Artikulu hau protokoloari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «RIP».

Routing Information Protocol (RIP), euskaraz Bideratze Informazio Protokoloa, barneko bideratze protokolo edo IGP (Internal Gateway Protocol) bat da, orokorrean bideratzaileek erabilitakoa, nahiz eta konputagailu arruntetan ere erabil daitekeen, IP sareei buruz informazioa trukatzeko.

Protokoloaren historia aldatu

RIP-en jatorria Xerox-en protokolo bat izan zen, GWINFO hain zuzen ere. Ondorengo bertsio bat routed moduan erazagutua izan zen eta Berkeley Standard Distribution (BSD) izan zen honen banaketaz arduratu zena, UNIX-en 1982an. RIP eboluzionatzen joan zen Internet bideratze protokolo bezala, eta beste protokolo batzuek RIP-en bertsio eraldatuak erabiltzen dituzte. Apple Talk Routing Table Maintenance Protocol (RTMP) eta Banyan VINES Routing Table Protocol (RTP) protokoloak adibidez RIP-en oinarrituta daude. RIP protokoloari egindako azken hobekuntza RIP 2 espezifikazioa da, zeinak RIP paketeetan informazio gehiago sartzea ahalbidetzen duen eta kautotze mekanismo sinple bat gehitzen dion.

RIP aldatu

RIP bertsioak aldatu

Une honetan RIP protokoloaren hiru bertsio existitzen dira:

RIPv1: Ez ditu azpisareak ezta CIDR jasaten. Mezuen kautotze mekanismorik ere ez dauka. Gaur egun ez da erabiltzen. Bere espezifikazioa RFC 1058 dokumentuan biltzen da.
RIPv2: Azpisareak jasaten ditu, baita CIDR eta VLSM ere. Kautotzea ere jasaten du hauetako mekanismoren bat erabiliz: kautotzerik ez, pasahitz bidezko kautotzea edo MD5 kodifikazioa erabiliz kodetutako pasahitz bidezko kautotzea. Bere espezifikazioa RFC 1723- RFC 2453 dokumentuetan barneratua dago.
RIPng: IPv6-rentzako RIP da. Bere espezifikazioa RFC 2080 dokumentuan dago.

IPX-entzat RIP bat ere existitzen da, zeinak akronimo bera erabiltzen duen, baina ez dago IP sareentzako RIP protokoloarekin zuzenki erlazionaturik.

RIP-en funtzionamendua aldatu

RIP-ek UDP protokoloa erabiltzen du bere mezuak igortzeko, 520 portutik. Helburu sarerainoko ibilbiderik laburrena kalkulatzen du distantzien bektorearen algoritmoa erabiliz. Distantzia helburuko sarera iristeko pasa behar diren bideratzaile kopuruak adierazten du (jauziak).

RIP-ek 120ko distantzia administratiboa dauka (distantzia administratiboak bideratze protokolo baten konfiantza gradua adierazten digu, adibidez, EIGRP-ek 90eko distantzia administratiboa dauka, honek esaten digu zenbat eta txikiagoa izan balio hau, erabilitako protokoloa hobea dela).

RIP protokoloak ezin ditu zirkuitulaburrak edo ibilbide ziklikoak atzeman, hortaz sarearen tamaina 15era murriztu behar dugu hasiera batetik. Helburu sare baten metrikak 16 balioa hartzen duenean, infinitu bezala hartzen da eta helburua taulatik ezabatzen da (eskuraezina).

Helburu baten metrika kalkulatzeko, bideratzaile bizilagun batek adierazi digun metrikari bizilagun horren gure posizioarekiko distantzia batuko diogu. Horretarako lehen aipatutako 15 jauziko murriztapena kontuan hartu behar dugu. Batura honen emaitza aurretik gordeta genuena baino txikiagoa bada soilik eguneratzen dira metrikak.

Ibilbideek 180 segundoko bizi-iraupena dute. Baldin eta denbora hau pasa eta gero ez bada ibilbide hau aktibo dagoela baieztatzen duen mezurik jaso, ibilbidea ezabatzen da. 180 segundo hauek 6 informazio trukatzeren baliokide dira.

Abantaila eta desabantailak aldatu

Beste bideratze protokolo batzuekin konparatuz, RIP konfiguratzeko erraza suertatzen da. Gainera protokolo ireki bat da, fabrikatzaile askok jasandakoa. Beste alde batetik, desabantailak daude eta hauen artean aipagarrienetakoa jauzi kopurua bakarrik hartzen duela kontuan eta ez beste arlo garrantzitsu batzuk, loturen banda zabalera bezala. Adibide bat jartzearren, helbururaino 2 jauziko metrika badugu 64 kbps duen lotura batekin eta beste 3 jauziko metrika bat 2 Mbps-ko loturarekin, RIP protokoloak jauzi gutxieneko lotura hartzen du, nahiz eta hau motelagoa izan.

RIP mezuak aldatu

RIP mezu motak aldatu

RIP mezuak bi motatakoak izan daitezke.

Eskaera: Duela gutxi abiatu den bideratzaile batek informazio eskaera egiten die bideratzaile bizilagunei.

Erantzuna: Bideratze taulen eguneraketak ekartzen dituzten mezuak. Hiru mota desberdin daude:

Mezu arruntak: 30 segundoro bidaltzen dira. Lotura eta ibilbidea aktibo jarraitzen dutela adierazteko erabiltzen dira.
Eskaera mezuei erantzun bezala bidalitako mezuak.
Kostu bat aldatzean bidaltzen den mezua. Bideratze taula osoa bidaltzen da.

RIP mezuen formatua aldatu

Mezuek goiburuko bat dute, zeinak mezuaren mota zein den jakinarazten digun, hala nola RIP protokoloaren bertsioa eta gehienez 25 RIP sarrera, bakoitza 20 bytetakoa.

RIPv1 sarrerek helburu sareko IP helbidea dakarte eta honi dagokion metrika.

RIPv2 sarrerek helburu sareko IP helbidea barneratzen dute, hala nola bere maskara, hurrengo bideratzailea eta metrika. Kautotzea lehenengo RIP sarrera erabiltzen du.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu