Summerhill eskola 1921an Kingswinford-en, Ingalaterran Alexander Sutherland Neillk antolatutako ikastetxe berritzaile bat da. [[Alexander Sutherland Neill|Neill] eskola demokratikoen mugimenduaren aitzindaria izan zen. Bertan lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek ikasten dute. Gaur egun sortzailearen alabak, Zoë Neill Readhead eskola zuzentzen du.

Summerhill eskola gaur egun.

Eskola demokratiko batek bi oinarri ditu: ikasleek, batetik, beren esku dute klasera joatea ala ez; halaber, bestetik, eskolako arauak eta funtzionamendua guztien batzarrean erabaki egiten da. Batzar horietan, ikasleekin batera, irakasleek eta gainontzeko langileek har dezakete parte. Neillek ideia hauek guztiak liburutan jaso zituen, bereziki eskolaren izena daraman testuan, baina defendatzen dituen ideiekin arazoak izan zituen eta hasierako ediziotan bere burua autozentsuratu egin behar izan zuen.

Pertsona libreak hezi aldatu

Summerhillen ezaugarri nagusietariko bat askatasunarena da. Neillen ustez haurrek zigorrik gabe eta erreprimitzeko tresnarik gabe hobeto ikasten dute. Gela eta ikasgai guztiak aukerakoak dira eta ikasleek beren artean libreki aukera dezakete. Eta ez badute joan nahi inork ez die behartzen. Neillen ustez “haurrak bizitza propio bizi behar du, ez gurasoek nahi dutena ezta ere hezitzaile batek erabakitakoa, pentsatuz haiek, gurasoek zein hezitzaileek, haurrak baino hobeto dakitela umeak zer behar duen”.

Hezkuntza oinarriak aldatu

Hauek dira Neillek defendatutako hezkuntza oinarri batzuk:

  • Gizakiok jatorriz onak direla uste osoa.
  • Hezkuntzaren xede nagusia zoriontasuna da.
  • Elkarbizitzaren oinarriak maitasuna eta errespetua dira.
  • Gorputzak eta sexualitateak ezinbesteko garrantzia dute.

Ideia hauek Neillek Sigmund Freud, Jean-Jacques Rousseau eta Wilhelm Reich pentsamenduetan jaso zituen eta modu batez hauek markatu zuten haren ibilbide ideologikoa baina beti ikuspuntu kritiko batetik; teoriak praktikarekin talka egiten zuenean Neillek beti praktikaren alde egiten zuen bere hautu.

Hauek ziren eskola honen berezitasun batzuk:

  • Ez ziren azterketak egiten eta ikasleek ez zuten kalifikaziorik jasotzen.
  • Ikasgeletara joateko behar eza.
  • Batzarra erabakitzeko organo nagusia da.
  • Ez errietak ezta ere sermoiak.
  • Haurrekin eta helduekin tratu bera.

Summerhillen aurrera eraman den hezkuntza metodologia antiautoritarismoaren pedagogian kokatzen da edo, beste modu batez esana, pedagogia libertarioan edo zuzendu gabekoan. Planteamendu horietan oinarrituta esperientzia desberdinak egin dira mundu osoan. Neillentzat hezkuntza askatasunean bidezkoa da eta hori da horrela maitasuna eta askatasunaren aurrean haurraren erantzun positiboaren ondorioz. Haren ustez haurrengan ematen diren arazo askoren jatorria gizarte gaixo batengan bilatu behar da. Gizarte horrek beldurrak eta biolentzia eragiten ditu. Horren aurrean, Summerhill bezalako inguru osasuntsu batek horrelako arazoak zuzentzeko terapia egokiena da. Eta gehiago esango zuen: denborarekin agian haur libreen belaunaldiek gizartea bera sendatuko zutela.

Pedagogia honek haurrari ez dio bide zehatz bat edo eredu zehatz bat markatzen. Haurra burujabea izan behar da eta, indarkeriak pairatu gabe, zoriontsua izateko nahi duen bizimodua aukeratu behar du. Aldi berean, helburu hori lortzeko pertsona helduek ez dute haien nahiak eta frustrazioak umeengan proiektatu behar.

Summerhill eskola bat baino gehiago komunitate bat da. Horrek ez du esan nahi ikasgelak eta tailerrak ez daudenik. Baina benetako ikaskuntza prozesua elkarbizitzan ematen da, neska eta mutilen arteko hezkidetzan, burujabetasunaren eta norberaren ardura landuz. Besteekiko harreman arduratsuen bidez, haurrak jendartean bizitzeko prestatzen da.

Sormenak, bestetik, garrantzi handia du metodologia honetan. Liburuak bigarren planoan gelditzen diren bitartean, jolasak eta ekintza sortzaileek nagusitasun guztia dute. Beste ikasgai batzuk, erlijioa esaterako, erabat desagertu egiten dira.

Eskolaren gobernua batzarraren bitartez eramaten da. Hori da Summerhillen organo gorena eta bertan gauza garrantzitsuenak erabaki egiten dira, bi salbuespenekin: langile eta irakasleen kontratazioa eta horien soldatak. Batzarrean denek parte har dezakete eta pertsona bakoitzak boto bat dauka bai gatazkak konpontzeko baita ere arau berriak sortzeko. Batzarraren lehendakaria bileraz bilera aldatu egiten da eta astero biltzen da. Neillen ustez batzarra haurrentzat eskolaren ikasgai nagusia da[1].

Eraginak aldatu

1917an Neill Little Commonwealth eskola ezagutu zuen. Eskola hori berez erreformatorio bat zen, Homer Lane psikoanalista estatubatuarrak zuzentzen zuena. Hango gazteak delituak egiteagatik entzerratuta zeuden. Instituzio hori ezagutzeak eragin berezia izan zuen Neillengan: errealitate hori ezagututa eta gero, beti espetxeen kontra hitz egingo zuen; aldi berean, hango funtzionamendua erakarri egin zion: bertako gazteek espazio gestionatu egiten zuten. Beste psikoanalistek ere izan zuten eragin berezia Neillengan. Sigmund Freud bera aparte, Wilhelm Reich Neillen analista izan zen eta haren laguna. Reichengandik hezkuntza kolektiboaren beharraren planteamendua jaso zuen. Honen arabera, hori zen hezkuntza burgesari ordezkatzeko sistema egokiena. Psikoanalista hauen ustez hezkuntza burgesak eta tradizionala haurtzaroan senen eta borondateen debekuen gainean antolatzen zen. Neillen ustez hortxe dago pertsona askok erakusten dituzten neurosi manifestazioen eragile nagusia. Askotan beste eskoletatik ailegatzen ziren umeak benetako gaixo neurotiko moduan zaintzen zituen Summerhillen, neurri handi batean errepresio sexualaren eta autoritarismoaren ondorioz gaixotutako haur neurotikoak bezala.

Helburuak aldatu

Neillen ustez eskolaren lan nagusia zera da: haurrei zoriontasun propioa aurkitzeko bidean laguntzea. Horretarako tradizionala ez den beste eredu bat oso bestelakoa proposatu zuen. Eskola horretan beldurraren atmosfera erabat ezabatu behar zen. Askotan haurrak oso txintxoak izan daitezke baina hori beldurraren ondorio bada ez da batere positiboa. Pertsona zoriontsua izateko lehendabizi bere bide propioa aukeratzeko aske sentitu behar da. Horregatik Summerhillen ez da aginte morala edo hierarkikoa ematen, ikasleen askatasuna ez mugatzeko. Summerhillen helduek ez dute haurrek baino botere gehiago. Pertsona guztiak berdinak dira. Testuinguru horretan askatasuna guztion arteko eraikuntza bezala ulertzen da.

Gaur egun Summerhillek planteatzen zituen kontzeptu asko modu batez edo bestez onartuak izan dira: zigor fisikoen abolizioa, haurren parte hartzea... Hala ere beste batzuk oso polemikoak izaten jarraitzen dute, esaterako klasera joateko edo ez joateko ikaslearen askatasuna. Ideia hori Summerhillen oinarri bat da baina Tony Blairreko gobernua ez zegoen ideiarekin ados eta 1999an gaia epaitegietara eraman zuen. Azkenik, Auzitegi Gorenak ikasleen eskubidea bermatu zuen.[2]

Sistemari egindako kritikak aldatu

Summerhillen metodologiak kritika asko jaso ditu eta, nolabait, beti zurrunbiloaren erdian egon da. Ikuspuntu tradizionaletik han ematen zen diziplina eza, sexualitate osasuntsuaren aldarrikapena, erlijioaren bazterketa, biluztasunaren normaltasuna eta beste gauza asko ulergaitzak ziren. Hala ere, eskolak ezagutu izan zituen ikusketetan ez zuten ezer arriskutsurik aurkitu. Esaterako Gobernuko ikuskariek 1949ko ekainean egin zuten txostenean onartzen zen, besteak beste, haurrak ondo zainduta zeudela, instalazioak egokiak zirela, irakasle askoren maila oso ona zela eta, orokorrean, aztertzeko esperientzia interesgarria zela [3]. Ezkerretik, bestetik, esperientzia honek bere kritikak ezagutu ditu baita ere. A.S. Neill oso intelektual irekia eta progresista zen baina, hala ere, garaiko aurreiritzi batzuetaz ez zen libratzen. Esaterako, haren ustez homosexualitatea gaixotasun bat zen, errepresioak sortutako arazoa, askatasunean hezitako haurren artean ematen ez zena. Horretaz "Summerhillen ez dago homosexualitaterik" idatzi zuen. Nesken hezkuntzari buruz ere zalantza handiak erakutsi zituen. Hezkidetzaren aldekoa zen baina ez zuen ulertzen zergatik neskak ez ziren zientzietara edo matematiketara hurbiltzen. Neurri handi batean ideia hauek Freudengandik jaso zituen. Gaurko ikuspuntutik ere baziren beste gauza kritikagarriak; adibidez, ikasleek tabakoa erre zezaketen eta alkohola ez zegoen debekatuta nahiz eta Neillek edatea haurren artean ez oso ondo ikusi. Azkenik, nahiko eskola elitista izan da beti eta hori sortzaileak berak onartzen zuen. Bertara haur bat bidaltzeko familiak dirua izan behar zuen eta horrek esperientziaren orokortasuna zalantzan jarri du.

Summerhillen ikasitako pertsona ezagunak aldatu

 
Rebecca de Mornay eskola honen ikaslea izan zen.

Bibliografia aldatu

  • (Gaztelaniaz) A. S. NEILL: Summerhill. Un punto de vista radical sobre la educación de los niños. Erich Fromm-en hitzaurrearekin. Madril: Fondo de Cultura Económica, 1964.
  • (Gaztelaniaz) Heike Freire: "Summerhill School: el derecho a ser uno mismo". Cuadernos de Pedagogía, 427.zk. 2012ko urria, 16-21 or.

Erreferentziak aldatu

  1. A. S. Neill: Summerhil, 273-300 or.
  2. Heike Freire, 16 eta 18.or.
  3. A. S. NEILL: Summerhill. Ikuskarien txostena, 76-82 or.

Kanpo estekak aldatu