Ozeaniako historiak Ozeaniako lurralde eta uharteetan gizakiak izan duen presentzia eta jarduera biltzen du. Gutxienez duela 40.000 urte inguru abiarazten da egungo Australiako aborigenen arbasoak Asiako hego-ekialdeko lurraldeetatik egungo Australia eta Ginea Berria bat eginik osatzen zuten lurraldera heldu zirenean, bi lurraldeen arteko itsasartea zeharkatuz. Hasiera batean, ehiztari eta biltzaileak baziren ere, duela 10.000 urteko nekazaritza-arrastoak aurkitu dira Ginea Berrian. Duela 2.500-3.500 urte, giza-taldeen beste migrazio batek egungo Kaledonia Berria, Fiji eta Vanuatu uharteak hartu zituen. Polinesiako uharteetako populatzea Fiji uhartetik gertatu zen duela 1000 urtera arte. Zeelanda Berriko jendeztatzea orain dela 1.000 bat urte izan zen, Maori kultura osatuz.

Ozeaniako eskualdeak.

XVI. mendean mendebaldeko esploratzaileekin kontaktua abiarazten da, baina uharte zenbaitetara mugaturik. Hasieran espainolak eta portugesak: Fernão Magallães portugaldarra 1519-21 urteetan egin zuen bidaian Mariana uharteetara iritsi zen, eta harrezkero europarrek bidaia asko egin zituzten Ozeaniara. XVIII. mendean frantsesak eta ingelesak, izan ziren uharte hauetako jendearekin kontaktua egin eta ondoren uharteak hartu zituztenak. Garrantzi handia izan zuten J. Cook ingeles itsasgizonak 1768-79 bitartean egindako hiru bidaiek, Cook-ek Ozeania osatzen zuten uharteen kokapena mapetan finkatu baitzuen. Ozeaniaren kolonizazioa XVIII. eta XIX. mendeetan gauzatu zen; Ingelesek Zeelanda Berriko eta Australiako lurraldeak beretzat hartu eta kolonizazio prozesu bati ekin zioten, bertako kultura aborigena birrinduz. Lurralde hauek izan ziren independentzia aldarrikatu zuten lehenak XX. mendearen hasieran; mende horretan zehar Polinesiako uharte askok estatu subiranoak osatu zituzten, baina egun badira oraindik ere burujabetza lortu ez duten herriak, hala nola Kaledonia Berria, Frantziaren mendena jarraitzen duena. Estatu Batuek ere hainbat uharte hartu zituzten XIX. mendean, Hawaiiko uharteak kasu. Bigarren Mundu Gerra japoniarrek Estatu Batuek Hawaiiko Pearl Harbor portuan zuten ontzidiari eraso ziotenean hasi zen Ozeanian. Gerra horretako gudu asko Ozeanian egin ziren eta hango biztanle asko hil ziren. Gerraren ondoren Estatu Batuek atomo bonbak lehertarazi zituzten japoniarrei kendutako Mikronesiako atoloi batzuetan (Bikini, Eniwetok). XX. mendearen bukaeran, burujabe ez diren uharteak Frantzia, Australia, Zeelanda Berria, Britainia Handia eta Estatu Batuen mendean daude.

Gizakien iritsiera aldatu

Australia aldatu

 
Labar-artea, Kakadu Parke Nazionala, Australia.

Australiako aborigenak Australiako eta inguruko uharteetako jatorrizko biztanleak dira, duela 70.000 urte inguru[1] Afrikatik Asiara emigratu eta duela 50.000 urte inguru Australiara heldu zirenak[2]. Uste da Afrikatik irtendako lehen giza migrazioen parte direla[3]. Litekeena da Australiara Asiako hego-ekialdean zehar emigratzea[4], baina ez da frogatu Asiako edo Polinesiako biztanleekin harremanik dutenik. Ipar muturreko australiarren eta gaur egungo Ginea Berriko eta uharteetako herri austronesiarren arteko truke genetiko eta linguistikoaren zantzuak daude, baina baliteke harreman komertzialak eta ezkontza misto berriagoen ondorio izatea[5].

Duela 40.000 urte inguru iritsi ziren Tasmaniara, azken glaziazioan egon zen kontinentetik lur-zubi batetik migratuz. Uste denez, Australiarako lehen giza migrazioa Sahul kontinentean gertatu zen, Ginea Berriko uhartera lurreko zubi batek lotuta[6]. Torres Itsasarteko uharteetan Torres Itsasarteko indigenak bizi dira, Queensland iparraldeko muturrean, Papua Ginea Berritik gertu[7]. Australian aurkitutako giza aztarnarik zaharrenak Mungoko Gizonarenak dira, 40.000 urte ingurukoak[8].

Melanesia aldatu

Gaur egun Melanesia deitua den uharte taldeko jatorrizko biztanleak, ziurrenik, egungo papuar hiztunen arbasoak ziren. Asiako hego-ekialdetik migratu zuten, Salomon Uharteetako uharte nagusiraino helduz ekialdean, Makira uhartean barne, eta akaso ekialderago dauden uharte txiki batzuetaraino[9].

Batez ere Ginea Berriko iparraldeko kostaldean eta Ginea Berriko iparraldean eta ekialdean dauden uharteetan, orain dela 3.000 urte inguru inguru Ginea ingurura emigratu zuten herri austronesiarrak harremanetan jarri ziren papueraz hitz egiten zuten herri horiekin. XX. mendearen amaieran, aditu batzuek elkarrekintza-aldi luze bati buruz teorizatu zuten, eta horrek aldaketa genetiko, linguistiko eta kultural ugari eragin zituen herrien artean[10].

Mikronesia aldatu

 
Austronesiar herrien dispertsioaren denbora-lerroa.

Mikronesia duela milaka urte hasi zen populatzen, baina lehen biztanleen jatorriari eta etorrerari buruzko teoria kontrajarriak daude. Uharteetan indusketa arkeologikoak egiteko zailtasun ugari daude, tamaina, asentamendu ereduak eta ekaitzek eragindako kalteak direla eta. Horregatik, proba asko hizkuntza-azterketan oinarritzen dira[11].

Zibilizazioaren lehen aztarna arkeologikoak Saipan uhartean aurkitu dira, K.a. 1500 edo lehenagokoak. Mikronesiarren arbasoak bertan finkatu ziren duela 4.000 urte baino gehiago. Buruzagietan oinarritutako sistema deszentralizatu batek kultura ekonomiko eta erlijioso zentralizatuago baterantz eboluzionatu zuen, Yap eta Pohnpei ardatz hartuta[12]. Yap bezalako uharte mikronesiar askoren historiaurrea ez da oso ondo ezagutzen[13].

Iparraldeko Mariana uharteetako lehen biztanleek K.a. 4000 eta K.a. 2000 artean aurkitu zituzten, Asiako hego-ekialdetik zetozenak. Txamorro gisa ezagutzen ditugu gaur egun. Haien hizkuntzari zor zaie haien izena. Antzinako txamorroek monumentu megalitiko batzuk utzi zituzten, horien artean Latte harria. Karolinatar herria XIX. mendean iritsi ziren Marianetara, Karolina uharteetatik. K.a. II. milurtekoan, kolono mikronesiarrak Marshall uharteetan kokatu ziren pixkanaka, eta uharteen arteko nabigazioa posible izan zen ohiko makila mapei esker.

Polinesia aldatu

Polinesiar herria, hizkuntzaren, arkeologiaren eta giza genetikaren jatorriagatik, itsasoz emigratu zuen herri austronesiarraren azpimultzo bat dela uste da, eta polinesiar hizkuntzen arrastoak Malaysiako artxipelagoan kokatzen ditu bere jatorri prehistorikoak eta, atzerago joanez, Taiwanen. K.a. 3.000 eta 1.000 artean, hizkuntza austronesiarren hiztunak Taiwanetik Asiako hego-ekialdera zabaltzen hasi ziren[14][15][16], bertako tribuak duela 8.000 urte inguru Txinako hegoaldetik Mendebaldeko Mikronesiaren mugetaraino eta Melanesiaraino iritsi zirela uste delarik.

Erregistro arkeologikoan hedapen horren arrasto ongi definituak daude, jarraitu zuen bideari nolabaiteko ziurtasunez jarraitzeko eta data jartzeko aukera ematen dutenak. Uste denez, K.a. 1400 inguruan, Melanesiako ipar-mendebaldean, Bismarck uhartedian, "Lapita herriak" agertu ziren, buztingintza-tradizioagatik horrela deituak[17].

Pazko uharteko biztanleek ziotenez, buruzagi batek, Hotu Matuak[18], kanoa handi bat edo bitan aurkitu zuen irla bere emazte eta familia zabalarekin[19]. Polinesiarrak zirela uste da. 1200 inguruan, esploratzaile tahitiarrek ingurua aurkitu eta kolonizatzen hasi ziren. Denbora-tarte hori kalkulu glotokronologikoetan eta ikatz begetaleko hiru erradiokarbonotan oinarritzen da[20]. Bestalde, oso antzinako materialtzat hartzen denaren erradiokarbonoaren datak barne hartzen zituen duela gutxi egindako azterketa batek iradokitzen du 1200. urte inguruan aurkitu eta kolonizatu zutela uhartea[21].

Europar esplorazioa aldatu

 
1852ko Australia eta Polinesiako mapa, J. G. Barbié du Bocagek egina.

Ozeania lehen aldiz esploratu zuten europarrek XVI. mendetik aurrera. 1512 eta 1526 artean, portugaldar nabigatzaileak iritsi ziren Maluku uharteetara (António de Abreu eta Francisco Serrão, 1512an), Timorrera, Aru uharteetara (Martim A. Melo Coutinho), Tanimbar uharteetara, Karolina uharteetako zati batera (Gomes de Sequeira, 1525ean) eta Papua Ginea Berriko mendebaldera (Jorge de Menezes, 1526an). 1519an, Fernando Magallaesek zuzendutako espedizio gaztelar batek Hego Amerikako ekialdeko kostan zehar nabigatu zuen, bere izena daraman itsasartea aurkitu eta zeharkatu zuen eta 1520ko azaroaren 28an Ozeano Barean sartu zen. Gainontzeko hiru ontziak, Magallaesek eta Duarte Barbosa eta João Serrão kapitainek zuzenduta, orduan iparralderantz nabigatu zuten eta Ozeano Barean zehar Filipinetara eraman zituzten haize alisioak harrapatu zituzten, non Magallaes hil zen. Bizirik atera zen ontzietako bat, Joan Sebastian Elkanoren gidaritzapean, Indiako Ozeanotik mendebaldera itzuli zen, eta bestea iparralderantz abiatu zen, mendebaldeko haizeak aurkitu eta Mexikora iristeko itxaropenarekin. Haize egokirik aurkitu ez zuenez, Ekialdeko Indietara itzuli behar izan zuen, eta bertan atxilotu zuten. Magallaes-Elkano espedizioak munduko lehen zirkumnabigazioa lortu zuen eta Filipinak, Mariana uharteak eta Ozeaniako beste uharte batzuk bisitatu zituen[22].

1527 eta 1595 bitartean, Espainiak gidatutako beste espedizio handi batzuek Ozeano Barea zeharkatu zuten, eta, horren ondorioz, Marshall eta Palau uharteetara iritsi ziren, Ozeano Barean Tuvalura, Markesa uharteetara, Salomon uharteetara, Cook uharteetara eta Almirantegoaren uharteetara[23].

Terra Australisen bilaketan, XVII. mendeko esplorazio espainiarrek, Pedro Fernandes de Queirós nabigatzaile portugaldarrak zuzendutako espedizioak kasu, Pitcairn eta Vanuatu artxipelagoetara nabigatu zuten, eta Torres itsasartea zeharkatu zuten Australia eta Ginea Berria artean, Luís Vaz de Torres nabigatzailearen omenez bataiatua. Willem Janszoonek, Australian (1606), York lurmuturreko penintsulan, guztiz dokumentatutako lehen europar lehorreratzea egin zuen[24]. Abel Tasmanek Australiako kostalde kontinentalaren zati batzuetan nabigatu eta lehorreratu zuen, eta Van Diemen (egungo Tasmania), Zeelanda Berria (1642) eta Fiji aurkitu zituen[25]. Uharte horietara iritsi zen lehen esploratzaile europarra izan zen.

1770eko apirilaren 23an, James Cook esploratzaile britainiarrak Australiako aborigeneak behatu zien lehen aldiz Brush uhartean, Bawley Pointetik gertu[26]. Apirilaren 29an, Cookek eta bere tripulazioak lurra ukitu zuten lehen aldiz kontinentean, gaur egun Kurnell penintsula bezala ezagutzen den leku batean. James Cook gweagal izeneko tribuarekin jarri zen harremanetan lehen aldiz. Espedizioa Australiako ekialdeko kostarekin topo egingo duten europarren lehen espedizioa izan zen.

Europar kolonizazioa aldatu

 
Ginea Berria 1884 eta 1919 artean. Hiru herrialdek banatu zuten jabetza.

Alonso de Salazar esploratzaile espainiarra Marshall uharteetan lehorreratu zen 1529an. Beranduago, Krusensternek John Marshall esploratzaile ingelesaren omenez bataiatu ztiuen, 1788an Thomas Gilbertekin batera bisitatu zituenak, Botany Baytik Kantonerako bidean.

1789an, William Blighen aurkako Bountyko matxinadako matxino batzuk Pitcairn uharteetan bizitzen amaitu zuten. Britainia Handiak ere koloniak ezarri zituen Australian 1788an, Zeelanda Berrian 1840an eta Fijin 1872an, eta Ozeaniako zati handi bat Britainiar Inperioan sartu zen. Gilbert uharteak (gaur egun Kiribati) eta Ellice uharteak (gaur egun Tuvalu) britainiarren eraginpean geratu ziren XIX. mendearen amaieran.

Frantziako misiolari katolikoak 1834an iritsi ziren Tahitira; 1836an kanporatu zutenean, Frantziak gerra-itsasontzi bat bidali zuen 1838an. 1842an, Tahiti eta Tahuata frantses protektoratu izendatu zituzten, misiolari katolikoei eragozpenik gabe lan egiten uzteko. Papeetē hiriburua 1843an sortu zen[27]. 1853ko irailaren 24an, Napoleon III.aren aginduz, Febvrier Despointes almiranteak Kaledonia Berriko jabetza formala hartu zuen eta Port-de-France (Nouméa) 1854ko ekainaren 25ean sortu zen. 1860rako Ozeaniako herrialde gehienen gehiengoa kristaua zen.

1905ean, britainiar gobernuak Ginea Berriko hego-ekialdeko administrazio-erantzukizunaren zati bat Australiari transferitu zion (gune hori "Papuako Lurralde" izendatu zuen); eta 1906an, gainerako erantzukizun guztia Australiari transferitu zion. Espainiak Marshall Uharteak eskatu zituen 1874an. Alemaniak koloniak ezarri zituen Ginea Berrian 1884an eta Samoan 1900ean. Ameriketako Estatu Batuak Ozeano Barean ere hedatu zen, Baker uhartetik eta Howland uhartetik hasita, 1857an, eta Hawaiirekin jarraituz, 1898an. Estatu Batuen, Alemaniaren eta Erresuma Batuaren arteko desadostasunek 1899ko Hiruko Hitzarmenera eraman zuten.

Historia modernoa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Pazifikoko Gerra»
 
AEBko marineak, Kwajaleingo guduan.

Ozeaniako lehen lehorreko erasoetako bat Samoa alemaniarraren okupazioa izan zen 1914ko abuztuan Zeelanda Berriko indarrek egin zutena, Lehen Mundu Gerran. Samoa hartzeko kanpaina odol-isurketarik gabe amaitu zen, Zeelanda Berriko 1.000 lagun baino gehiago Alemaniako kolonian lehorreratu ostean. Australiako indarrek Alemaniar Ginea Berria eraso zuten 1914ko irailean. Australiar konpainia batek eta gerraontzi britainiar batek alemaniarrak eta haien menpeko kolonialak setiatu zituzten, alemaniarren errendizioarekin amaituz.

Japoniako Armada Inperialak Pearl Harborri egindako erasoa[28], Hawaiiko Pearl Harborren, 1941eko abenduaren 7ko goizean, ezusteko eraso militarra izan zen. Erasoak AEB Bigarren Mundu Gerran sartzea eragin zuen, Pazifikoko Gerra hasiz. Ondoren, japoniarrek Ginea Berria, Salomon uharteak eta Ozeano Bareko beste uharte batzuk inbaditu zituzten. Japoniarrak Koraleko Itsas Guduan eta Kokodako Bideko kanpainan atzera bota zituzten 1945ean garaituak izan aurretik. Itsas gudu eremu nabarmenetako batzuk Bita Pakako gudua, Salomon uharteetako kanpaina, Darwinen aurkako aireko erasoak, Kokada Track eta Borneoko kanpaina izan ziren. Estatu Batuek Guamgo gudua 1944ko uztailaren 21etik abuztuaren 10era libratu zuten, japoniar okupazio militarraren uhartea berriz konkistatzeko[29].

Australia eta Zeelanda Berria domeinuak bihurtu ziren XX. mendean, 1942an eta 1947an, hurrenez hurren, Westminsterreko Estatutua onartu zutenean. 1946an, polinesiarrek frantziar herritartasuna lortu zuten eta irlen estatusa itsasoz haraindiko lurraldearena izatera pasa zen; uharteen izena 1957an Polynésie Française (Polinesia Frantsesa) izena aldatu zen. Hawaii AEBko estatu bihurtu zen 1959an. Fiji eta Tonga 1970ean banandu ziren. 1979ko maiatzaren 1ean, Marshall Uharteen estatus politikoaren bilakaera aintzat hartuta, Estatu Batuek Marshall Uharteen eraketa eta Marshall Uharteetako Errepublikaren Gobernua onartu zituzten. 1971n Hego Pazifikoko Foroa sortu zen, eta 2000. urtean Pazifikoko Uharteen Foroa bihurtu zen.

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Rasmussen, Morten; Guo, Xiaosen; Wang, Yong; Lohmueller, Kirk E.; Rasmussen, Simon; Albrechtsen, Anders; Skotte, Line; Lindgreen, Stinus et al.. (2011-10-07). «An Aboriginal Australian Genome Reveals Separate Human Dispersals into Asia» Science 334 (6052): 94–98.  doi:10.1126/science.1211177. ISSN 0036-8075. PMID 21940856. PMC PMC3991479. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  2. (Ingelesez) Kessler, P. L.. «States of Oceania - Early Cultures» The History Files (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  3. (Ingelesez) «Aboriginal Australians descend from the first humans to leave Africa, DNA sequence reveals | Imperial News | Imperial College London» Imperial News 2011-09-23 (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  4. www.pm.gov.au (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  5. Diamond, Jared M.. (1997). Guns, germs and steel: the fates of human societies. Norton ISBN 978-0-393-03891-0. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  6. (Ingelesez) Lourandos, Harry. (1997-02-28). Continent of Hunter-Gatherers: New Perspectives in Australian Prehistory. Cambridge University Press ISBN 978-0-521-35946-7. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  7. (Ingelesez) «Media Centre - University of Wollongong – UOW» www.uow.edu.au 2024-01-15 (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  8. (Ingelesez) Barbetti, M.; Allen, H.. (1972-11). «Prehistoric Man at Lake Mungo, Australia, by 32,000 years BP» Nature 240 (5375): 46–48.  doi:10.1038/240046a0. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  9. (Ingelesez) Dunn, Michael; Terrill, Angela; Reesink, Ger; Foley, Robert A.; Levinson, Stephen C.. (2005-09-23). «Structural Phylogenetics and the Reconstruction of Ancient Language History» Science 309 (5743): 2072–2075.  doi:10.1126/science.1114615. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  10. Spriggs, Matthew J.. (1997). The Island Melanesians. Blackwell Publ ISBN 978-0-631-16727-3. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  11. Kirch, Patrick Vinton. (1999). The Lapita peoples: ancestors of the Oceanic world. (Repr. argitaraldia) Blackwell ISBN 978-1-57718-036-4. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  12. «Micronesia, Federated States of» U.S. Department of State (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  13. (Ingelesez) Morgan, William N.. (1988). Prehistoric Architecture in Micronesia. University of Texas Press ISBN 978-0-292-76506-1. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  14. (Ingelesez) Hage, Per; Marck, Jeff. (2003-12). «Matrilineality and the Melanesian Origin of Polynesian Y Chromosomes» Current Anthropology 44 (S5): S121–S127.  doi:10.1086/379272. ISSN 0011-3204. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  15. Kayser, Manfred; Brauer, Silke; Cordaux, Richard; Casto, Amanda; Lao, Oscar; Zhivotovsky, Lev A.; Moyse-Faurie, Claire; Rutledge, Robb B. et al.. (2006-08-21). «Melanesian and Asian Origins of Polynesians: mtDNA and Y Chromosome Gradients Across the Pacific» Molecular Biology and Evolution 23 (11): 2234–2244.  doi:10.1093/molbev/msl093. ISSN 1537-1719. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  16. (Ingelesez) Su, Bing; Jin, Li; Underhill, Peter; Martinson, Jeremy; Saha, Nilmani; McGarvey, Stephen T.; Shriver, Mark D.; Chu, Jiayou et al.. (2000-07-18). «Polynesian origins: Insights from the Y chromosome» Proceedings of the National Academy of Sciences 97 (15): 8225–8228.  doi:10.1073/pnas.97.15.8225. ISSN 0027-8424. PMID 10899994. PMC PMC26928. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  17. Leach, Helen M.; Green, Roger C.. (1989). «New Information for the Ferry Berth Site, Mulifanua, Western Samoa» The Journal of the Polynesian Society 98 (3): 319–329. ISSN 0032-4000. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  18. «Rapa Nui / Geography, History and Religion» web.archive.org 2005-05-23 (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  19. «The Hotu Matua» web.archive.org 2004-09-28 (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  20. Diamond, Jared M.. (2006). Collapse: how societies choose to fail or succeed. Penguin Books ISBN 978-0-14-303655-5. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  21. (Ingelesez) Hunt, Terry L.; Lipo, Carl P.. (2006-03-17). «Late Colonization of Easter Island» Science 311 (5767): 1603–1606.  doi:10.1126/science.1121879. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  22. (Gaztelaniaz) Santamaría Urtiaga, Enrique. (2022). La vuelta de Elkano. El molesto triunfo de la gente corriente.. Eusko Ikaskuntza ISBN 9788484193012..
  23. Felipe Fernández-Armesto. (2006). Pathfinders. W. W. Norton ISBN 978-0-393-06259-5. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  24. Sigmond, J. P.; Zuiderbaan, L. H.. (1979). Dutch discoveries of Australia. ISBN 978-0-7270-0800-8. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  25. (Ingelesez) Primary Australian History: Book E. R.I.C. Publications 2008 ISBN 978-1-74126-688-7. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  26. (Ingelesez) «Trove - Archived webpage» Trove (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  27. «WHKMLA : History of French Polynesia, 1797-1889» web.archive.org 2007-12-30 (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  28. (Ingelesez) Goldstein, Donald M.; Dillon, Katherine V.. (1993). The Pearl Harbor Papers: Inside the Japanese Plans. Brasseyʼs (US) ISBN 978-1-57488-222-3. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  29. (Ingelesez) Kristof, Nicholas D.. (1997-09-26). «Shoichi Yokoi, 82, Is Dead; Japan Soldier Hid 27 Years» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).

Kanpo estekak aldatu