Superkontinente

Bi kratoi edo kontinente-nukleoz edo gehiagoz osatuta dagoen lur-masa izendatzeko erabiltzen den terminoa.

Superkontinentea Lurreko kontinente edo kratoien elkarketa da, lur eremu bakarra osatzeko. Eskuarki, Pangearekin dago erlazionatuta, nahiz eta beste superkontinente gehiago ere ezagutu diren historia geologikoan zehar.

Pangea superkontinentea.

Lurraren historian zehar 10 superkontinente gutxienez egon dira; Ur, Rodinia, Pannotia, Columbia, Kenorland, Vaalbara eta Pangea, beste batzuen artean. Hala ere, azpimarratu behar da "superkontinente" definizioa egilearen arabera aldatzen dela, izan ere, batzuek lurreko masa bakarrak soilik superkontinenteak direla adierazten dute, beste batzuk berriz, Gondwana, Pangeatik bereizitako zatia ere onartzen dute superkontinente gisa.

Superkontinenteen batasuna, sakabanaketa eta elkartze prozesuak ziklikoak direla dirudi, hau da, behin eta berriz gertatzen dira. 300-500 milioi urte bakoitzeko gertatzen den lurrazaleko sakabanatze irregularrari eta batasunari Superkontinente-zikloa deritzogu.

Iraganeko superkontinenteak aldatu

Nahiz eta Lurraren bilakaeran gero eta atzerago jo datuak biltzea eta interpretatzea gero eta zailagoa den, Lurraren bilakaera geologikoan hainbat superkontinente garatu direla ondorioztatu da. Lehendabiziko superkontinentei buruz ez da asko ezagutzen eta beraien agerpena ere zalantzan jar daiteke, baina superkontinente gazteak ondo finkatuta eta zehaztuta daude.

  • Vaalbara. Arkearraren hasieran, Lurreko lurrazala Hadearrean baino hotzago zegoen eta proto-kontinente batzuk osa zitezkeen. Proterozoikoan zehar masa kontinental handienak sortu ziren. Vaalbara Lurraren lehen superkontinentea izan daitekeela uste da, duela 3.600 milioi urte eratu zena.
  • Ur. Lehenetariko superkontinente bat izan zela uste da. Duela 3.000 milioi urte baino gehiago sortu zen arkearraren hasieran. Gaur egungo Australia baino txikiagoa izan arren, superkontinentetzat jotzen da, garai hartan bakarra izan zitekeelako.
  • Kenorland. Duela 2.700 milioi urte inguru sortu zen. Dirudienez, latitude baxuetan zegoen. Arkearraren amaieran sortu eta Proterozoiko goiztiarrean zatitu zen.
  • Columbia. Nuna, Hudsonland edo Columbia superpontinente bezala ere ezaguna, 2.100-1.800 milioi urte artean eratu zen.
  • Rodinia. Izenak "aberria" esan nahi du eta 200-350 milioi urte inguruko iraupena izan zuen. Rodinia duela 1.000 milioi urte inguru sortu zen, neurri batean, agian, Columbiatik askatutako zatien talken ondorioz. Garai hartan, izaki bizidun konplexuenak zelula bakarreko algak ziren. Duela 800-850 milioi urte banatzen hasi zen.
  • Pannotia. Rodiniaren zatiketa gertatu ondoren, 3 kontinenteak Protolaurasia, Protogondwana eta Kongoko kratoi kontinentala sortu ziren. Azken hau lehenengo bien artean kokatu zen eta Pannotia sortu zen duela 600 milioi urte  Proterozoikoaren amaieran. Duela 550 milioi urte desegin zen.
  •  Pangea. Ezagunena. Paleozoikoaren amaieran eta Mezosoikoaren hasieran lur masa nagusia bihurtu zen. Pangea (grezieraz, "lur guztiak") duela 300 milioi urte eratu zen, Pannotiako zatiketaren ondorioz sortutako beste kontinente-unitateetatik: Gondwana, Baltika, Siberia eta Laurentia.

Pangearen zati handi bat hego hemisferioan zegoen eta, oro har, Panthalassa izeneko ozeano handi batek inguratuta zegoen. Pangea duela 175 eta 200 milioi urte banatzen hasi zen.

Etorkizunean ere horrelako bat sortu daitekela uste da eta 250-400 milioi urte barru Pangea Ultima edo Amasia izenarekin ezagutzen den kontinentea egongo dela proposatu da.

Orokorrean ziklo ezberdinetan sortu eta apurtu dira hauek.

Bibliografia aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu