Odol-transfusioa pertsona baten odola beste batengan sarraraztea da.

Odolak emailetik hartzaileraino egiten duen bidea.
Hematie-kontzentratua, CPDA (zitratoa, fosfatoa, dextrosa, adenina) disoluzioan.

Lehenbiziko transfusioak XVII. mendean egin baziren ere, odol taldeen arteko elkartezintasuna arautzen duten legeak ezagutzen ez zirenez, bertan behera utzi behar izan ziren, gaixoak hil egiten baitziren. XX. mendearen hasieran, Karl Landsteiner austriarrak odol taldeak eta haiek elkartzeko legeak aurkitu zituenean, berriz egiten hasi ziren, emaitza hobeekin. Gaur egun, ohiko bihurtu da transfusioa eta, gehienetan, odol talde eta Rh bereko pertsonen artean egiten da. Badira, hala ere, edozein taldetako odola jaso dezaketen pertsonak (AB odol taldekoak, hartzaile unibertsalak) eta, orobat, edozein taldetakoei eman diezaieketenak (0 taldekoak, emaile unibertsalak).

Odol-transfusioak hainbat egoeratan eta gaixotasunetan burutzen dira. Trauma baten ondorioz odol-galera handia gertatzen denean, adibidez. Baita ebakuntza eta kirurgiaren ondorioz odol asko galtzen denean ere. Gaixotasun hematologiko larri batzuek (anemia latza, tronbopenia, leukopenia, hemofilia, leuzemia...) transfusioa eskatzen dute sarritan. Garai batean transfusioak odol guztiarekin egiten ziren baina gaur egun ohikoa da odolaren osagaiak besterik ez erabiltzea (gaixo bakoitzak behar dituenak).

Odol-transfusioak egin aurretik emailearen odola analizatu behar da bakterio eta birus patogenoak ez dituela ziurtatu ahal izateko. Aspaldian zorigaiztoko gaitzak harrapatzen ziren transfusioak burutu ondoren (HIESa, C hepatitisa, malaria...), odolaren analisiak murritzak zirelako eta, ondorioz, odolaren aukeraketa prozesua okerra zelako. Egun, aldiz, analisiak oso zorrotzak dira eta AEBetan odol-transfusioaren ondorioz gaixotasun infekzioso bat harrapatzeko probabilitatea 1/1,95 besterik ez da. [1]

Odolaren emaileek pertsona helduak eta osasuntsuak izan behar dute beti, eta ez dira inongo gaitz infekziosoren eramaileak izango. Herrialde gehienetan boluntarioak dira, ez baitago onartua odolaren truke dirua kobratzea.

Erreferentziak aldatu

  1. Torpy, Janet M. (6-10-2004, Jama Patient Page. American Medical Association. Vol. 292. Nº 13.

Kanpo estekak aldatu