Mugikortasun iraunkor

Ingurumenean inpaktu txikia duten mugikortasun moduen multzoa

Mugikortasun iraunkorra ingurumenean inpaktu txikia duten mugikortasun moduen multzoari deritzo. Pertsonen zein ondasunen joan-etorriez aritzean, batez ere jasangarritasunaren alorrean, gero eta gehiago hitz egiten da mugikortasunaz eta ez garraio hutsaz, oinezkoen bidaiak ere kontuan hartzen dituen kontzeptu zabalagoa baita lehena.

Gasteizko Alaba Jeneralaren kalean tranbia, oinezkoak eta autobusa.

Ezaugarriak aldatu

Mugikortasunaren jasangarritasuna ebaluatzeko elementuak hainbat dira: lurretik, uretatik zein airetik mugitzeko erabiltzen den ibilgailua edo modua, energia iturria, mugikortasuna bideratzeko erabiltzen den azpiegitura (errepidea, trenbidea, ubidea edo beste edozein), etab. Mugikortasuna nola gauzatzen den baldintzatzen dituzten eragiketak eta logistika ere kontuan hartu behar da. Mugikortasunaren jasangarritasuna neurtzeko, sistemen eraginkortasuna zein haiek ingurunean duten inpaktua ezagutu behar dira.

Mugikortasunaren jasangarritasuna hobetzeko moduen artean, badaude epe laburrekoak diren neurriak, gehien bat erregaia modu eraginkorragoan erabiltzera eta ibilgailuen igorpenak murriztera zuzenduta egon ohi direnak, zein epe luzekoak, esaterako erregai fosiletan oinarritutako garraio moduak beste alternatiba batzuekin ordezkatzea, bai energia berriztagarrietatik sortutako indarra erabiliz bai bizikleta bezalako beste ibilgailu batzuetara igaroz. Neurri sakonagoetara joz, hirigintzaren ikuspuntutik egindako hautuek ere asko baldintzatzen dute mugikortasun eredua: hiri trinkoagoek, esaterako, mugikortasun mekanizatu gutxiago behar dute (ibilgarriagoak dira), oinez egin baitaitezke eguneroko betebeharrak asetzeko behar diren joan-etorri gehienak.

Garraioaren plangintza tradizionalaren helburu nagusia mugikortasuna azkartzea da, batez ere ibilgailuentzako, eta ez du mugikortasuna osotasunean kontuan hartzen. Garraio sistemek inpaktu nabarmena dute ingurumenean, eta munduko energia kontsumoaren eta karbono dioxido igorpenen % 20 eta % 25 artean suposatzen dute. Maila lokalean, berriz, tokiko aire kutsaduraren erantzule nagusietako bat dira. Gizarte kostuei dagokienez, istripuak, gaixotasunak eta jarduera fisikoaren gabezia eragiten dituzte jasangarriak ez diren mugikortasun moduek. Zirkulazioaren buxadurek, berriz, kostu ekonomikoak sortzen dituzte langileen denbora galerengatik eta ondasun eta zerbitzuen banaketan gertatzen diren atzerapenengatik.

Erreferentziak aldatu

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu