Tropismoa estimulu edo kinada baten aurrean landareek burutzen duten mugimenduari deritzo. Tropismoa eragiten duten estimuluak anitzak izan daitezke (argia, grabitatearen indarra, gai kimikoak...) eta landareek antzematen dituzte, zentzumen-organoak ez izan arren.

Landare baten fototropismoa: landare honen zurtoina eta hostoak argirantz hazten dira

Landareek burutzen duten higidura oso motela da, eta norabidearen arabera bi tropismo mota sortzen ditu:

  • Positiboa: landarea estimulurantz hazten denean.
  • Negatiboa: landarea estimuluaren aurkako norabidean mugitzen denean.

Bost tropismo mota daude:

  • Fototropismoa: tropismoa eragiten duena argia izaten da. Jakina denez, landareek argiaren beharra dute fotosintesia osatzeko. Argia eskuratzeko argi-iturrirantz hazten dira, hazkunde horretan auxina motako hormonek parte hartuz.
  • Geotropismoa: landarearen higidura baldintzatzen duena grabitatearen indarra da. Zurtoinak geotropismo negatiboa du, era sustraiek positiboa (grabitatearen norabidean mugitzen baitira).
  • Kimiotropismoa: landarearen erantzuna gai kimiko batek sortzen duenean.
  • Hidrotropismoa: ura da tropismo mota hau eragiten duena. Sustraiek hidrotropismo positiboa dute.
  • Tigmotropismoa: objektu solido batek landarearen higidura eragiten duenean. Esaterako, huntza bezalako landare igokariek hazkuntza areagotzen dute solido batekin harremanetan jartzen direnean.

Kanpo estekak aldatu