Seberiano Aiastui

Aretxabaletako misiolaria

Seberiano Aiastui Errasti (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1914ko urtarrilaren 7a[1] - Madril, 2007ko azaroaren 8a[2]), apaiz eta misiolari aretxabaletarra izan zen.

Seberiano Aiastui
Bizitza
JaiotzaAretxabaleta1914ko urtarrilaren 7a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaMadril2007ko azaroaren 8a (93 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakapaiza eta misiolaria

Togon (Afrikan) eta Argentinan ibili izan zen eta bigarren honetan herri indigena pobreak bisitatzeko oinez egiten zituen ibilaldi luzeengatik apaiz ibiltaria ezizena jaso zuen (gaztelaniaz: El cura caminador).

Biografia aldatu

Hastapenak aldatu

Seberiano Aiastui Aozaratza auzoko Otala Zelai baserrian jaio zen 1914an. Zazpi anai arrebetan gazteena zen eta 11 urte zituela Marianisten seminarioan sartu zen. 1946an Friburgon (Suitza) ordenatu zen apaiz[3] eta hurrengo urteetan toki batetik bestera ibili zen. 1969an misiolari Afrikara joatea erabaki zuen, Togora. Hamabi urte egin zituen bertan eta Euskal Herrira itzuli zen[1].

Apaiz ibiltaria aldatu

Seberiano Aiastuik ordea misiolari izaten jarraitu nahi zuen eta 72 urte zituela Argentina iparraldeko Chacoko probintziara iritsi zen, "El Impenetrable" ("Zeharkaezina") esaten dioten mendialdera. 1985eko irailaren 21a zen eta han aurkitu zuen pobreziak bete betean jo zuen[4]. Oihanean sakabanatuta bizi ziren wichí leinuko indigena komunitateak zeuden bertan eta asentamenturik handiena Comandancia Frías izeneko herrixka txikia zen. Aiastuik bere ebangelizazio prozesuan komunitate guztiak bisitatzeko erronka hartu zuen eta ibilgailurik ez zuenez poltsa batean beharrezkoa zuena hartu eta kilometroak egiten zituen oinez. Hasiera batean bertako biztanleek mesfidati hartu zuten, ez baitzen ohikoa apaiz bat oinez ikustea, baina beherala El cura caminador ("apaiz ibiltaria") ezizena jarri eta onartu egin zuten[4]. Behin baino gehiagotan bidez okertu eta bidean aurkitzen zituen etxoletako familia xumeekin jatekoak konpartitzen zituen[1]. Toki bakoitzean hilabete inguru egoten zen[4]. 1988. urtean zaldi bat eskuratu zuen eta ondoren mandoa eta beranduago kamioneta zahar bat erabiliko zituen. Kamioneta horrekin 300-400 kilometro ere egiten zituen egunero[4].

1992an uholde handiak izan ziren eremuan eta indigenek dena galdu zuten. Comandancia Fríaseko medikuak kontatzen du Aiastuik Resistencia hirira joatea erabaki zuela orduan. Mugako apaiza izateagatik pilatuta zuen soldatarekin kamioi bat elikagai eta bestelako ondasunez bete (3.000 kilogramotik gora) eta jendearen artean banatu zuen bakoitzak zuen beharraren arabera. Arratsalde hartan esne litro bat eskatzen aurkitu zuten, jatekorik ez baitzuen beretzako[4].

Comandancia Frías aldatu

Urteek aurrera egin ahala Comandancia Fríasen bizitzen jarri zen. Ezer ez zegoen herri hartara ur edangarria eta argindar sorgailua ekarri zituen eta medikua eta anbulantzia egon zitezen borrokatu zuen. 1998an ezarri zen aurreneko osasun postua herrian. Adin txikien zentroa ere sortu zuen analfabetismo handiaren aurrean haurrei hezkuntza eman ahal izateko, eta Aiastui euskalduna izanik garrantzia berezia eman zion adin txikietako haurrekin haien jatorrizko hizkuntza erabil zedin[5].

Heriotza aldatu

Azken urteetan Cosquín (Córdoba, Argentina) herrian dagoen Marianisten egoitzan bizi izan zen zen erretiroa hartuta[3]. 2007an Madrilera joan zen gaixorik zeukan anaia bisitatzera. 93 urte zituen ordurako eta Chacora itzuli gabe bertan hil zen[2].

Aitortza aldatu

Argentinako Marianista Fundazioak 2003. urtean 25 minutuko bideo bat egin zuen eta bertan Aiastui berari egindako elkarrizketa eta hura ezagutu zutenen hitzak agertzen dira. Julio Horacio Laurino izan zen egilea[4].

2007an hil zenean honako hau idatzi zuen Chacoko probintziako Diario Norte egunkariak:

"Comandancia Friasek gaur edateko ura badu, berari esker da. Adin txikikoen zentroak funtzionatzen badu, beragatik da. Elektrizitate sorgailuak funtzionatzen badu, beragatik da. Herrixka honek, mendia mendi eta bete gabeko promesak promesa, biziraun badu, hori ere berari zor dio, hainbeste analfabetismoren arrazoiak inoiz konprenitu ez zituenari".[1]

Fabio Etxarri ikertzaile eta idazle argentinarrak 2004an Aiastuiren inguruko tesina egin eta 2014an Severiano Aiastui, El cura caminador liburua argitaratu zuen. Azpititulua "un vasco en El Impenetrable argentino" du[6]. 2015eko martxoan Aretxabaletan ere egin zuen aurkezpena idazleak[7].

2014ko irailean Comandancia Fríasen "Padre Severiano Ayastuy" ospitalea inauguratu zen[1][8].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e «Gogoan du askok Severiano Aiastui, jaio zela 100 urte bete direnean - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-04).
  2. a b «FUNDACIÓN MISIÓN MARIANISTA - PDF Descargar libre» docplayer.es (Noiz kontsultatua: 2021-12-04).
  3. a b (Gaztelaniaz) «Rodeado de amigos y convecinos argentinos, cumple 90 años el padre Severiano Ayastuy Errasti, el Cura Vasco Caminador de El Impenetrable chaqueño» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2021-12-13).
  4. a b c d e f (Gaztelaniaz) Compañía de María - Marianistas ES | Video: Severiano Ayastuny Errasti, ‘El Cura caminador’. (Noiz kontsultatua: 2021-12-04).
  5. «El cura caminador, Seberiano Aiastui Errasti, dio su último paso - Euskonews» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-12-04).
  6. «Severiano Aiastui, "El cura caminador" liburua» Aretxabaletako Udala (Noiz kontsultatua: 2021-12-04).
  7. (Gaztelaniaz) «Fabio Echarri visita Aretxabaleta y presenta el libro sobre Severiano Ayastuy, el 'Cura Caminador' (en El Diario Vasco)» Euskal kultura (Noiz kontsultatua: 2021-12-04).
  8. (Gaztelaniaz) «Mederi» Mederi (Noiz kontsultatua: 2021-12-04).

Kanpo estekak aldatu