Prenesteko fibula

K.a. VII. mendeko latinezko lehen idazkuna

Prenesteko fibula latinezko idazkuna duen urrezko segurtasun-kateorratza edo fibula da. Erromako Luigi Pigorini Aurrehistoria eta Etnografia Museoan dago. Aurkitu zutenean, XIX. mendearen amaieran, latinezko idazkunik zaharrena zuela baieztatu zen (eta gaur ere hala uste da). Bai fibularen bai idazkunaren egiazkotasuna zalantzan jarri izan da,[1] baina azken urteotako azterketek benetakotasuna aldarrikatu dute, batere zalantzarik gabe.[2]

Prenesteko fibula
Jatorria
Ezaugarriak
Materiala(k)urrea
Kokapena
BildumaMintadi (en) Itzuli, Corpus Inscriptionum Latinarum eta Inscriptiones Latinae Selectae

Aurkikuntza aldatu

Wolfgang Helbig (1839-1915) arkeologoak aurkeztu zuen 1887an. Berak zioen lagun bati erosi ziola 1876an eta Bernardini hilobitik hartua zela, Lazioko Palestrinatik hurbil (antzinako Preneste).[3] Objektua Bernardini hilobiaren inbentarioan egon zen 1919 arte; urte horretan kendu egin zuten, haren jatorri zehatzari buruzko zalantzak zirelako.

Deskripzioa aldatu

Fibula 10,7 cm-ko luzeko urrezko bitxia da. Albotik ikusita, begizta biribilaren itxura du eta muturrean orratza du, bere zorroarekin. Zorroko idazkuna eskuinetik ezkerrera irakurri behar da. K.a. VII. mendekoa da, Ekialdekotze aldikoa eta bertan agertzen den latinari latin arkaikoa izena ematen zaio.[4]

Fibula a drago izenaz ezagutzen den motakoa da (orratzari eusten dion zatiak dragoi itxura ematen diolako). Bitxigintzako pieza da, jantziaren osagaiak (oihalak) elkarri lotzeko erabilia, baina hilobietan solte aurkitu ohi dira, ezeri heldu gabe, arropa horiek ez dutelako aztarna arkeologikorik utzi.[5]

Idazkuna aldatu

Idazkuna hau da:

 
Idazkunaren zehaztasuna



Gaur eguneko idazkeraz, honela idatziko genuke:

MANIOS MED FHEFHAKED NUMASIOI

Horren ordaina hau izan liteke latin klasikoan:

«MANIVS ME FECIT NVMERIO», euskaraz «Maniok egin ninduen Numeriorentzat».

Hitzak (eta are FHE- osagai morfologikoa) banatzeko bi puntuz (edo hiru puntuz) osaturiko elementu bereizlea erabili da.

Iruzurraren teoria aldatu

XX. mendearen hasieran, piezaren benetakotasuna zalantzan jarri zen, aurkikuntzaren inguruabar zalantzagarriak zirela eta, baina latinaren historiari edo Antzinako Erromari eskainitako lanetan beti aipatu izan da.

1980an, Margherita Guarducci epigrafistak berriz plazaratu zuen inskripzioa iruzurra zelako teoria[6]. Harrezkero, ikertzaile komunitatea bitan banatuta dago, benetakotasunaren aldekoen eta iruzurraren aldekoen artean.

Benetakotasun adierazpena aldatu

2011n Erromako La Sapienza Unibertsitatean egindako azterketa optiko, kimiko eta fisikoen ondoriozko argitalpenean, frogatutzat eman zuten objektua eta idazkuna benetakoak direla[7].

Erreferentziak aldatu

  1. Paul Properziok Christian Touratierren La Fibule de Préneste liburuari eginiko txostena «Classical Journal 2013 Online Book Reviews Archive | The Classical Journal» cj.camws.org (Noiz kontsultatua: 2019-09-06).
  2. (Ingelesez) Maras, Daniele Federico. Scientists declare the Fibula Prenestina and its inscription to be genuine “beyond any reasonable doubt”. (Noiz kontsultatua: 2019-09-06).
  3. (Ingelesez) Astin, A. E.; Frederiksen, M. W.; Drummond, A.. (1984). The Cambridge Ancient History: Plates to. - -. Cambridge University Press ISBN 9780521234467. (Noiz kontsultatua: 2019-09-06).
  4. «Evolución del latín» www.uv.es (Noiz kontsultatua: 2023-01-30).
  5. (Ingelesez) Maras, Daniele F.. Scientists declare the Fibula Prenestina and its inscription to be genuine“beyond any reasonable doubt.”. .
  6. Gordon, Arthur E.. (1982). «Review of La cosiddetta Fibula Prenestina. Antiquari, eruditi e falsari nella Roma dell' Ottocento» The Classical Journal 78 (1): 64–70. ISSN 0009-8353. (Noiz kontsultatua: 2019-09-06).
  7. «Fibula Prenestina, giallo risolto Spazzati i dubbi: "E' autentica" - Roma - Repubblica.it» Roma - La Repubblica (Noiz kontsultatua: 2019-09-06).

Kanpo estekak aldatu