New Deal ingelesez, Itun Berria euskaraz, Amerikako Estatu Batuetan egindako programa ekonomiko batzuk izan ziren. Honek, berehalako arintze ekonomikoa ekarri zuen, baita industrian, nekazaritzan, finantzetan, ur-boterean, lan-arloan eta etxebizitzan erreformak egitea ere, gobernu federalaren jardueren irismena handituz. Plangintza zabal baten barruko programa gehienak 1933 eta 1939 urteen artean egin ziren nahiz eta gutxi batzuk geroago egin[1]. Helburuak 1929ko krakak ekarri zituen ondorio txarrak konpontzeak ziren. Hiru helburutan laburbildu daiteke: langabezia eta pobreziarekin amaitu, ekonomia hobetu eta finantza-sistema hobetu, berriro 1929koa gertatu ez zedin.

Mundu kapitalistan krisiaren aurkako politika nagusia New Deal delakoa (banaketa berria edo itun berria) izan zen Amerikako Estatu Batuetan, eta hori Franklin Delano Roosevelt presidenteak sustatu zuen. Printzipio hori aplikatzean, urratu egin ziren kapitalismo klasikoaren funtsezko alderdi batzuk. Era berean, deflazioarekin amaitzea lortu zuten.

Ekonomiaren eta gizartearen arloko neurri horien helburua produkzioa sustatzea zen, eskaria suspertuz. Neurriok gobernuak hartu zituenez, hautsi egiten zen estatuak liberalismo ekonomiko klasikoan ordura arte izandako inhibizioa. Alderdi horretatik, bankuak berritu egin ziren, aginte publikoek horren gainean zuten kontrola indartuz, eta, aldi berean, bezeroen babesa ere hobetu egin zen. Administrazioak langile langabeak kontratatu zituen, ekipamenduko lanak egiteko, soldata onargarrien truke; horrela, egoera horretan zazpi milioi langile ere egon ziren. Eskaria suspertzeko, nekazariei bermatu egin zizkieten prezioak, eta langileei, berriz, taldekako hitzarmenak segurtatu zitzaizkien, gutxieneko soldata finkatuz eta lanaldia murriztuz. Inbertsio pribatuen urritasuna, azkenik, obra handietako inbertsio publikoarekin ordeztu zen.

Rooseveltek erraz garaitu zuen Herbert Clark Hoover, 1932ko presidentetzako hauteskundeetan[2], eta, horren eraginez, Amerikako Estatu Batuetako politikaren norabidea goitik behera aldatu zen. Rooseveltek ideia aurrerakoiak zituen, eta Amerikako Estatu Batuetako historia osoko presidenterik gogokoenetarikoa bilakatuko zen: lau aldiz izan zen presidente. Roosevelten arrakastarik handiena herriari suspertzeko konfiantza itzultzea izan zen, eta, horretarako, neurri berritzaileak aplikatu zituen.

Roosvelt eta krisia aldatu

« ≪Gure zereginik handiena, lehenengoa, herria lanera itzularaztea da. Ez da konponezineko arazoa zuhur eta ausardiaz aurre egiten badiogu.

Zati bat gobernuak berak zuzenean kontratatuta egin daiteke, gerra kasuetan bezala jokatuz; baina aldi berean, kontratatu horien bitartez lanik beharrezkoenak eginez gure baliabide naturalak bultzatu eta berrantolatzeko. Ahalegina egin behar dugu lurra ahalik eta egokien, eta, ondoen prestatuta daudenek erabil dezaten. Zeregin horretan laguntzeko, nekazaritzak gaien prezioa igotzeko ahalegina egingo du, horrela nekazarien erosteko ahalmena handitzeko, gure hirien produkzioa irents dezaten. Bestalde, gure industriaguneetan jende gehiegi bizi da eta beste banaketa bat bultzatu behar da nazio mailan (...).

(Lana) Erraz dezakegu nazio mailan, garraioak, komunikabideak eta jendeari ardura dioten zerbitzu guziak planifikatu eta gainbegiratuta (...).

Jende guztiak lana izan dezan helbururako bidean zenbait neurri hartu behar ditugu: banku, finantza eta inbertsioetako ekintzak zaintzeko; espekulazioarako jardunak mugatzeko; gure dibisaren balioa ziurtatzeko (...).≫

»

F.D. Roosevelt, "Estatu Batuetako presidente kargua hartzeko hitzaldia" 1933ko martxoa.


Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) «New Deal | Definition, History, Programs, Summary, & Facts | Britannica Money» www.britannica.com 2023-10-02 (Noiz kontsultatua: 2023-10-04).
  2. (Ingelesez) «Charles Curtis | Native American, Kansas Senator, 31st VP | Britannica» www.britannica.com 2023-09-23 (Noiz kontsultatua: 2023-10-04).

Kanpo estekak aldatu