Musika generoa Espaniako telebistan

Estilo desberdinak eta ikus-entzunezko lengoaia ugariak erabiliz, baina, hori bai, musika-ardatz eta mami gisa duten programak biltzen ditu genero honek.

Irratian hain ospetsuak ziren saioak ikus-entzunezko mediora egokituz jaio ziren, gaur egun krisitik ia atera ezinean dabilen generoa. Estatu espainiarreko kasuan zentratuz, hasiera bateko musika-ikuskizuna lehenengo, bideo-klipen garaia gero eta, gertuago, krisialdia eta musikaren eta lehiaketaren arteko sinbiosia aipatu daitezke. Lehen etapakoak dira, besteak beste, “Gran Parada” (1959) eta “Noche de sábado” (1966). Bideo-klipen aldian MTVren sorrera eta ondorengo kanal tematikoak kokatzen ditu. Azkenik, lehiaketa-show garaikoak dira munduan zehar barreiatu diren formatuak: “Popstar”, “Fame”, “Operación Triunfo”, “Star Academy”, adibidez. Musikak, telebistan programa bilakatzeko bidean, lau joera nagusi ezagutu ditu: Musika-saioak, Kontzertuak/Emankizunak zuzenean ala diferituan, Bideo-klipak eta, azkenik, forma berriak biltzeko sortuko dugun Besteak delako multzoa. Musika-saioetan emankizunak, berriak, elkarrizketak eta abar tartekatzen dira, gaia bera izanik elementu bateratzailea.

Kontzertuak/Emankizunak azpigeneroan, zuzenean ala diferituan nagusi diren bi eredu aurki daitezke: musika klasikoa eta modernoa. Bietarako, eta azken denboraldietan arakatuz, hona adibide batzuk: El conciertazo, No sólo música, Música sí eta abar.

MTV Logo

Bideoklip saioei dagokienez, musika-estiloa definitua duten arren, gaurkotasuna eta salmenta handienen inguruan antolatutako bideo klipen zerrenda eskaintzea izaten da beren eginkizuna. Estilo honetakoak dira “Del 40 al 1” (Canal+) eta “E-klipse@”(ETB 1). Programa horiek irratian hain famatua den formularen egokitzapena besterik ez dira. Azkenik, gaur egungo telebistagintzan nagusitu diren genero-nahasketak direla medio, musikaren inguruan antolatu diren lehiaketak, reality showak eta magazinak aipatu beharko ditugu. Izan ere, 2001-2002 denboralditik aurrera, “Operación Triunfo” (TVE 1 eta TVE 2) eta “Star Academy” (TF 1) direlakoak fenomeno sozialak bilakatu ziren. Aipaturiko horiek eta horrenbesteko arrakasta lortu ez zuen “Popstar” saioa genero hibridoak dira, denetarik apur bat dutenak. “Operación Triunfo”-k (TVE 1) eta “Star Academy”-k (TF 1), esaterako, musika-emankizun, elkarrizketa, reality showaren elementuak hartu zituzten, eta lehiaketetatik ere bai zerbait. Itxura guztien arabera, modu egokian konbinatuta,lortu duten arrakasta paregabea izan baita: audientzia-kopuruan eta “kualitatean”, prime-timean kokatuta izan direlako eta proiekzio sozial handia eskuratu dutelako. O.T.-ren eta “Star Ac”-en arrakastaz aparte, musika-generoak ez du bestelako garrantzirik programazio-tauletan, izan ere emanaldien %3,6tik gora ez du egiten, batez besteko datuetan. Hala ere, badira salbuenpenak, Punt 2 (%13,9) eta, apalago, ETB 1 (%8,5). Baina musikaren interesgarritasuna neurtzeko, orotariko telebistagintzan duen garrantziaz gain, eskaintza tematikoetan duena ere kontuan hartu behar da. Mundu honetan aipatzeko modukoak dira MTVren etiketapekoak (MTV España, MTV2, MTV Hits eta MTV Base), TV, Music Choice, 40 Latino, MCM Africa, Muzzik eta VH1, Mezzo, eta horrelakoak. Azkenik, gogoratzekoa da Operación Triunfo delakoak iraun zuen bitartean, Estatu espainiarreko plataforma digitaletako batean, programa horri dedikaturiko kanal oso bat emititzen zutela.

Gaur eguneko panorama aldatu

Gaur egun aurki daitezkeen telebista kateetatik, aipatu behar dira TVE2 (Mapa Sonoro – Edukien %13.1a genero honi eskainiz), 33 telebista kataluniarra (%13), EiTBko bi kateak (ETB1 eta ETB2, %16.2 eta %14.2, hurrenez hurren), CYLTV (%14.7) eta 7RM Murtziako telebista (%17.4).

Ikus, gainera aldatu

Erreferentziak aldatu

  • Programaziogintza irrati-telebistan, Edorta Arana (Udako Euskal Unibertsitatea, 2004).
  • Anuario de Audiencia de Televisión 2012, Kantar Media.

Kanpo estekak aldatu