Odonatu

Burruntzi edo sorgin-orratz izena ere ematen zaien pterigotoen subklaseko zenbait intsektuz esaten da. Odonata ordena osatzen dute.
Odonata» orritik birbideratua)

Odonatuak (Odonata) intsektu klasearen barneko ordena bat dira. Euskaraz, besteak beste, sorgin-orratz, burruntzi, txitxiburduntzi eta mariburduntzi deitzen zaie. 5.680 espezie inguru ezagutzen dira mundu osoan,[1] eta horietako 55 bederen bizi dira Euskal Herrian.[2] Denak harrapariak dira, bai larba-sasoian, bai heldu gisa. Larbak ornogabe urtarrez eta ornodun txikiez (arrainkume eta zapaburuez) elikatzen dira; helduek, berriz, hegan dabiltzala harrapatzen dituzten intsektuak jaten dituzte. Gaur egungo odonatuak hiru subordenatan sailkaturik daude: Zygoptera (sorgin-orratzak), Anisoptera (burruntziak) eta Anisozygoptera.[3]

Odonatu
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
AzpierreinuaEumetazoa
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
SuperordenaOdonatoptera
Ordena Odonata
Azpibanaketa

Izena aldatu

Johan Christian Fabriciusek sortu zuen Odonata terminoa 1793an, antzinako grezierazko ὀδών, odṓn ("hortz") hitzetik abiaturik, itxuraz barail horzdunak dituztelako.[4] Euskaraz, besteak beste, sorgin-orratz, mari-orratz, begi-orratz, burruntzi, burduntzi, su-burduntzi, txitxi-burduntzi, mari-burduntzi, txerren-burruntzi eta andereño izenak ematen zaizkie, eta baita mumu-orratz (Zaraitzu), llerezna (Erronkari), melindres abiadoria eta sakaojos (Bergara) eta orrazkin (Plentzia) ere.[3][5][6] Eskuarki, sorgin-orratz hitza erabili ohi da Zygoptera subordenako odonatuak izendatzeko, eta burruntzi terminoa Anisoptera subordenakoak izendatzeko.

Sistematika eta taxonomia aldatu

Gaur egungo odonatuak hiru subordenetan sailkatu dira: Zygoptera (sorgin-orratzak), Anisoptera (burruntziak) eta Anisozygoptera subordenetan. Azken talde honetako espezie bizi biak Japonia eta Himalaiako gune erliktiko murritzetara mugaturik daude; lehenengo eta bigarren taldekoak dira gure ur-bazterretan ikusi ohi ditugunak. Berezitasun zoologiko sakonagoak aparte utzirik, talde bi hauek identifikatzeko ondoko ezaugarria hartzen da kontutan: landareetan kokatzen direnean, anisopteroek gorputz alboetarantz jartzen dituzte hegoak parakera horizontalean, eta zigopteroek, ostera, atzerantz oblikuoki bertikalean. Horrez gain, anisopteroak gorputz handiko eta hegaldi azkarrekoak dira, zigopteroak argalagoak eta delikatuagoak izanik.[3]

Azken urteotan odonatuen filogenia berraztertu da, eta Anisozygoptera subordena parafiletikoa dela ikusi da.[7] Hori dela eta, Epiprocta subordena sortu da, bere baitan anisopteroak eta anisozigopteroak hartzen dituena.

Odonata

 Zygoptera

 Epiprocta

 Anisozygoptera

___

 Anisoptera

Espezie fosilak kontuan hartuz gero, kladograma hau daukagu:[8]

 Odonata 

 Protodonata 

 Protanisoptera 

 Triadophlebiomorpha 

 Protozygoptera 

 Archizygoptera 

 Zygoptera

 Epiprocta

 Anisozygoptera

 Anisoptera

Ezaugarri fisikoak aldatu

Helduak aldatu

 
Lestes sponsa ar honek odonatuen kanpo-morfologia erakusten digu. Edozein intsektuk bezala, burua, toraxa eta abdomena ditu. Aipagarriak dira buruko begi handiak eta antena laburrak, toraxeko hankak eta hego minzkara delikatuak, eta abdomen luze orratz-itxurakoa.[3]

Itxuraz oso antzekoak dira odonatu heldu guztiak: gorputza baino askoz zabalagoa den burua dute, gorputz luze eta estua, eta mintzezko lau hego garden. Oso buru higikorra, bi begi elkartu handi eta hiru ozelo txiki dituzte; antena laburrak; ahoa beheko ezpain oso garatu batez murtxikatzeko egokitua; mesotoraxa eta metatoraxa bat eginik, eta metatoraxa berriz askea; hiru hanka pare ia berdinak enborraren barrualdera giltzatuak, eta hiru tartsoko artexoak dituztela muturrean. Bi hego pare dituzte, lotunea hanken atzean dutenak, luzetarako zain askorekin eta hegal-estigma nabarmenak dituztela, eta sabelalde luzea, hamar segmentuz osatua.

Begiak aldatu

Oso munta handikoa da odonatuen ikusmena. Dituzten begi konposatu handiek ikuspegi panoramikoa eskaintzen diete, eta metro batzuetako distantziatik edozein mugimendu soma dezakete. Begi konposatua omatidioez eraturik dago. Berez, omatidio bakoitza lente-sistema batez eta zortzi fotorrezeptorez osatua da. Nolanahi ere, burruntzi handi batek 30.000 omatidio ditu begi bakoitzean. Aldi berean, garunaren % 80 informazio bisuala aztertzeko da. Ereduak erabiliz egin diren esperimentuetatik ondorioztatu denez, odonatuek forma eta koloreak bereizteko zorroztasun handia garatu dutela uste da. Halaber, sentikortasun nabaria dute argi polarizatuarekiko, eta hau, erle eta inurrien antzera, orientaziorako erabil dezakete. Beraz, ikusmen-mundua bizi dute. Gainerako zentzumen-organoen garapena oso eskasa izan da, eta antenak berak, usaimen-organo nagusiak, ia nabariezinak dira.[3]

Hegalak aldatu

Odonatuen hegalak zainez beteak dira guztiz, halako sare-moduko bat eratuz. Pare biak minzkarak eta berdin-antzekoak dira, kakalardo eta beste zenbait intsekturen egitura gogorrik gabekoak, eta tximeleten ezkatak edo ile txikiak ere falta dituzte. Gainera, atsedena hartzeko animalia pausatzen denean, hegoak ezin dira tolestu gorputzeko bizkarraldean. Intsektu hegodun guztietatik, odonatuek eta efemeropteroek dute horrelako hego-eredu primitiboa eta, hori dela-eta, entomologoek intsektu pterigoto (“hegaldun”) paleopteroak (“hegaldun zaharkituak”) direla esaten dute terminologia teknikoa erabiliz. Horrelako hegalekin burruntziek eta sorgin-orratzek ezin dute zirrikituetatik-eta ibili, eta beraz, itxita dute mundu horretaranzko sarbidea. Mundu horretan intsektu neopteroek lortu dute arrakasta, hau da, hegoak tolestuta bertan ibil daitezkeenek.[3]

Esan bezala, odonatuen lau hegoak ia-ia elkarrekiko berdinak dira, batez ere sorgin-orratzen kasuan, zeintzuetan aurreko eta atzeko hego-pareak bereizezinak baitira, bai forma eta bai zainen parakerari dagokiela. Hau ere ezaugarri primitibotzat jo da, intsektu gehien-gehienek hego-desberdintasuna baitute. Modu berean, hegoak mugiarazten dituzten muskuluak zuzenean txertatuta daude odonatuen hegoen oinarrietan, halako moldez non hego-pare biak independenteki ari baitaitezke. Burruntzi handiek 20-40 hegal kolpe segundoko burutzen dituzte, eta 25-30 km/h-ko hegaldi-abiaduraraino irits daitezke. Izan ere, burruntziak, oinarrizko hego-egitura eta hegaldi-muskulaturaren parakera gorabehera, intsektu hegodun azkarrenekin lehiatzen dira abiadurari dagokionez, eta are gailendu ere bai maniobra-kontuetan.[3]

Larbak aldatu

 
Calopteryx virgo naiadearen behe-ezpaina (“maskara”)

Odonatuen larbak urtarrak dira, eta naiade izena ematen zaie. Haien gorputza sendoagoa eta laburragoa da helduena baino. Hegorik ez izateaz gain, begiak txikiagoak dira, antenak luzeagoak, eta burua mugikorragoa. Toraxa helduenen antzekoa da, baina ez dute hegorik. Sorgin-orratzen ninfek abdomenaren atzealdean dituzten trakeobrankien bidez arnasten dute; burruntzien naiadeek, berriz, ondesteko organo baten bitartez.

Aho aparatua da haien ezaugarri nagusia, behe-ezpaina guztiz eraldaturik baitago, erasorako gako higikor biz hornitua; “maskara” esaten zaio. Dirudienez, aho-pieza horren mekanismoa maskararen beraren eta abdomenaren muskulaturan oinarriturik dago: abdomeneko muskulu dortsobentralen uzkurketak gorputz barruko presioa handitzen du eta ezpaineko muskulu flexoreen lasaiketa aldiberekoak maskararen desarraketa dakar. Prozesu osoa berehalakoa da eta, izan ere, maskararen luzapena 15-20 milisegundoko kontua izan daiteke. Erasoaren ostean, gakoek itsatsitako harrapakina barailetaraino hurbilduko da muskulu-uzkurketa batez.[9]

Begiei dagokienez, larba handitu ahala, omatidio kopurua emendatu egiten da. Horrela, burruntzi baten lehen larbaren 170 omatidioak, 8.000raino iritsi dira azken larban. Bestalde, harrapakinak eskuratzeko maskara erabiltzen deneko moduak iradokitzen duenez, naiadeak distantzia neurtzeko gai dira. Esan bezala, derrigorrezkoa da harrapakina mugitzea aho-piezaren erantzuna desarratzeko; naiadeek ez dute erantzuten ehizaki geldoen aurrean. Izan ere, begi konposatua higidurarekiko oso sentikorra da, eta aipagarria da burruntzi-naiade bat banan-banan 60 argi-kinada segundoko bereizteko gai dela; gizakiaren maximoa 45ean dago.[9]

Habitata aldatu

Odonatuak ingurune urtarrei loturik bizi dira, ura behar baitute haien ninfak garatzeko. Emergentziaren ostean, ordea, ur bazterretik urruntzen dira zenbait egunez edo astez, eta habitat desberdinetan bizi dira heldutasun sexuala lortu arte. Bestalde, emeak ur-eremuetatik at ibili ohi dira, arren etengabeko jazarpena ez pairatzeko. Espezie batzuk etxe inguruetan eta hirietako parkeetan ikus daitezke.

Ez dira asko ur lasterreko erreka eta errekastoetan bizi diren odonatuak. Horietako batzuk Cordulegaster generoko espezieak dira, haien larbak ongi oxigenatutako ur garbiak behar baitituzte. Korronte geldoagoko errekak eta ibaiak dira Calopteryx generoko eta Gomphidae ordenako odonatuen bizilekuak. Belardien arteko errekastoetan bizi da Coenagrion mercuriale sorgin-orratza. Askoz espezie gehiago bizi dira urmael, aintzira eta zingiretan. Batzuk, hala nola Ischnura elegans, Coenagrion puella edo Aeshna cyanea, ubikistak dira, mota guztietako ur geldietan agertzen direnak, eta kutsadura maila handiak jasan dezaketenak. Beste batzuk (Sympetrum batzuk, adibidez) espezializatuago daude, eta era jakin bateko hezeguneetan baizik ez dira bizi.

Bizi zikloa aldatu

Odonatuak arrautza bidez ugaltzen dira, baina arrautzatik atera eta heldutasunera iritsi bitartean larba eta naiade aldaeratatik igarotzen dira. Larba eta naiade horiek, itxuraz, diren motako odonato helduaren antzekoak dira, baina batzuk eta besteek alde handiak dituzte batez ere murtxikatzeko aparatuan eta arnasketakoan; larbek eta naiadeek begi txikiagoak dituzte, bestalde, baina antena luzeagoak eta gorputz laburragoa.

Arrautza aldatu

Oro har, odonatuen arrautzen garapena mota bikoa izan daiteke: batzuk eklosio azkarrekoak dira, erruketa osteko bizpahiru egun edo aste-pare baten epean irekitzen direnak; beste batzuk, eklosio beranta dutenak, berau zenbait hilabetez luza daitekeelarik. Garapen enbriologikoa bete eta gero, burruntzi eta sorgin-orratzen larba gazteak arrautzaren oskola puskatu egiten du. Jaioberriari “prolarba” esaten zaio, eta oso iraupen laburrekoa da; minutu gutxi batzuetakoa. Duen zeregina arrautza utzi eta uretaraino ailegatzea da. Izan ere, zenbait zentimetrotako bidaia egin behar izaten du arrautza ur-bazterreko landaredian errun denean edo uraren maila jaitsi denean. Horretarako prolarba saltoka mugitzen da gorputza uzkurtuz, dituen apendizeak ez baitira funtzionalak.[9]

Larba-aldia aldatu

 
Erythromma najas naiade honek argi erakusten ditu zigopteroen berezitasun larbarioak: gorputz luzeska eta delikatua, buruko antenak eta abdomenaren atzealdeko trakeobrankiak.[9]
 
Aeshna cyanea naiadea, anisopteroen ezaugarri nagusiak erakutsiz: zigopteroena baino gorputz potoloagoa du, eta atzealdeko trakeobrankiak falta ditu. Ikusi hego-zorroak bizkarraldean.[9]

Prolarbak bere funtzioa betetakoan, kutikula urratu egiten da luzetara eta lehen naiadea irteten da. Ordurako horrek badu adin handiagoko naiadeen itxura orokorra. Hala ere, antenetan eta hanketan giltzarte gutxiago edukitzen ditu lehen naiadeak, ez du pterotekarik (hego-zorrorik) eta begi konposatuak omatidio kopuru txikiz osaturik ditu. Hurrengo mudetan zehar apendizeek behin-betiko giltzarte-kopurua lortuko dute progresiboki, eta bai begiek ere dagokien omatidio kopurua. Halaber, bosgarren edo seigarren mudatik aurrera zirriborratuko dira hego-zorroak eta sexu-ezaugarrien hasikinak.[9]

Muda kopurua aldakorra izaten da eta, espezieen arabera, 6-16 muda izan daitezke. Edozelan ere, odonatuak tamaina jakin bateraino hazi behar duenez, horraino iristeko garapen-tasa, batez ere janari-gertutasunaren eta tenperaturaren menpekoa izaten da, halako moldez non ingurune-baldintzekin batera espezie berean muda-kopurua aldatu egiten baita. Modu berean, larba-garapenaren iraupena ere aldakorra izan daiteke: larba-aldia gainditzeko Europako hegoaldean urtebeteko tartea behar duen espeziea, hiru urtez luza daiteke goi-latitudetan.[9]

Odonatuen naiadeak haragijaleak dira, eta uretako hainbat bizidun mota harrapatzen dituzte. Ez dira jale espezializatuak; baizik eta tamaina egokiko harrapakinak ehizatzen dituzte, adibidez, protozooak, errotiferoak, eltxo-larbak, zizare txikiak, ur-arkakusoak, ur-marraskiloak, arrainkumeak, apaburuak. Ikusi denez, tamaina eta mugimendua dira harrapakinen ezagumendurako estimulu garrantzitsuak. Ostera, forma eta kolorea ez. Urtoki berean bizi diren naiadeak, harrapakari jeneralistak izanik, lehiakide potentzialak dira, eta horretan oinarrituta azaldu nahi izan da espezie batzuen naiadeen jokabide lurraldekoia, bazka-tokia defendatzeko.[9]

Odonatuen naiadeek ez dituzte harrapakinak bilatzen; aktiboki zelatan itxaroten baizik (geldi-geldirik eta ezkutatuta landaredian edo ehortzirik harea eta istilean). Gazteen kasuan harrapakinen detekzioa antena bidezkoa da: ur-mugimenduek kitzikatzen dituzte antenetako zentzumen-organoak. Zahartu ahala, ikusmenaren garrantzia handituz doa. Tamaina aproposeko ehizakia pasatzean, “maskara” izeneko aho-pieza atzitzaile ahaltsuaz eusten diote. Naiadeek eskuratutako janari-kopuruak, zer esanik ez, larba bakoitzaren eta beronen fasearen araberakoak izaten dira, eta hazkunde azkarreko aldietan garrantzitsuak izan daitezke. Esate baterako, laborategian hilabeteko esperimentu batean ikusi denez, burruntzi-larba batek 2.136 mg janari irentsi ditu, eta hiru aldiz mudatu eta gero 747 mg-ko pisu-emendioa erakutsi du.[9]

Arriskuei dagokienez, larba hauek amuarrainen, hegazti hankaluzeen eta hainbat intsektu urtarren mantenu dira. Etsaien artean, horren ikuskorrak izan ez arren, hainbat bizkarroi dituzte: beharbada ezagunenak ur-akaro exoparasitiko batzuk ditugu; hauek odonatuaren bizi-zikloaz baliatzen baitira, haiena bete ahal izateko. Harrapakaritzarako hain ongi moldatutako maskarak ezer gutxi laguntzen du naiadeen defentsan. Geldirik egotea eta ezkutatzea dira babeserako estrategia nagusiak, harrapakaritzarako ere baliagarri diren jokabideak. Hala ere, detektatua izan den odonatu-larbak mekanismo bortitzagoetara jo dezake. Ikusgarriena turrusta bidezko propultsioa erabiltzea da, ihes egin ahal izateko, burruntzien larbek batzuetan egiten dutena. Horretarako, harrapakari baten hurbilean indar handiz kanporatzen dute ondesteko ura uzkian barrena; ondorioz, larba ziztu bizian aurrerantz abiatzen da. Beste batzuetan, hilarena egiten dute denbora-tarte batez arerioak eraso egin ez diezaien. Azkenik, aipagarria da birsorkuntzarako ahalmena izatea. Horrela izanik, odonatuen larben hankak erraz samar deslotzen dira gorputzetik (autotomia deritzon fenomenoa), harrapakariaren besarkada arriskutsutik alde egiteko; hurrengo mudetan zehar apendize galdua berrosatzen da.[9]

Emergentzia aldatu

Larba-aldiaren amaieran begi konposatuak oso azkar garatzen dira, hego-zorroak hedatzen eta hegaldi-muskuluak hazten. Halaber, arrak eta emeak bereiz daitezke. Aldaketa morfologiko hauekin batera, jokabidea ere bestelakotu egiten da: naiadea, ur sakonetan beharrean, azaletik gertu mugituko da ur-bazterrerantz, edo urpeko landareetan gora. Arnasketa-tasak handiagotu zaizkionez, naiadeak oxigeno atmosferikoa bilatuko du tarteka, eta horretarako, brankia eta ondeste bidezko arnasketa alde batera utzirik, lehen espirakulua erabiliko du. Iharduera elikatzailea ere bertan behera utziko du. Aldaketa guzti hauek, intsektuen metamorfosi osoa bezalaxe, hormona bidez erregulaturik daude. Zenbait egunez luzatzen da aldi hau.[9]

Gomphus vulgatissimus baten emergentzia; 85 minutuko prozesua 52 segunduko bideoan konpilaturik dago.

Azkenik naiadea prest dago azkeneko mudarako, muda imaginal deritzon horretarako, zeinak imagoa ekarriko baitu, hau da, ale heldua. Eraldaketa airean gertatzen da, hortik aurrerako ingurunean alegia. Goizeko lehen orduetan, ura utzi eta handik ordu pare batera, naiadeak zurtoinen batean gora igoko du, ura behin-betiko abandonaturik. Orduan hasten da itxura aldaketa drastikoa; orduerdian amai daitekeena: toraxa puztu eta larbaren azala urratu egiten da hego-zorroen artean; luzaro gabe handituko da arraildura, eta bertatik imagoaren toraxa kanporatu egingo da. Burua, eta gero hankak eta hegoak agertuko dira. Azkenean, abdomena askatuko du. Eraldaketa amaitzeko, larbaren “alkandora” erantzi eta gero, hegoak hedatu eta gotortu egin behar dira. Hasieran zimurturik, apurka-apurka destolestu eta luzatu egiten dira, idortzeaz batera. Konturatu orduko zeharo itxuratu zaigu burruntzi edo sorgin-orratza.[9]

Garapen urrats guztietatik, emergentzi-aldia da arriskutsuena, zalantzarik gabe. Izan ere, zenbait orduz burruntzi eta sorgin-orratzak oso zaurgarriak dira, igel, armiarma eta txorien esku daudelarik. Era berean, imagoaren emergentziaren tarte horretan, haizeak, euriak edota tenperatura baxuek kalte handiak ekar diezaizkiekete: adibidez Anax imperator burruntziaren populazio batean eguraldi hotzak sortutako % 16ko hilkortasuna neurtu da.[9]

Heldu-aldia aldatu

Emergentziaren osteko odonatu itxuratu berria heldugabea da sexualki. Esate baterako, helduen kolorazioa eta distira falta ditu. Hegoak nahikoa gogortzen zaizkion momentuan, larbaren garapena gertatu deneko urgainetik hegaldatu egingo da. Lehen hegaldi hau egunsentian izaten da, hegoei eraginez animaliak barne-tenperatura egokia lortu eta gero, txoriak ehizan hasi baino lehen. Aurreneko hegaldi hori metro gutxi batzuetakoa izaten da, sorgin-orratz gehienen modura, edo bidaia luze bihur daiteke, burruntzi askok egiten duten legez.[10]

Lehen hegaldi horren ostean, odonatu heldugabeak urrundu egiten dira ar sexualki aktiboen iharduera-esparrutik, eta horrelaxe ahal izango dute bai elikatu eta bai guztiz garatu inolako interferentziarik gabe. Heldutasuna, emergentzia osteko bizpahiru egunetan lor daiteke espezie batzuetan, edo, beste muturrean, hiru bat astetan zenbait anisopteroren kasuan. Nolanahi ere, heldutasun eskuratu berriaren seinalea izaten da atzera ere ur-bazterretara itzultzea. Heltze-prozesuaren iraupena aldakorra da, baina normalean sorgin-orratzetan burruntzietan baino motzagoa izan ohi da, eta luzeagoa emeetan arretan baino.[10]

Lurraldekoitasuna aldatu

 
Calopteryx virgo arra, hosto baten gainean kokatua, bere lurraldea jagoten ari da. Gertu dago edozein harrapakin ehizatzeko eta, emeren bat agertuko balitz, gorteiatzeko. Nolanahi ere, ez du beste arrik inguruan onartuko.[10]

Azkarrago heltzen direnez, normalean arrak iristen dira emeak baino lehenago ugaltze-tokietara, eta jokabide lurraldekoiak erakusten dituzte bertan. Alegia, animalia bakoitzak eremu bat defendatuko du, hots, lurraldea, eta ahaleginak egingo ditu gainerako ar “barrandariak” bertatik kanporatzeko. Lurraldekoitasuna bikotekidea lortzearekin erlazionatuta dago eta, antza, baita harrapakaritzarekin ere; lurraldea, azken batean, ehiza-eremua baita.[10]

Lurralde baten jabea hurbildu egingo da hegaz edozein barrandarirantz, dela espezie berekoa, dela espezie desberdinekoa, eta aldameneraino alboratuko zaio. Orduan, eta eme espeziekidea baldin bada, berarekin parekatzen saiatuko da. Bestela, bizkarraldeaz kolpatuko du barrandaria, eta biak, jabea eta barrandaria, elkarrekin borrokatuko dira hegan doazelarik, aurkakoa lurrera bota nahirik. Borrokaldiok iraupen laburrekoak izaten dira, eta barrandaria urruntzea izan ohi da emaitza. Jabea pausaturik dagoenean, haren erantzun lurraldekoiak kilimusi oldarkor erritualizatuak izaten dira sarritan, hala nola abdomen koloreztatua nabarmen erakustea.[10]

Lurraldearen tamaina eta mugak aldakorrak dira oso, leku konkretu bakoitzaren baldintzen araberakoak. Edonola ere, bertako eguzkiztapena eta landare urritasuna izaten dira, dirudienez, odonatuek hautaketarako erabiltzen dituzten faktore nagusiak. Halaber, defendaturiko lurraldearen azalera odonatu-espeziearen tamainaren funtzio zuzena da, halatan non, putzu txiki bat Anax edo Aeshna generoetako burruntzi ar bakar batentzako bizilekua den bitartean, bertako ur-bazterretan dozenaka sorgin-orratz manten baitaitezke.[10]

Bestalde, azalera hori beste bi faktorerekin korrelazionatu da. Batetik, odonatuak mugimendua ikus dezakeeneko distantziarekin eta, bestetik, arren dentsitatearekin. Izan ere, dentsitatea emendatu ahala, lurraldeen azalera txikiagotuz doa, harik eta dentsitate jakin batekin lurralde minimoa lortzen den arte (inoiz metro karratu bat baino gutxiago). Dentsitate maximoa edo, bestela esanda, lurralde minimoa, berezitasun espezifikoak dira, baina, espeziea zenbat eta txikiagoa izan, dentsitate maximoa hainbat eta handiagoa izaten da.[10]

Ehiza-jarduna aldatu

 
Odonatu helduak, larbak bezala, haragijaleak dira. Argazkiko Enallagma cyathigerum emea sits txiki bat jaten ari da.

Odonatu helduak harrapakariak dira, eta ehizaki biziez elikatzen dira. Talde bitan bana ditzakegu oro har, “hegalariak” eta “begiztatzaileak”. Lehenengoek hegan egiten dute ehizarako, eta behin eta berriz zeharkatzen dute lurraldea ehizaki bila. Espezie begiztatzaileak, ostera, panoramika zabala duten puntuetan kokatzen dira, ihi baten puntan esaterako, bertatik lurralde osoa kontrolatuz. Aipatu dugun sailkapen erraza onartuz gero, burruntziak hegalarien taldean sartuko ditugu eta sorgin-orratzak begiztatzaileenean, salbuespenak salbuespen. Espezie begiztatzaileen kasuan, kokalekutik harrapakina somatutakoan, harenganantz abiatuko da sorgin-orratza; hanka eta barailez eskuraturik, kokalekura itzuliko da, eta bertan jango du. Espezie hegalarietan, ostera, bai erasoa eta bai ehizakia irenstea, hegan doazelarik burutzen dira. Hala ere, harrapakina tamaina handikoa bada, normalean gertatzen ez dena, burruntzia pausatu egingo da, jakia mamurtzeko.[10]

Elikatzen ari diren odonatuak ez dira elkarrekiko oldarkorrak izaten, heldutasun sexualean egon arren. Hori dela eta, batzuetan odonatu-aldra edo multzo zabalak ager daitezke harrapakin ugariko tokietan, esate baterako, inurri edo termita hegadunen hodeiak eratzen direnean. Oportunista samarrak direlarik, dietaren muga ia bakarra harrapakinaren neurria dela esan dezakegu. Ondokoak ikusi dira burruntzien kasuan: dipteroak, eltxoak eta ur-eltxoak batipat, maiatz-euliak, trikopteroak, eta, nekezago, tximeletak, erleak eta beste odonatuak. Anisoptero tropikalak ausartagoak omen, eta bai igel txikiak eta are kolibriak ere harrapa ditzakete. Sorgin-orratz gehienak txikiagoak, begiztatzaileak eta hegaldi astitsuagodunak direnez, intsektu finkoez elikatzera ere jo dute, landare-zorriez esaterako, zeintzuek landarediaren baitatik erauzten baitituzte.[10]

Odonatu helduek ikusmenaren bidez somatzen dituzte harrapakinak, begi konposatuak mugimenduak detektatzeko egokiro doituta baitaude. Izan ere, espezie handiek hogei metrora bereiz ditzakete mugimenduak. Anisopteroek zona binokular txiki bakarra dute beren ikusmen-eremuan, eta ziur aski ez dute ikusmen binokularra erabiltzen hegaz doan harrapakinarekiko distantzia kalkulatzeko, baina zigopteroen, hots, sorgin-orratzen, zona binokularra zabalagoa da, eta horren bitartez hondo konplexu baten kontra bereiz ditzakete harrapakinak; hostajearen kontra esaterako.[10]

Ugalketa aldatu

 
Sympetrum sanguineum burruntzien kopulazioa. Arrak emearen samari eutsi dio, eta honen hankak arraren abdomenean kokaturik daude. Emearen abdomeneko muturra arraren ugal aparatu sekundarioarekin lotu da.[10]

Dirudienez, odonatuen arrek badakite emeak eme gisa ezagutzen, harrapakinekin nahastu barik. Horretarako, eme espeziekidearen hegoen koloreak eta gardentasuna erabiltzen dituzte. Elkar ezagutu eta gero, Calopteryx eta Platycnemis generoetako sorgin-orratzak gorte-egiten hasten dira. Genero horietako eme bat dagokion arraren lurraldean hegaldatzen denean, pausaturik dagoen jabeak abdomena biratuko du gorantz, azpialdeko kolorazioa erakutsiz. Eta eme aiduru edo antsiadun baten erantzuna, aldamenean kokatzea izaten da. Jarraian, arra bueltaka hasiko da emearen inguruan.[10] Dena den, odonatu espezie gehienetan ez da gorte-egiterik izaten.[11]

Odonatuek duten kopulatzeko modua bakarra da intsektuen artean, eta argiro mintzo da talde honen primitibotasunaz. Arraren ugal aparatu primarioa abdomeneko atzeko segmentuetan dago paratuta, gainerako intsektuetan bezalaxe, baina odonatuen kasuan ez dago arraren eta emearen ugal aparatu primarioen arteko kontakturik. Alabaina, odonatu arrek ugal aparatu sekundarioa dute abdomeneko bigarren eta hirugarren segmentuetan; bertan ipintzen dute esperma, eta hori da kopulazioan zehar barneratuko den estruktura.[10]

Kopulazio-sekuentzia honako era honetan gertatzen da: lehenik, arrak eme aiduruak segituko ditu hegaz ur gainetik edo, lehenago esan bezala, dantza zirkular batean arituko da. Horren ostean, arrak sama aldetik eutsiko dio emeari, abdomeneko atze-apendizeen laguntzaz, eta tandema eratuko dute. Horrela daudelarik, arrak bere buruarekiko bentralki biratu eginen du abdomena, eta horrela bederatzigarren segmentuko irekiune genitaletik bigarren segmentuko ugal aparatu sekundariora eramanen du esperma. Kasu gehienetan truke hau tandema eratu aurretik egiten da, oso arin. Azkenik, kopulazioa bera hasten da. Horretarako, arrak gorantz okertzen du abdomena eta, aldi berean, emeak aurrerantz bidaltzen du berea, arraren abdomeneko bigarren segmentuko organo kopulatzaile sekundarioarekin lotzera. Akrobazia guzti horien ondorioz bihotz-itxurako irudia zirriborratzen dute.[10]

Kopulazioan gardainaturiko odonatu-parea guztiz zaurgarria da. Beraz, pentsa liteke hautespen naturalak kopulazio laburrak bultzatu dituela. Dena den, iraupenaren aldetik oso aldakorrak dira, eta zenbait espezietan luzeak dira oso. Azken hauei dagokienez, badago lerro batzuk merezi dituen azalpen bat. “Espermaren lehiaketa” deritzo fenomenoari eta Calopteryx jeneroko sorgin-orratzetan ikusi da. Kopulatzen ari den arrak aurretiko gainerako arren esperma iraitziko du emearengandik berea transferitu baino lehen. Hori dela eta, emeak errunen dituen arrautzak azken arrak ernaltzen ditu. Hau da, arra emeari lotuta luzaroan egonez gero, berak ernaldutako arrautzen errutea ziurtatzen ari da nolabait; beste hurrengo bati kopulaziorako aukera gero eta txikiagoa uzten baitio. Hortik, beraz, kopulazio luzeen zergatikoa. Honelako “azkena da lehena” moduko abantaila selektiboak arruntak dira zenbait intsekturen artean, baina espermaren iraizketa aktiboa organo kopulatzailea erabiliz odonatuetan soilik ikusi da.[10]

Odonatuak eta gizakia aldatu

Gizakiarentzat zeharo kaltegabeak badira ere, zenbait sineskeria dago animalia hauen inguruan. Uste zabaldua da hegan doazela jendearen begietara eraso egiten dezaketela, begiorratz eta sakaojos izenek adierazten duten bezala. Areago, Gerhard Bähr euskaltzalearen iritziz, odonatuei beldur handia die herriak, hegaz ziztu bizian doan herensuge txiki baten itxura dutelako. Beldur hori Europako hainbat eskualdetan hedaturik omen dago. Hortaz, gogoratu behar da animaliok ez dakartela inolako gaitzik jendearentzat, onura baizik; eltxoez-eta elikatzen baitira.[3]

Literaturan ere agertzen dira tarteka odonatuak; horren adibide da Jokin Zaitegiren olerki hau:

«

Eguzkitan zakusdan
sorgin-orratz urdin!
aizek eta basoak
ez aunate muxin:
an-or-emen diardun
loreño egarin,
zirkun-zarkun dabillen
ametsa dirudin.
[…]

Errekaren azalak
goiz-argitan dirdai:
iperloka dabil gaur
Eguzki beti yai.
Mari-burduntzik barnez
sentitzen du aznai,
zorionaren gosez
egazka noranai.
[…]

»
Sorgin-orratzarena[12]

Erreferentziak aldatu

  1. Vincent J. Kalkman, Viola Clausnitzer, Klaas-Douwe B. Dijkstra, Albert G. Orr, Dennis R. Paulson, Jan van Tol (2008). Global diversity of dragonflies (Odonata) in freshwater. Hydrobiologia 595: 351–363, link.springer.com (Noiz kontsultatua: 2019-09-23).
  2. Mezquita, Iñaki. Clave para la identificación de los Odonatos del País Vasco / Euskal Herriko Odonatuen identifikazioarako gakoa. Sociedad de Ciencias Aranzadi, drive.google.com (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
  3. a b c d e f g h Altonaga, Kepa. Lehen animalia hegalariak: Txitxiburduntzi eta sorginorratzak (I). Elhuyar aldizkaria, 75. zenbakia, 1993ko irailak 1, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-09-23).
  4. Mickel, Clarence E.. The Significance of the Dragonfly Name “Odonata”. Annals of the Entomological Society of America, Volume 27, Issue 3, 1934ko irailak 1, 411–414, academic.oup.com (Noiz kontsultatua: 2019-09-24).
  5. Libélula. Euskaltzaindiaren Hiztegia, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-09-25).
  6. «Zehazki - UPV/EHU» ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2019-09-19).
  7. Lohmann, H.. Das phylogenetische System der Anisoptera (Odonata). Entomologische Zeitschrift, 106. liburukia, 1996, fossilinsects.net (Noiz kontsultatua: 2019-09-30).
  8. Trueman, John W. H.; Rowe, Richard J.. Odonata. Dragonflies and damselflies. Tree of Life, tolweb.org (Noiz kontsultatua: 2019-09-30).
  9. a b c d e f g h i j k l m Altonaga, Kepa. Lehen animalia hegalariak (II): Ur gezetako gargantua txiki horiek. Elhuyar aldizkaria, 76. zenbakia, 1993ko urriak 1, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-09-27).
  10. a b c d e f g h i j k l m n o Altonaga, Kepa. Lehen animalia hegalariak (eta III): Aireko maitale akrobatikoak. Elhuyar aldizkaria, 77. zenbakia, 1993ko azaroak 1, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2019-10-02).
  11. Torralba-Burrial, Antonio. Orden Odonata. Revista IDE@ - SEA, nº 41 (30-06-2015): 1–22, sea-entomologia.org (Noiz kontsultatua: 2019-10-03).
  12. Zaitegi, Jokin. Sorgin-orratzarena. Literatur emailuak, armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2019-09-30).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu