Txekiako Errepublikako historia

Txekiar Errepublikako historia» orritik birbideratua)

Txekiako Errepublikako historia Erdialdeko Europako estatu hau osatzen duten hiru herrialde historikoena da: Bohemia, Moravia eta Txekiar Silesiarena, alegia.

Txekiako Errepublikako lehendakaritzaren armarrian Bohemiako lehoia eta Moravia zein Silesiako arranoak ageri dira. Azpian Pravda vítězí("Egia gailentzen da") goiburua.

Historiaurrea aldatu

Lurralde hauetako lehenengo giza-aztarnak K. a. 28.000. urte ingurukoak dira. K. a. III. mendean boio (latinez: boii) izeneko herri zelta iritsi zen egungo Txekiara, eta eskualdeari izena eman zion (latinez: Boiohaemum). Geroago marcomanni eta quadi tribu germaniarrak finkatu ziren bertan. Arkeologia ikerketek erakutsi dutenez, II. mendean erromatar legioek erdialdeko Moravian, egungo Olomoucetik hurbil, kanpatu zuten[1].

Eslaviarren iritsiera aldatu

Migrazioen Garaian, Erdialdeko Europatik hegoaldera eta mendebaldera jo zuten germaniar askok. V. mendearen amaieran eta VI.aren hasieran eslaviarrak Bohemia eta Moravian finkatu ziren, Itsaso Beltzatik eta ekialdetik abiatuta. VII. mendean, Samo erregearen agindupean, eslaviar tribuak aurreneko aldiz elkartu ziren[2]. IX. mendearen hasieran kristautasuna hedatzen hasi zen txekiar lurretan. 845ean 14 txekiar printze bataiatuak izan ziren Ratisbonan[1].

Txekiar estatuaren hasiera aldatu

 
Bohemiako Erresuma Otakar II.aren erregealdian (1273).

830 aldean Mojmir I.ak Moravia Handiko Inperioa sortu zuen Morava ibaiaren bazterretan. Haren ondorengoek inperioa hedatu zuten, barnean Bohemia, Eslovakia, hegoaldeko Polonia eta mendebaldeko Hungaria hartuz. 863-64an Zirilo eta Metodio, Tesalonikako (Bizantziar Inperioa) kristau misiolariek alfabeto glagolitikoa eraman eta fede kristaua zabaltzeko herri hizkuntza (antzinako eliza-eslaviera) erabili zuten. Metodio 885ean hil ostean, erresumak erromatar katolizismoa hartu zuen eta latindar alfabetoak glagolitikoa ordeztu zuen. 906-08an hungariarren inbasioak Moravia Handiko Inperioa desegin zuen[3][1].

IX. mendearen amaieran Premysl dinastiak Bohemiako Dukerria sortu zuen. 880an Borivoj, lehen premysldar printzeak, Pragako gaztelua eraiki eta bertan kokatu zuen erresumaren egoitza. 973an Pragako apezpikutegia sortu zen. Dukerriak ekonomia, politika eta kultura garapen handia izan zuen premysldarren agintaldian. 1085ean Vratislao II.a Bohemiako errege izendatua izan zen, baina 1212 arte koroa ez zen oinordetzakoa izan. Bien bitartean, merkataritza bidegurutze garrantzitsua izateari esker, Praga bizkor handitu zen[3].

Luxenburgoko etxea aldatu

1306. urtean Wentzeslao III.a, Premysl dinastiako azken agintaria, eraila izan zen. 1310ean Luxenburgoko etxeak hartu zuen aginpidea. Joanes, Wentzeslao III.aren ezkonanaia, izan zen dinastia berriko lehen erregea. Honen agintaldian erresumaren lurraldea zabaldu zen eta Pragak haziz jarraitu zuen[4].

Karlos I.a Bohemiakoa, Joanesen seme eta ondorengoaren erregealdian (1346-1378), Bohemiako erresumak urrezko garaia bizi izan zuen. 1355ean Germaniako Erromatar Inperio Santuaren enperadore izendatu zuten, eta Pragan ezarri zuen Inperioaren hiriburua. Garai hartan kulturak gorakada handia izan zuen. Hiri horretan, besteak beste, Nove Mesto (Hiri Berria) sortu eta Stare Mesto (Hiri Zaharra) handitu zituen eta Erdialdeko Europako lehenbiziko unibertsitatea (1348) ezarri zuen. 1357an Karlos Zubiaren eraikuntza hasi zen[4].

Hustar iraultza aldatu

 
Jan Hus sugarren erdian.
Sakontzeko, irakurri: «Hustar gerrak»

XV. mendean Jan Husek erreforma bultzatu zuen erlijioan. Herriak gogo beroz hartu zituen haren predikuak, baina Eliza Katolikoaren gaitzidura sortu zuten. 1414an Hus Konstantzara deitu zuten heresiaz akusaturik. Ondoko urtean, Konstantzako kontzilioak kondenatu eta errearazi zuen. Husen heriotzaren berria Bohemiara iritsi zelarik, hustar eta katolikoen arteko lehia gaiztotu zen. 1419an Pragako Lehen Defenestrazioa gertatu zen: hustarrek zazpi kontseilari katoliko Pragako udaletxeko leihotik behera bota zituzten. Gertaera horrek hustar matxinada abiarazi zuen. 1420 eta 1431 artean Sigismundo erregeak bost gurutzada zuzendu zituen hustarren aurka. Hauek, Jan Žižka eta Prokop Handia buru zutela, garaipen garrantzitsuak lortu zituzten. Barne zatiketak, ordea, hustar mugimendua ahuldu zuen. Hustar moderatuek (utrakistek) katolikoekin bat egin zuten, eta 1434an erradikalenak (tabortarrak) azpiratu zituzten. Basileako Kontzilioan utrakisten eskariak onartu ziren, eta gauza bera egin zuen Sigismundo I.ak 1436an[5][1].

1458an Jurgi Poděbradykoa hustarra hautatu zuten errege. Politika bakezalea egiten saiatu zen. Izan ere, Europa osoa erresuma baketsu batean batzea zen bere nahia[5]. Honen heriotzaren ostean, 1471ean Jogalia dinastia igo zen Bohemiako tronura. Errege etxe hau, 1526ko Mohácseko guduan, Luis II.a hil zen arte egon zen agintean[1].

Austriar Inperioaren mendean aldatu

 
Rodolfo II.a, Arcimboldoren margolana.

Luis II.a 1526an hil ondoren, Fernando I.ak bere egin zuen Bohemiako tronua. Ordutik 1918 arte Habsburgo etxeak agindu zuen herrialdean. Fernandorekin katolizismoa erlijio ofizial bilakatu zen eta jesuitak Pragara iritsi ziren. Errege egoitza Vienan zegoen eta Pragako gaztelua habsburgotarren laket-lekua besterik ez zen[6].

Rodolfo II.a enperadoreak (15761612) 1583an gortea Pragara eraman zuen, hiri horren bigarren urrezko aroari hasiera emanez. Rodolfo II.ari artea eta zientzia gehiago interesatzen zitzaizkion errege eginbideak baino. Hori dela eta, Pragako gortean Europa osoko artista, alkimista eta zientzialariak, Tycho Brahe eta Johannes Kepler astronomoak barne, bildu zituen. Garai hartakoa da Golemaren kondaira ere[6].

Rodolforen ondorengo Matias enperadorearen politika moderatuak ez zuen lortu katoliko eta protestanteen arteko tirabirak eztitzea. Fernando Estiriakoa, kontraerreformazale gogorra, Bohemiako errege hautatzeak protestanteen matxinada eragin zuen[7]. Errebolta Pragako Bigarren Defenestrazioarekin hasi zen, 1618ko maiatzaren 23an Matiasen zenbait gobernari Pragako udaletxeko leihotik behera bota baitzituzten (ez ziren hil, simaur pila baten gainean erori zirelako). Mendi Zuriko guduan (1620) habsburgotarrek protestanteak azpiratu zituzten[6]. Txekiar lurrak ankerki zigortuak izan ziren. Habsburgotarren aurkako altxaldian parte hartu zuten 27 zaldun Pragako Hiri Zaharreko Enparantzan hilarazi zituzten. Katolikoa ez beste erlijio guztiak debekatuak izan ziren. Protestante asko atzerriratu ziren, esaterako, Comenius (1592-1672) pentsalari eta pedagogoa. Altxaldi horren jarraian Hogeita Hamar Urteko Gerra hasi zen, herrialdea pobretu eta suntsitu zuena. Izan ere, 3.000.000 biztanle izatetik 800.000 izatera pasa zen. Westfaliako bakearekin (1648) Bohemiak independentzia galdu zuen, eta 1918 arte Austriaren mendean egon zen[1].

Maria Teresa (17401780) eta honen seme Josef II.aren (1780–1790) agintaldietan egoera eztitzen hasi zen. Eliza Katolikoak boterea galdu zuen, jesuitak egotziak izan ziren (1773) eta gutxiengo erlijiosoen eskubideak aitortu zituzten. Baina, erreforma hauekin batera, gobernua zentralizatu eta germanizatu zen[1]. 1784an Josef II.ak Pragako lau hirigune independenteak (Staré Město, Malá Strana, Hradčany, eta Nové Město) batu zituen. 1787an Mozartek hiria bisitatu zuen eta Don Giovanni opera bertako Antzoki Nazionalean eman zen lehen aldiz[6].

 
Merkatua Bohemiako herri txiki batean (1833).

Txekiar Nazio Pizkundea aldatu

XVIII. mende amaieran txekiar nazio sentimendua berpizten hasi zen. 1780ko hamarkadan lehenbiziko txekiar egunkariak karrikaratu ziren eta 1792an Pragako Unibertsitatean txekierazko hizkuntza eta literatura katedra sortu zuten[1]. Nazio Pizkunde (Národní obrození) honen protagonistetako batzuk Josef Dobrovský (17531829) eta Josef Jungmann (17731847) filologoak, František Palacký (1798-1876) historialaria, Božena Němcová (1820-1862) eleberrigilea, Karel Hynek Mácha (1810-1836) poeta eta Karel Havlíček Borovský (18211856) kazetaria izan ziren[8].

XIX. mendean herrialdea industrializatu zen. 1845ean Viena eta Praga lotzen zituen trenbidea inauguratu zen. 1848an joputasuna behin-betiko ezeztatu zen[1].

XX. mendea aldatu

Txekoslovakiako Lehenengo Errepublika aldatu

 
Tomáš Masaryk, Txekoslovakiako lehen presidentea

Lehen Mundu Gerraren amaieran, Austria-Hungariako inperioa bukatuta, Txekoslovakiako Errepublika independentea eratu zen 1918an. Bohemia, Moravia, Silesia, Eslovakia eta Karpatotako Rutenia zeuden bilduta. Estatu berriak Polonia eta Hungariako zatiak, eta Sudeteetan hiru milioi alemaniarren bizilekua hartzen zituen barruan, gerra irabazi zutenek hala erabakita. Txekiar eta eslovakiar buruzagiek konstituzioa prestatzeko agindu zioten Nazio Biltzar bati. Biltzarrak sistema parlamentario zorrotza hautatu zuen -presidentea, bere ministro kabinetea, eta legegintzarako bi ganbera- eta emakumeari botoa emateko zein hartzeko eskubidea ezagutu zitzaion, aurreneko aldiz. Biltzarrak Tomáš Masaryk izendatu zuen errepublikako lehendakari. Baina estatu berriak alemaniar, hungariar, poloniar eta rusiniar gutxiengoak zituen. Hainbat eskubide eman bazitzaizkien ere, lurralde-autonomia izan gabe, nahigabea eta Txekoslovakiatik alde egiteko gogoa hedatu ziren zenbaiten artean.

Bigarren Mundu Gerra aldatu

1929tik aurrera mundu osoa erasan zuen Depresio Handiak eragin handiagoa izan zuen Sudeteetan, eskualde industrializatuena zelako, eta alemaniar nazionalismoa piztu zuen. Hitlerrek agintea lortu zuenean, 1933an, nazionalismoa areagotu egin zen. Sudeteetako alemaniarrek Txekoslovakiatik bereiztea eskatu zuten. 1938an, Ingalaterrak, Frantziak, Italiak eta Alemaniak Txekoslovakiaren egonkortasuna lortzeko Sudeteak Alemaniaren eskuetan uztea erabaki zuten, 1938ko Municheko Itunaren bidez. Masarykek kargua utzi zuen, eta haren ordez, Edvard Beneš izendatu zuten. Ia aurreikus zitekeen bezala, hurrengo urtean Alemaniako gudarosteak Txekoslovakia osoa hartu zuen. 1939ko martxoan Eslovakia independizatu zen, Hitlerrekin aliatuta. Okupazioa 1945eko maiatzaren 9an amaitu zen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Sobietar Batasuneko gudarosteak okupatua, Txekoslovakiak 1919ko mugak berreskuratu zituen atzera. Hurrengo urteetan, 2,7 milioi alemaniarrak Alemaniara edo Austriara kanporatu zituzten.

Txekoslovakiako Bigarren Errepublika aldatu

1946ko hauteskundeetan, Txekoslovakiako Alderdi Komunistak botoen %38 eskuratu zituen, eta 1948an, botoen %51. Azkeneko urte horretan, ekainean, gobernu komunistak hala aginduta, herrialdeak Herri Errepublika izena eta sobietarrena bezalatsuko eredu ekonomikoa hartu zituen. Halaber, Txekoslovakia Sobietar Batasunaren mendeko itun sistemako kide bihurtu zen, alegia, COMECONeko eta Varsoviako Ituneko kide. 1960an, Txekoslovakiako Herri Errepublikak Sozialista deitura hartu zuen. Hamarraldi hura aldaketa politiko baten hasiera izan zen. Aurreko hamarraldian Alderdi Komunistatik kanporatutako buruzagi eslovakiarrak atzera onartu zituzten, eta eslovakiarrak sutsuago aritu ziren beren autonomiaren alde borrokan, konstituzio sozialista berriak murriztu egin baitzuen. 1967an, ikasleen manifestazioek alderdi komunistako burua, Antonin Novotny, bere karguaren dimisioa ematera behartu zuten. 1968ko hasieran, Alexander Dubček hautatu zuten Alderdi Komunistako idazkari, eta Ludwik Svoboda lehendakari. Bi buruzagi berriek ekonomiaren deszentralizazio programa bat abiarazi eta nazioaren burujabetasuna berretsi zuten, herriaren gehiengoaren babesaz. Sobietar Batasunak eta Varsoviako hitzarmeneko gainerako kideek erreforma haiek herrialde sozialisten batasuna arriskuan jartzen zutela iritzi zioten, eta abuztuan sobietar gudarostea herrialdean sartu zen. Pragako Udaberria deitzen zaioneko buruzagiak alderdi komunistatik kanporatu zituzten, eta herrialdeko politika Sobietar Batasunaren esanetara jarri zen ostera.

Aro komunistaren amaiera aldatu

 
Belusezko Iraultza Pragan, 1989ko azaroan.

Mikhail Gorbatxovek Sobietar Batasunean bultzatu zuen erreformak aldaketa handiak eragin zituen Txekoslovakian. 1989an, errepresioa gorabehera, gobernuaren kontrako protestak handitu egin ziren, eta erregimena kinka larrian geratu zen. Gobernuak oposizioko taldeak ordezkatzen zituen Foro Zibikoarekin negoziaziatzen hasi behar izan zuen. Urtearen bukaeran, behin-behineko gobernu bat eratu zen, gehiengo ez komunistarekin. Horrela, 1946 urteaz geroztik agintean zegoen errejimen komunistari amaiera eman zitzaion. Abenduan, Foro Zibikoak alderdi komunista salatu zuen alderdikideak postu nagusietan jartzeaz. Pragan berrehun mila pertsona inguru elkartu ziren, kabinetean oposizioko kide gehiago egon behar zuela eskatzeko. Gustav Husák lehendakariak dimisioa aurkeztu zuen, eta Vaclav Havel idazleak hartu zuen haren lekua. Havelek preso politikoentzat amnistia dekretatu zuen, eta hauteskundeak deitu zituen 1990eko ekainerako.

1989tik aurrera, sobietar eta txekoslovakiar gobernuek armada gorriko 70 mila soldadu handik ateratzeko egin beharreko urratsak hitzartu zituzten. Lehendakariak kontinentea erdibanatzen zuten bi bloke militarren desagerpena aldarrikatu zuen lehenago, baina Varsoviako Ituna indargabetu zenez gero, eta Jugoslaviakoak bezalako gerra nazionalistak pizteko arriskuaren aurrean, 1991n NATOrekin nolabait elkartzeko eskaria egin zuen, Hungaria eta Poloniarekin batera.

Txekiako Errepublika burujabea aldatu

1990eko ekaineko hauteskundeetan Havel atera zen garaile, eta Txekia eta Eslovakiako Errepublika aldarrikatu zen. Hauteskundeen ondoren, Foro Zibikoa bitan banandu zen: Alderdi Zibiko Demokratikoa, eskuinekoa, eta Mugimendu Zibikoa. Eslovakian, Eslovakia Demokratikoaren aldeko Higikundeak herrialdea hartzen ari zen eskuin joerari aurre egitea deitu zuen. Gobernu berriaren erreformek ez zituzten berehala emaitza onak eman. 1991ko martxoan, 185.000 pertsona lanik gabe zegoen, eta urteak aurrera egin ahala askoz gehiago izango zirela kalkulatzen zen. 1992ko hauteskundeetan, Txekiako Alderdi Zibiko Demokratikoa eta Eslovakia Demokratiko baten aldeko Higikundea atera ziren garaile, zein bere errepublikan. Federazio berriaren estatutuari buruzko negoziazioek ez zutenez aurrera egiten, txekiar eta eslovakiar buruzagiek elkarrengandik banatzea erabaki zuten, alegia, Txekoslovakia mapatik desagerraraztea eta haren ordez bi errepublika burujabe sortzea: Txekiar Errepublika eta Eslovakiar Errepublika. Txekoslovakiako lehendakari federalak, Vaclav Havelek, bere karguaren dimisioa eman zuen 1992ko uztailean, Eslovakiako Biltzar Nazionalak errepublika honen burujabetsauna aldarrikatu ondoren. Eslovakiaren nahi nazionalak areagotuta, 1993ko urtarrilaren 1ean Txekiako Errepublika eta Eslovakia jaio ziren.

 
Vaclav Havel, Txekiako Errepublikako lehen presidentea.

1993an, Vaclav Havel bera izan zen Txekiar Errepublikako lehen lehendakaria, eta Vaclav Klaus lehen ministroa. 1994an, Txekiako Errepublika Bakerako Elkartean sartu zen, bloke sozialistako herrialdeak pixkana sartzeko NATOk sortutako erakundean, hain zuzen. Herrialdearen zorra inguruko herrialde komunista ohiena baino txikiagoa zen, eta atzerritarren inbertsioa, berriz, handienetako bat. Klaus lehen ministroak gidatu zuen erreforma ekonomikoa, pribatizazio kanpaina azkar batean oinarritua. 1995ean, Txekiar Errepublika OCDEko (Ekonomia Lankidetzarako eta Garapenerako Erakundea) kide egiten zen lehen herrialde komunista ohia bihurtu zen. 1996ko hauteskundeetan, sozialdemokratek aurrera egin zuten, eta Klausek Legebiltzarreko gehiengoa galdu zuen. Abenduan, Txekiako Errepublikak eta Alemaniak adiskidantza agiri bat izenpetu zuten. Agirian, Alemaniak barkamena eskatzen zuen naziek Bigarren Mundu Gerran egin zituzten gehiegikeriengatik. Txekiar Errepublikak ere barkamena eskatzen zuen, gerraren ondoren hiru milioi alemaniar Sudeteetatik egozteagatik.

1997an zehar, diruaren debaluazioak kaos politikoa ekarri zuen. Alderdi Zibiko eskuindarra eta haren burua, Klaus, finantza talde jakin batzuei ezkutuko sariz laguntzeaz akusatu zituzten. Havelek Klausi kargua uzteko eskatu zion jendaurrean. Klausek azaroan aurkeztu zuen dimisioa eta Josef Tosovskyk hartu zuen haren lekua. Krisi ekonomikoaren batera, xenofobiak gora egin zuen, eta arrazismo ekintza bortitzak gertatu ziren ijitoak bezalako gutxiengoen aurka. Itxura denez, ekintza horiek biztanleriaren parte handi baten babesa dute. 1998ko apirilean, Txekiar Errepublika NATOko kide bihurtu zen.

XXI. mendea aldatu

2004an Europako Batasunean sartu zen. Vaclav Klaus politikari kontserbadorea izan zen lehendakaria 2003 eta 2013 bitartean, eta nahiz ez zen Europako Batasunaren zalea, Txekiako Errepublikari egokitu zitzaion 2009ko lehenengo sei hilabeteetan Europako Batasunaren lehendakaritza. 2013ko martxotik Miloš Zeman da Txekiako presidentea.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu