Txantiloi:2015-22 Nabarmendutakoa

Gales (galesez Cymru; ingelesez Wales), Erresuma Batua osatzen duten lau herrialdeetako bat da (besteak Ingalaterra, Eskozia eta Ipar Irlanda dira). Britainiar uhartearen mendebaldean dagoen penintsulan dago. Ingalaterra du mugakide ekialdean, honako konderriekin: Cheshire, Shropshire, Herefordshire eta Gloucestershire, iparralde eta mendebaldean Irlandako itsasoa (galesez Môr Iwerddon) du, ipar-ekialdean Dee ibaia (Afon Dyfrdwy), eta hegoaldean, berriz, Bristolgo kanala (Môr Hafren).

Galesek denera 20.779 km² ditu, eta 2.903.085 biztanle (140 bizt./km², 2001). Hiriburua Cardiff/Caerdydd da, 317.500 biztanlekoa. Galestarren bi herenak Galesko hegoaldean bizi dira, eta ipar-ekialdean —Ingalaterrako mugan— ere bada beste biztanle kontzentrazio bat.

Ofizialki elebiduna da: galesak eta ingelesak parekotasun estatusa dute, eta seinale elebidunak herrialde osoan zehar nonahi ageri dira. Galestar gehienak ingeles hiztun elebakarrak dira, baina azken urteotan galesaren gainbehera gelditu da, eta nolabaiteko susperraldia jazo da. Hartara, gales hiztunen kopurua biztanleria osoaren % 20 inguru da. XX. mendetik aurrera, galestar nortasun nazionalaren berpizkunde bat gertatu da.