Red Bay (Ternua eta Labrador)

Red Bay (dirudienez euskal baleazaleek XVI eta XVII. mendeetan Butus, Buytres, Boitus edo Boatuss deitua)[1] arrantzale-herrixka bat da, Labradorko hegoaldean kokatua, Ternua eta Labradorko probintzian, Kanadan. 1550 eta 1600 urteen artean, Red Bay Euskal Herriko baleazaleen urte erdirako bizilekua izan zen; eta, egun, UNESCO erakundeak Gizateriaren Ondare izendatua zuen 2013an: Red Bay-ko euskal baleazaleen kokalekua.

Red Bay
towna
Administrazioa
Estatu burujabe Kanada
Probintzia Ternua eta Labrador
Geografia
Koordenatuak51°43′55″N 56°25′32″W / 51.7319°N 56.4256°W / 51.7319; -56.4256
Map
Azalera1.58 km²
Altuera10 m
Demografia
Informazio gehigarria
Telefono aurrizkia709
Ordu eremuaNewfoundland Standard time (en) Itzuli

Bertako uretan euskaldunek bertara eramandako hiru itsasontzi eta lau txalupa txiki topatu dira, Selma Huxley historialariak Euskal Herriko nahiz espainiar eta frantziar estatuetako artxibo eta liburutegietan aurkitutako dokumentazioa jarraiki. Ur azpian mantendu diren itsasontzi hauek, Ameriketako ur azpiko arkeologiarentzat leku garrantzitsu bihurtzen du Red Bay.

Geografia aldatu

Red Bay portu natural bat da, izen bereko badian, eta izena hartzen du lurraldean dauden granitozko itsaslabar gorrietatik. Badia babestua denez, Bigarren Mundu Gerran erabili zen bertan itsasontziak lotuta gordetzeko. Badian Penney eta Saddle uharteak daude, behinola Euskal Herriko baleazaleek erabiliak. San Juan baleontzi hondoratua Saddle uhartearen ondoan dago.

Historia aldatu

1550 eta XVII. mendeko hasieraren artean, Red Bay Euskal Herriko baleazaleen kokaleku nagusia izan zen. Honek urtero 15 itsasontzi eta 600 arrantzale bidali zituen Belle Isleko itsasartera sardako baleak eta Groenlandiako baleak harrapatzeko[2]. 1565ean, bere uretan, Saddle uhartetik gertu hain zuzen ere, ekaitza baten ondorioz, San Juan baleontzia ondoratu zen. Zenbait txalupa ere aurkitu dute inguruko uretan.

Euskal baleazaleen urrezko aroan, 1560 eta 1570 artean, mila bat gizonek 15 txalupatan baleak harrapatzen zituzten edo lan egiten zuten 15 labetan, non prozesatzen zuten baleen koipea, bertatik ateratzeko olio berezia, Europan oso ondo saltzen zena. Baleontzi bakoitzaren bueltako zamak balio zezakeen gaurko 8.500.000 euro, kalkulatu baita upel bakoitzak balio zezakeela 8.500 euro. [3]

Gaur egun petrolioak duenaren adinako garrantzia izan zuen lumerak (balea olioak) hainbat mendetan, eta halaxe zen XVI. mendearen bigarren erdian ere. Argiztapenerako erabiltzen zen, baita lubrifikatzaile eta bigungarri moduan ere, xaboiak egiteko, botikak, ehunak prestatzeko. Ez koipea bakarrik, balearen hezurrak ere oso erabilgarriak ziren, arropa, kapela, kortseak, eskuilak, uztaiak eta beste egiteko. Balearen bizarrak ere saltzen ziren, besteak beste, aiztoak egiteko. [4]

Euskal Herriko baleontziak maiatzean itsasoratu eta urrian bueltatzen ziren, non eta eguraldi hotza aurreratzen ez bazen, zenbait urtetan gertatu zen bezala. Jakina da horrelakoetan izotza uste baino lehenago zabaltzen zelako, eskifaia osoak geratu behar izan zirela Red Bay-n. Saddle uhartean 142 baleazale euskaldunen gorpuzkiak daude. Adituek uste dute han datzan jendea hil zela edo itota edo hotzak jota, neguak bertan harrapatuta.

2004an beste baleontzi bat aurkitu zen urpean, zortzi bat metro sakon. Inguruan aurkitutako laugarren ozeanoz bestaldeko ontzia zen.

Oraindik ez dago garbi euskal baleazaleek zergatik utzi zioten Red Bay-ra joateari. Faktore bat izan liteke sardako baleak eta Groenlandiakoak izugarri murriztea, gehiegi arrantzatu izanagatik. Izan ere, 50 urtean baleazaleek 20.000 balea inguru hil zituzten. Aintzat hartzekoa izan daiteke, halaber, indigenak ere hasi zirela baleak harrapatzen, eta areagotu egin zirela euskal baleazaleen kontrako eraso armatuak itsasoan.

Indusketa lana aldatu

Robert Grenierrek zuzenduta, sei urte iraun zuen indusketa arkeologikoak Red Bay-ko badiaren uretan. Bertan aurkitu zituzten San Juan baleontziaren egitura, zama eta marinelek erabilitako objektuak. Baita balea-txalupa bat, baleontziaren azpian honduratu zena. Elementu horiek guztiak piezaz pieza atera eta erregistratu ziren. Lan horretan arkeologo kanadarrek euskaldun baten laguntza izan zuten, Manu Izagirre donostiarra, zeinak murgilari lanak egin zituen Grenierren aginduetara.

Uraren tenperatura hotzari esker, eta egituraren zati handi bat oxigenorik gabeko inguru batean egotearen ondorioz, itsasontzia oso egoera onean mantendu zen. Zura eta tartean soka zatiren bat ere egoera bikainean kontserbatu ziren. [5]

Gaur egun Red Bay herrian interpretazio etxe bat dago, eta bertan esplikatzen zaie bisitariei euskal baleazaleen historia.

1979an Red Bay izendatu zuten Kanadako Gune Historiko Nazional, [6] eta 2013a ezkero UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen.

Iruditegia aldatu

Selma Huxley aldatu

 
Selma Huxley ikertzailea (2014)

Red Bay eta XVI. mendeko euskal baleazaleen historia, baita San Juan baleontziarena ere, ezinbestean daude lotuta Selma Huxley ikertzaile anglo-kanadarrarekin, berak aurkitu baitzituen haien berri 40tik gora artxibategitan, besteak beste Oñatin (non hogei urtez bizi izan zen), Tolosan, Bilbon, Burgosen, Valladoliden, Sevillan eta Lisboan.

Pazientziaz, XVI eta XVII mendeetan Ternuan ibilitako euskaldunen gaineko dokumentuak aurkitu zituen, gaztelania zaharrez idatzita: aseguru-polizak, auziak, testamentuak, pleitamendu eskriturak, tripulatzaile-kontratuak, eta tresneria eta horniduren zerrendak.

Dokumentu haietatik jakin zuen Selma Huxley-ek bakailaotan ez ezik, XVI. mendean baleatan ere ibili zirela arrantzale euskaldunak Ternua inguruan.

1977an, Parks Canada erakundea konbentzitu, eta espedizio batean parte hartu zuen James Tuck Ternuako Memorial Unibertsitateko arkeologoarekin batera. Espedizio hartan zenbait portu aztertu, eta arrasto arkeologikoak aurkitu zituen. Urtebete geroago, 1978an, Parks Canadako itsaspeko arkeologo talde batek, Robert Grenier burua zela, Huxleyren ikerketak oinarri hartu eta hark emandako informazio zehatzaz baliatuz, Red Bay eta Chateau Bayn itsas azpiko azterketak egin zituen. Bi portuetan ondoratutako itsasontzi bana aurkitu zuten, XVI. mendeko baleontziei zegozkienak.

