Pauline Chaponnière-Chaix

Erlijioso, erizain eta sugragista

 

Pauline Chaponnière-Chaix

Bizitza
JaiotzaGeneva1850eko azaroaren 1a
Herrialdea Suitza
HeriotzaGeneva1934ko abenduaren 6a (84 urte)
Jarduerak
Jarduerakerizaina, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea eta sufragista

Pauline Chaponnière-Chaix (Geneva, Suitza, 1850eko azaroaren 1aGeneva, 1934ko abenduaren 6a) erlijioso, erizain eta feminista suitzarra izan zen.

Biografia aldatu

Haurtzaro eta gaztaroa aldatu

Bere gurasoak Adèle Françoise Chaponnière eta Paul Georges Gabriel Emile Chaix izan ziren. Klase ertaineko familia kultu bateko lau neba-arrebetatik zaharrena zen, nahiz eta bera baino zaharragoa zen ahizpa bat egon zen -Jeanne Pauline-, bi hilabeteren buruan hil zena.[1] Gutxi joan zen eskolara, baina oraindik oso txikia zela bakarrik ikasi zuen irakurtzen, eta, gainera, gurasoen lagun batek ingelesa irakatsi zion. Hamabost urte zituela, Alemanian bizi izan zen urtebetez,[2] eta 1968ko uztailaren 4an Édouard Chaponnière bankariarekin ezkondu zen, hamar urte zaharragoa zen urruneko lehengusu batekin, nahasmendu psikiko baten ondorioz erakunde batean sartu eta 1878an hil zena.[1]

Komunitate erlijiosoan sartzea aldatu

Alargundu eta bi urtera, Pauline Chaponnière-Chaixek Suitza utzi eta Reuillyko (Paris) diakonisa-etxean sartu zen. Hau Reuillyko Diakonisen Fundazioaren barruan zegoen, eta Antoine Vermeil artzainak eta Caroline Malvesinek 1841ean Parisen sortutako erlijio-komunitate protestantea zen. Jarduera sanitario, mediko-sozial eta sozialetan aritzen zen, eta bertako kideak protestantismoaren korronte desberdinetatik zetozen: erreformistak, luteranoak, bataiatzaileak, menonitak, Salbazio Armada. Pauline Chaixek familia behartsuetako umeekin lan egin zuen hasiera batean, gaizkileez arduratzeko prestakuntza eskuratzen zuen bitartean. Horren barruan San Lazaroko espetxea ezagutu zuen. Hau ospitale-kartzela bat zen, eta bertan prostitutak eta gurasoen eskariz giltzapetutako gazteak zeuden, Zigor Kodearen 66. eta 67. artikuluak aplikatuta.[3][4] Gaiaren inguruan hartu zuen prestakuntza ikusirik, Doullens espetxeko zuzendaritza proposatu zioten, Sommen, non:

"Zerbitzua nekagarria da fisikoarentzat, mingarria moralean. Presoen zereginetan patioan lagundu behar da klima guztietan, kortseak egiten ari diren presoei etengabeko gainbegiratzea egin behar zaie, eta, astean behin baino gehiagotan, gelaxkan lo egin behar da logelak zainduta"[2]

Neka-neka eginda, funtzio hori utzi eta Versaillesen kokatutako "Ombrages" emakume gazte protestanteentzako barnetegiaren zuzendaritza hartu zuen, eta, aldi berean, erizaintzako prestakuntza eskuratzeko aprobetxatu zuen. Erreumatismo larri batek jota, denbora mugagaberako lizentzia eskatu behar izan zuen, eta gero uko egin zion lan horri.[2] Suitzara itzuli eta bere senarrak Léman aintzira ondoan eraikiarazi zuen txaletean kokatu zen, Collombey-Muraz komunan, Céligny eta Crans-en artean, Costa Valdense gainean.

Emakumeen sufragioaren aldeko jarduera aldatu

Parisen bizi izan zen garaian, Pauline Chaponnière-Chaix maiz ibili zen Sarah Monodekin harremanetan, Versaillesko Konferentzien sortzailea izan zenarekin. Konferentzia horiek Frantziako Emakumeen Kontseilua (CNFF) sortu zuten 1901ean, eta Pauline harremandu zen baita ere Julie Siegfried eta Adrienne Avril de Sainte-Croix-ekin, CNFFko buru izan zirenak 1910etik 1932ra.[5]

Suitzara itzultzean, Pauline Chaponnière-Chaix ginebratar feministekin lotu zen, eta, garai hartan Genevako Emakumeen Batasuneko presidente zen Émilie Lasserrek bultzatuta, elkartean sartu zen eta 1902 eta 1905 bitartean presidente izan zen. Lehen Mundu Gerrako urteetan, Frantziako Emakumeen Batasuneko presidenteordea izan zen, eta Émilie Gourdekin batera, zailtasunak zituzten emakumeei lana emateko “joskintzako tailerra” sortu zuen eta sorospen lan guztietan kolaboratu zuen.[5] 1896tik aurrera, Genevan 1900ean egin zen Emakumeen Interesen Lehen Kongresuko Antolakuntza Batzordeko idazkaria izan zen. Kongresu horren ondoren, urte horretan Suitzako Emakumeen Elkarteen Aliantza (ASF) sortu zen, Pauline Chaponnière-Chaix buru izan zuena 1904tik 1911ra eta 1916tik 1920ra. 1921ean Emakumeen Interesen Bigarren Kongresua egin zen Bernan, Helene von Mülinen eta Camille Vidartekin batera, bera buru zela.

Pauline Chaponnière-Chaix Suffragette ere izan zen. Auguste de Morsierrekin eta Camille Vidartekin, 1907an emakumeen sufragismoaren aldeko Genebarren Elkarteko kide fundatzailea izan zen. 1914an Le Mouvement féministe egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean, sufragista nola bihurtu zen azaldu zuen: "1896ko martxoaren 22a zen, eta Ginebrako hautesleek hiriko prostituzio-etxeak ixteko ekimena errefusatu izanak konbentzitu ninduen erabateko beharraz, baita arlo moralean duten misioaz jabetzen den emakume orok boto-eskubidea eskatzeko eta lortzeko duen betebeharraz ere. Egun horretan konturatu nintzen, batez ere emakumeoi eragiten digun gai baten aurrean – abolitzea nahi zen erakunde gorrotagarri horren lehen biktimak baikara –, gure ahotsak entzunarazteko dugun ezintasun erabatekoaren aurrean, ahots horiek zuzentasun gehiago, garbitasun handiagoa eskatzen zutela – nahiz eta asko izan –, herri-erabakiak egokitzeko orduan ez zutela kontatzen".[6]

 
Pauline Chaponnière-Chaix, 1920-1922 CTFko lehendakaria

1919ko urtarrilean, Suitzako Emakumeen Elkarteen Aliantzak (ASF), Pauline Chaponnière-Chaix buru zuenak, ezohiko batzar orokor batean erabaki zuen emakumeen botoaren aurrean jarrera finkatzea. "Bere sortzaileetako bik, Hélène de Mülinenek eta Madame Chaponnièrek, beren gain hartu zuten gaia azaltzea, bakoitzak bere hizkuntzan. Autoritatearekin, uste sendoarekin, fedearekin egin zuten azalpena eta aho bateko onarpèna lortu zuten, eta egitate esanguratsuena zen Aliantza elkarte ezberdinenek osatzen zutela, eta elkarte horietako askok ez zutela itxurazko harremanik sufragioarekin".[7]

Pauline Chaponnière-Chaixen bultzadaz, ASF Emakumeen Nazioarteko Kontseiluan afiliatu zen 1903an. 1908an elkarte horren ezohiko batzarra antolatu zuen Genevan eta agintariengandik Kontseilu Handiaren aretoa (Genevako Parlamentua) erabiltzea lortu zuen. 1920an Lady Aberdeen IFKko presidenteak kargua utzi zuenean, Pauline Chaponnière-Chaixek ordezkatu zuen 1922ra arte.[8]

Nazioarteko Gurutze Gorriko jarduera aldatu

1922an Pauline Chaponnière-Chaix Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordean sartu zen lehen emakumea izan zen, eta 1930-1932 aldian presidenteorde kargua hartu zuen.

Pauline Chaponnière-Chaix "Suitzako Hiztegi historiko eta biografikoan (1924) agertu zen emakume bakarrenetakoa izan zen. Bere konpromisoa, kristau fedea eta bizitzan zehar egindako lan eskerga gorabehera, bizitza ona izan zuen beti, janari onaz eta ardo onez gozatuz".[2]

Omenaldiak aldatu

 
Kale seinalea - Place Pauline Chaponnière-Chaix - Place de Molard - 100elles proiektua Genevan 2019an

2019an, Escouade elkarteak kaleko plakak jarri zituen Genevan 100Ellas ekimenaren esparruan; horrela, Molard Plazak Pauline Chaponnière-Chaix Plaza izena jaso zuen aldi baterako.[9][10]

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Frantsesez) «https://www.gen-gen.ch/tng/familygroup/» Société Genevoise de Généalogie (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).
  2. a b c d Txantiloi:Fr-CH «Pauline CHAPONNIÈRE-CHAIX» 100 Elles* (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).
  3. Parent-Duchâtelet, A.-J.-B. (Alexandre-Jean-Baptiste). (1857). De la prostitution dans la ville de Paris : considérée sous le rapport de l'hygiène publique, de la morale et de l'administration .... Paris : J.B. Baillière ; New York : H. Baillière (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).
  4. «Circulaire sur le placement en apprentissage des enfants jugés en vertu de l’article 66 du Code pénal». Comte d’Argout (1832). CRIMINOCORPUS, ed..
  5. a b Gourd, Emilie. (1934). «In Memoriam. Pauline Chaponnière-Chaix».. Le Mouvement Féministe.
  6. La redacción. «Nuestra entrevista». Le Mouvement Féministe: 11..
  7. Porret, Emma. (2000). «Chronique suisse romande 1918-1919. Annuaire 1919».. ed. Histoire oubliée. Chronique illustrée du mouvement féministe 1914-1963.
  8. Magnin, Chantal. (2009). «Pauline Chaponnière-Chaix (1850-1934) International vernetzte Vorkämpferin für die Gleichberechtigung».. Association suisse pour les droits de la femme, ed. Le combat pour les droits égaux.
  9. «Pauline CHAPONNIÈRE-CHAIX | 100 Elles*» web.archive.org 2019-06-08 (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).
  10. (Frantsesez) Les rues genevoises en voie de féminisation - Le Temps. 2019-04-05 ISSN 1423-3967. (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).

Kanpo estekak aldatu