitu". Oparirik onena Atenarena zela erabaki zuen erregeak, eta hiriari Atenas eman zion jainkosaren omenez.