Polder dikeak erabiliz lehortutako lur-eremua da, hasieran itsasoari hartutako lur-eremuak izendatzeko erabilia. Gero, bestelako edozein eremu lehortuari zabaldu zaio, hau da, zingira, padura edo ibaien bazterrak lehortutakoak hain zuzen.

Noordoostpolder satelite irudian, Herbehereak (595.41 km²)
Polder

Polder sorkuntza eta garapena ez da kasualitatez Herbehereetan suertatu. Holandak historian zehar aldi berean Ipar Itsasoko eta Rhin ibaiko urekin borroka latza izan du. Holanda Rhin ibaiko delta erraldoian kokatzen denez, lurraldea itsaso eta ibaiaren muga mugikorrean dago, ur-mailaren pare-parean. Horrela ba, Erromatarren garaitik dikeak eraikitzen aritu dira holandarrak, ahal den moduan daukaten lur eskasa mantentzearren, eta gaurko mendera arte etengabe dikeak zabaltzera, hobeagotzera eta mantentzera behartuak izan dira. Azken bi mendeetan, beraz, holandarrek mota bietako dikeak garatu dituzte: bata, lurraldea ureetatik defendatzeko eta mantentzeko, eta bestea lursailak irabazteko, lurralde erabilgarriaz baliatzeko. Ez da harritzekoa, beraz, dikeak eraikitzerako orduan, munduko teknikaririk onenak haiek direla pentsatzea.

Etimologia aldatu

Polder neerlandera hitza dator, bata bestearen ondoren, erdi neerlanderako polre, neerlandera zaharreko polra, eta, finean, pol-etik, bere inguruaren gainean altxatutako lur-zatia, -er atzizki handigarriarekin eta -d- epentetikoarekin. Hitza hogeita hamasei hizkuntza hartu dute bere baitan[1]

Ezaugarriak aldatu

Polder bat sortzeko behar den lehengo baldintza, itsasoko sakonera txikia izatea da, gehienez 5-6 metrotara. Toki aproposenak marearteko lur-sail zabalak dira, Europako Ipar-itsaso bazterrak bezalakoak. Lehendabizi eremua dike batez inguratzen da, zingira artifizial bat sortuz. Ondoren ura kanporatzen da, bai mekanikoki (oso famatuak diren Windmolen edo haize-errotak erabiltzen), bai ubideen bitartez, eta baita ere pixkanaka naturalki lurrunduz gero, barrukoa guztiz idortu arte. Esan daiteke gaur egun Holandako lurraldetik bi heren idorturiko lur-eremua dela.

Horrela lortzen den lur-eremua berez oso aberatsa, horizontal eta leun-leuna izanik, nekazaritza eta abeltzaintzarako bereiziki oso aproposa suertatzen da.

 
Herbehereak, airetik

Egun Polder bidez lortutako lursailak ugari dira munduko zenbait lekutan. Baina uretara eremua kentzea eztabaidagarria suertatu da azken urtetan, zeren-eta arriskuak gero eta gehiago handitzen doazela nabarmendu da egun, itsasoaren ur-maila urtean cm bat altxatzen delako alde batetik eta ibaiaren sedimentazioa bestetik, hondamenezko uholdeak pairatzearen arriskuak aholkatzen du lur-idortzearen lanak bertan bera uztea. Horrela erabaki du Holandako Agintaritzak; ez hori bakarrik, idortutako lursailak bihurtzea aurreikusten da egun.

Herbehereetako polderrak aldatu

Aipatu bezala, Holandako polderrak dira bertako gizartearen ikurra, ispilua, mundu osoan ematen dion bere hazkuntza. Polderrak eraikitzeari behin betiko bultzadak eman zuena, 1916an pairatutako uholdeen aurka eginiko Afsluitdijk edo "Herste Dikea" izan zen. Gero, 1953an gertatutako beste uholde handiaren ostean, Oosterschelde ingeniaritza lan ikusgarria egin zen, baina bere helburura ez zen lurra irabaztea, baizik eta lurra defendatzea.

Esan daiteke irabazitako “lur berria”ren eskuhartze baketsu bakarra dela, hau da, inori armaz hartuta, baizik-eta bertako gizartearen arduraz lortzen den lurraldea lehen aldiz munduaren historian suertatzen dela.

Herbehereak izenak berak estatu honen parte esanguratsu bat itsasoko ur-mailaren azpitik aurkitzen dela nabarmentzen du. Gaur arte, 15 polder eraiki dira eta 2.000 km² lur emankorra lortu, hau da, Gipuzkoa bezalako hedadura osoa.

 
Haize-errota Holanda iparraldean, Polderrak inguruko ur mailaren azpitik dago, dikearen bestaldean

Historia aldatu

Polder eraikitzeari modu antolatua eta teknikoki garatua XVII. mendean hasi bazen ere, bere garapena XX. bigarren erdian gertatu da. Zuiderzee barru-itsasoaren herstea eta partzialki idortu ezkero sortu direnak esanguratsuenak dira. Hala, ur gatzituko Zuiderzee ur gozoko IJsselmeer bihurtu ezkero, hiru Polder erraldoi egiteari ekin zioten holandarrek: Noordoostpolder, Oostelijk Flevoland eta Zuidelijk Flevoland deituak.

IJsselmeer inguru honetan beste polder bat aurreikusita zegoen, Markerwaard deiturikoa, baina egun ez egitea erabaki da, hiru arrazoirengatik: lehenik eta behin, uholdeak baretzeko leku zabal eta ireki behar delako, dagoena (IJsselmeer) areaz betetzen ari da eta. Era berean itsasoaren ur-maila igotzen ari dela kontutan hartu behar da; bestetik, lehen zegoen lur-premia orain ez dago eta azkenik, nola ez, behar den inbertsioa garai honetan jasanezina dela.

Hasiera baten, polder hauek nekazaritza eta abeltzaintza sustatzeko eta garatzeko lurra zenez, hainbat produktu erruz ekoiztu dira: patata, tipula, eta batez ere lorezaintza (hara hor tulipa, lore paregabea mundu guztian ezagun egin dena). Polderren jabetzak gehien bat Estatuarena izanik, ez-ohizko garapen eta ustiapena ahalbideratzen du: Polder Model ezaguna. Laborantza industrializatu eta trinkoa helburu ukaezin zenetik, laborantza ekologikora pasatu da egun.

Polderretan nekazaritza eta abeltzaintzaz aparte, hirigintza garatu da, hiri berriak sortzen, Holanda bezalako Herri populatu baten beharrei aurre egiteko. Orokorrean, egungo Holandako biztanleriaren %60 polder gainean bizi da.

Herbehereetako polderrak, eraikuntza urteen arabera aldatu

1. Mastenbroek Polder (1364)

2. Beemster (1608 - 1612)

3. Zoetermeerse Meerpolder (1614-1616)

4. Borsselsepolder (1616)

5. Watergraafsmeer (1628-1629)

6. Naardermeer (1629, 1806 - 1809, 1883 - 1886)

7. Zuidplaspolder (1818 - 1839)

8. Haarlemmermeer (1840 - 1852)

9. Prins Alexander Polder (1865-1874)

10. Horstermeerpolder (1629, 1882)

11. Wieringermeer (1925 - 1935)

12. Noordoostpolder(1935-1955)

13. Oostelijk Flevoland (1955 - 1970)

14. Zuidelijk Flevoland (1968 - 1980)

15. Lauwersmeer (1969)

Bestelako polderrak munduan aldatu

Herbehereetako ereduari jarraituz, munduko zenbait tokitan idortutako lurraldeak sortu dira. Kasu hauetan polderrak itsasaldean edota ibaiertzean aurkitzen dira.

Frantzia aldatu

Kasu honetan kostaldeko polderrak dira. Les Moëres, Belgikarekin partekatuz, 1617an hasi zen polder hau. Gaurko egunetan, 1979an, Marais Poitevin Poitouko golkoan burutu zen.

Irlanda aldatu

Sleeven Polder Kerry konderriko Feale ibaiaren bazterrean aurkitzen da.

Amerikako Estatu Batuak aldatu

New Orleans-eko parte handi bat idortutako lur-eremu baten kokatuta dago. 2005an hondamendia pairatu zuen hiriak, ekaitz tropikal edo urakan bortitz baten ondorioz, dikearen haustura eragin zuena.

Palestina (Israel) aldatu

Jule Arana Israel Estatuko iparraldean dago. Padura sortzen zuen Jordan ibaia 1958. urtean idortu zen.

Euskal Herria aldatu

Eskala txikian bada ere, Euskal Herrian idortze lanak egin dira, hala nola XVIII. mendean Gernikako itsas-adarrean aurkitzen den Anbeko polderra. Trinko urbanizatua den Euskal Herri bezalako lurralde baten hainbat bokale eta padura idortu dira baita ere azken mendean, hala nola Ibaizabal itsas-adarra edo Txingudi padura.

Erreferentziak aldatu

  1. Sijs, N. van der, 2010. Nederlandse woorden wereldwijd, 747 pp. Sdu Uitgevers bv, Den Haag. ISBN 9789012582148, https://pure.knaw.nl/portal/files/458170/Nww_compleet_archief.pdf, página 155

Kanpo estekak aldatu