Tornioko armarria (finlandieraz, Tornion vaakuna) Finlandia ipar-mendebaldean dagoen Tornio hiriaren ikur nagusia da.

Tornioko armarria
Tornioko armarria

Armarria 1958. urtean sortu zuen Olof Eriksson helsinkiar artistak, eta udalbatzak martxoaren 28an hartu zuen ikur ofizialtzat (Barne Ministerioak urte bereko ekainaren 12an onartu zuen); horrela, armarri berriak ordura arte hiria irudikatzeko erabili izan zen dorrearen zigilua ordezkatu zuen. Zilarrezko atzealdearen gainean, dorre gorria dago, leiho, ate eta teilatu urdinak dituena. Hain zuzen, Eriksson autoreak historian zehar erabilitako ohitura jarraitu eta dorrea mantendu nahi izan zuen armarri berrian ere; dena den, eraikinaren jatorria ezezaguna da gaur egun. Alde batetik, gainean dagoen gurutzeari erreparatuz gero, badirudi dorrea 1641ean eraiki zen lehen eliza edo kanpandorrearen irudia dela. Hala ere, dorrearen zigilua hiria sortu zenerako erabiltzen zela uste da, alegia, eliza eraiki baino 20 urte lehenago. Bestetik, hiriaren suedierazko jatorrizko izenari erreparatuta (Torneåk, euskaraz, "dorre" esan nahi du), pentsatu izan da dorre bat bazela eskualde honetan, kristautasunaren hedapenarekin batera, gurutze baten bidez irudikatua izango zena [1].

Nahiz eta armarri ofizialak ez diren, Alatornio eta Karunki udalerri ohiek ere armarri bana zuten, 1973. urtean Torniorekin bat egiterakoan balio instituzionala galdu zutenak (Alatornioko armarria, Karunkiko armarria).

Erreferentziak aldatu

  1. Suomen kunnallisvaakunat. Suomen Kunnallisliitto, 121 or. ISBN 951-773-085-3..

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu