Piraña (Pygocentrus sp., Pygopristis sp. eta Serrasalmo sp) ur gezatan bizi den arrain haragijalea da, Characidae familiakoa.[1]

Piraña espezie asko daude, genero ezberdinetan sailkatuak.

Gorputza arrautza egiturakoa dute, sendoa eta alboetatik zapal samarra. Aho txikia dute, baina baraila indartsuak eta hortz zorrotzak dituzte (amerindiarrek gezien puntan jartzeko erabiltzen dituzte). Bizkarrean bi hegal dituzte, bata garaia eta lodi samarra, aurrekoa, eta bestea txikia. Uzki-hegala gorputzaren erdialdetik isatseraino luzatua dute. Kolorez berde urdinxkak, horixkak edo beltzak izan daitezke.[2] Bereziki, Amazonasen, Orinokon, Paraguain eta Guyanetan bizi dira. Orobat, Perun eta Bolivian bizi dira.

Oso arrain taldezaleak dira, eta neurriz txiki samarrak diren arren, edozein harrapakini (zaldiari, behiari, gizakiari) erasotzen diote, eta oso denbora laburrean hezur hutsean uzten dute. Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako ibaietan bizi dira, Orinoko eta Amazonas ibaietan batez ere. Piraña motarik ezagunenak Serrasalmus rhombeus eta Serrasalmus nattereri dira. Azken hori 60 cm luze egin daiteke, eta bera da oldarkorrena.[3] Hala ere, eskuarki, pirañen luzera 15 eta 25 cm artekoa izaten da.

Pirañak ospetsuak dira beren hortz zorrotzengatik eta haragia jateko premiagatik. Venezuelan caribe izenaz dira ezagunak, oso arrain jatunak direla eta (karibe jendea lur haietako etnia bat izan zen, ohitura antropofagoak zituena).

Etimologia aldatu

Batzuen ustez, piraña guaranieratik datorren hitza da, eta "deabru arraina" esan nahiko luke jatorrian (pirá "arraina" eta -aña "deabrua").

Beste batzuk ere bat datoz guaranieratik datorrela, esaten dute jatorria beste bat dela: pirá “arraina” eta rai “hortzak” (guaranieraz pira`ai; gaztelaniara igarota, piraña).

Hala ere, beste bertsio batzuek defendatzen dute piraña hitza tupinambá hizkuntzatik datorrela, non pirá izenak “arrain” esan nahi duen eta anhá izenak “hortzak”. Hau da, arrain horzduna izango litzateke esanahia, teoria horren arabera.

Jokaera aldatu

Filmek hedatu dute pirañak gizakiei eraso egiten dietela. Hori ez da egia, oro har halako jokaerarik ez baita gertatzen. Izan ere, bertakoak lasai bainatzen dira pirañak dabiltzan uretan. Gainera, piraña eguneroko elikagaia da tokiko biztanleen artean.

Beraz, zinemak jende askori sorrarazi dio errespetu irrazional bat arrain hauei.

Erasoak izan diren guztietan Pygocentrus (sabel-gorri) espezimenak izan dira tartean. Hala ere, oso eraso gutxi izan dira. Azken ikerketetan, Serrasalmus brandtii eta Pygocentrus nattereri espezieak aztertu dira, Vianako lakuan. Laku hura euri sasoietan sortzen da, Pindare ibaiak (Mearim ibaiaren adarra, Maranhão, Brasil) gainezka egiten duenean. Ikerketa horien datuak erakusten digute piraña espezie hauek, bere bizitzako une batzuetan, landareak jaten dituztela. Beraz, ezin daiteke esan pirañak haragijale soilak direla.

Espezie eta generoak aldatu

 
Serrasalmus rhombeus

Jendeari beti datorkio burura piraña berdina (hau da, sabel-gorria, Pygocentrus-a). Hala ere, badira beste piraina mota asko ere. Hona hemen piraña moten zerrenda:

Banaketa aldatu

Erreferentziak aldatu

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu