Artikulu hau lanabesari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Sega (argipena)».

Sega, beste izenez kodaina edo dailua, nekazaritzan erabiltzen den tresna da. Makila batean txertatuta doan kurbatutako aihotz batek osatzen du eta, orokorrean, belarra, abereentzako bazka edo laboreak biltzeko erabiltzen da. Herrialde aurreratuetan erabiltzen hasi diren baliabide mekanikoen agerpena dela-eta, haren erabilera gutxituz joan da. Hala eta guztiz ere, sega-jokoak egiten dira oraindik Euskal Herrian.

Sega erabiltzen
Segalari bat belarra mozten

Gaur egun, jada segatzeko lana nagusiki belarra mozteko makina eta sega-makinaz egiten da.

Diseinua aldatu

Lanabes horrek diseinu landu baten beharra dauka, errendimendu ona eskaintzeko. Aihotzak eta kirtenak sega osatzen dute: aihotzak erradio handiko arku baten forma du eta altzairuzkoa izaten da, gogorra eta iraunkorra izateko. Hiru zati bereizten dira:

  • ahoa
  • ertza
  • burua (kirtenari lotzeko ahokadura bat izaten duena)

Kirtena zurezkoa izaten da, eta haren erdialdean helduleku bat izaten da. Sega guztiek forma bera izaten dute; ezberdintasunak, ordea, heldulekuan eta aihotzaren makurduran izaten dira normalean. Kirtena 120-180 cm luze izaten da, eta aihotza 80-92 cm; loturaren lekuan aihotzak 10 cm izaten ditu zabaleran.

Erabilpena aldatu

Erritmo eta postura bereziarekin erabiltzen da. Bi zangoak zabalik eta belaunen gainean bermaturik, segalariak aurrean duen belar-koska xerretan bezala ebaki behar du, xaflak lurzorua doi-doi ukitzen duela. Bi eskuekin tinko eutsita sega, besoen eta gerriaren mugimendua ere beharrezkoa da, eta erritmo jakin batean egiteak lagundu egiten du[1].

Segaren erabilpen jarraiturako, ahoa zorrotz egotea ezinbestekoa da. Prozesu bikoitz batekin lortzen da hori: batetik, ahoa mailu berezi batekin ingudean pikatzen zaio; eta ondoan zorroztarri berezi batekin (arraitz edo segarria esaten zaio) pasatzen da. Segarria gordetzeko tresna osagarria sega-potoa da, aldean eramateko zurezko ontzi txikia[1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Sega, erreminta moderno hori» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-03-20).

Ikus gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu