Okil ertaina (Dendrocopos medius) Picidae familiako hegaztia da, Europa eta hego-mendebaldeko Asiako basoetan bizi dena[1].

Okil ertain
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPiciformes
FamiliaPicidae
GeneroaDendrocoptes
Espeziea Dendrocoptes medius
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Dendrocopos medius

Okil ertaina ez da familia berekoak diren okil beltza (Dryocopus martius) edo okil berdea (Picus viridis) bezain ikusgarria. Ezta okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos) bezain aipatua edo okil handia (Dendrocopos major) bezain arrunta gure basoetan. Horrek guztiak egiten du espezie hau hain ezezagun. Harizti helduei benetan lotua dagoen hegaztia da okil ertaina eta, beraz, baso hauek dauden bezain mugatua dago animalia hau ere gurean. Ostera, leku egokian bilatuz gero ez da ikusteko zaila.

Ezaugarriak aldatu

Bere luzera 20–22 cm ingurukoa izan ohi da eta okil handiaren antzeko lumajea dauka. Goiko aldea nagusiki beltza eta orban obalatu zuriz zipriztindua dauka, hegoetan zerrenda zuriak ditu eta azpialdea zuri arrosakara da. Okil ertainaren eta okil handiaren arteko desberdintasun nagusia, koloreari dagokionez, lehenak koroa gorria duela eta bibote beltzik ez edukitzea.

Okil handia baino pixka bat txikiagoa den arren, lehen begiradan askoz txikiagoa dirudi moko laburrago eta meheagoa eta buru borobilagoa dituelako.

Portaerari dagokionez, zuhaitz altuko basoak ditu gustuko, basoko garaiera handietan elikatzen baita. habia egiteko sasoian 5 cm inguruko zulo bat egiten du zuhaitz zahar eta handi baten enborrean edo adar lodi batean. Jadanik erdi hilik eta usteltzen ari diren zuhaitzak ditu gustuko. Lautik zazpi arrautza ingurura erruten ditu eta 11-14 egunez txitatzen ditu.

Banaketa aldatu

Okil ertainak mendebaldeko azpiartikoan dago soilik, Europako eta Ekialde Hurbileko klima epel eta beroetan: Iberiar penintsulatik Errusia eta Kaukaso aldera arte (Winkler et al, 1995; Del Hoyo et al, 2002). Beraz, Iberiar penintsula okil ertainaren banaketaren mendebaldeko muga da. Bertan iparraldeko mendialdean besterik ez dago: Galizia, Asturias, Kantabria, Leon, Euskal Herria eta Lleidan (Onrubia et al, 2003; Romero et al, 2004).

Euskal Herrian aldatu

Euskal Herrian Izkiko natura parkean oso ugaria da. Izan ere, gainontzean batez beste 0,12-0,64 bikote/Ha dentsitatea dagoen bitartea, Izkin 1,29 bik./Ha dentsitatea kalkulatu da (Purroy et al, 1984; Robles eta Olea, 2003; Fombellida et al, 2009; Aranbarri eta Rodriguez, 1996). Halaber, zenbait ikerlarik okil ertainaren presentzia baieztatzeko kantuen bidezko prozedura gomendatzen dute, apeua entzutean erraz hurbiltzen den espeziea baita berau (Pasinelli, 2003; Kosinski et al, 2004). Azken aldian Gasteiz mendietan ere aurkitu dira hainbat ale habia egiten.[2]

Okil ertainak ez du migratzen (Pasinelli, 2003). Halere, badirudi habia dagoen lekutik 4,8 km-ra arteko dispertsio mugimenduak egin ditzaketela, gazte-denboran batik bat (Ciudad et al, 2009). Urte guztian aurki daiteke animalia hau Euskal Herrian.

Habitata aldatu

Okil ertaina 700 m-tik behera dauden ingurunetan bizi da batez ere, baina Iberiar penintsulan 350 m-tik 1600 m-ra arte aurki daiteke (Pasinelli, 2003; Fombellida et al, 2009; Purroy et al, 1984). Edonola, basoetara hertsiki mugatuta dago, Quercus generoko espezieek osatutakoetara batik bat (Del Hoyo et al, 2002). Horrela, okil ertaina mendi inguruetako hostozabalen baso zaharretan topa genezake, intsolazio baxua dagoen basoetan betiere (Carrascal et al, 2006).

Ameztietako (Q. Pyrenaica) bizilagun arrunta da espezie hau; hauetan zuhaitz hilak eta fruituak dauzkaten zuhaixken arteko oreka duten txokoak hobesten ditu (Dominguez eta Onrubia, 2004).

Okil ertainak habiak Quercus generoko zuhaitz helduetan zizelkatzen ditu (5 cm inguruko zuloak izaten dira), hauetan egon daitezkeen zati bigun nahiz gaixoetan (Robles et al, 2007a). Izkin egindako ikerketa batzuen arabera, espezie honek habia 33,7 cm-ko diametroa duten eta Polyporaceae familiako onddoak dauzkaten zuhaitzetan egiten du, lurretik batez beste 2,25 cm-tara (Maldonado et al, 2009; Aranbarri eta Rodriguez, 1997).

Elikadura aldatu

Okil ertainak artropodoak eta moluskuak jaten ditu gehien bat. Hauek adarretan nahiz zuhaitzaren azalaren azpian bilatzen ditu. Halaber, fruituez eta zuhaitz-izerdiaz ere elikatzen da (Pasinelli, 2003). Ordea, antza denez artropodoek osatzen dute espezie honen dietaren ardatz nagusia eta, beraz, landare jatorriko elikagaiak, adibidez, gehigarriak baino ez lirateke (Arambarri eta Rodriguez, 1997; Onrubia et al, 2004).

Ugalketa eta ontogenia aldatu

Okil ertaina hegazti monogamoa da ugalketa garaian, baina jarrera hau ez da urte osoan guztiz desagertzen (Pasinelli, 2003); bikoteak martxoan hasten dira osatzen eta uztaila arte ugaltzen dira (Onrubia et al, 2004; Robles et al, 2008). Hurrengo ugalketa garaian erlazioa indartzen dute berriro ere. Bikoteak osatzeko arrek lurraldea defendatzen dute, kantuen bitartez besteak beste (baina ez zuhaitzean joaz). Bada, arrak abendua arte entzun daitezke kantuan (Onrubia et al, 2004).

Gutxi gora behera 5 arrautza erruten dituzte eta 11-14 egunez inkubatzen dira. Txitek 21-23 egun igarotzen dituzte habian (Dominguez, 2010).

Espezieen arteko elkarrekintzak aldatu

Lehen urteko okil ertainak gabiraien (Accipiter nisus), zapelatzen (Buteo buteo), miru beltzen (Milvus migrans), azerien (Vulpes vulpes) eta lepahori/lepazurien (Martes sp.) ehizakinen artean aurkitu dira (Robles et al, 2007b).

Kontserbazioa aldatu

Mundu mailan arriskurik gabe kontsideratzen da (Least Concern, LC) eta Espainian “ia mehatxatua” kategorian dago (Near Threatened, NT) (BirdLife, 2010; Onrubia et al, 2004). Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan “interes bereziko” espeziea da (439/1990 Erret Dekretua). EAEn Zaurgarri kategorian sailkatzen da (167/1996 Dekretua) eta Nafarroan Desagertzeko Arriskuan dago (563/1995). Frantzian ere babestuta dago espeziea, 6/12/2001 Dekretuan jasota dagoenez.

Banaketa eremuaren hegoaldeko populazioek jasan dute atzerakadarik nabarmenena, baina nukleo garrantzitsuenek bere horretan jarraitzen dute (BirdLife, 2004a eta 2004b). Hala ere, espezie honentzat egokiak diren habitatak asko murriztu dira, eta horrek okil ertainentzat mehatxu nagusia suposatzen du (Onrubia et al, 2004).

Hori dela eta, habitataren galera eta zatiketa ekiditea eta basoen ustiaketa tradizionalarekin jarraitzea ezinbestekoak dira espezie honek gure artean jarrai dezan (Onrubia et al, 2004; Camprodon et al, 2007; Robles et al, 2007a eta 2007b; Kosinski, 2006; Müller et al, 2009).

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Gorman, Gerard (2004): Woodpeckers of Europe: A Study of the European Picidae. Bruce Coleman. ISBN 1-872842-05-4
  2. (Gaztelaniaz) Azaitz Unanue Goikoetxea, Mikel Salvador Corres, Galder Auzmendi (2010). Estudio del pico mediano (Dendrocopos medius) en el entorno de los Montes de Vitoria, Municipio de Vitoria-Gasteiz. Año 2010.[Betiko hautsitako esteka]