Perloi beltza (Eutrigla gurnardus)[1] Triglidae familiako ur gaziko arraina da, ipar-ekialdeko Ozeano Atlantikoan, Mediterraneo itsasoan eta Itsaso Beltzan bizi dena[2]. Generoan monotipikoa da.

Perloi beltz
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaScorpaeniformes
FamiliaTriglidae
GeneroaEutrigla
Espeziea Eutrigla gurnardus
Linnaeus, 1758

Taxonomia aldatu

Lineok deskribatu zuen lehenengoz 1758. urtean Systema Naturae liburuaren 10. edizioan. Trigla gurnardus izena eman zion[3]. 1938. urtean Alec Fraser-Brunner iktiologo britainiarrak genero propioa sortu zion, Eutriglia (benetako Triglia), ezkata handituak, hezurtsuak eta girrak ditu albo-lerroan. Perloi beltza genero honetako espezie monotipikoa da orain[4].

Euskal izendegia aldatu

Perloi beltza izendatzeko izen asko daude Euskal Herrian:[5]

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
arrainbaltz Bizkaia
berloi beltza Donostia
kukutz-baltz Bermeo, Mundaka
perla Bilbo
perloi baltz Bermeo, Mundaka, Ondarroa
perloi gorri

Deskribapena aldatu

 
Perloi beltza, buru aldeko hegatsak irekita.

Buru handia duen arraina da, muturra gorantz begira duena[6]. Gorputzez 40-60 cm luze da. Jaso den perloi handienak 956 gramo pisatu zituen[7]. Albo lerroan dituen ezkatak gainerako gorputzeko ezkatak baino handiagoak dira. 72-77 ezkata dira, ertza horzkatua dutenak eta erdialdean arantza bat[8]. Bularraldean ez du ezkatarik eta sabelaldea erdi estalita du ezkataz. Kolore desberdinak izan ditzake, grisa, gris gorrixka edo marroi grisaxka da izan ohi da. Gorputzaren goiko aldean tanta zurixkak ere izaten ditu. Sabelaldea argia du, krema kolorekoa[7].

Buruaren ertzean hegats laburrak baina zabalak ditu. Bizkarraldekoak 8-9 arantza ditu[8] eta marka beltz bat du[7]. Bizkarraldean bigarren hegats bat ere badu 18-19 erradio bigun dituena[8].

Banaketa aldatu

Ozeano Atlantikoaren ipar ekialdean bizi da, Islandiatik Marokora bitartean, Mediterraneo itsaso guztian eta Itsaso Beltzean bizi da[7].

Azpi hondartsuetan ibiltzen da, 140 metro arteko sakoneran. Joniar itsasoan 340 metrotako sakoneran ere aurkitu izan da[7].

Biologia aldatu

 
Perloi beltzaren burua.

Krustazeo txikiez elikatzen da, ganbak eta kostaldeko karramarroak batez ere. Arrainak ere jaten ditu, gobioak, arrain zapalak, sardinzar gazteak eta aingirak[7].

Otsailean izaten du errunaldia[5]. Perloi gazteak pelagikoak izaten dira 3 cm luzera hartzen duten arte. Ondoren itsas hondora jaitsi eta kostaldera inguratzen dira[7].

Gastronomia aldatu

Perloi beltzak merkatal garrantzia handia du Asia aldean batez ere[9]. Txinak, Taiwanek eta Japoniak osatzen dute mundu mailako perloi beltz ekoizpen ia osoa. Txinak soilik mundu osoko %60a merkaturatzen du. Euskal Herrian ere jasotzen bada ere ez da bereziki preziatua.

Bitxikeria aldatu

Perloi beltzak soinuak ateratzen ditu, arrain gazteek helduek baino gehiago. Dirudienez elikagaiarekiko lehiaketarekin zerikusia dute soinu horiek[10]. Irlandan, esate baterako, kuku-arraina esaten zaio soinu horiek direla eta.

Erreferentziak aldatu

  1. «perloi - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  2. De Gee, A. i A.H. Kikkert (1993). Analysis of the grey gurnard (Eutrigla gurnardus) samples collected during the 1991 International Stomach Sampling Project. ICES C.M. 1993/G:14. 25 p
  3. «CAS - Eschmeyer's Catalog of Fishes» researcharchive.calacademy.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  4. (Ingelesez) «Order PERCIFORMES (part 12): Suborder TRIGLOIDEI: Families TRIGLIDAE and PERISTEDIIDAE» The ETYFish Project 2021-06-10 (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  5. a b «perloi beltz» arrainak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  6. «Eutrigla gurnardus - Marine Life Encyclopedia» www.habitas.org.uk (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  7. a b c d e f g «Eutrigla gurnardus, Grey gurnard : fisheries» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  8. a b c (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Eutrigla gurnardus (Linnaeus, 1758)» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  9. «FAO Fisheries & Aquaculture» www.fao.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).
  10. (Ingelesez) Amorim, M. Clara P.; Hawkins, Anthony D.. (2005-03). «Ontogeny of Acoustic and Feeding Behaviour in the Grey Gurnard, Eutrigla gurnardus» Ethology 111 (3): 255–269.  doi:10.1111/j.1439-0310.2004.01061.x. ISSN 0179-1613. (Noiz kontsultatua: 2024-01-05).