Tripaki argi

Hostozabalen eta koniferoen basoetan hazten den onddo-mota. Fruitu-gorputza beherantz jarriz gero, ahuntz-apatxa dirudi. Jangarria da

Tripaki argia, Negu ziza edo zizauria (Hydnum repandum) Hydnaceae familiako onddo espezie bat da. ADN ikerketek erakutsi dute harreman estua duela Cantharellus cibarius espeziearekin.[1]

Tripaki argia / Negu ziza
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaAgaricomycetes
OrdenaCantharellales
FamiliaHydnaceae
GeneroaHydnum
Espeziea Hydnum repandum
L., 1753
Mikologia
 
himenio tolestua
 
txapel zapaldua
 
himenioa dekurrentea da
 
hanka biluzik dago
 
espora zuriak dauzka
 
mikorrizak eratzen ditu

Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.

Morfologia aldatu

Tripaki argiaren txapela 6 eta 12 cm bitarteko diametrokoa da, haragitsua, trinkoa, hori argia edo laranjaxka, lehorra eta matea, ilupaduna eta batzuetan zartatua. Hasieran biribila bada ere, gero zabaldu egiten da eta ertz gingildun irregularra dauka.

Txapel azpian eztenak dauzka, oso hauskorrak eta erraz askatzen direnak, estutuak, dekurrenteak eta txapelaren kolore berekoak edo apur bat argiagoak.

Hanka zurbila, lodia, irregularra eta gehienetan laburra da.

Haragi zuria dauka, hauskorra, usaingabea eta zapore zertxobait mingotsekoa.

Espora zuri-kremak dauzka, biribilak baina apur bat zorrotzak.

Ekologia aldatu

Hostozabalen eta koniferoen baso itxietan agertzen da, taldeka edo sorgin-korroetan. Gehienbat udazkenean eta neguan sortzen da.

Gastronomia aldatu

Jangarria da, baina mingostasun puntu bat dauka, batez ere ale helduek. Ez da denen gustukoa.

Beste izen arruntak aldatu

Hydnum repandum tokiko euskarazko testuetan:[2]negu-ziza; tripaki.

Deskripzioa aldatu

Kapela: 5 eta 12 cm. arteko diametrokoa, oso haragitsua, irregularra eta aldakorra eta ertza uhindua eta gingilduna (lobulatua). Azala itsatsita, lehorra eta gamuza-hori mate kolorekoa, baina batzuetan izokin koloreko tonuak edo hori-lehoi kolorekoak ditu.

Orratzak: Hauskorrak, erraz askatzen direnak eta dekurrenteak kapelaren azpialdean. Oso estu eta zahartzaroan arrosaka bihurtzen diren krema kolorea dute.

Orratz dekurrenteak: hanka ukitzeaz gain, beherantz jarraitzen duten orratzak.

Hanka: Gehienetan motza, baina tamaina eta forma desberdinak izan dezake. Askotan eszentrikoa da eta kapelarena baino kolore zurbilagoa du.

Haragia: Trinkoa, hauskorra, zuria hasieran, gero horixka edo laranja kolorekoa. Zapore gozokoa, zahartzean apurtxo bat mingotsa egiten dena eta fruta usain pixka batekin.[3]

 
Hydnum repandum

Etimologia: Hydnum terminoa greziar tubero hitzetik dator, Linneoren onddo genero honi emandako izen arbitrarioa. Repandum epitetoa berriz, kapelaren goiko ertzengatik.

Jangarritasuna aldatu

Jateko ona, orratzak kenduz gero (ur zorrotada batekin kentzen zaie) eta ale gazteak kontsumitzen badira. Ale zaharrak oso mingotsak direnez, baztertu egin behar dira.[4]

Mikofagoen perretxiko klasikoetako bat da, oso atsegina egiten zaiena, espezie gehienak hotzaren ondorioz desagertu ondoren aurkitzen delako, ugari eta talde handitan agertzen delako, osasuntsu egoten delako eta ez zaperotuta, harietan sartuta kontserbatu daitekeelako eta behar bezala prestatzen bada kalitate oneko jangarria delako.

Nahasketa arriskua aldatu

Hydnum rufescens jangarriarekin, kapela ez du hain haragitsua, kolore laranjagoa dauka eta oin meheagoa.[5]

Sasoia eta lekua aldatu

Udazkenean eta neguaren zati batean agertzen da, hostozko basoetan zein koniferoetan, koniferen azpian bizi denean pagoetan bizi denean baino gamuza kolore zurbilagoa du eta ez da hain lehorra.[6]

Oharra: Uztailaren amaieran pagoen basoetan laranja koloreko tonalitateak dituen barietate bat agertzen da, oso trinkoa , haragitsua eta oin motzekoa. Pinudietan, azaroan Hydnum repandum forma bat aurkitzen dugu, ia zuria eta oso hauskorra dena.

Banaketa eremua: ipar Amerika, Europa, Asiako iparraldea, Australia.

Galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza  •   Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, A.D.E.V.E., 2012  •   Euskalnatura  •   Euskal Herriko Onddoak. 5 tomos, Luis García Bona, Kriselv, 1987  •   Catálogo micológico del País Vasco, Aeranzadi, 1973  •   Mendizalearen Hiztegia [mikologia], Ostadar Mendi Taldea.
  2. Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia.
  3. (Gaztelaniaz) Lotina, Roberto. (1985). Mil setas ibericas. Diputacion foral de vizcaya, 421 or. ISBN 84-505-1806-7..
  4. (Gaztelaniaz) Palacios Quintano Daniel. (2014). Disfrutando con las setas. Leitzaran, Grafikak S.L. Andoain, Gipuzkoa, 450 or. ISBN 978-84-617-0196-4..
  5. (Gaztelaniaz) Mendaza, Ramon, Diaz, Guillermo. (1987). Guia fotografica y descriptiva 800 especies a todo color. Iberduero, 574 or. ISBN 84-404-0530-8..
  6. (Gaztelaniaz) Cetto, Bruno. (1987). Guia de los hongos de Europa. Ediciones Omega, S. A. Barcelona, 573 or. ISBN 84-282-0253-6 (T.I). ISBN: 84-282-0538-8 (O.C.)..

Kanpo estekak aldatu