Persepolis 2000 eta 2003 urteen artean argitaratu zen frantsesezko eleberri grafiko bat da. Marjane Satrapi irandarrak egindako komiki autobiografiko honetan, egileak Iran eta Europa artean igarotako haurtzaroa eta gaztaroa kontatzen ditu, tartean Irandar Iraultza, Iran-Irak gerra edo Lehen Golkoko Gerra moduko gertaera historiko garrantzitsuak.

Persepolis (komikia)
Jatorria
Egilea(k)Marjane Satrapi
Sorrera-urtea2000
IzenburuaPersepolis
Jatorrizko herrialdeaFrantzia
ArgitaletxeaL'Association (en) Itzuli
Honen izena daramaPersepolis
Ezaugarriak
Genero artistikoaeleberri grafikoa eta graphic memoir (en) Itzuli
Hizkuntzafrantsesa
Emanaldia
Hasiera-data2000
Fikzioa
Kontakizunaren tokiaTeheran

"Persepolis" izenburuak Persiako hiri historikoaren izenari egiten dio erreferentzia.

Aldi berean kontakizun historikoa eta nortasunaren eta exilioaren inguruko gogoeta nahasiz, eleberri grafiko hau 2000ko hamarkadako europar komiki alternatibo arrakastatsuena izan zen. Harrera oso ona izan zenprentsaren aldetik, eta Satrapi egile frankofono ezagunenetako bat bilakatu zen.

Egilearen hitzetan, komiki hau egiteko, Maus izan zuen inspirazio, Art Spiegelman estatubatuarraren komikia, gertaera lazgarriak kontatzeko duen moduagatik, umore puntu batekin.

2023 urtean Elkar eta Reservoir Books argitaletxeen arteko lankidetzari esker Persepolis euskaraz argitaratu zen. Irene Arrarats arduratu zen itzulpenaz.[1][2]

Argumentua aldatu

Persepolis Marjane Satrapi egilearen istorio autobiografikoa da. Erregimen fundamentalista islamiar batean nola hazi zen eta horren ondorioz denbora baten buruan bere herrialdetik nola alde egin behar izan zuen kontatzen du. Komikia 1979an hasten da, Marjanek hamar urte dituela; Marjane gazteak bere haur-ikuspegitik kontatzen du berri herrialdeak izandako aldaketa sozial eta politiko handia, Iranen Persiako xaharen berrogeita hamar urte baino gehiagoko erreinuari bukaera ipini eta errepublika islamiarrari hasiera eman ziona.

"Marji" (istorioaren hasieran deitzen dioten moduan) ez da beste haurrak bezalakoa, goi-klaseko familia batean mendebaldar estiloko heziketa jaso duelako eta bere gurasoak progresistak eta laikotasunaren aldekoak direlako. Bere adinerako jakin-min intelektual eta irudimen handia ere baditu; Jainkoarekin hitz egiten du -Karl Marxen antza handia hartzen dio- eta noizbait Jesus eta Mahomaren bidea jarraituko duen azken profeta izatearekin amesten du.

Marji bere inguruko mundua ulertzen saiatzen da, bere bizitza, jatorria eta historia osatzen duten puzzle-piezak lotuz: arbaso ospetsuak (birraitona Qadjar persiar dinastiako azken erregea izan zen), xaharen gobernuaren aurka sutsuki egiten duen familia, manifestazioak, klase sozialen arteko desparekotasunak edota umetan bizi duen bazterkeria. Hazi ahala, Marjane konturatzen da, bere gurasoek erregimen politiko berri baten alde hainbeste ahalegin egin ostean, integrista islamiarrak jabetu direla estatuaz, eta horrek ez dakarrela ezer onik.

Lehen zatia: haurtzaroa aldatu

Lehen zatia Marjane, hamar urteko protagonista, aurkeztuz hasten da. 1980an kokatua, eleberriak Marjaneren esperientziak kontatzen ditu, Irango Islamiar Iraultza gertatzen ari zen denbora berean. Kontakizunak gerraren eta erlijio-estremismoaren eraginei buruz egiten du hitz, bereziki emakumeengan izan dituen eraginez.

Erdi-goi-klaseko familia bateko kide izanik, Marjik hainbat hezkuntza-material ditu eskuragarri, liburuak eta irrati bat, adibidez, eta horri esker oso gaztetatik ezagutzen du mendebaldeko pentsaera politikoa. Hainbat filosoforen ideiak ezagutzean, Marjik gogoeta egiten du bere klase-abantailen inguruan, eta irrikaz dago bere familiaren historia politikoa ezagutzeko. Horren ondorioz, xaharen erregimenaren aurkako manifestazio jendetsuetan hartzen du parte. Horietan, manifestariek xaharen exilioa eskatzen dute, beren eskubideak babesteko. Zoritxarrez, xahak boterea uztea lortzen dutenean, Marji ohartzen da erlijio-estremismoa asko ari dela hazten gizartean. Gobernu islamiar berria, orduan, Irango gizartea berregiten hasten da, bereziki emakumeei jendaurrean estalita egotera behartuz eta gizarte-askatasunak murriztuz. Marjiren gurasoak arriskuan daudela sentitzen hasten dira, beren lagun asko eta milaka irandar Europara edo Estatu Batuetara ihesi joan direlako, baina haiek Iranen geratzea erabakitzen dute. Marjiren osaba bat atxilotu egiten dute haren ideia politikoengatik, espioia izatea leporatu eta hil egiten dute. Marji atsekabetuta dago Jainkoak ez duelako bere osaba laguntzeko ezer egin, eta bere fedeari uko egiten dio.

Europan oporretan egon ostean, Marji Iranera itzultzen da, eta bere amonak esaten dio gobernuak Iraki gerra deklaratu diola. Teheran, bere jaioterria, erasotzen dutenean, Marjik bere etxeko sotoan hartzen du babes. Gau batean, familiak Irango ereserkia entzuten du telebistan, eta negarra eragiten die. Geroago jakingo dute protesta egiteagatik atxilotutako soldadu eta aire-pilotuak askatu dituela gobernuak, gerra-hegazkinak gidatzen zekiten pilotu gehienak atxilotuta zeuzkatelako. Pilotuek borrokatzea onartu zuten, baina baldintza batekin: herrialdeko irrati eta telebista publikoetan Irango ereserkia entzun zedila. Gerrak eragindako kaosaren erdian, bere familiak erregimen berriari kontra egiten dio ezkutuan, festak ospatuz eta alkohola edanez, debekatuta baitzegoen momentu hartan. Bi urtez gerra bat bizitzeak Marji bere alde errebeldea ezagutzera behartzen dute: hasten da eskolan piper egiten, mutilekin ibiltzen eta merkatu beltza bisitatzen, asko hazi baita gerrak eta errepresioak eragindako eskasiaren ondorioz.

Gerra areagotu egiten da eta egun batean Marjik, korrika etxera itzultzen ari dela, misil batek bere kalea jo duela ikusten du. Bere familia onik atera zen, misilak ondoko etxea jo zuelako; irandar juduen familia bat bizi zen bertan. Traumatizatuta, lagun baten gorpua aurkitzen du, eta sistema politiko berriarekiko amorrua adierazten du. Bere familia Marjaneren segurtasunaz kezkatzen hasten da, eta Austriara ikastera bidaltzea erabakitzen dute gerratik ihes egin dezan. Eleberria Europara joaten deneko irudi batekin bukatzen da: ama aitaren besoetan zorabiatuta, Marjane haiengandik urruntzea jasan ezin duelako.

Bigarren zatia: Itzulera aldatu

Bigarren zatia Vienan gertatzean da. Bertan, Marjik bizimodu berri bat hasten du. Iristen denean ez dakienez alemanieraz hitz egiten, komunikatzea kosta egiten zaio, baina azkenean oztopo hori gainditu eta lagunak egiten ditu. Europar kulturara egokitzen da, Gabonak ospatuz eta bere pisukidearekin batera mezatara joanez.

Marji bere lagun Julie eta haren amarekin bizitzen hasten da. Hemen, kultura-talka handia sentitzen du, Juliek bere abentura sexualak kontatzen dizkionean, gai hori Iranen debekatuta baitago. Drogak kontsumitzen ere hasten da, eta bere itxura aldatu egiten du. Markus izeneko mutil batekin harreman bat izaten du, baina utzi egiten du, hark adarrak jartzen zizkiola deskubritzen duenean. Marjiri lapurretan ibiltzea leporatzen dio Julieren amak, eta etxea utzi behar du. Eguna parkeko banku batean igarotzen du, eta azkenean kalean bizi behar izaten du bi hilabetez. Bronkitisa harrapatu eta ia hil egiten da, baina aurkitu eta erietxe batera eramaten dute. Marji bere gurasoekin harremanetan jartzen da, eta haiekin bizitzera itzultzea lortzen dute. Lau urte Vienan igaro ostean, Teheranera itzultzen da.

Aireportuan, Iran eta Austria zein desberdinak diren konturatzen da. Berriz beloa jartzen du kalera irteteko eta martirien muralei eta lelo islamistei begira geratzen da. Etxean, aitak gerrako izugarrikeriak kontatzen dizkio eta Marji falta zen bitartean gertatutako gauzei buruz egiten dute hitz. Bera Vienan zegoen bitartean bere gurasoek bizitako gauzak ikustean, haiei Vienako egonaldiaz inoiz ez hitz egitea erabakitzen du. Hala ere, Austriako traumaren ondorioz depresioan erortzen da, eta bi aldiz saiatzen da bere buruaz beste egiten. Bizirik ateratzen da, eta bizitzeko seinale bezala hartzen du hori; errekuperazio prozesu bat hasten du, bere osasunari arreta handiagoa eskainiz eta lanean hasiz. Marji eta bere lagunak bilera eta festa sekretuetara joaten dira, erlijio-poliziaren begirada lotsagabeetatik urrun.

Reza izeneko margolari bat ezagutzen du eta laster elkarrekin ibiltzen hasten dira, baina erlijio-poliziak ez du ontzat hartzen; eskutik helduta harrapatzen dituzte eta beren familiek isun bat ordaindu behar izaten dute zigorradak saihesteko. 1991n, Rezak ezkontzea proposatzen dio, eta Marjik baietz esaten dio. Bere ama Tajik goizegi ezkondu dela ohartarazten dio, eta Marji laster konturatzen da harrapatuta sentitzen dela emaztearen paperean. 1994an, bikote-harremanak okerrera egin du, eta Marjik bere lagun Farnazi aitortzen dio Reza maitatzeari utzi diola eta dibortziatu egin nahi duela. Farnazek Rezarekin jarraitzea aholkatzen dio, emakume dibortziatuak baztertu egiten dituztelako gizarte berrian. Asko pentsatu ondoren, Marjik banantzea erabakitzen du. Gurasoak bisitatu eta Reza eta bera dibortziatu egin direla kontatzen die. Gurasoek oso harro daudela esaten diote eta Irandik betiko joatea aholkatzen diote, Europan hobeto biziko dela.

1994 amaiera aldera, Europara joan aurretik, Marjik Teheran kanpoaldea bisitatzen du. Kaspiar itsasoa, aitonaren hilobia eta osaba Anux lurperatu zuten espetxea ere bisitatzen ditu. Udazkenean, Marji Parisera joaten da bizitzera. Liburua mezu honekin amaitzen da: "Askatasunak prezio bat zuen”.

Diseinua aldatu

Marrazkiak zuri-beltzean egin ziren. Bineten fondoak gehienetan zuriak edo beltzak ziren, hainbatek oso dekorazio sinplea dute garrantzi nagusia testuari emateko. Irudiak testuko isla egiten du, eta ez alderantziz. Informazioa testuan dago, horrela testuaren garrantzia indartzen da. Erregistro ugaritan lantzen dute istoriotxo honetako hizkuntza (familiarra eta estandarra, batzuetan arruntasunari ere lekua utziz), horrela publikoari eguneroko bizitzaren dibertsitatea eta benetakotasuna erakusten zaizkio.

Liburukiak aldatu

  • "Persepolis 1", 2000
  • "Persepolis 2", 2001
  • "Persépolis 3", 2002
  • "Persepolis 4", 2003
  • "Persepolis Monovolume", 2007

Filma aldatu

2007an izen bereko filma estreinatu zuten Canneseko Zinemaldian, komikian oinarriturik. Vincent Paronnaud eta Marjane Satrapik berak zuzendua, marrazki bizidunetakoa. Hurrengo urtean Oscar Sarietarako izendatu zuten.

Erreferentziak aldatu

  1. IPARLA BAIGURA KOMUNIKAZIOA elkartea. (2023-11-11). «Marjane Satrapiren ‘Persepolis’ autobiografia euskaratu du Irene Arraratsek» Kazeta.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-16).
  2. Mateo, Iraitz. (2023-11-11). ««Persepolis», Marjane Satrapiren komiki autobiografikoa euskaraz» GARA (Noiz kontsultatua: 2023-11-16).

Kanpo estekak aldatu