Namibiako historia oso luzea da, gizakiak (san herria) hor duela ia 30.000 urte bizi baitira. Hala ere, estatu moderno gisa, historia laburra du, Hegoafrikak herrialderean gaineko kontrola 1989an baino ez baitzuen utzi.

Antzinako San edo Boskimanoen labar artea

Boskimanoen (Namibiako lehen biztanleak) aitzinekoek labar-pinturak egiten zituzten K. a. 26.000an, Afrikako antzinakoenak. Mendeetan zehar migrazio ugari egon ziren, hasieran khoisan etniakoak eta gero bantu etniakoak (gaur egungo biztanleriaren gehiengoa). Namibian oinak jarri zituzten lehen europarrak portugaldarrak izan ziren XVI. mendean, baina Namib eta Kalahari basamortuak hesi handiak bihurtu ziren europarren esplorazio eta kolonizaziorako. XIX. mendean ingeles eta alemaniarrak lekutzen hasi ziren Namibian, eta azkenik 1884an alemaniar kolonia bilakatu zen. 1904an hereroak, bantu herri bat, alemaniarren aurka altxatu ziren. Hereroak sarraskituak izan ziren, lehen Waterbergeko guduan eta gero kontzentrazio-zelaietan. Hereroak, gerraren aurretik 80.000 inguru zirenak, 1911n 15.000 baino ez ziren: XX. mendeko lehen genozidioa izan zen.

1915ean, Lehen Mundu Gerran, hegoafrikarrek Namibia hartu zuten, eta 1920an Nazioen Elkarteak Hegoafrikari agindu bat eman zion Namibia administratzeko. Hurrengo urteetan, Hegoafrikatik etorkin zuri ugari bertaratu ziren, beltzak baztertzeko legeak indartu eta haien matxinadak oso gogor zapaldu ziren.

1946. urtean Hegoafrikak Namibiaren anexioa aldarrikatu zuen. NBEk gaitzetsi zuen, baina Hegoafrikak ez zuen NBEren agintea onartu. 1959an Windhoeken apartheid-aren aurkako manifestapen bat zapaldua izan zen eta 57 pertsona hil ziren. 1960an SWAPO (South-West African People's Organisation edo Hego-Mendebaldeko Afrikar Herriaren Erakundea) sortu zen eta 1967an hegoafrikarren aurkako gerrilla-borroka hasi zuten. 1968an NBEk Namibia izena eman zion herrialdeari (ordu arte Hego-Mendebaldeko Afrika deitzen zen). 1979an apartheida indargabetu zen. 1989 SWAPOk lehen benetako hauteskunde demokratikoak irabazi zituen eta 1990ean Namibiak independentzia lortu zuen. 1994an Namibiak Walvis Bay (Hegoafrikako barrendegia) berreskuratu zuen.

Kanpo estekak aldatu