Raymond Clevie Carver, Jr. (Clatskanie, Oregon, 1938ko maiatzaren 25a — Port Angeles, Washington, 1988ko abuztuaren 2a), AEBetako idazlea izan zen. Poemak eta kontakizun laburrak idatzi zituen eta errealismo zikina mugimenduaren egile garrantzisua izan zen. Alkoholikoa izan zen, nahiz eta bizitzako azken hamaika urteetan ez zuen batere edan. 50 urte betetzear zegoela hil zen.

Raymond Carver

(1988)
Bizitza
JaiotzaClatskanie1938ko maiatzaren 25a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaPort Angeles (Washington)1988ko abuztuaren 2a (50 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: birikako minbizia
Familia
Ezkontidea(k)Tess Gallagher
Hezkuntza
HeziketaStanford Unibertsitatea
A.C. Davis High School (en) Itzuli
California State University, Chico (en) Itzuli
Harvard Unibertsitatea
California State Polytechnic University, Humboldt (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Irakaslea(k)John Gardner (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakidazlea, poeta, gidoilaria, eleberrigilea, prosalaria eta irakaslea
Enplegatzailea(k)Syracuseko unibertsitatea
Jasotako sariak
KidetzaAmeriketako Estatu Batuetako Arte eta Letren Akademia
Genero artistikoakontakizun laburra

IMDB: nm0142577 Allocine: 42605 Allmovie: p316495
Musicbrainz: f4520a09-9ef8-4a08-ba6b-2e4a20a58479 Discogs: 1565991 Find a Grave: 9918140 Edit the value on Wikidata

Biografia aldatu

Carver Washington estatuan hazi zen. Aitak zerrategi batean egiten zuen lan; arrantzalea eta alkoholikoa zen. Ama zerbitzari eta saltzaile lanetan ibili zen. Anaia bat izan zuen, 1943an jaiotakoa.

Eskola garaian krimenezko eleberriak eta arrantza zein ehizako aldizkariak irakurtzen zituen.

Institutua bukatu ostean, aitarekin egin zuen lan, eta handik urtebetera, hemeretzi urterekin, lehen emaztea izango zenarekin ezkondu zen, hamasei urteko Maryann Burk-ekin. Alaba bat izan zuten segituan, eta handik gutxira seme bat.

Kaliforniara bizitzera joan ziren amaginarrebarengandik hurbil egoteko, eta Chico State College unibertsitateko ikastaro batean izena eman zuen. Bertan ezagutu zuen John Gardner idazlea, bere irakasle eta mentore izango zena, eta bere bizitzan zein obran eragin handia izango zuena. Haren babespean izan zuen Carverrek bere lehen argitalpena, "The Furious Seasons" izeneko ipuina, William Faulknerren eragina zuena. Narrazio gehiago ere argitaratu zituen hainbat aldizkari eta egunkaritan. Idazten zituen ipuinen argumentu ohikoena gizarteak erdeinatutako langileen bizitza izaten zen.

1967 urtea mugarria izan zen Carverren lan literarioan. Will You Please Be Quiet, Please? kontakizuna Best american short stories antologian agertu zen, eta Near Klamath poema bilduma argitaratzear zegoen.

Besteak beste, liburuzain egin zuen lan; ospitale batean gaueko zaintzale; ofizina batean administrazio-lanetan ere ibili izan zen; testuliburuen edizioan ere bai; unibertsitateko lektore...

Urteetan askotariko lanetan aritu zen, seme-alabak hezten eta idazten saiatzen, edateari ematen hasi zenean. Idazteari utzi zion, lektore lanetan ere arazoak izan zituen, alkoholismoari lotutako gaixoaldi batzuengatik lanpostua galdu zuen arte. 1973an edana uzten saiatu zen, baina ez zuen lortu. Diru arazo larriak ere baziren tartean.

1976 urte bukaera aldera, hilabete gutxi batzuetan lau aldiz ospitaleratu zuten, alkoholismoa zela-eta. Maryann Carver emaztearengandik aparte bizitzen hasi zen. 1977ko ekainean edateari utzi zion, eta ez zuen bizitza osoan gehiago edan; 11 urtez egon zen edan gabe, hil zen arte.

Carverrek berak esaten zuen "Bad Raymonds Days" garaia atzean utzi eta bere bigarren bizitzaren hasiera izan zela 1977 urte hura. Edana uzteaz gain, bigarren emaztea izango zen Tess Gallagher poeta ere urte horretantxe ezagutu zuen, Dallas-eko (Texas) idazle-konferentzia batean.

Alkohola utzi ondoren aldi batez idatzi ezinik egon zen, baina berriro hasi zen idazten. 1981 urtean argitaratu zen Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean ipuin-bilduma. Handik bi urtera, 1983an, kaleratu zen Katedrala liburua, hura ere ipuinez osatua. Liburu batetik besterako estiloa aldatu egin zuen.

Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean liburuan agertzen den Bainua ipuinaren bertsio bat dago Katedrala liburuan, Gauza xumea baina ona bezala izendatu zuena. Lehenengoa estilo minimalista eta murritzean dago idatzita; ipuinaren bigarren bertsioko estiloa oparoagoa da, baita luzeagoa ere, eta amaiera baikorragokoa.

Carverren lehen idatziek Esquire aldizkariko editore zen Gordon Lishen eragina dute. Lish-ek aholkatzen zion 15 hitz erabili behar zituen lekuan, 5 besterik ez jartzeko. Editoreak idazleari ez ote zion testua gehiegi aldatu, horren inguruko eztabaida handiak egon dira, baita oraindik ere. Bizitzako azken urteetan, Lishen aldaketekin argitaratutako ipuinak berriro argitaratzen hasi zen Carver, hasiera batean berak idatzi zituen moduan. Bera hil eta gero ere, Beeginers liburua argitaratu zen, 2009 urtean, Tess Gallagher alargunak Carverren ipuinen hasierako bertsio orijinalak emanez [1].

Katedrala liburuan erabilitako estilo berberean hasi zen idazten harrezkeroztik, baita aurreragoko bere testu batzuk berridazten ere.

Tess Gallagher poetarekin bizi izan zen Sirakusan, eta bertako unibertsitatean irakasle aritu ziren biak: Gallagher idazketa kreatiboko ikastaroetan koordinatzaile, eta Carver ingeleseko departamentuko irakasle. Bikote ezaguna ziren, etxe aurrean "Idazleak lanean" zioen kartel bat jartzen zuten, jendeak bakarrik uzteko.

Carver eta bere lehen emaztea, Maryann, 1982an, banatu ziren eta idazlea 1988an Tess Gallagherrekin ezkondu zen, hil baino sei hilabete lehenago.

1988ko abuztuan hil zen Raymond Carver, biriketako minbiziagatik.

Ezaugarri literarioak aldatu

Raymond Carverren idazkera minimalistatzat hartu izan da: esaldiak zein paragrafoak laburrak dira, kontakizunak ere motzak. Eszenografia eta pertsonaia gutxirekin eraikitakoak, ekintza gutxiesten dutenak. Apaingarri estilistikorik ez du erabiltzen Carverrek, idazkera soila du eta estilo zuzena darabil.

Agertzen diren pertsonaiak bazterrekoak dira: langabeak, alkoholikoak, dibortziatuak, noraezean dabiltzanak... eta hausnarrean dihardute; pertsonaien kontzientzia erakusten du kontakizunak: haien zalantzak, pentsamenduak, obsesioak.

Carverren kontakizunek ez dute ipuinen egitura klasikoa erabiltzen, "hasiera-korapiloa-askaera" delakoa. Eta konklusio argi batera iristen den bukaerarik ez dago bere ipuinetan; bat-batean bukatzen da kontakizuna, nahiz eta aurrera segi zezakeen[2].

Kritikak errealismo zikina bezala izendatu zuen Carverren idazteko modua[3].

Lan literarioa aldatu

Narrazioa aldatu

  • Will You Please Be Quiet, Please? (1976)
  • What We Talk About When We Talk About Love (1981)
  • Cathedral (1983)
  • Elephant (1988)
  • Beeginers (2009), hilondokoa

Poesia aldatu

  • Near Klamath (1968)
  • Winter Insomnia (1970)
  • At Night The Salmon Move (1976)
  • Where Water Comes Together with Other Water (1985)
  • Ultramarine (1986)
  • A New Path to the Waterfall (1989)

Euskaraz aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Rich, Motoko. Raymond Carver - Books. (Noiz kontsultatua: 2018-10-05).
  2. Karlos, del Olmo. (). «Zertaz ari gara Carver aipatzean?» Gara (Noiz kontsultatua: 2018/10/03).
  3. Zuberogoitia, Aitor. (). «Egunerokotasunaren amarauna» Argia (Noiz kontsultatua: 2018/10/03).
  4. Mendizabal, Juan Mari. «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-06).
  5. Navarro, Koro. «NorDaNor | EIZIE» nordanor.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-07).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu