Platuxa leuna (Pleuronectes platessa) hondarreko itsas-hondotan bizi den arrain zapala da.

Platuxa leun
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaPleuronectiformes
FamiliaPleuronectidae
LeinuaPleuronectini
GeneroaPleuronectes
Espeziea Pleuronectes platessa
(Linnaeus, 1758)[1]
Pleuronectes platessa, Pasaiako lonjan ateratako argazkitik editatua (E. Bachiller, 2022; www.arrainak.eus)]
Pleuronectes platessa, Pasaiako lonjan ateratako argazkitik editatua (E. Bachiller, 2022; www.arrainak.eus)]

Euskal izendegia aldatu

Platuxa leuna izendatzeko modu ezberdinak daude Euskal Herriko herri ezberdinetan[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]:

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
platusa[2][3][ArgitaratuGabe 1] Ondarroa
platuxa[3][4][ArgitaratuGabe 2] Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Getaria

Ezaugarriak aldatu

Ezaugarri fisikoak aldatu

Platuxa helduek 40 zm inguru izaten dute[5], nahiz eta txikiagoak ere ohikoak izaten diren arraindegietan[6].

Gorputz obalatua dute, ronboidala. Azal leunekoak dira, eta begiak gorputzaren eskuinaldean dituzte ia-beti, salbuespenen bat ere eman daitekeen arren. Burua erlatiboki handia da, gorputzaren laurden bat hartzen duena. Ahoa txikia izan ohi da, eskuin begia ia ikutzera arte iristen dena. Edozein kasutan, ahoa sendoa izaten da, krustazeo txiki nahiz molusko bibalboen moduko harrapakinak aise apurtzeko gai dena. Lerro laterala zuzena da, tuberkulurik gabea, eta aleta pektoralaren alturan okertu egiten da[6].

Platuxa leunak kolore marroi iluna du goikaldean, eta platuxa latzaren aldean, orban gorri edo horixkak izan ditzake. Orban hauek, gorputzaz haratago, aleta dortsaletan, kaudalean eta analean ere izan ditzake. Alde bentral itsua zuria da, batzuetan orban marroiak ere agertzen dituena.

 
Pleuronectes platessa, platuxa leuna. Akuarela paperean. Ilustrazioa: Ana Madinabeitia, Norarte studio

Nahastu daitezken espezieak[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]:

  • Platuxa latza (Platichthys flesus): Platuxa leunaren aldean, kolorazio uniforme eta lisoa aurkezten duena, platuxa latzak orban argi-ilunak ditu, orban beltz nabarmenekin gorputz nahiz aleta dortsal eta bentraletan zehar; platuxa leunak ordea ez du orbanik, nahiz eta kolore ezberdinak hartu ditzaken. Platuxa leunak begien atzean tuberkulo oseoz osaturiko lerroa dauka, platuxa latzak ordea, ez.
  • Erreboiloa (Scophthalmus maximus) eta erreboilo ezkataduna (Scophthalmus rhombus): Erreboiloak edota platuxak ongi ezagutzen dituztenen artean zalantzarik ez dagoen arren, gerta daiteke kasuren batean espezie hauek nahastea. Platuxen gorputza fusiformeagoa da erreboiloen aldean, are nabarmenago aletei muzin egin eta soilik gorputzari erreparatuz gero. Hala ere, ezaugarri nabarmen batek bereizten ditu platuxak erreboiloengandik; platuxek burua eskuinaldean dute (alde zuri bentrala beherantz jarriz gero); erreboiloek ordea, ezkerraldera dute haien burua.

Nutrizio-ezaugarriak aldatu

Platuxen haragia ez da erreboilo arrunt nahiz erreboilo ezkatadunarena bezain preziatua gastronomian[7]. Hala ere, kalitate handiko arrain zuria da, duen gantz kantitate baxuagatik. Omega-3 eta proteina kantitateari dagokionez beste arrain askoren azpitik kokatzen bada ere, ano bakar batek populazioarentzat gomendatutako eguneko kopuruaren %10 suposatzen du. Mineralei dagokienez, aipatzekoak dira bere haragiaren ano batek dituen selenio eta fosforo kantitateak, eguneko beharrizanen %48 eta %40 osatzen dutenak, hurrenez hurren. Bitaminei erreparatuz gero, B12 bitamina, D bitamina eta niazina dira aipagarrienak[7].

Kontsumo-garaia aldatu

Urte osoan zehar harrapatu daitekeen arren, udaberrian erruten dutenez, sasoi horretan espezie honen kontsumoa mugatzen saiatu behar genuke, Apirila eta Maiatzean bederen[Euskal Herriko Arrainen Gida 1].

Ekologia aldatu

Ipar-ekialdeko Atlantikoan aurkitzen da, Itsaso Zuritik Gibraltarrera, mendebaldeko Mediterraneoa barne. Barentsetik Mediterraneorainoko kostaldeetan bizi da[8].

Platuxa leuna espezie demertsala da, hondo hareatsu eta lohitsuetan bizi ohi dena. Sakonera txikitatik 400 m-ko sakoneratara bizi daitezke, itsas-hondoari estuki erlazionatuta[6].

Platuxa helduek ugaltzeko migrazioak burutzen dituzte. Errunaldia burutu ostean, jatorrizko lekuetara itzuli ohi dira. Normalean gauez gehiago mugitzen dira, ziurrenik harrapakinak errazago harrapatzen dituztelako; egunez ordea, hondarrez estalita egoten dira, harrapakin nahiz harrapakariengandik izkutuan. Tamaina handiko platuxak normalean txikiagoak baino sakonera handiagoetan bizi ohi dira[6].

Indibiduo gazteak, bizitzako lehen urtean zehar batipat, kostatik gertuagoko eremutan bizi ohi dira, ibaien itsasadarretan eta estuariotan ere aurki daitezkelarik. Gazte hauek ornogabe bentonikoez elikatzen dira batez ere, poliketo eta bestelako krustazeo txikiez; handitu ahala, irensten duten arrain kopurua handitzen joaten da[6].

Platuxa leunaren arrantza Euskal Herrian aldatu

Eguneko arrainaz ari bagara, artisau-arrantzaleek sareak (hala nola, mallabakarra edo tresmaila) erabiltzen dituzte platuxak arrantzatzeko[Euskal Herriko Arrainen Gida 1], eta kasu bakan batzuetan, eskuzko amuekin[7] eta hondoko tretzarekin[6][Euskal Herriko Arrainen Gida 1] ere bai. Hala ere, arraindegietan ohiko arraina izanik, platuxa asko arraste-arrantzarekin harrapatutakoa ere izan daiteke, sarritan atzerriko uretan arrantzatutakoa.

Laket-arrantzan ere espezie preziatua izaten bada ere, platuxen harrapaketak ez dira hain ohikoak; eta izatekotan, laket-ontzietatik harrapatzen dira normalean[9].

Bitxikeriak aldatu

Ipar Itsasoan platuxa leun gazteen banaketa aldatuz joan da azken hamarkadatan, uraren tenperaturaren igoera dela medio. Horrela, gaur egun platuxa leun gazteak sakonera handiagotan murgiltzen dira, XX. mende hasieran egon ohi ziren urekin alderatuta[6].

Platuxak arrek heldutasun sexuala 2 urterekin eskuratzen dute, eta emeek, 4 urterekin. Eme bakar batek 500000 arraultzetik gora errun ditzake, 1-2 mm-ko diametroa dutenak[6]. Larbak pelagikoak dira eta simetria bilaterala mantentzen dute. 90 bat egunetan ordea,10 mm hartzen dituztenean, gorputza zapaldu eta begien migrazioa ematen da, albo bakarrera, simetria bilaterala galtzen dutelarik; une honetatik aurrera bizitza bentonikoa mantenduko dute.

Harrapatu den platuxa leun handienak 7 Kg eta 1 m neurtu zituen, eta 50 urte inguru zituela estimatu zen[6].

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Froese, Rainer & Pauly, Daniel ed. (2006), «Pleuronectes platessa», FishBase webgunean. Bertsioaren data: 2006(e)ko apirila.
  2. Barrutia, Eneko. (2019-02-24). «arrantzalien fonotekie: Bizkaiko arrantzaleen hiztegia A» arrantzalien fonotekie (Noiz kontsultatua: 2023-01-03).
  3. a b Aranzadi Unamuno, T. (1933) Nombres de peces en Euskera. Don Fernando de Buen; Boletín de la Sociedad Española de Historia Natural. Revista Internacional de los Estudios Vascos (24), 386-397.
  4. Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode: 1137-439X.
  5. «Pleuronectes platessa, European plaice : fisheries, aquaculture, gamefish, aquarium» www.fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
  6. a b c d e f g h i https://www.mapa.gob.es/es/ministerio/servicios/informacion/0135Solla_tcm30-102633.pdf
  7. a b c https://www.mapa.gob.es/es/ministerio/servicios/informacion/platija_tcm30-102846.pdf
  8. Cooper, J.A. & F. Chapleau. (1998). «Monophyly and intrarelationships of the family Pleuronectidae (Pleuronectiformes), with a revised classification» Fish. Bull. 96 (4): 686-726..
  9. Bachiller, Eneko; Korta, Maria; Mateo, Maria; Mugerza, Estanis; Zarauz, Lucia. (2022-08-24). «Assessing the unassessed marine recreational fishery in the Eastern Cantabrian coast» Frontiers in Marine Science 9: 975089.  doi:10.3389/fmars.2022.975089. ISSN 2296-7745. (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).

Argitaratu gabeko erreferentziak aldatu

  1. Ondarroako “Kalare Deuna” Arrantzaleen Kofradiako hiztegia.
  2. Getariako 'Elkano' Arrantzaleen Kofradiako hiztegia (2019-2020).

Euskal Herriko Arrainen Gida aldatu

  1. a b c d e https://arrainak.eus/arrainak/platuxa-leun
  Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.