Nomenklatura elementu eta konposatu kimikoen artean ematen diren konbinaketa desberdinak izendatzeko arauen multzoa da. IUPAC (International Union of Pure and Applied Chemistry, Kimika Puru eta Aplikatuko Nazioarteko Batasuna) arduratzen da arau hauek ezartzeaz.

IUPAC-ek konposatu organiko eta ez-organikoak izendatzeko arauak bi argitalpenetan jasotzen dira: “Liburu urdina” (Blue Book) eta “Liburu gorria” (Red Book),  hurrenez hurren [1][2][3]. Horiez gain, beste argitalpen batzuk ere badaude: “Liburu berdeak” (Green Book) fisikako sinboloak erabiltzeko gomendioak ematen ditu eta “Urrezko liburuak” (Gold Book) kimikan erabiltzen diren termino tekniko askoren definizioak jasotzen ditu [4]. Beste diziplina batzuetan ere existitzen dira horrelako liburuak, hala nola, biokimikan (Liburu zuria, White book), kimika makromolekularrean (Liburu morea, Purple Book), kimika analitikoan (Liburu laranja, Orange Book) eta kimika klinikoan (Zilarrezko liburua, Silver Book) [5][6][7][8].

Helburuak aldatu

Nomenklatura kimikoaren helburua pertsona batek izen kimiko bat entzun edo irakurtzean, zein konposatu den inongo zalantzarik ez izatea da, anbiguotasunik gabe. Hori dela eta, orokorrean izen bakoitza substantzia bakar bat izendatzeko erabiltzen da, nahiz eta zenbait kasutan substantzia batek izen bat baino gehiago dituen.

Izenak gainera, konposatuaren egitura kimikoari buruzko informazioa ematen digu. CAS erregistro zenbakia (American Chemical Society) salbuespena izango litzateke: konposatu bakoitzak CAS zenbaki bakarra dauka eta honek ez du bere egiturari buruzko inongo informaziorik ematen.

Nomenklatura mota ezberdinak existitzen dira, eta esan bezala, konposatu bat izendatzeko era ezberdinak egon daitezke. Horregatik, erabiltzen den nomenklatura entzulearen arabera moldatu beharko da. Normalean, konposatu jakin batzuk identifikatzeko izen sinple edo ezagun batekin nahikoa izaten da, molekula kimiko handiekin gertatzen den bezala. Adibidez, kafeinaren IUPAC izena 1,3,7-trimetilpurina-2,6-diona da. Zehaztasunetan murgilduz, izenak formula kimikoa esplizituko azaldu beharko luke, eta oraindik zehatzagoa izateko, baita atomoen egitura tridimentsionala ere, kasu batzuetan.

Historia aldatu

Nabarmentzekoa da nomenklaturako lehen sistema “modernoa” XVIII.mendearen amaieran agertu zela, Lavoisier-ek elementuen eta konposatuen arteko bereizketari buruzko liburua publikatu zuenean.

Louis-Bernard Guyton kimikari frantsesak bere gomendioak argitaratu zituen 1782an, bere “izendapen-metodo konstanteak adimenari lagundu eta oroimena arinduko” zuelakoan [9]. Bost urte beranduago, 1787an, Lavoisier eta Berthollet de Fourcroy-rekin batera nomenklatura sistema findu eta argitaratu zuten. Berzelius-ek ere proiektua babestu zuen, ideia guztiak alemanera itzuliz [10].

XIX. mendearen erdialdean konposatu organikoen hedapena ikaragarria izan zen. Hauen egiturak hobeto ulertzeko nahiak bultzatuta, nomenklatura sistema berri baten beharra ikusi zen. Tresna teorikoak eskuragarri edukita, nazioarteko biltzarra deitu zen Genevan 1892. urtean, eta bertan, lehen normalizazio arauak proposatu ziren [11] .

1913. urtean batzorde bat antolatu zen baina lana eten behar izan zuten Lehen Mundu Gerraren ondorioz. Gerra amaitu ondoren, nomenklaturaren inguruko gai guztiak IUPAC-ek hartu zituen bere gain. Lehenengo batzordeak nomenklatura organikoa, inorganikoa eta biokimikoa zehazteko sortu ziren.

Nomenklatura motak aldatu

Nomenklatura hau desberdina da konposatu organiko edo inorganikoentzat.

Konposatu organikoen nomenklatura aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Konposatu organikoen nomenklatura»

Konposatu organikoak izendatzeko arauak ditu nomenklatura honek. Konposatu hauek karbono, hidrogeno eta oxigenoz daude eratuta batez ere, baina nitrogenoa, fosforoa, sufrea eta halogenoak ere izan ditzakete.

IUPAC sistemaren arabera konposatu organiko baten izena hiru zatitan banatzen da: aurrizkia, erroa edo oinarrizko zatia eta atzizkia. Atal hauetako bakoitzak konposatuari buruzko informazio desberdina emango digu. Horrela, egitura kimiko bat izendatzeko, R erroaren aurretik P1, P2,... aurrizkiak jartzen dira eta bere atzetik S1, S2,... atzizkiak

...(P2)(P1) – R – (S1)(S2)...

Eskema honetan:

  • R erroak kate nagusiaren karbono-kopurua adierazten du.
  • P1 aurrizkiak R kate nagusiaren izaera (lineala, ziklikoa,...) adierazten du.
  • P2, P3,... aurrizkiek R kate nagusiari lotutako beste ordezko kate edo funtzio-taldeak adierazten dituzte.
  • S1 atzizkiak R erroaren asegabetasuna adierazten du.
  • S2 atzizkiak funtzio-talde nagusia adierazten du.

Aurrizki eta atzizkiek lekutzaileak (ordezko kate eta funtzio-taldeak R kate nagusiari nondik lotuta dauden) eta biderkatzaileak (zenbat ordezko kate eta funtzio-talde dauden) izango ditu.

Kate nagusiaren karbono-atomoak 1-etik n-raino zenbatzen dira. Funtzio-talde nagusiari 1 posizioa (edo posizio ahalik eta baxuena) ematen zaio eta beste funtzio-talde eta asegabetasunak ahalik eta lekutzaile baxuenak erabiliz adierazten dira. Funtzio-talde edo asegabetasun batek posizio bakarra izan dezakeenean ez da lekutzailerik erabiltzen. Bestalde, biderkatzaileak mono-, di-, tri-, tetra-... moduan adierazten dira.

Konposatu inorganikoen nomenklatura aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Konposatu inorganikoen nomenklatura»

Nomenklatura honek aldiz, konposatu inorganikoak izendatzeko arauak ezartzen ditu. Konposatu hauek organikoak ez diren beste guztiak dira. Urteetan zehar, nomenklatura ezberdinak egon dira baina gaur egun ezagunenak 3 dira: nomenklatura sistematikoa, stock nomenklatura eta nomenklatura tradizionala.

Nomenklatura sistematikoa aldatu

IUPAC-ek hobesten duen nomenklatura mota da. Aurrizkiak erabiltzen dira elementu bakoitzaren atomo kopurua adierazteko.

Substantziak izendatzeko, molekula bateko elementu bakoitzaren atomikotasuna adierazten duten zenbakizko aurrizki grekoak erabiltzen dira. Atomikotasunak adierazten du elementu batek zenbat atomo dituen molekula batean.

Adibidez: karbono tetrakloruroa (CCl4), sufre dioxiodoa (SO2) edo karbono monoxidoa (CO).

Stock nomenklatura aldatu

Nomenklatura mota hau Alfred Stock kimikari alemanak garatu zuen 1919an eta publikatutako lehen nomenklatura mota izan zen[12]. Sistema honetan metalaren balentzia jartzen da, parentesi artean eta zenbaki erromatarretan.

Adibidez:

  • FeCl2: burdin(II) kloruroa
  • FeCl3: burdin(III) kloruroa
  • PbO2: beruna(IV) oxidoa
  • SO3: sufre(VI) oxidoa

Nomenklatura tradizionala aldatu

Elementuen oxidazio-egoera eta atomoak nola lotzen diren jakitea beharrezkoa da. Erabiltzen diren aurrizkiak hipo- eta per- dira eta atzizkiak -iko eta -oso.

