Osaba Sam edo Uncle Sam, ingelesez, Amerikako Estatu Batuen pertsonifikazio nazionala da, eta, bereziki, AEBko gobernuarena.

I want you for U.S. Army (1917), James Montgomery Flagg.
"Zu nahi zaitut Estatu Batuetako armadarako. Zoaz hurbilen duzun errekrutatze-bulegora".

1812ko Gerra angloamerikarrean erabili zen esapidea lehenbizikoz. Arraza zuriko gizon zahar gisa irudikatu ohi da Osaba Sam: ile zuri, ahuntz-bizar eta aurpegiera serioaz, eta Estatu Batuetako sinbolo nazionalak gogorarazten dituen arropaz jantzia.

Herri-tradizioaren arabera, 1812ko Gerran, New York estatuaren iparraldean kuarteleratuta zeuden soldadu batzuek egindako hitz-jokotik sortu zen Uncle Sam izena. Kuartel hartako soldaduek U.S. (United States) inizialak idatzita zituzten haragi-pakete batzuk jaso zituzten. Inizial haiek zer esan nahi zuten galdetu omen zuen norbaitek, eta soldadu batek «Uncle Sam» erantzun omen zuen, pentsatu baitzuen haragi-hornitzailearen izenaren inizialak zirela: Uncle Samuel Wilson.

Geroago, 1961eko irailaren 15ean, AEBko Kongresuak ebazpen hau onartu zuen:

« Senatuak eta Ordezkarien Ganberak erabaki dute Kongresuak Uncle Sam Wilson Troykoa (New York) aitortzea Osaba Sam Amerikako Estatu Batuen sinbolo nazionalaren aitatzat. »


Osaba Samen irudikapen ezagunena James Montgomery Flaggek egin zuen 1917an. Lehen eta Bigarren mundu-gerretan soldaduak biltzeko poster bat da, irudiaren azpiko testuak berak adierazten duenez. Hasiera batean, Leslie's Weekly aldizkariaren azalerako egin zuen Flaggek irudia, 1916ko uztailaren 6an.

Kanpo estekak aldatu