Robert Guédiguian (Marseilla, 1953ko abenduaren 3a) frantziar aktore eta zinemagilea da. Aita armeniarra eta ama alemaniarra ditu. Gaztetan, Frantziako Alderdi Komunistari gertua zen eta bere lanetan ikuspegi sozial (italiar neorrealismoaren antzekoa) mantendu du.

Robert Guédiguian

Bizitza
JaiotzaMarseilla1953ko abenduaren 3a (70 urte)
Herrialdea Frantzia
Familia
Ezkontidea(k)Ariane Ascaride  (1975 -
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakfilm-zuzendaria, gidoilaria, aktorea, ekoizlea, zinema aktorea eta zinema ekoizlea
Jasotako sariak
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Frantziako Alderdi Komunista

IMDB: nm0350168 Allocine: 1008 Allmovie: p201926
Instagram: robertguediguian Edit the value on Wikidata

Bizitza aldatu

Robert Guédiguian Marseillan jaio zen, eta bere film gehienak bertan kokatu ditu.[1] Haurtzaroan eta nerabezaroan Marseillan bizitakoak asko markatu zuten, eta giro hori bere filmetan irudikatu du.[2] Bereziki ezaguna da Marseillar langile klasearen bizitza islatzeagatik.

Parisen soziologia ikasi zuen. Tarte labur batez alderdi komunistako kidea izan zen, baina nahiago izan zuen bere engaiamendu politikoa zinemaren bitartez erakutsi. Horretarako Marseillako lantegi, supermerkatu, kale apal eta portuen bizitza kontatu ditu. Lan baldintza eskasak, immigrazioa eta langabezia izan dira bere zineman jorratu dituen gai nagusiak.[1]

Bere filmen artean azpimarratzekoak dira “Marie-Jo et ses deux amours”, “La ville est tranquille”, “Marius et Jeannette”, “À la place du coeur” eta “Les nieges du Kilimandjaro”.

Ezaugarriak, Begirada, Estiloa aldatu

Robert Guédiguian lau hamarkada daramatza zinema erabiltzen bere gaitasun borrokalari osoa zabaltzeko. Bere filmetan gizarte  gatazkatsu baten barne gertatzen diren bidegabekeriak islatzen eta salatzen ditu.[3]

Frantziar zuzendariak, ondu duen obra homogeneoa eta koherentearen bidez, ikusten duen errealitatea eraldatzeko nahia erakusten du, edo gutxienez eraldatzen laguntzeko nahia. Guédiguianek, kameren atzean duen papera, inguratzen duen munduarekiko militantzia adibide bat bezala ulertzen du, berarentzat saihestezina dena.[3]

Bere zinemak errealitate gordina irudikatzen du. Bere pertsonaiek soberan ezagutzen dituen kaleetatik aterata dira. Jarrera zirikatzaile batekin, ideal batzuk defendatzen ditu. Aldi berean, gizarte miserableak beste aldera begiratzeko duen joera agerian uzten du.[3]

Zuzendariari, istorioaren sakontasunean forman baino arreta handiagoa jartzen du. Edukia eta mezua irudien artifizioaren aurretik jartzen du. Lan berri bakoitzean, estetika hutsean baino, salaketan eta hausnarketan sakontzea interesatzen zaiola demostratzen du.[3]

Marius et Jeannette” eta “A l'attaque!” filmen zuzendariak uste du edozein filma erabaki pertsonal moral eta politiko batzuetara murriztuta geratzen dela.[3] Bere zinemari dagokionez, zuzendariak bere komunismoaren ideia defendatzen jarraitzen du. Berarentzat komunismoa “norbanakoa eta kolektiboa armonian daudenean” gertatzen da.[4]

Bere zinemak, bere inguruan gertatzen denaren begirada arretatsuarekin apaindua, Renoir, Pasolini eta Ken Loachen zinemaren kutsua du.[3]

Ikuspuntu soziala aldatu

Bere zinemaren ezaugarrien artean daude:

-Bere filmak Marseillako langile-auzoetan gertatzen dira.

-Guédiguianek langile klaseko pertsonen bizitza xumeetan arreta jartzen du, eta langile horiek dira, hain zuzen ere, bere filmen protagonistak. Bere filmetan langile xume hauen bizitzen edertasun momentuak irudikatzen ditu, baina beraien bizi baldintzen gogortasuna ezkutatu gabe. Bizitza era errealista batean erakusten du, bere momentu gazi-gozoekin.

-Bere filmetako pertsonaia batzuk proletarioak dira(Zamaketariak, ontziolako langileak, eraikuntzako langileak). Garai batean garrantzia handia izan duten industrietan lan egiten dute. Industria hauek aintzinean lan baldintza duinak zituzten. Bertan sindikatuak indartsuak ziren eta klaseko elkartasun handia zegoen, baina lan horiek krisian daude(birmoldaketa prozesuan) eta lan baldintzak asko kaskartu dira. Kaleratze mingarriak egon dira. Testuinguru horretan kokatzen dira protagonistak(Adibidez “Les Neiges du Kilimandjaro, “La ville est tranquille, “La villa”, “Marius eta Jeannette”).

-Beste pertsonaia batzuek oso lan  prekarioak dituzte. Garbitzaileak, zaintzaileak, arrain lonjako langileak edo supermerkatuko kutxazainak dira (“Marius eta Jeannete”, “Les Neiges du Kilimandjaro ,” À la place du coeur).

-Langile horiek(batez ere industrian lan egiten dutenak) iraganarekiko nostalgia dute. Beste garai batzuetan bere lan baldintzak hobeak ziren, beraien lanetan sindikatuak indar handia zuten(askotan beraiek sindikalistak izan dira) eta klase elkartasun handiagoa zegoen. Bizitza kolektiboagoa zen eta eskuzabaltasun handiagoa zegoen. Bizitza kalean egiten zen auzoko jendearekin.( “Les Neiges du Kilimandjaro, “La villa”,Marius eta Jeannette”)

-Mundu horren desagerpena, hain zuzen ere, sortzen ditu belaunaldien arteko talkak eta ez ulertuak. Guédiguianen filmetan agertzen diren gazteek erabat barneratuta dute eredu kapitalista eta bere baloreak(indibidualismoa, bakoitzak bere buruaren onuragatik begiratzea). Profesio liberalak dituzte edo enpresari txikiak dira, eta belaunaldi zaharren balore kolektiboak eta bizimoduak ahaztu dituzte(elkartasuna, besteen onura kontutan hartzea, eskuzabaltasuna, bizitza komunitarioa).(Adibidez “Les Neiges du Kilimandjaro, “La villa”). Adinekoek, berriz, ez dute bat egiten  gizarte berriaren baloreekin, eta erabat galduta sentitzen dira.

-Zuzendariak bere filmetan  harreman sozialen garrantzia azpimarratzen du eta pertsonen arteko elkartasuna eta eskuzabaltasunaren beharra aldarrikatzen du. Bere protagonistak egoera zaurgarriagoan daudenei laguntzeko prest daude. Azpimarratzekoa da langile klaseko pertsonaien eskuzabaltasuna eta bihotz ona(“Les Neiges du Kilimandjaro, “La villa”, “À la place du coeur, “Mali Twist”, “La ville est tranquille”)

-Hainbat lanetan Marseillako zuzendariak indibidualismoak gizartean eragin dituen gaitzak islatu ditu. Indibidualismoak ezker klasikoa eta sindikalismoaren ahultasuna eragin du, eta zenbaitetan langileen etsipena eta porrot sentsazioa. Bere pertsonaiak  egoerarekin atsekabetuta  agertu ohi dira,  beraien idealak errealitatearekin talka egiten baitute.( “Les Neiges du Kilimandjaro, “La villa”, “Mali Twist”)

-Aurrekoa egia izanda, normalean Guédiguianen diskurtsoan ez da etsipena nagusitzen, beti itxaropenerako tarte bat uzten baitu. Nahiz eta bere pertsonaiak egoera zaurgarrian egon, duintasuna mantentzen dute kosta ala kosta(“Les Neiges du Kilimandjaro, “La villa”,À la place du coeur , “Mali Twist”, “La ville est tranquille, “Marius eta Jeannette). Horrez gain, zuzendariaren aburuz bizitza apalen borroka txikiek eta jarrera eraldatzaileek gauzak hobetu ditzakete. Borroka txiki horiek bere filmetan irudikatzen ditu(“Les Neiges du Kilimandjaro, “La villa”)

- Arrazakeriarena da bere filmetan agertzen den beste gai garrantzitsu bat, eta horrekin lotuta eskuin muturraren zabalkundearena. Gai hau agerikoa da “La ville est tranquille” eta “À la place du coeur filmetan. “La villa” filmean immigrazio ilegalaren gaia jorratzen da, baina elkartasunaren ikuspuntutik. “La ville est tranquille”  filmean langileen auzoetan eskuin muturraren presentzia agerikoa da. “Marius eta Jeannette” filmean ere, langile-auzo batean, eskuin muturrari buruz hitz egiten da.

-Zuzendariak multikulturalismoa eta ezberdinen arteko elkarbizitzaren alde egiten du, adibidez,  “À la place du coeur” eta “Marius eta Jeannette” filmetan.

-Etxebizitzaren auzia “La villa” filmean agertzen da. Espekulazioaren erruz etxebizitzen garestitzea eta auzo-bizitzaren heriotza ageri dira.

-Guédiguianen filmografia gehiena Marseillan igarotzen da, eta hiri honek berebiziko garrantzia du bere zineman, beste pertsonaia protagonista bat izateraino.

Gaiak aldatu

Guédiguianek Mediterraneoakoak berezkoak diren gai politiko eta sozialak jorratu ditu, hala nola: ezkutuko immigrazioa, gazteen langabezia, mugimendu xenofoboen suspertzea, sindikatuen protestak, multinazionalen abusuak edota Marseillako auzo herrikoietan indarkeria eta drogak eragindako gatazkak.[4]

Horrez gain, beste leku batzuetan kokatutako istorioak ondu ditu, batez ere Armeniako iraganari buruzkoak, baina ez soilik. Horren adibide da “Mali Twist”, Malin kokatutako filma.  Europar sozialdemokraziaren konpromiso eta desitxuratzeak aztertu ditu(“Le Promeneur du Champ de Mars”), nazien aurkako erresistentzia islatu du( “L'Armée du crime) edota 70 hamarkadako indarkeria politikoak(“Une histoire de fou) jorratu ditu.[5] Bere aita Armeniarra izanik, pare bat filmetan herri honen inguruan eta bere historiaren inguruan mintzatu da.

Aktoreak aldatu

Bere hasierako lanetatik, zinegilea aktore multzo egonkor batez inguratu da. Aktore hauek bere film gehienetan parte hartu dute. Horren adibide da  Ariane Ascaride, bere lan gehienen protagonista izandakoa.[3] Jean-Pierre Darroussinek eta Gérard Meylanek ere bere filmografiaren parte handi baten protagonistak dira. Berarekin askotan lan egin duten beste aktore batzuk dira: Jacques Boudet,  Anaïs Demoustier, Robinson Stévenin eta Grégoire Leprince-Ringuet.

Filmak aldatu

Marius et Jeannette(1997) aldatu

Marius eta Jeannette Marseillako auzo herrikoi batean ozta ozta bizi diren berrogei urteko bi pertsona dira. Bizitzarekiko eszeptizismo ezkor bat partekatzen dute. Bizitzak berak oso gogorki tratatu ditu. Gizonak zementera batean zaintzaile lan egiten duen herrena da. Emakumeak  supermerkatu batean kutxazain lan egiten du oso baldintza eskasetan eta bere bi seme-alabak aurrera ateratzeko borrokan darrai. Bi galtzaileek, beraien arteko topaketa eta maitasun istorioari ezker, zoriontasuna eta borrokarako grina berreskuratuko dute.[6]

Marseillako auzo langile baten bizitza kontatzen da eta bertan bizi diren auzokideen arteko harremanak. Pelikulak langile anonimo guztien bizitzak omentzea du helburu.

À la place du coeur(1998) aldatu

Clim eta Bebé Marseillan bizi diren eta erabat maiteminduta dauden bi nerabe dira. Beberi (pertsona arrazializatua da) bortxaketa bat egin izana leporatzen diote eta kartzelaratzen dute.[6]

La ville est tranquille(2000) aldatu

Protagonistak mundu hutsal eta nahasian bizi diren pertsonai oso heterogeneoak dira. Beraien bizitzak topo egiten dute bizi duten errealitate soziala erakusteko; Pozak eta tristurak, maitasuna, garaipenak eta galerak.

Michele bere alaba drogetatik salbatzen saiatzen den arrain lonjako langilea da. Paulek bere lankide zamaketarien greba traizionatu du eta taxista egin da. Vivianne musika irakaslea da eta Abderramanekin maitemintzen da.   Abderramane bere anai-arrebak  lagundu nahi dituen kartzelatik erabat aldatuta ateratako gizona da, Gerard heriotza ideiarekin obsesionatuta bizi da, Paulen gurasoek erabaki dute ez dutela inoiz gehiago bozkatuko…[6]

Marie-Jo et ses deux amours(2002) aldatu

Mari-Jok bere senarra Daniel maite du, baina Marco, bere maitalea, era berean maite du. Mari-Jok bere etxea uzten duenean Marcorekin bizitzera joateko, Danielek, larrituta, bere buelta itxarongo du. Bi maitasun harremanak bateraezinak dira, baina bizitza aurrera darrai.[6]

Les Neiges du Kilimandjaro(2011) aldatu

Darroussinek eskarmentu handiko sindikalista bat gorpuzten du. Enpresarekin adostutako kaleratze kolektibo baten biktima izan da. Berari enpresatik era duinean joan dela iruditzen zaio, baina bere bizitza lasaian gurutzatzen den gazte batek bere erabakien zuzentasuna zalantzan jarriko ditu.[5]

La villa(2017) aldatu

Familia baten patriarkak istripu baskular larri bat pairatu du.[5]Bere hiru seme-alabak bere ondareari buruz hitz egiteko elkartu dira. Seme-alaben arteko harremana kontatzen da. Kontakizunean gaur egungo gaiak jorratzen dira, hala nola lan baldintza eskasak, etxebizitza eskubidea eta halabeharrezko migrazioak.

Mali Twist(2021) aldatu

Guédiguianek Modibo Keita buru zuen Mali post koloniala eta komunistan kokatzen du bere filma, XX. Mendeko 60ko hamarkadan. Filma paralelismo moduko baten bitartez eraikita dago: iraultza politiko batek sortzen duen itxaropena eta bi protagonista gazteen maitasun istorioa sortzen duen ilusioa.[5]

Fikzioaren amaiera tragikoak, eta Maliko iraultzarena berarena baita ere, ez du ezabatzen itxaropenez eta konbikzioz jositako istorio honetaz elikatzeko aukera.[5]

Gazte ekintzaile protagonistek Musika eta dantzen bidez bere bizitza alaitzen dute  eta giro iraultzaile eta aldi berean gozagarri hori ederki islatzen da pelikulan.

Nahiz eta filmean islatutako gobernuak politika inperfektuak zabaltzen dituen eta estatu paranoiko batean bilakatzen den, eta horrek ilusio kolektiboak zapuztea ekartzen duen, filmak bizitzeko indarra eta kemen politikoa transmititzen du.[5]

Filmografia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Gaztelaniaz) Wikipedia Gaztelania. (2023-12-24). Robert Guédiguian. (Noiz kontsultatua: 2024-02-16).
  2. (Gaztelaniaz) Filmin. Robert Guédiguian. .
  3. a b c d e f g (Gaztelaniaz) admin_seminci. (2017-09-24). «Robert Guédiguian, el cine como dilema moral» SEMINCI (Noiz kontsultatua: 2024-02-16).
  4. a b (Gaztelaniaz) Serra, Maria Josep. (2022-10-21). «Robert Guédiguian, cine «culto y popular» en la Mostra de València» Valencia City (Noiz kontsultatua: 2024-02-16).
  5. a b c d e f (Gaztelaniaz) «Robert Guédiguian y el cine político en 2022» www.elsaltodiario.com (Noiz kontsultatua: 2024-02-16).
  6. a b c d (Gaztelaniaz) «Robert Guédiguian» FilmAffinity (Noiz kontsultatua: 2024-02-16).

Kanpo estekak aldatu