Elementuen balentzien arabera:

  • Balentzia bakarra dutenak: beti -iko atzizkia erabiliko da. Adibidez, oxido potasikoa (K2O).
  • Bi balentzia ezberdin eduki ditzaketenak: -iko edo -oso atzizkiak erabiliko dira. Adibidez, kloruro ferrosoa (FeCl2) edo kloruro ferrikoa (FeCl3).
  • Hiru balentzia ezberdin eduki ditzaketenak: hipo- + -oso, -oso edo -iko erabiliko dira. Adibidez, oxido hipotitaniosoa (TiO) edo oxido titanikoa (TiO2).
  • Lau balentzia ezberdin eduki ditzaketenak: hipo- + -oso, -oso, -iko edo per- + -iko erabiliko dira. Adibidez, azido permanganikoa (HMnO4).

Erreferentziak aldatu

  1. International Union of Pure and Applied Chemistry. Commission on the Nomenclature of Organic Chemistry. (1971). Nomenclature of organic chemistry .... ([New ed.]. argitaraldia) Butterworths ISBN 0-408-70144-7. PMC 2656754. (Noiz kontsultatua: 2022-03-02).
  2. International Union of Pure and Applied Chemistry. Commission on the Nomenclature of Organic Chemistry. (1993). A guide to IUPAC nomenclature of organic compounds : recommendations 1993. Blackwell Scientific Publications ISBN 0-632-03702-4. PMC 27431284. (Noiz kontsultatua: 2022-03-02).
  3. Nomenclature of inorganic chemistry. IUPAC recommendations 2005. Royal Society of Chemistry 2005 ISBN 978-0-85404-438-2. PMC 60838140. (Noiz kontsultatua: 2022-03-02).
  4. Quantities, units, and symbols in physical chemistry. (2nd ed. argitaraldia) Blackwell Scientific Publications 1993 ISBN 0-632-03583-8. PMC 27011505. (Noiz kontsultatua: 2022-03-02).
  5. «Biochemical nomenclature and related documents: A compendium (second edition, 1992)» Biochemical Education 21 (1): 54. 1993-01  doi:10.1016/0307-4412(93)90033-v. ISSN 0307-4412. (Noiz kontsultatua: 2022-03-02).
  6. David, Anthony. (1999-12). [http://dx.doi.org/10.1192/s0007125000263575 «Organic Psychiatry: The Psychological Consequences of Cerebral Disorders (3rd edn) By William Alwyn Lishman. Oxford: Blackwell Science. 1997.923 pp. ISBN 0-86542-842-5 (hb); 0-86542-820-4 (pb)»] British Journal of Psychiatry 175 (6): 594–594.  doi:10.1192/s0007125000263575. ISSN 0007-1250. (Noiz kontsultatua: 2022-03-02).
  7. Kauffman, George B.. (1991-06). «Nomenclature of Inorganic Chemistry: Recommendations 1990. International Union of Pure and Applied Chemistry. Herausgeg. vonG. J. Leigh. Blackwell Scientific Publications, Oxford 1990. XXIV, 289 S., Paperback, $ 27.50. ISBN 0-632-02494-1» Angewandte Chemie 103 (6): 738–739.  doi:10.1002/ange.19911030637. ISSN 0044-8249. (Noiz kontsultatua: 2022-03-02).
  8. Compendium of terminology and nomenclature of properties in clinical laboratory sciences : recommendations 1995. Blackwell Science 1995 ISBN 0-86542-612-0. PMC 32546601. (Noiz kontsultatua: 2022-03-02).
  9. Guyton de Morveau, Louis-Bernard. (1782). Mémoire sur les dénominations chimiques, la necessité d'en perfectionner le système et les règles pour y parvenir. Observations Sur la Physique, 370–382 or..
  10. Berzelius, Jöns Jacob. (1811). Essai sur la nomenclature chimique. 73 Journal de Physique, 253-286 or..
  11. Franchimont, M. A. P. N.. (1892). «Le Congrès international pour la réforme de la nomenclature en chimie organique» Recueil des Travaux Chimiques des Pays-Bas 11 (1): 1–17.  doi:10.1002/recl.18920110102. ISSN 0165-0513. (Noiz kontsultatua: 2022-03-03).
  12. Housecroft, Catherine E.. (2008). Inorganic chemistry. (3rd ed. argitaraldia) Pearson Prentice Hall ISBN 978-0-13-175553-6. PMC 228102552. (Noiz kontsultatua: 2022-03-11).

Kanpo estekak aldatu