Apaizac obeto (espedizioa) aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Apaizac obeto (espedizioa)»
 
Apaizac Obeto espedizioaren ibilbidea 2006an

2006an Albaola elkarteak itsas espedizio bat antolatu zuen, Apaizac obeto izenekoa, berreskuratzeko asmoz, Beothuk izeneko traineru tradizional batean, Euskal Herriko baleazaleek XVI eta XVII. mendeetan Ternuan eta San Laurendi ibaian zehar utzitako arrastoak.

Parte hartzaileak izan ziren sei arraunlari euskaldun (Markos Sistiaga, Ane Miralles, Iker Leizaola, Jon Maia, Ramon Imaz "Montxo" eta Xabier Agote) eta mik'maq etniako amerindiar bat (Aaron Benoit). Espedizioaren buru Xabier Agote izan zen. Kronika-egile, berriz, Jon Maia.

Espedizioa 2006ko uztailaren 15ean iritsi zen Red Bay-ra, 40 nabigazio-egun eta 1.000tik gora itsas-milia eginda, eta Kanadako ipar Atlantikoko bost itsas-probintzia ukituta: Quebec, Gaspesie, New Brunswick, Eskozia Berria eta Ternua.[7]

San Juan baleontzia aldatu

2015ean hasita, Albaola Elkartea XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika zientifikoa eraikitzen ari da jendaurrean, orduko teknikak eta materialak erabilita.[8][9][10] Hori dela eta 2015. urtean baleontziaren eraikuntza prozesuak UNESCOren babesa lortu zuen.[11]

Redbaytar ezagunak aldatu

Ondasun nabarmenak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. MAIA, Jon: Apaizac obeto.Donostia: Elkarlanean, 2006. 28, 143 eta 155. orriak.
  2. Basque whaling historical page
  3. On The Hunt With The Basque Whalers. 2018-08-02 (Noiz kontsultatua: 2018-09-03).
  4. Berria.eus. «Euskal ondarearen Kanadako ikurra» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-09-03).
  5. Diversius. «Albaola ikerkuntza - Donostiako museoa - euskal itsas ondarea» Albaola (Noiz kontsultatua: 2018-09-03).
  6. (Ingelesez) Canada, Parks Canada Agency, Government of. «Red Bay National Historic Site» www.pc.gc.ca (Noiz kontsultatua: 2018-09-03).
  7. Maia, Jon. (2006). Apaizac Obeto. Elkar ISBN 849783433X. PMC 434025956. (Noiz kontsultatua: 2018-08-12).
  8. (Gaztelaniaz) «Xabier Agote, “Txalupak & carretas”» El blog de Roge 2017-01-30 (Noiz kontsultatua: 2018-08-16).
  9. «Sakana, haritzen lurraldea – Sakana» sakana.eus (Noiz kontsultatua: 2018-08-16).
  10. «Albaola haritzak - Donostiako museoa - euskal itsas ondarea» Albaola (Noiz kontsultatua: 2018-08-16).
  11. (Gaztelaniaz) Gómez, Mirari. (). «La UNESCO patrocina el proyecto de la nao San Juan» Cadena SER (Noiz kontsultatua: 2018-08-09).
  12. Eskualdeko turismo webgunea

Irakurtzekoak aldatu

  • Albaola Itsas Kultur Faktoria (2017): Euskal Herria itsastarra. San Juan baleontzitik. Elkar Lekuko. Donostia. ISBN: 978-84-9027-383-8
  • Azpiazu, J.A. (2000): Balleneros vascos en el Cantábrico. Ttartalo argitaletxea. Donostia. ISBN: 978-8480916790
  • Azpiazu, J.A. (2008): La empresa vasca en Terranova. Entre el mito y la realidad. Ttartalo argitaletxea. Donostia. ISBN: 978-8498430967
  • Baptista, F. (2018): De caza con los balleneros vascos. National Geographic. Vol. 43, Nº 2. Agosto. pag. 38-47.
  • Lira, E. (2018): A bordo de un sueño. National Geographic. Vol. 43, Nº 2. Agosto. pag. 48-61.
  • Maia, J. (2006): Apaizac Obeto. Elkar argitaletxea. Donostia. ISBN: 84-9783-433-X

Kanpo estekak aldatu