Peruko Alderdi Komunista

Sendero Luminoso» orritik birbideratua)

Peruko Alderdi Komunista (gaztelaniaz: Partido Comunista del Perú [PCP]) Peruko alderdi maoista bat da, 1964tik aurrera Bidezidor Argitsu (Sendero Luminoso) izenaz ere ezaguna. 1928ko urriaren 8an José Carlos Mariategik sortu zuen alderdia, Peruko Alderdi Sozialista izenarekin, Herriarte Komunistaren kide legez. 1930ean «komunista» izena hartu zuen.

Peruko Alderdi Komunista
Borroka Lubaki Argitsuen abestiak
Datuak
Izen laburraPCP-SL
Motaalderdi komunista eta erakunde terrorista
HerrialdeaPeru
IdeologiaMarxismo-Leninismo-Maoismoa, komunismoa, Antikapitalismoa, Antirrebisionismoa, Gonzalo Pentsaera, Sozialismo iraultzailea, Sekularismoa eta Kontserbadurismo soziala
Jarduera
KidetzaInternational Communist League (en) Itzuli eta Mugimendu Iraultzaile Internazionalista
Historia
Sorrera1969
Sortzailea
OndorengoakPeruko Alderdi Komunista Militarizatua
Desagerpena2018ko ekaina

PCPren helburua, Perun, herri-guda deitutako borroka iskiludunaren bidez estatu sozialista bat ezartzea da, nekazari txiroak iraultzarako oinarri hartuta. Bere buruzagia Abimael Guzmán Reynoso Presidente Gonzalo da. Hau 1992tik espe dago; eta, urte horretatik aurrera, erakundeak ekintza gutxiago burutzen ditu. Gaur egun, Huanukoko lurrarlde-elkargora mugatuta dago. PCPko Higikunde Iraultzaile Internazionalistarekin harreman estuak dauzka.

Peruko Egiaren eta Adiskedetzearen Batzordearen arabera, Bidezidor Argitsua Peruko gatazkako hilketen % 46ren erantzule da, 31.331 hildako egotziz [1].

1980ko hamarraldian babes zabala eduki zuen nekazari txiro eta hirietako aldirietako auzotar indigenen eta unibertsitate-ikasleen artean, industriako proletarioen babesa apalagoa izan zen. PCPren adar iskiluduna Herri Gerrillari Ostea (Ejército Guerrillero Popular [EGP]) izan zen. Berebat, Alderdiak gizamultzoen arloan herri-antolakundeez osatutako Fronte Bakarra (Frente Único) akuilatu zuen.

Alderdiaren goiburuak «Gora Herri Guda!» (¡Viva la Guerra Popular!), «Herri Guda Komunismora arte!» (¡Guerra Popular hasta el comunismo!) eta «Matxinada zilegia da!» (¡La rebelión se justifica!) dira, besteak beste.

Izenari buruz aldatu

Peruko hainbat talde komunistek bere egiten dute Peruko Alderdi Komunistaren izena. Hori dela-eta, PCP siglen ondoren, euren argitalpenen izenak jartzen zituzten: Unidad, Bandera Roja, Patria Roja. Akademikoek PCP-SL modua erabiltzen dute gainerakoetatik bereizteko. Hala ere, Alderdiak bere idazki nahi agiri guztiak Partido Comunista del Perú (PCP) izenarekin izenpetzen ditu.

Bidezidor Argitsu (Sendero Luminoso) izena zehaztugabea eta nahasgarria da, zeren eta, sarri, Bidezidor Argitsutzat jotzen baitira Alderdi Komunista, Herri Gerrillari Ostea edo alderdiak sortutako beste ezein erakundek nahi arestiko guztiek osatzen duten higikundea. Bidezidor Argitsu Peruko Alderdi Komunista historikoko sortzaile José Carlos Mariategiren esaldi batetik dator:

« Marxismo-leninismoak iraultzaren bidezidor argitsua irekiko du. »

Historia aldatu

Perutar Alderdi Sozialista aldatu

1928ko urriaren 8an, José Carlos Mariategik (idazkari nagusia 1928-1930), Julio Portocarrero, Avelino Navarro, César Hinojosa, Fernando Borja, Ricardo Martínez La Torre eta Bernardo Regman-ekin batera Perutar Alderdi Sozialista (PSP) irasi zuten, alderdi marxista-leninista, antifeudala eta antiinperialista. Hasieran, PSPk Mariategiren eragin argia eduki zuen; hark Latinoamerikan «kalko eta kopiarik bako» sozialismo bat eregitea proposatu zuen, hots, sozialismoa herrialde bakoitzeko errealitate berezira egokitzea, beti ere klasista eta marxista izateari utzi barik. Berebat, Mariategik Alderdi Sozialistari beste berezitasun bat ekarri zion, alegia, eragile nagusitzat proletariotza edukitzeaz gain, nekazariak ere edukitzea. Perutar Alderdi Sozialista Peruko Langileen Konfederakunde Orokorra (CGTP) sortzeari bidea ireki zion eta eragin handia jadetsi zuen langile-higikundean.

1929an PSPren ordezkari Hugo Pesce eta Julio Portocarrerok Mariategik azaldutako «Enden arazoa» aurkeztu zuten, Buenos Aires eta Montevideon egindako III. Herriartearen Latinoamerikako atalaren biltzarrean; biltzar hartan Mariategiren «Indioaren eta Lurraren arazoa» jorratzen zuten tesiek ez zuten adostasunik lortu sasoi hartan oso eztabaidatsuak izateagatik. Mariategiren beste tesiak, «Langile-mailaren Peruko egoerari buruz» eta «Perutar gizartearen ezaugarritzeari buruz», ostera, onartu egin zituzten. Aurrerago, Herriarte Komunistak Mariategiren antolabideak onartu zituen. Mariategiren «Indioaren eta Lurraren arazoa» jorratzen zuten tesiak tresna baliotsua izan ziren, nekazarien artean komunismoa zabaltzeko eta Alderdi Komunista hazi arazteko eta Peruko hegoaldeko Andeetan bere eragina sendotzeko.

Alderdi Komunistaren sorrera eta hastapenak aldatu

1930ean Mariategi hil zen, orduan, Eudocio Ravinez-ek PSPren artezkaritza bereganatu zuen eta III. Herriarteari Alderdi Sozialistak Alderdi Komunista izen berria hartu zuela jakinarazi zion, 1930eko martiaren 4ko Erdiguneko Batzordeko Osoko Saioan itunduta, saioan Mariategi lehendakari egon zen. Horrela, antolakundeak munduko komunisten herriarteko higikundeari atxikimendua ofizial egin zuen. 1930eko hamarraldian, oligarkia agintariak alderdia jazartzeari ekin zion, Leguía eta Sánchez Cerro-ren jaurlaritzaren zapalketak Alderdi Komunista arin desegitea lortu zuen. Sasoi horretan, errepresioa zela bide, hainbat alderdi-kide eta agintari erail zuten, Alderdiaren lehen martiriak izan ziren. 1936an Alderdi Komunista legez kanpo utzi eta hauteskundeetan esku hartzea galarazi zitzaion. 1939an Manuel Prado Ugartetxeren (1939-1945) hautagaitza (Perutar Higikunde Demokrata [MDP]) babestu zuten, Herriarte Komunistak II. Mundu Gudatean fronte antifaxistak eratzeko emandako ildoei jarraituz.

1942an eta 1946an Peruko Alderdi Komunistak bere lehenengo eta bigarren biltzarrak egin zituen, hurrenez hurren; biltzarrotan PCP gizamultzoen alderdi iraultzaile bat izatetik gero eta gehiago asagotu zen; eta, APRA nagusi zela, barne-politikagintzan eragina galdu zuen. Edozelan ere, Alderdi Komunistak eragin handia zeukan sindikatu eta irakastola nagusietan. Manuel Arturo Odría-ren (1948-1956) diktadura militarraren bitartean gizarte-higikundeek nahi Alderdi Komunistak zapalketa handia jasan zuten.

Haustura aldatu

1960ko hamarraldian Alderdia apurka legebidera parajetu zen, eta Ezker Iraultzailearen Frontea (FIR) eta bestelako talde iraultzaileak Alderditik at eratzen hasi ziren. Gainera, Kubako Iraultzak, gerrilla gebaristek, troskismoak, eta abarrek, alderdi berriez gain, PCPren barruan bereizketak sorrarazi zituen, antolakunde ezkertiarrok 1960ko hamarraldian "ezker berri" legez ezagutu ziren.

PCPren izaera bulegari eta kolaboratzaileak alderdi-kideak etsi zituen, batez ere, gerrilla gebaristak sozialismoa ezartzeko eratzat ikusten zuten unibertsitate-ikasle gazteak. 1962an, zati bat bereizi eta, 1963an, Héctor Béjar, Juan Pablo Chang eta Javier Heraud olerkaria buruan, beste alderdi batzuetako kide disidenteekin Nazio Askapen Gudarostea (ELN) irasi zuten. ELN Peruko lehenengo talde gerrillarietako bat izan zen.

SBAKen XX. Biltzarraren bitartez Sobietar Batasunean marxismo-leninismoaren hasi-masien berrikuspena egin zen, haren aurka Txinako Alderdi Komunista eta Albaniako Lanaren Alderdia azaldu ziren, egundo emandako marxismo eta errebisionismoaren arteko ideologia-borrokarik handienetako bat sorraraziz. Ideologia-borroka hura Peruko Alderdi Komunistaren barrura ere iritsi zen, eta 1964ko Alderdiaren IV. Nazio Batzarrean, «sobietarzaleen» eta maoisten arteko haustura jazo zen. «Sobietarzaleak» PCP-Unidad izena eta maoistek PCP-Bandera Roja izenak hartu zituzten, siglei antolakunde bakoitzaren agerkarien izenak erantsiz. Peruko kasuan, Alderdi Komunista gehienetan ez bezala, antierrebisionistak gainerakoetan gailendu ziren sobietarren aldekoen parean egon ziren. 1967an, Gazteria Komunistako Bulego Politikoko kideek sasoiko idazkari nagusi Saturnino Paredes-en aurka azaldu ziren, eta, 1968an, PCPtik bereizi ziren PCP-Patria Roja osatzeko. Harrezkeroztik Paredesen ildo eskuindarraren aldekoek eta Abimael Guzmán-ek arteztutako ildo antierrebisionistaren aldekoek elkarren arteko ideologia-borrokari ekin zioten. Ildoen arteko talkek 1970ean Alderdi Komunistaren erdibitzea eragin zuen, eskuindar oportunistek PCP-Bandera Roja izenari eutsi zioten, eta Abimael Guzmán buru zen zatikia PCP-Sendero Luminoso bezala ezagutzen hasi zen. Zatikiak errebisionismoarekin apurtu ostean, PCP, alderdi-kide gutxirekin, Ayacucho-ra, indar nabarmena zeukan leku bakarrera, eta Lima eta beste hiri batzuetara mugatuta geratu zen, gizamultzoengan eragin aipagarria eduki barik. Orduan, taldeek Alderdi Komunistaren Sorberritzeari ekin zioten.

Peruko Alderdi Komunista - BatasunaPeruko Alderdi Komunista - Aberri GorriaPeruko Alderdi Komunista - Ikurrin Gorria

Sorberritzea aldatu

PCP higikunde iraultzailea eratzen hasi zen koadro komunistak marxismo-leninismo-Mao Tse Tung eta Mariategi Pentsamenduan heziz eta gizamultzoen gizon-emakume jakitunenak bereganatuz. Testuinguru horretan, perutar maoistek Mariategi Buru Lan Gunea sortu zuten, marxismoaren klasikoen lanen ikasketa teorikoan eta proletariotzaren ideologia-abangoardiaren heziketan jarduteko. Horri esker, UNSCH-ko irakasle eta ikasleen artean euren eragina hedatu zuten, sozialismo zientifikoa ikastearen bidez koadro komunista bezala heziz. Aurrerago, ideologia-abangoardia hori gizamultzoen alor aurreratuenak bereganatzea lortu zuen, marxismoa proletariotza eta, bereziki, nekazarien artean zabalduz eta higikunde iraultzailearen eraketan aurrera eginez.

 
Alderdi Komunistaren hautes-boikotaren aldeko horma-irudia

1973tik aurrera, Erdiguneko Batzordearen III. Osoko Batzarrak gizamultzoekin bat egitea erabaki zuen. Horrela, Alderdiak gizamultzoen antolakunde eta herri-ikastetxeak sortu zituen, proletariotza eta nekazari txiroak abangoardiarekin lotzeko. Halandaze, fronteen arabera, Nekazari Txiroen Higikundea, Behargin eta Langile Klasisten Higikundea, Emakumeen Herri Higikundea, Auzotar Higikunde Klasista eta abar sortu zituzten. Herri-ikastetxeek komunismoaren heziketa eta Alderdiaren politika-ildoaren zabalkuntza areagotu zuten. 1975ean Ayacuchotik Lima eta landa-guneetara kideak bidali zituzten bertan Alderdia indartzeko, hala, 1976an Liman Alderdiaren Hiriguneko Batzordea berrantolatu zuten.

Alderdiak sorberritzean aurrera jarraitu zuen eta 1977ko apirilean VII. Osoko Batzarrean sorberritze-prozesua amaitzear zegoela iritzi zioten. Handik aurrera, alderdiaren eregitea borroka iskiludunaren araberakoa izango zela erabaki zuten; hots, Herri Guda hasteko prestakuntzari ekin zioten. Era horretan, Koadroen Nazio Ikastola egin zuten, koadroak landetara joan zitezen Nekazari Txiroen Higikundea garatzeko eta herri-ikastetxeak gauzatzeko, gizamultzoekin bat eginez. Beraz, herri-guda abiarazteko oinarriak ezarri ziren, zeren eta nekazariek burgesiaren indar zapaltzaileen aurka egingo zuten gizamultzo iskiludunak osatuko baitzituzten. Horrela, aginpide hutsuneak sortu nahi zituzten, berezko herri-aginpide politikoa eratzeko. VII. eta IX. Osoko Batzarren artean ildoen arteko borroka eman zen Alderdiaren baitan, eskuindar batzuk herri-guda hasteko aukera ukatzen zuten-eta. 1979an IX. Osoko Batzarrean, ildo bien arteko borroka ibilbide luzearen eta gizamultzoetako elementu jakitunekin lanean aritu ostean, Alderdia sorberritzat eman zuten. Halandaze, Demokrazia Berriko Errepublika eraikitzeko burgesia eta lur-jabeen aurkako borroka iraultzailea hastea egiteke zeukaten ataza zen. Ondorioz, urte bereko abenduan, Gudaroste Gorriaren I. Saildiaren I. Lagundia irasi zen eta Herri Gudaren lehenengo guda-burubidea ezarri zuten. 1980an Alderdi Komunistak diktaduraren osteko lehenengo hauteskunde orokorren aurkako boikota akuilatu zuen, eta Herri Gudari ekin zitzaion.

Herri Guda aldatu

1980ko maiatzaren 17an Herri Guda hasi zen, diktadura militarraren osteko lehenengo hauteskunde orokorren bezperan, erroldak eta hautetsontziak errez, Ayacuchoko Chuschi herrian. Borroka iskiludun iraultzailearen lehenengo fase horretan, ekintza gehienak Ayacucho, Huancavelita eta Apurimac eskualdeetan gauzatu zituzten, bertan, PCPren Eskualdeko Batzorde Nagusia ibiltzen baitzen. Ekintzok aginpide hutsuneak sortzera bideratu zituzten, horregatik, Andeetako eskualdeko Peruko Estatuaren erakundeak euren helburuak izan ziren, hots, politika-agintariak, epaileak eta herrizainak. Herrizain eta euren postuen aurkako erasoak iskiluak jadesteko jomuga zeukaten. Agintari burgesak landa-guneetatik kanporatzea Herri Aginpide Berria eraikitzeko beharrezko aurretiko urratsa izan zen. Era berean, ehunka lugin txirok lur-jabe handien sailak, uztak, makineria eta abereak bereganatu eta elkarren artean banandu zituzten.

 
Sendero Luminosoren eragina izandako lurraldeak.

Herri Gudaren lehenengo urteetan, herrizain-postu asagoak suntsitu eta herrizainak landa-guneetatik kanporatu zituzten, agintariak herrialde eta elkargo-buruetan babestu behar izanez. 1982an arestian aipatutako eskualdeetan, Herri Batzordeen sorrerari ekin zioten aginte-hutsuneak betetzeko. Batzordeok, herriaren aginpide politikoaren erakunde legez, batzartutako gizamultzo zapalduez osatuta zeuden, gizarte-gaien (lurraren banaketa eta lanketa, taldekako lanaren antolakuntza soloetan, abere eta uren horniketa, hezkuntza, herri-zuzentza etab.) inguruan eztabaidatzen zuten, eta eurek antolatzen zituzten. Herriak, batzarrean edo ordezkarien bidez, Herri Batzordea artezten zuten batzordeburuak aukeratzen eta kargugabetzen zituen. Bost batzordeburu egoten ziren: idazkari-batzordeburua, agintari gorena eta Batzordearen lanen koordinatzailea; segurtasun-batzordeburua; ekoizpen batzordeburua; herri-gaien batzordeburua, herri-epaiketen, hezkuntzaren, ezkontzen eta abarren arduraduna; eta herri-antolakundeen batzordeburua. Herri Batzordeen multzo batek babes-base bat osatzen zuen, eta babes-base guztiek eratzeke zegoen Demokrazia Berriko Errepublika osatzen zuten. Herri Aginpide Berriaren bidez, herritarrak agintea egikaritu zuten, eta milaka langile eta nekazari Herri Gudarekin bat egitea lortu zuten. 1982ko apirilean, PCPk lehenengo ekintza garrantzitsua burutu zuen, Ayacuchoko espetxea erasoz eta, polizia batzuk hil ostean, PCPko 70 espe askatuz. Horri erantzunez, herrizainak hiri bereko erietxea eraso eta bertan zeuden PCPko hainbat kide hil zituen. Guda iraultzaileren aurreratzea galgatzeko, Peruko jaurlaritzak, 1983an, indar iskiludunak Ayacucho, Huancavelita eta Apurimaceko eskualdeetara bidali zituen. Handik aurrera, indar iskiludunek sarraskiak gauzatu zituzten eskualdeotan: gizamultzoen erailketak, herri osoak erretzea, bortxaketak, lapurretak, eta abar. Indar iskiludunek nekazariak bortxaz bildu zituzten komunisten aurka borrokatzeko, Erronda Nekazariak deitutakoak osatzeko. Egoera berriari aurre egiteko eta Gudaroste Gorriaren kideen handiagotzea zela-eta, 1983an, Herri Gerrillari Ostea (EGP) eratu zuten. EGP saildi eta herri-gudaridiek osatu zuten, hiru indarretan zatituta: indar nagusia (eskualdekoa eta gudari gertuenekin), tokiko indarra (tartekoa) eta base-indarra (Herri Batzordeak babesteko).

 
Abimael Guzmán ageri den horma-irudia herri gudaren bosgarren urtea ospatuz

1983tik aurrera, aginpideen arteko kontraezarkuntza eta berrezarkuntza eman zen, hots, perutar gudarosteak Herri Batzordeak desegiten zituen, eta komunistek agintari kapitalistak bota eta herri-aginpidea berrezartzen zuten ostera ere, zenbait lurraldek makina bat aldiz aginpidez aldatu zuten. 1983a PCPk hildako gehien eragin zituen urtea izan ei zen, eta, handik aurrera, hirietara zabaldu zuen bere jarduna. 1985aren inguruan borroka Peruko eskualde gehienetara hedatu zen arrik, Ayacucho, Huancavelita eta Apurimac gudaren ardatza izaten jarraitu zuten. 1986rako, gudarosteak eta errondariek babes-baseetako luginen aurka triskantza egin zituztela ere, ehunka Herri Batzorde ibiltzen ziren Andeetako mendilerroan. Ordurako, PCPren datuen arabera, gatazkak 15.000 hildako eragin zituen. Berebat, urte berean, Peruko gudarosteak Lurigancho, El Fronton eta El Callao espetxeetan PCP eta EGPko hainbat espe politiko hil zuten. Peruko espetxeetan espe politikoen erailtzea ohiko jardutea izan zen, Herri Gudaren sasoi osoan; era berean, espe komunistak sarritan matxinatu egin ziren. Azkenean, perutar gudarosteek Borroka Lubaki Argitsuak hartu eta 250 espe komunista erail zituen.

Herri Aginpidea ezartzeak eta babes-baseen egonkortzeak 1989an Herri Batzorde Irekiak biderkatzea ahalbidetu zuen. Lehenago, Herri Batzorde gehienak ezkutuan jarduten zuten, indar iskiludunek haiek suntsitzeko arriskuagatik. Hala ere, Aginpide Berria ezartzean, Batzordeak ireki egiten ziren. Landa-gunean arestikoa gertatzen zen bitartean, 1988 urtearen amaieran, PCPren ekintzak hirietan eta, batez ere, Liman hazi egin ziren. Urte berean, Peruko Alderdi Komunistaren I. Biltzarra egin zuten, bertan, borroka iskiluduna areagotzea erabaki zen, Herri Gudaren bigarren fase estrategia-orekara iristeko. Horretarako, ezinbestekoa zeukaten erasoak hirietan areagotzea iskilutea prestatzeko. Liman estatuko ia biztanleen herena bizi zen, sei milioi baino gehiago, eta biztanleria horren erdia hiriaren inguruko aldiri txiroetan bizi zen. Lehenik, PCPren hirietako ekintza San Markos eta La Canuta unibertsitateetan (zapalketa eta jazarpen handia jasan zuten, 800 eta 500 ikasle atxilotu ere egin zituzten sarekada batzuetan), sindikatu batzuetan eta auzo-higikundeetan ardaztuta egon zen. Hirietan Alderdi Komunistak herri-antolakundeak zabaltzen hasi zen ikasle-, langile-, auzo-higikundeetan, eta abar. Herri Gudan asaldura, borroka, liskar, exekutatze, egituren aurkako atentatu eta sabotaje ugari burutu zuten, Lima bakartzeko helburuarekin akuilatutako «lanuzte iskiludunak» hiria hainbat aldiz gelditzea lortu zuten. 1989 eta 1992aren artean, Ayacuchon hamaika eta Liman bederatzi greba iskiludun burutu zituen. Liman ere agerraldi iskiludunak gauzatu zituzten.

Ekintza iraultzaileen gorakada zela bide, Limako bazterretan indar iskiludunak zabaldu zituzten, komunistek bertan bizi ziren biztanle txiro askoren babesa baitzeukaten. Auzo txiroetan komunistek janari-banaketak egin, droga-saltzaileak zigortu eta herrizainak kanporatzen zituzten, Raucanan Herri Batzordea sortzea ere jadetsi zuten, 1991ean gudarosteak desegindakoa.

Komunisten ekintzek sorrarazitako kalteak 17.000 milioi dolarrean zenbatu dituzte, Peruko kanpo-zorraren antzekoa. 1990ean Estatu Batuek 35 milioiko guda-ekipoak bidali zizkion komunismoaren aurkako borrokan.

1990 eta 1991ean higikunde iraultzailearen ekintza eta kide kopuruak gora egiten jarraitu zuen, batez ere, hiri eta oihanetan, landa-gune eta mendilerroan babes-baseak ordurako kokatuta zeuden-eta. Horrekin batera, orduan Peru krisialdi politiko eta ekonomiko handi baten barrenean murgilduta zegoen. Horiek horrela, Alderdi Komunistaren Erdiguneko Batzordearen II. Osoko Batzarrean Herri Guda oreka estrategikoaren fasean sartua zela iritzi zioten.

Erkintzea aldatu

 
Limako baseei jaurlaritzaren aurreratzea galgatzeko Alderdiaren deialdi ofiziala

1992ko apirilean Peruko lehendakari Alberto Fujimorik estatu-kolpea (edo autogolpe) eman zuen indar iskiludunen babesarekin, aginpidea erdiratzeko eta higikunde iraultzailearen aurkako erasoari ekiteko helburuarekin. Geroxeago, espetxeetan sarraski berria gauzatu zuten, Canto Grande-n liskarren ostean 50 komunista, tartean hainbat buruzagi, aukeratu eta erail zituzten. Guda zikinaren helburua PCP burugabetzea zen, eta, urte bereko irailean, Abimael Guzman atxilotu egin zuten Elena Iparagirre, Laura Zambrano eta Maria Pantoja erdiguneko batzordekideekin batera.

Egun hartatik aurrera, borrokak apurkako gainbehera jasan zuen, eta hura «Bake Gutun» izenekoekin larriagotu zen 1993 urtearen amaieran. Gutunotan borroka iraultzailearen amaiera ezarri zen, eta Peruko Estatuari bake-ituna eskatu zitzaion, Nepalgo Alderdi Komunista (maoista)-k beranduago egindakoaren antzera. Gutunen agerpenak Alderdiaren haustura ekarri zuen, haiek aldezten eta ukatzen zutenen artean.

Perun eremu handiagoa bereganatzen zuten heinean, Alderdi Komunistak arazo ugariri aurre egin behar izan zion. Alderdiaren ikasbide maoistak ez zuen herritar askoren aldekotasuna lortu eta antolakundearen gogorkeriak biztanle batzuen begikotasuna galtzea eragin zien.

Berebat, lugin askok Alderdi Komunistaren ekintzen aurka agertu ziren, antzinako erakunde eta ohitura indigenei ez zietelako begirunerik gordetzen. Gainera, euren eraginpeko esparruetan komunistek herri-epaiketetan «iraultzaren arerioak» jendaurrean eta, batzuetan, ankerkeria handiz hiltzen zituzten. Hirietan ere arazoak eduki zituzten zenbait alorren begikotasuna jadesteko, merkatari txikiak askotan zirikatzen eta hornidura barik uzten zituzten-eta, esaterako, Lima bakartzeko «lanuzte iskiludunetan». Bestalde ere, euren kontrolpeko lurraldeetan komunistek, euren aurkako politikagintza, erlijio-agerraldiak eta edari alkoholdunak kontsumitzea debekatu zuten. 1980ko hamarraldiaren amaierarako, Peruko antolakunde ezkertiar gehienak Alderdi Komunistaren eta haren borroka iskiludunaren aurka agertzen ziren.

2003ko berrindartzea aldatu

2003tik aurrera, Proseguir izeneko PCPren zatiki batek ekintza iskiludun esanguratsuak egiteari ekin zion berriz. Urte horretan, enpresa argentinar bateko 68 langile bahitu zituzten Ayacuchon. Atxiloketak oparoak izan arren, 2005eko otsailean, Huanacon, zortzi herrizain hil zituzten.

2006ko urrian, PCPko buru Abimael Guzmani biziarteko espetxe-zigorra ezarri zioten.

Sortutako antolakundeak aldatu

Alderdi Komunistak bere gizamultzoenganako bere eragina areagotzeko herri-antolakudeez osatutako Fronte Bakarra (Frente Único) edo Herriaren Babeserako Higikunde Iraultzailea (Movimiento Revolucionario de Defensa del Pueblo) eratu zuen. Fronte hura arloaren araberako erakundeetan antolatuta egoten zen:

  • Auzotar Higikunde Klasista (Movimiento Barrial Clasista)
  • Behargin eta Langileen Klasisten Higikundea (Movimiento de Obreros y Trabajadores Clasistas), sindikatuetan eragiteko frontea.
  • Borroka Lubaki Argitsuak (Luminosas Trincheras de Combate), espe komunisten espetxeetako bizimodua eta borroka antolatzeko.
  • Emakumeen Herri Higikundea (Movimiento Femenino Popular), Alderdi Komunistan emakumeek esku-hartze handia eduki zuten, maila txikienetatik Erdiguneko Batzorderaino (Elena Iparagirre, Laura Zambrano, Maria Pantoja, etab.).
  • Gazteen Herri Higikundea (Movimiento Juvenil Popular)
  • Herri Sorospena (Socorro Popular)
  • Ikasle Fronte Iraultzailea (Frente Estudiantil Revolucionario), unibertsitateko ikasleak Alderdiaren oinarria izan ziren, batez ere, Sorberritzearen lehenengo aldietan.
  • Nekazari Txiroen Higikundea (Movimiento de Campesinos Pobres): Peruko biztanle gehienak luginak ziren, eta, beraz, Herri Guda landatiko hirien setioan oinarritu zuten, Herri Aginpidea lehenik bertan ezarriz.
  • Ume Aurrendarien Higikundea (Movimiento de Niños Pioneros)

Erreferentziak aldatu

  1. Comisión de la Verdad y Reconciliación (2004), Hatun Willakuy: Versión abreviada del Informe Final de la Comisión de la Verdad y Reconciliación, 97 orr. ISBN 9972-9816-4-9

Ikus, gainera aldatu

Kanpo-estekak aldatu