Pulgerko urmaela

Nafarroa Garaiko eremu babestua

Pulgerko urmaela (gaztelaniaz: Laguna de Pulguer), Erriberako hondartza izenarekin ezaguna, Nafarroa Garaiko aintzira artifiziala da. 1627an urmaela bat egin zen aintzira txiki baten gainean inguruko lurrak ureztatzeko. Tuterako eta Cascanteko udal-barrutien artean, Pulgerko urmaela 2008tik natura-erreserba da[1] eta Batasunaren intereseko habitatak ditu Natura 2000 Sarearen kontserbaziorako. Hezegune gazi honetan, gainera, interes handiko fauna eta flora hazten da; landaredian gatz eta mineral ugariko inguruneei lotutako landareak dira. Gaur egun, gainera, aisia leku garrantzitsua izatera iritsi da uda partean Erriberako jendearentzat.

Pulgerko urmaela
KokalekuaNafarroa Garaia, Euskal Herria
Koordenatuak42°03′18″N 1°42′32″W / 42.0551°N 1.709°W / 42.0551; -1.709
Pulgerko urmaela is located in Euskal Herria
Pulgerko urmaela
Pulgerko urmaela
Pulgerko urmaela (Euskal Herria)
Azalera48,62023 ha
Izendapenanaturagune babestua eta Reserva Natural (en) Itzuli
IUCNren babesaIV. maila: habitat/espezieen kontserbazio gune
Sorrera1987
Lezkadia Pulgerren.
Sugandila buztangorria urmaelan ikus daiteke.

Ezaugarriak aldatu

Litekeena da jatorri endorreikoa izatea, baina aspaldidanik dago ordezkatuta ureztatzeko urtegi gisa erabiltzeko. Lehenengo presa 1627an eraiki zuten. 50 ha. inguruko azalera hartzen du (horietatik % 90 Tuterako udalerrikoak dira) eta 2 milioi m3 inguruko bolumena du. Bere urak Boqueron ibaitik datoz, Llano ibaiaren soberakinak jasotzen dituena, Cintruenigon eta Corellan erabili ondoren. Azken honi Alhama ibaitik eratorriak iristen zaizkio. Tuterako Huertas Mayores sindikatuko kidea da, eta herri horretako 1.600 ha baratze inguru ureztatzeko eskubidea dute. Urte jakin batzuetan, denak ezin dira ureztatu, ura ez baita nahikoak eskariari erantzuteko.[2]

Habitak aldatu

Pulguerrek bi habitat arras ezberdin ditu: batean bizi diren espezieek oso ingurune hezeak behar dituzte hazteko. Bestean, ordea, lur lehorragoetan dago, hezegunearen kanpo-gerrikoan, hain zuzen. Igeltsu-lurzoruen eta lur gazien eraginez, gainera, balio ekologiko handiko flora babestua hazi da.[3]

Landareak aldatu

 
Inguruan lur lehorrak ikus daitezke.

Horrela, badira intereseko habitatak. Landare berezien artean Microcnemum coralloides eta Sideritis spinulosa daude.

Hegaztiak aldatu

Bi eremu izatearen ondorioz, era askotako animaliak ibiltzen dira hemen: hegazti urtarrak eta estepakoak. Uretako hegaztien artean, aipatzekoak dira zingira-mirotza, basahatea, uroilanda handia, murgil handia eta zikoina zuria. Bestelako hegaztiak bizi eta elikatzen dira, ordea, zereal-alorren eta estepako berezko landaretzaren arteko mosaikoetan, hala nola portugalgo pirripioa, ganga azpibeltza, atalarra eta beste asko, gehienak ere Europan arras mehatxatuak daudenak.

Narrastiak aldatu

Sugandila buztangorria Nafarroako bi eremutan bizi da, eta horietako bat Pulguerko urmaelaren ingurunea da.

Abeltzaintza aldatu

Zenbaitetan, ardi-azienda ere hurbiltzen da urmael honetara. Izan ere, Logroñotik Ejea de los Caballeros herrira doan Errege Abelbidearen adar batek urmaelaren iparraldeko ertza inguratzen du.

Aisialdirako tokia aldatu

2 km inguruko ibilbide batek urmaela inguratzen du. Halaber, beste ibilbide batzuek naturgune hau zeharkatzen dute. Urmaela, bestetik, tuterar askok erabiltzen dute arrantza-leku gisa, nabigatzeko eta beste jolas-helburu batzuetarako.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu