Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Orientazio (argipena)»

Orientazioa kirolean, ezezaguna den lurralde baten zehar, kokagune geografiko batetik beste batera modu azkarrenean iristea bilatzen duen kirolari deritzo eta, horretarako, mapa bat eta iparrorratz bat soilik erabilita. Lasterketa batean parte hartzen dutenei mapa topografiko bat ematen zaie, normalean orientaziorako bereziki prestatuta dagoen bat, eta baliabide horiekin, kontrol puntuak bilatu eta haietatik igaro behar dute[1]. Jatorriz militarrentzako entrenamenduko ariketa bat izan zen, baina gerora hainbat aldaera izan zituen. Aldaerarik zaharrena eta praktikatuena oinezko orientazioa da, baina badaude beste mota batzuk ere: bizikletazkoa, uretakoa, elurretakoa, etab.

Orientazioaren nazioarteko bandera.

Kirol honen berezko balioek, hau da, naturarekiko kontaktuak, oso osasungarria den erresistentzian oinarritutako jarduera fisikoak, eguneroko bizitzan aplikatzeko ezagutza teknikoak eskuratzeak eta beste abentura-kirol batzuekin dagoen erlazioak, kirol hau gero eta gehiagok praktikatzera animatu ditu, lehiatzeko edo, besterik gabe, gozatzeko.

Orientazioa munduko kirol ekitaldi ezberdinen programen barruan dago, haien artean, Munduko Jokoetan[2] zein Munduko Polizia eta Suhiltzaile jokoetan[3].

Historia aldatu

Orientazioaren historia XIX. mendearen amaieran hasten da Suedian. “Orientazio” terminoa, 1886. urtean aipatu zen lehendabizi Karlberg Akademia Militar Suediarrean eta gune edo eremu ezezagun bat iparrorratz eta mapa baten laguntzaz gurutzatzea da bere esanahia[4]. Suedian, orientazioa entrenamendu militarretik eta lurreko nabigaziotik hasi eta hazi zen, ofizial militarrentzako kirol lehiakor bat bihurtzeraino, eta edozein herritarrentzat beranduago. Izena bere sustraitik aterata dago, eta norabidea edo kokapena aurkitzea da bere esanahia. Lehendabiziko herritarrentzako orientazio txapelketa irekia Norvegian izan zen 1897an, Norvegia Suediar Batasunaren barruan zegoenean oraindik. Lehendabiziko orientazio txapelketa publikoa 1901ean izan zen, Suedian.

Iparrorratz merke fidagarriak asmatu zirenean, kirol honek fama handia irabazi zuen 30. hamarkadan. 1934rako, milioi laurden bat suediarrek parte hartzen zuten kirol honetan eta, orientazioa Finlandiara, Suitzara, Sobietar Batasunera eta Hungariara zabaldu zen. Beranduago, Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, orientazioa Europatik Asiara, Ipar Amerikara eta Ozeaniara zabaldu zen. 1959an, nazioarteko orientazio konferentzia edo hitzaldi bat egin zen Suedian. 12 herrialdetako ordezkariek (Austria, Bulgaria, Txekoslovakia, Danimarka, Finlandia, Ekialdeko eta Mendebaldeko Alemania, Hungaria, Norvegia, Suedia, Suitza eta Jugoslavia) parte hartu zuten bertan[4]. 1961ean, orientazio antolakuntzek, 10 Europar herrialdeen ordezkaritzan Orientazio Federazio Internazionala (IOF) eratu zuten. Geroztik, IOFak hainbat orientazio federazioren sorkuntzan lagundu du, 2010ean 71 orientazio federazio nazional IOFren kide izateraino[5]. Federazio horiei esker txapelketak asko garatu dira, nazio mailan zein nazioarteko mailan.

Normalean, orientazioa zelai basatian egiten da. Bere sustrai Eskandinaviarretan, basoan lasterka egitea esan nahi du, hala ere, orientazioa larre zabaletan, zakardietan, mortuetan zein beste eremu zabaletan egitea ere oso arrunta da. Herrietan egindako orientazioa ere oso arrunta da gaur egun. Kaleko orientazioa edo street-O modalitatea funtsezko afera izan da, ezagunenetako bat Venezian urtero ospatzen dena da.

Euskal Herrian, 1986an hasi ziren kirol honen inguruko lehen urratsak ematen; Jesus de la Fuente arduratu zen kirol hori hona ekartzeaz. Euskal Herriaren geografia menditsu eta berdea oso aproposa da orientazio froga hauetarako, baina, hala ere, Eskandinaviako zenbakietatik urruti gaude oraindik. Alde horren arrazoia izan daiteke orientazioa Eskandinaviako hezkuntzan txertatuta dagoela.

Aldaerak aldatu

Orientazio kirolak nabigazio eta bidaiatzeko metodo zehatz batekin uztar daitezke. Bidaiatzeko metodoak beharrezko ekipamendua eta taktika zehazten dituenez, kirol bakoitzak lehiaketarako arau zehatzak eta orientazio ekitaldien logistikarako eta ikastaroen diseinurako jarraibideak behar ditu.

Nazioarteko Orientazio Federazioak, kirolaren gobernu-organoak, gaur egun lau diziplina hauek erregulatzen ditu orientazio-kirolean diziplina ofizial gisa:

Beste orientazio-diziplina batzuk daude, Nazioarteko Orientazio Federazioak erregulatzen ez dituenak:

  • Kirol-labirintoa edo mikro-orientazioa

Abentura-lasterketak bi diziplina edo gehiagoren konbinazioa dira eta, normalean orientazioa lasterketaren zati gisa sartzen da.

Organo erregulatzaileak aldatu

Nazioartekoa aldatu

Nazioarteko mailan, Nazioarteko Orientazio Federazioak (IOF)[6] lau orientazio kirol arautzen dituzten arauak eta jarraibideak[7] zehazten ditu: oinezko orientazioa, mendi bizikletako orientazioa, eskiko orientazioa eta trail orientazioa[8]. Suedian dago egoitza eta bere webgunean adierazita dago "orientazio kirola hedatzea, bere garapena sustatzea eta munduko ekitaldi-programa erakargarria sortzea eta mantentzea" duela helburu[9]. 1977an Nazioarteko Olinpiar Batzordeak IOF aitortu zuen[10].

Nazionala aldatu

Orientazio-kirola egiten den nazio gehienetan gobernu organoak daude bera erregulatzeko. Erakunde nazional horiek nazio horren arauak egiteko organoak dira. Euskal Herriaren kasuan Espainiako Orientazio Federazioa litzateke organo nazional gorena Hegoaldeko eskualdeetan eta Frantziako Orientazio Federazioa Iparraldeko eskualdeetan.

Eskualdekoa aldatu

Nazio gehienek eskualdeko gobernu-organo batzuk dituzte. Horiek ez dira arauak egiteko organoak, baina eskualde horretako klubak koordinatzen laguntzeko daude: adibidez, datak esleitu ditzakete klubek euren ekitaldiekin talka egin ez dezaten.

Tokikoa aldatu

Klubak normalean tokiko mailan eratzen dira eta beren gobernu-organo nazionalari afiliatuta daude. Etortzen diren guztientzat irekitako ekitaldiak antolatzen dituzten klubak dira. Klubek praktikak, entrenamenduak eta ekitaldi sozialak ere egin ditzakete. Klub irekiak eta itxiak daude. Euskal Herrira etorrita, Euskal Autonomia Erkidegoko eskualde bakoitzean klub bat dago, Nafarroan bi eta Ipar Euskal Herrian beste talde bat dago, guztira 500 lagun inguru.

Modalitateak aldatu

Orientazio ekitaldiak hainbat ezaugarriren arabera sailka daitezke:

  • Bidaiatzeko moduaren arabera: FootO, SkiO, MTBO, etab.
  • Luzeraren arabera: esprinta, erdikoa, luzea.
  • Lehiaketa egin zen momentua: egunez, gauez.
  • Lehiakide kopuruaren arabera: banaka, taldeka, erreleboa.
  • Kontrolen bisita-ordenaren arabera: zeharkaldia (ordena zehatz batean), puntuazioa (ordena librea erabakitzeko).

Lehiaketako oinarriak, emaitzak eta ekipoa aldatu

Oinarriak aldatu

Lehiaketak edo lasterketak nabigazio-gaitasuna, kontzentrazioa eta lasterketa-gaitasuna probatzeko asmoz egiten dira. Euskal Herrian egindako lehendabiziko txapelketa 1990 inguruan izan zen, baliza-lehiaketa bezala ezagutzen duguna. Egun, 17 proba desberdin antolatzen dira ikasturte-egutegian. Nazioarteko edo elite mailako lehiaketetan arrakasta izateko, osasun-maila altua eta lasterketa-abiadura handia behar dira. Lehiatzaileen artean justizia bermatzeko, mapak lehiaketaren hasieran ematen dira, eta lehiatzaileak haien artean gutxienez minutu bateko tartearekin ateratzen dira.

Helburua kontrolen artean bide azkarrena egitea da. Bide azkarrenak ez du zertan bide laburrena izan, beraz, egindako bide-aukeraketak asko baldintza dezake.[11]

Mapa aldatu

 
Orientazio-mapa.

Orientazio-lehiaketetan, bereziki prestatutako orientazio-mapak erabiltzen dira. Mapa topografikoak dira, baina erabilera orokorreko mapak baino askoz zehatzagoak. ISOM mapetako eskalak 1: 15.000, 1: 10.000 edo 1: 7.500 dira, eta ipar magnetikoarekin lerrokatutako laukiak dituzte. IOFek[12] normalizatzen ditu sinbolo kartografikoak, eta edozein lehiakidek irakurri ahal izateko diseinatuta daude, bere prestakuntza edo ama-hizkuntza edozein izanik ere.

Zirkuituak aldatu

 
Kontrol-puntuak horrela ikusten dira orientazio-mapetan.

Orientazio-lasterketek lehiatzaileen beharrak asetzeko, maila fisiko eta teknikoan aldatzen diren ibilbide anitz eskaintzen dituzte. Orientazio ibilbidea mapan morez edo gorriz markatzen da. Hirukia hasiera adierazteko erabiltzen da eta zirkulu bikoitzak amaiera adierazten du[13]. Zirkuluak kontrol-puntuen kokapena erakusteko erabiltzen dira[14].

Adinarekin lotutako klaseak

Lehiaketa garrantzitsuenetan, ibilbideak adinaren arabera multzokatzen dira, adibidez, 35 urte baino gehiago dituzten gizonentzako M35. Distantzia eta zailtasun antzerako multzoek ibilbide berdinak egiten dituzte, adibidez, M60k, normalean, W50rekin eta askotan M65ekin eta W55ekin partekatzen dituzte ibilbideak, nahiz eta, gero, emaitzak multzoka ematen diren[15].

Gaitasunaren arabera sailkatutako ibilbideak

Garrantzi gutxiagoko lehiaketetan, gaitasunaren arabera ibilbideak eskaintzen dira. Herrialde batzuetan kolore-kodeak erabiltzen dira, ibilbideak errazetatik zailagoetara sailkatzeko. Hau da kolore bidezko sailkapena errazenetik zailenera: zuria, horia, laranja, berde argia, berdea, urdina eta marroia[16].

Ibilbide zehaztuak eta beste ekitaldiak

Zenbait orientazio-taldek ibilbide zehaztu batzuk ezarri dituzte, entrenamendurako erabil daitezkeenak. Ibilbide horiek gune publikoetan daudenez, baliteke eguneko ordu batzuetan itxita egotea[17]. Klub horiek ekitaldi informal irekiak antolatzen dituzte ibilbide horietan[18].

Kontrol-txartelak aldatu

 
Kontrol-deskribapen orria.

Kontrol-puntuetara mapan garatutako ezaugarriak jarraituz iristen da, orri honetan argi identifikatu daitezkeenak. Kontrol-puntuak lurrazalean kokatutako “bandera” zuri-laranjekin adierazten dira.

Lehiatzaileek “kontrol-deskribapen orria” edo “pista-azalpen orria” jasotzen dute, ezaugarriaren deskribapen zehatza eta tokien kokapena ematen duena, adibidez, "erroka, 5 metro, iparraldea". Esperientziadun orientazio- lehiatzaileentzat, deskribapenak ikur (irudiak) erabiltzen ditu[19].

Kontrol-txartela eta zulaketa

 
SportIdent estazioa, zulagailu elektronikoarekin eta erreserbarako eskuzko batekin.

Lehiakide bakoitzak kontrol elektronikoko edo paperezko txartel bat eraman behar du, irteeran aurkezteko eta helmugan entregatzeko. Kontrol-txartela kontrol-puntu bakoitzean jartzen da, lehiakideak lasterketa behar bezala egin duela erakusteko. Gaur egun, proba gehienetan zulagailu elektronikoa erabiltzen da, nahiz eta orratz zulagailuak oraindik ere asko erabiltzen diren[20].

Emaitzak aldatu

Irabazlea denbora azkarreneko lehiakidea izan ohi da, baina beste puntuazio-sistema batzuk erabil daitezke, puntuazio-ekitaldiak eta Trail-O ekitaldietan bezala. Ekitaldi gehienek behin-behineko emaitzak izaten dituzte "egunean bertan", eta gau horretan emaitza horiek izaten dituzte Interneten; azken emaitzak egun batzuk geroago baieztatzen dira. Fitxaketa elektronikoarekin[21], emaitzek lehiakideen denbora partzialak izan ditzakete.

Segurtasuna aldatu

Lehiakide bakoitza bere segurtasunaren erantzule da. Ez dago araurik, baina jarraitu beharreko gidalerroak daude. Oinarrizko segurtasun-kontrola segurtasun txeke bat da. Lehiakideak txeke hori irteeran emango du, eta kontrol-txartela helmugan. Epaileek bi txartel horiekin amaitu behar dute ekitaldia, horrela ez bada parte-hartzaileren bat falta dela esan nahi duelako. Horren ordez, fitxaketa elektronikoa egiten da gero eta gehiago, horrela, epaileek "amaitu gabe dago oraindik" txostena eska dezakete, irteeran fitxatu zuten baina oraindik beren txartel elektronikoa deskargatu ez duten lehiakide guztien zerrendarekin. Lehiakide guztiek helmugan aurkeztu behar dute, ibilbidea amaitu duten ala ez kontuan hartu gabe[22][23].

Janzkera pertsonalak

IOFen 21.1 arauak ezartzen du jantzien zehaztapena erakunde antolatzaile nazionalaren esku uzten dela, eta ez dela janzkera espezifikorik eskatzen[24]. Herrialde batzuetan hankak estaltzera behartzen dituzte parte-hartzaileak. Lehenengo lehiakideek atletismo estandarreko arropa erabiltzen zuten, hau da, galtza laburrak eta atletismo-txaleko bat, oihanpean lasterketetarako babes gutxi ematen zutenak. Geroago, nylon arinezko jantzi integralak hartu zituzten, neurrira eginak. Lehenengo jantziak kolore itzalikoak ziren, baina modernoak kolore anitzekoak izan ohi dira. Askotan, klubek arroparen erosketa masiboa antolatzen dute, gero klubaren koloreekin eta haren izenarekin egiten dena. Lehiakide batzuek nahiago dituzte likrako leggingak edo galtza elastikoak. Zangozorroak ere eraman ohi dira. Orientazioko zapatila arinak erabiltzen dira iltzeekin (eta sarritan takoak).

Ekipamendu pertsonala

Erpuru-iparrorratz bat, eta transportadorea duen iparrorratz bat

Orientatzeko behar den oinarrizko ekipamendua iparrorratza eta aire zabalerako arropa egokia izaten da. Erakunde nazional gehienek txilibitu bat eramatea gomendatzen dute segurtasun arrazoiengatik.

Lehiaketako orientatzaileek talde espezializatua erabili ohi dute:

  • Mapa babesteko estutxe garden bat. Lehiaketetako antolatzaileek eman dezakete.
  • Plastikozko zorro garden bat, besaurrean eramaten dena, kontrol-deskribapenei eusteko.
  • Mapa-taula bat, eskulekuan finkatuta edo besoan edo gorputz-enborrean lotuta (MTB-O, Ski-o eta ARDF soilik).
  • IOFen arauek debekatu egiten dute lehiakideek lasterketa batean kontsultatu ditzaketen laguntza artifizialak erabiltzea, eta, beraz, ez dira erabiltzen ez GPSak ez nabigatzeko beste gailu elektroniko batzuk. (ARDFk zenbait ekitalditan baimendu ditzake).

Joko Olinpikoak aldatu

Joko Olinpikoetan orientazioa sartzeko 1996an hasitako ahaleginak alferrikakoak izan dira orain arte, nahiz eta orientazioa Munduko Jokoen kirol bihurtu zen 2001ean, eta Udako Joko Gor-olinpikoetako kirola da. Haren kontrakoek kirol hori telebistarako eta ikusleentzako desegokia dela diote, lehiaketaren tokia hiri handietatik urrun egon ohi dela eta frogaren iraupena banakako lehiaketa gehienena baino handiagoa dela. Lehiaketa olinpikoetarako formatu egokia garatzeko ahaleginak parkeen orientazioan, mikro-orientazioan eta distantzia laburreko erreleboetan oinarritu dira. Chicagoko orientazio klub baten webgunearen arabera, "Nazioarteko Orientazio Federazioak mundu olinpikoan sartzeko konpromisoa hartu du"[25].

Munduko Orientazio Txapelketa aldatu

Munduko Orientazio Txapelketa (WOC) International Orienteering Federation-ek antolatutako ekitaldi bat da. Lehen Munduko Txapelketak 1966an Fiskars, Finlandian ospatu ziren. 2003ra arte bi urtean behin egiten ziren (1978 eta 1979 izan ezik). 2003tik aurrera, lehiaketak urtero egin dira. Munduko Orientazio Txapelketaren formatua bi urtero aldatzen da, bakoitzak bere formatua baitu: esprint formatuko ekitaldiak, basoko formatuko ekitaldiak, etab. 2019an, estilo Olinpikoan emandako lehen postuaren metodoa aplikatzen denean, Europa da nagusia, nazio sarituena Suedia izanda 171 dominekin.

Erreferentziak aldatu

  1. «About Orienteering» web.archive.org 2008-10-02 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  2. «International World Games Association : Orienteering» web.archive.org 2006-01-08 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  3. «2009 World Police & Fire Games - British Columbia Welcomes the World!» web.archive.org 2008-10-01 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  4. a b (Ingelesez) Orienteering. 2024-02-12 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  5. «Welcome to the IOF / Top - International Orienteering Federation» web.archive.org 2006-12-27 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  6. «About us / IOF / Top - International Orienteering Federation» web.archive.org 2008-08-02 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  7. «Rules and Guidelines / Document library / Top - International Orienteering Federation» web.archive.org 2008-09-25 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  8. «About us / IOF / Top - International Orienteering Federation» web.archive.org 2008-07-25 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  9. «Vision and values / IOF / Top - International Orienteering Federation» web.archive.org 2008-07-25 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  10. «Past & present / IOF / Top - International Orienteering Federation» web.archive.org 2008-08-02 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  11. «Orienteering Queensland - Foot Orienteering» web.archive.org 2007-02-24 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  12. «Wayback Machine» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  13. «The orienteering map» web.williams.edu (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  14. «BNB: HTML, free CGI Scripts, graphics, tutorials and more for the webmaster- for free!» web.archive.org 2001-04-05 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  15. «Wayback Machine» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  16. «Orienteering» www.runningforfun.co.uk (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  17. (Ingelesez) «Permanent & DIY Courses» Orienteering USA (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  18. «Permanent orienteering courses» web.archive.org 2008-08-28 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  19. «Wayback Machine» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  20. «YOUR FIRST ORIENTEERING EVENT» web.archive.org 2005-12-21 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  21. «Wayback Machine» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  22. «YOUR FIRST ORIENTEERING EVENT» web.archive.org 2008-05-16 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  23. «ORIENTEERING UNLIMITED - Orienteering Details Page» web.archive.org 2001-04-12 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  24. «Foot Orienteering / Rules and Guidelines / Document library / Top - International Orienteering Federation» web.archive.org 2008-06-14 (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).
  25. «Current Status of Orienteering in the Olympics, March 2003 - Chicago Area Orienteering Club» www.chicago-orienteering.org (Noiz kontsultatua: 2024-04-22).

Kanpo estekak aldatu