Petite France (Estrasburgo)

Petite France (euskaraz: «Frantzia txikia») Estrasburgoko alde historikoaren barnean ekialdeko muturrean kokaturik dagoen auzo ezaguna da. Larru-ontzaileen auzoa (frantsesez: Quartier des Tanneurs, alemanez: Gerberviertel) ere esaten zaio, larru-ontzaileen, errotarien eta arrantzaleen auzoa izan baitzen antzina. Gaur egun Estrasburgoko auzo turistikoena da. 1988. urtean UNESCOk Gizateriaren ondare izendatu zuen Grande Île guztiaren barnean[1].

Petite France
Petite France
auzoa
Administrazioa
Estatu burujabe Frantzia
Frantziaren banaketa administratiboa Metropolitar Frantzia
Eskualdea Ekialde Handia
DepartamenduaRhin Beherea
Frantziako udalerriEstrasburgo
Jatorrizko izenaPetite France
Geografia
Koordenatuak48°34′51″N 7°44′26″E / 48.580923°N 7.74063°E / 48.580923; 7.74063
Map
Demografia

Etimologia eta historia aldatu

Hiriko auzo marjinala izan zen mendeetan zehar, pobrea eta izen txarrekoa baitzen. Borreroak eta emagalduak zeuden barrutia zen, eta haiekin batera arrantzaleak bizi ziren. Erdigunetik aldenduta zegoen, uharte handiaren muturrean, eta 1687. urtean sifili gaitza zutenentzako ospitale bat eraiki zen bertan (Hospice des Vérolés). Sifili gaitzari alemanieraz "frantsesen gaitza" (Franzosenkrankheit) esaten zitzaion eta hortik hartu zuen izena[2]. Halakoa zen auzoaren marjinaltasuna XX. menderarte Estrasburgori buruzko urbanismo txostenetan agertu ere ez zela egiten, ez Frédéric Pitonen ilustraziotan[3] ez eta Adolphe Seybothen liburuan ere[4].

1840. urterarte San Tomas auzotik banatuta zegoen larru-ontzaileek erabiltzen zuten zanga baten bidez. Urte horretan zuloa estali eta Benjamin-Zix enparantza eraiki zen.

Deskribapena aldatu

Ibaia eta ubideak aldatu

Ill ibaia hirian sartzen den puntuan kokaturik dago auzoa. Ibaia Barrage Vauban azpitik sartzen da, XVII. mendean eraikitako babes egitura da hau, eta bost adarretan banatzen da. Iparraldeko adarrak Canal du Faux-Rempart izena du eta Estrasburgoko uharte handia iparraldetik mugatzen du. Gainerako lauek Petite France auzoa zeharkatzen dute eta hegoaldeko adarrean elkartzen dira. Zubi estaliek banatzen dituzte hegoaldeko lau ubide hauek eta izenak besterik badio ere XVIII. mendetik aurrera babes egitura horiek ez dira estalita egon[5].

Hiru ubide zentralek jauziak dituzte antzina bertan kokatzen ziren errotek eta bestelako industriek aprobetxatzen zituztenak. Ubide horietako bakoitzak zegokion errotaren izena darama, Zorn (Zornmühle), Düntz (Düntzmühle) eta Spitz (Spitzmühle). Bestelako industriak ere bazeuden ubide ertzetan, aipagarriena 1990. urterarte iraun zuen Estrasburgoko antzinako izoztegia, 1897an izotz artifiziala sortzeko ireki zena. Gaur egun hotela da.

Ubideak nabigagarriak izateko esklusak daude eta zubi birakari bat ere badago, Pont du Faisan izena duena[6].

Etxeak eta kaleak aldatu

Petite France auzoa osatzen duten etxeak bilbaduraz eraiki ziren XVI eta XVII. mendeetan[7]. Elkarri loturiko zurezko atalak argi ikusten dira eta etxeak zuriak edo kolore biziz apaindurik daude, renaniar pizkundeko estiloan. Etxe gehienek malda handiko teilatuak dituzte. Barnealdea hutsik dago eta bertan ezartzen diren animalia zatiak eta larruak haizeatzeko eta lehortzeko. Etxeen arteko kaleak estuak eta bihurriak dira[8].

Auzoaren iparraldeko zatiaren erdigunean Maison des Tanneurs etxea dago, larru-ontzaileen gremioaren egoitza zena, Place Benjamin-Zix enparantzaren ondoan[5]. Enparantza horretatik bi kale nagusi ateratzen dira; ekialderantz doana San Tomas eliza luteranoan amaitzen da eta ipar-mendebalderantz doana San Petri zaharra elizan, eraikin berean eliza katolikoa eta eliza protestantea dituena. Auzoan bertan ere baziren bi eliza, San Martin zaharra, gaur antzoki bihurtua dena, eta Siongo eliza metodista.

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Centre, UNESCO World Heritage. «Strasbourg, Grande-Île and <em>Neustadt</em>» UNESCO World Heritage Centre (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).
  2. L. Maechel & T. Rieger. Strasbourg insolite et secret. , 74 or..
  3. Frédéric Piton. (1855). Strasbourg Illustré. .
  4. Adolphe Seyboth. (1894). Strasbourg historique et pittoresque, depuis son origine jusqu'en 1870. .
  5. a b (Gaztelaniaz) «La Petite France» Office de tourisme de Strasbourg et sa Région (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).
  6. McKnight, Hugh. (2010). Cruising French waterways. (4th ed., rev. argitaraldia) Adlard Coles Nautical ISBN 978-1-4081-9796-7. PMC 855858269. (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).
  7. «La Petite France - Strasbourg | Visit Alsace» www.visit.alsace (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).
  8. (Frantsesez) «La petite France» www.strasbourg.eu (Noiz kontsultatua: 2022-05-08).

Kanpo estekak aldatu