Mongoliera[1] (Mongγol kele edo Mongol khel; alfabeto zirilikoaz: монгол хэл [mɔŋɢɔ̆ɮ xeɮ]) altaitar hizkuntza da, Mongoliako mintzaira ofiziala dena eta hango biztanleen % 90ek inguru hitz egiten dutena. Txinako probintzia batzuetan ere ofiziala da. Guztira, bospasei milioi hiztun baino gehiago ditu. Mongolian Khalkha dialektoa nagusi da, eta idazkera zirilikoan edo mongoliar idazkera tradizionalean idazten da (batzuetan idazkera latindarrean ere bai, batez ere interneti eta gizarte sareei begira), baina Barne Mongolian mongoliera askoz aberatsagoa da dialektologiari dagokionean eta bertan hizkuntza mongoliar idazkera tradizionalean idazten da.

Mongoliera
монгол хэл — ᠮᠣᠨᠭᠭᠣᠯ ᠬᠡᠯᠡ — ꡏꡡꡃ ꡢꡡꡙ ꡁꡦ ꡙꡦ
Datu orokorrak
Lurralde eremuaMongolia eta Txina (Barne Mongoliako eskualde autonomoan eta Liaoning, Jilin and Heilongjiangeko probintzietan)
Hiztunak5-6 milioi hiztun
Hizkuntza sailkapena
giza hizkuntza
hizkuntza nostratikoak
Altaitar hizkuntzak
mongoliar hizkuntzak
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologiaSOV hizkuntza eta hizkuntza eranskaria
Kasu gramatikalaknominatiboa, genitiboa, dative-locative case (en) Itzuli, akusatiboa, ablatiboa, instrumentala eta komitatiboa
AlfabetoaMongolian (en) Itzuli, alfabeto zirilikoa, ʼPhags-pa (en) Itzuli, Soyombo (en) Itzuli, latindar alfabetoa eta Mongolian Cyrillic alphabet (en) Itzuli
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1mn
ISO 639-2mon
ISO 639-3mon
Ethnologuemon
Glottologmong1331
Wikipediamn
ASCL7902
IETFmn
Mongolieraz hitz egiten duen gizona

Gramatikari dagokionez, mongoliera arautua khalkha mongoliera estandarra da. Aldaera hori eskoletan irakasten da eta horixe jarraitzen da idaztean. Batzuek mongoliar hizkuntza familiako kide diren buriatera eta oiratera mongolieraren dialektotzat hartzen dituzte (beste hainbat ere bai), baina hori ez dator bat nazioarteko estandarrarekin. Hau da, aurreko biak hizkuntzatzat hartzen dira, nahiz eta mongolieratik hurbil egon.

Banaketa geografikoa aldatu

Mongoliera Mongoliako hizkuntza ofiziala eta nazionala da. 2014ko datuen arabera, Mongolian 3,6 milioi pertsona inguruk hitz egiten dute (baina horiek guztiek ez dute mongolieraz idazten).[2] Txinako lurralde autonomo Barne Mongolian ere mintzatzen da (bertan 4,1 milioi mongoliar inguru bizi dira) eta lurralde hartan ere probintzia mailako hizkuntza ofiziala da.[3] Txinan bizi diren mongoliar etniako 5,8 milioi pertsonen artean, gutxi gorabehera horien erdiak hitz egiten daki mongolieraz.[2] Alabaina, ezin da jakin Txina osoan zenbatek dakiten, Txinako agintaritzak ez dituelako hizkuntza-gaitasunari buruzko datuak argitaratzen. Barne Mongolian, mongolieraren erabilerak goraldi eta beheraldiak izan ditu azken mendeetan. Adibidez, hizkuntzak beheraldia izan zuen Qing periodoan zehar, baina suspertu egin zen 1947 eta 1965. urteen artean; ostera, 1966 eta 1976. urteen artean berriz ere beheraldi batean sartuzen eta gero, 1977 eta 1992. urteen artean, bigarren susperraldia izan zuen, baina urte horretatik 2012ra bitarte berriro beheranzko joera izan zuen.[3] Mongolierak Barne Mongolian beheraldiak izan baditu ere hiriguneetan eta hezkuntza arloan, ez da berdin gertatu txinera mintzatzen duten etnia mongoliarreko pertsonekin, horiek haien nortasuna mantentzen dute, Barne Mongoliako hirietan etnia nagusi delako.[4] Barne Mongoliako egoera linguistikoak, dirudienez, ez die oztoporik jartzen mongoliarrei euren hizkuntza mantentzeko lanak egitean.[5][6] Txinan badira zenbait mongoliar sendia, adibidez, Tumetak, euren jatorrizko hizkuntza (mongoliar familiakoa edo haren dialektoa) hitz egiteko gaitasuna erabat edo ia erabat galdu arren, euren burua mongoliar gisa identifikatzen segitzen dutenak eta Txinako agintaritzak ere hala sailkatzen ditu.[2][7] Mongoliar baten eta txinatar baten ezkontzatik sortutako haurrek ere mongoliar etniako kide gisa sailka dadin nahi badute, hartarako aukera dute (eta askotan halaxe egiten dute).[8] 2020an, Txinako gobernuak mongolieraz irakasten duten eskoletan hiru arlo —hizkuntza eta literatura, politika eta historia— mandarinez irakats zitezen agindu zuen eta horrek protestak sortu zituen Barne Mongolian,[9][10] nahiz eta Txinako agintaritzak berehala deuseztatu zituen protesta horiek.[11]

Sailkapena eta dialektoak aldatu

Mongoliera mongoliar hizkuntzen familiako kide da. Mongoliar hizkuntzak familia hartan duen tokia eztabaidaz betetako gaia da, izan ere, horren kideei buruzko informazioa zaila da erlazionatzen eta antolatzen; hortaz, ezin da ondorio argirik atera. Mongolieraren garapen soziolinguistiko eta historikoari buruzko datuak falta dira. Hizkuntza-familia haren kideen arteko fonologia eta lexiko-azterketa konparatiboak ondo garatuta dauden arren, oraindik ere ez dago oinarririk azterketa morfosintaktiko konparatibo bat egiteko, adibidez, khalkha eta khorchin bezalako aldaera zeharo desberdinen artean.

Mongoliar taldeko zenbait aldaeraren izaera —hau da, aldaera horiek mongolieraren dialektoak diren ala berezko hizkuntzak— eztabaidan dago. Mota horretako gutxienez hiru aldaera daude: oiratera (kalmyk aldaera, halaber) eta buriatera (Errusian, Mongolian eta Txinan mintzatzen dira), eta ordosera, Barne Mongoliako Ordos hiriaren inguruko lurretan mintzatua. Bestalde, khalkha dialektoa (Mongolian mintzatua) alde guztietatik mongolieraren dialektotzat hartzen da. Hori adostatsun bakarra da: hortik haratago, ikuspuntu ezberdinak daude, adibidez, Sanžeev-en (1953) sailkapenaren arabera, mongoliar hizkuntza hiru dialektok osatzen dute: khalkha, txakhar eta ordos aldaerek. Sailkapen horrek buriatera eta oiratera hizkuntza ezberdintzat ditu.

Luvsanvandan-en ikuspuntua (1959), mongoliar hizkuntza zabalago bat proposatzen du, haren iustetan, dialektook osatua: erdialdekoa (khalkha, txakhar, ordos), ekialdekoa (kharchin, khortxin), mendebaldekoa (oirat, kalmyk) eta iparraldekoa (buriateraren bi aldaerak). Bestalde, Language Policy in the People’s Republic of China: Theory and Practice Since 1949 (euskaraz, Hizkuntza-politika Txinatar Herri Errepublikan: Teoria eta praktika 1949tik) lanean, mongoliera lau dialektotan bana daitekeela adierazten da: khalkha dialektoa erdigunean, khortxin-haracin dialektoa ekialdean, oirat-hilimag mendebaldean eta bargu-buriad iparraldean.

Mendebaldeko zenbait adituren arabera, Ordosen hitz egiten den aldaera hizkuntza burujabetzat har daiteke, haren egitura silabiko gordezalea eta aniztasun fonetikoarengatik. Alabaina, alaxa aldaeraren gisakoen sailkapenak —Barne Mongoliaren eraginpe kulturalean dago, baina historikoki Oiratekin lotuta egon da—, eta Darkhad bezalako beste muga-aldaeren sailakpenak zalantzaz jar dezake edonor. Arazo nagusia txakhar, khalkha eta khortxin aldaeren sailkapenean dago: nola sailkatu horiek elkarrekiko eta buriatera eta oriaterarekiko? Fonemetan, [tʃ] fonemaren [tʃ]-rako zatiketa *i-ren aurretik eta [ts] gainerako berreraikitako bokalen aurretik, zeina Mongolian aurki daitekeen baina ez Barne Mongolian, askotan funtsezko bereizgarritzat hartzen da; adibidez, proto-mongolierako *tʃil, khalkhaeraz: /tʃiɮ/, txakhareraz: /tʃil/ «urtea», eta proto-mongolierako *tʃøhelen, khalkhaeraz: /tso:ɮəŋ/, txakhareraz: /tʃo:ləŋ/ «gutxi» ditugu. Alabaina, iraganeko aditz-aurrizkietako -sŋ-ren zatiketa (erdiguneko aldaeretan gertatzen dena) eta ekialdeko aldaeretan egiten den -dʒɛ zatiketa pisurik gabeko bereizgarritzat hartzen da.

Barne Mongolian, bertako hizkuntza-politika ofizialek mongoliera hiru dialektotan banatzen dute: hegoaldekoa, oiratera eta barghu-buriatera. Hegoaldeko mongoliera txakhar, ordos, baarin, khortxin, khartxin eta alaxa aldaerek osatzen dutela esan ohi da. Bertako erakundeek mongoliera estandarra darabilte: gramatika hegoaldeko mongolieran oinarritua du eta ahoskera, txakhar dialektoan (Zortzi Banderen Lautadan hitz egiten den eran). Dialektologiari dagokionez, hego-mendebaldeko mongoliar dialektoak khalkhatik hurbilago daude hego-ekialdeko mongoliar dialektoetatik baino: adibidez, txakhar dialektoak khalkha gertukoagoa du khortxin baino.

Mongoliar hizkuntzetan, mongoliera edo «erdialdeko mongolieraz» gain, beste hainbat daude: daurrera (Mongolia ekialdean, Heilongjiangen eta Xinjiang lurraldeko Tacheng inguruan mintzatua), ekialdeko jugurrera, bonanera, dongxiangera, monguorrera eta kangjia. Azken horiek Qinghai eta Gansu lurraldetan mintzatzen dira eta Afganistango mongoliera, ziurrenik galduta dago.

Hizkuntza-familia horren sailkapenari dagokionez, altaiar teoriak dio (gero eta babes txikiagoa du hizkuntzalarien artean) mongoliar hizkuntza-familia altaiar hizkuntza-familia handiago baten kide dela. Familia handi horretan turkiar hizkuntzak eta tungus hizkuntzak ere egon litezke, eta baita koreera eta japoniera ere, beren dialektoekin, zenbaiten arabera.

Dialektoen zerrenda aldatu

Juha Janhunenen sailkapenaren arabera (2003an argitaratu zen), ondorengo dialektoak daude, gehienak Barne Mongolian mintzatuak:

  • Tongliao taldea
    • Khorchin (Qurciv)
    • Jasagtu (Jasaqdu)
    • Jarut (Jarut)
    • Jalait (Jalajit)
    • Dörbet (Tuirbat)
    • Gorlos (Qhurlus)
  • Juu Uda taldea
    • Aru khorchin (vAru Qurciv)
    • Baarin (Baqhariv)
    • Ongniut (vUvgniqhut)
    • Naiman (Naimav)
    • Aokhan (vAuqav)
  • Josotu taldea
    • Kharachin (Qaraciv)
    • Tümet (Tuimat)
  • Ulan Tsab taldea
    • Chakhar (Caqar)
    • Urat (vUrat)
    • Darkhan (Tarqav)
    • Muumingan (Muumivgqhav)
    • Dörben küüket (Tuirbav Gaugat)
    • Keshigten (Gasigdav)
  • Xilingol taldea
    • Üdzümüchin (vUiczumuciv)
    • Khuuchit (Qaqhucit)
    • Abaga (vAbaqhe)
    • Abaganar (vAbaqhanar)
    • Sönit (Suinit)
  • Kanpo mongolieraren taldea
    • Khalkha (Qalqe)
    • Khotogoit (Quduqhujit)
    • Darkhat (Tarqat)
    • Tsongol (Cuvgqhul)
    • Sartul (Sartaqhul)
    • Dariganga (Tariqhavgqhe)

Juha Janhunen –«Mongolian» liburua– 2012koa aldatu

Juha Janhunenek idatzitako «Mongolian» (euskaraz, «Mongoliera») liburuan, mongolieraren hizkuntza familia lau adarretan sailkatuta ageri da:

Hegoaldeko mongolieraren azpisailkapena aldatu

Mongolieraren hizkuntza-familiaren edo mongoliar hizkuntzen taldearen barnean, hegoaldeko mongoliera adarra dago; ondorengo zazpi hizkuntzez osatuta dago, eta hurrengo azpitaldeetan sailkatuta:

  • Shira Yughur
  • Monguor taldea
    • Mongghul
    • Mongghuor
    • Mangghuer
  • Bonan taldea
    • Bonan
    • Kangjia
    • Santa

Historia linguistikoa aldatu

Aurkitu den mongolierazko idatzirik zaharrena Yisünggeko estela da, mongoliar idazkeran harrian egindako idatzia, kirolei buruzko informazioa ematen duena. Adituen arabera, idatzi hori 1224 eta 1225. urteen artean egin zen. Mongolierazko lehen hitz zerrenda XIII. mendekoa da, Gandzakeko Kirakos historialari armeniarrak jasoa, 55 hitzez osatuta dago eta bakoitzari armenierazko itzulpena ematen dio. XIII. eta XV. mendeen artean mongolieraz egindako idatzi guztiak lau idazkera motetan egin ziren (Mendebaldeko idazkeran jasotako zenbait hitz salbu): Uigur-mongoliar alfabetoa (UM, Uigur alfabetoaren aldaera), 'Phags-pa alfabetoa (Ph, dekretuetan erabilia), Txinatar alfabetoa (SM) eta Arabiar alfabetoa (AM, hiztegietan erabilia). Mongolierazko idatzi zaharrenak izan arren, akademikoki "Tarteko mongoliera" edo "Erta mongoliera" garaien barnean kokatu izan dira idatzi hauek. UM idazkeran egindako idatziek zenbait ezaugarri linguistiko bereizgarri dituztenez, "Mongoliera aurreklasiko" izenaz ere sailkatu izan dira.

Yuan dinastiak txinerazko "Guoyu" izenaz (國語, hots, "Hizkuntza nazionala") ezagutzen zuen mongoliera: termino hori Han dinastiak ez beste hainbatek erabili zuten haien hizkuntzei erreferentzia egiteko, adibidez, Qing dinastiak izen hori baliatu zuen mantxuera izendatzeko, Jin dinsatiak jurtxen hizkuntza izendatzeko, Liao dinastiak berdin kitan hizkuntzaz eta Iparraldeko Wei garaian hala izendatu zen xianbei hizkuntza.

Hurrengo periodo aipagarria mongoliera klasikoarena izan zen, XVII. eta XIX. mendeen artean. Maila jasoko idazkera da, ortografia eta sintaxi aldetik estandarizatua eta hurrengo garaiko mongoliera modernotik argi bereizia. Garai horretako idatzi nabarienak Kangyur eta Tengyur testuak eta hainbat kronika dira. 1686an Soyombo alfabetoa sortu zen (testu budistetan erabilia): horrek mongoliera klasiko goiztiarraren ezaugarri fonologiko bereziak adierazgarri egin ahal izatea ahalbidetu zuen.

Fonetika eta fonologia aldatu

Bokalak aldatu

Mongoliako mongolierak zazpi bokal ditu, laburrak edo luzeak; azken horiek hizkiak bikoiztuz adierazten dira. Beste hizkuntza eranskari askok bezala, singarmonismoa du.[12]

Aurrekoak Ertainekoak Atzekoak
Laburrak Luzeak Laburrak Luzeak Laburrak Luzeak
Itxiak i (и, й) iː (ии) u (ү) uː (үү)
Erdiko-itxiak ʊ (у) ʊː (уу)
Erdikoak e (э) eː (ээ) ɵ (o) oː (oo)
Erdiko-irekiak ɔ (о) ɔː (оо)
Irekiak a (а) aː (аа)

Hitzaren erdian dauden azentu gabeko bokal laburrak ez dira inoiz ahoskatzen: болох «izan» [болх], мэдэх «jakin» [мэдх].

Singarmonismoa aldatu

Mongolierazko bokal guztiak bi taldeotan banatzen dira: «gogorrak» (а, о, у) eta «bigunak» (э, ө, ү); и bokal berezia da eta ez du talderik. Hitz guztiek bokal «gogorrak» bakarrik edo bokal «bigunak» bakarrik izan behar dituzte; и bokala bi taldeetako bokalekin nahas daiteke. Lehen silabak у duenean bigarrenak а izan behar du: хурал «biltzar»; lehenengo silabak о edo ө dituenean, bigarrenak ere о edo ө izango ditu: орох «sartu», өвөл «negu».[13]

Kontsonanteak aldatu

Ezpainkariak Horzkariak Mihi-atzekariak Aho-gingilezkoak
Sinpleak Bigunak Sinpleak Bigunak Sinpleak Bigunak
Sudurkariak m n ŋ
Leherkariak Ahoskabeak/ahostunak p t ɡ ɡʲ ɢ
Hasperenketa duten ahoskabeak (pʰ) (pʲʰ) tʲʰ (kʰ) (kʲʰ)
Afrikariak Ahoskabeak ts
Hasperenketa duten ahoskabeak tsʰ tʃʰ
Igurzkariak Erdikoak (f) s ʃ x
Albokariak ɮ ɮʲ
Dardarkariak r
Erdi-bokalak w̜ʲ j

Ш eta ж beti bigunak dira; г kontsonantea bokal «gogor»ren aurretik aho-gingilezkoa da eta bokal «bigun»en aurretik eta hitzaren amaieran ahoskabea bihurtzen da; н bokal laburren aurretik [n] gisa ahoskatzen da eta beste kasuetan [ŋ] gisa ahoskatzen da; б kontsonantea л, м, н ondoren [b] gisa ahoskatzen da eta beste kasuetan [w̜] gisa ahoskatzen da.[14]

Azentua aldatu

Mongolierazko azentua lehenengo silaba, bokal luze bat edo diptongo batean dago.[13]

Gramatika aldatu

Mongoliera hizkuntza eranskaria da.[15] Artikulu honetan Mongoliako mongolieraren gramatikari buruz idazten da, beste dialektoak baztertuz.

Izenak aldatu

Numeroak aldatu

Mongolierazko izenek bi numero dituzte: singularra eta plurala, baina plurala adieraztea ez da beharrezkoa; pluralaren adierazleek izenen elkarteak adierazten dituzte sarri. Pluralaren adierazleak honako hauek dira: -нууд (-нүүд), -ууд (-үүд), -чууд (-чүүд), -д, нар (gizakiak adierazten dituzten hitzekin bakarrik erabiltzen da) eta -с.[16]

Atzizki horien erabileraren arauak honako hauek dira[17]:

  • izenak -н, -р, -л, -й, -ь, -гч, -аач, edo -ч(ин) dituenean amaieran -д atzizkia erabil daiteke plurala adierazteko; atzizki hori gizakiak adierazten dituzten hitzekin erabiltzen da nagusiki: сурагчид «ikasleak», уншигчид «irakasleak»;
  • izenak bokal labur bat edo diptongo bat dituenean amaieran -с atzizkia erabiltzen da (eta -й diptongo batean galtzen da): нохос «txakurrak», нялхас «haurrak»;
  • izenak kontsonante bat (-н izan ezik) edo galtzen den bokal bat dituenean amaieran -ууд (-үүд) atzizkia erabiltzen da: буга «orein» (azkeneko -а galtzen da) — бугууд «oreinak», байшингууд «eraikinak»;
  • izenak bokal luze bat edo diptongo bat dituenean amaieran -нууд (-нүүд) atzizkia erabiltzen da: тулаайнууд «untxiak», далайнууд «itsasoak»;
  • -чууд (-чүүд) eta -чуул (-чүүл) atzizkiek elkarteak sortzen dituzte: залуу «gazte» — заалуучууд, залуучуул «jende gaztea», ядуу «behartsu» — ядуучууд, ядуучуул «jende behartsua»;
  • нар (ez da hitzekin lotzen) atzizkiak ogibide berdina duten edo ahaidetasuna duten gizakien plurala adierzten du: эгч «arreba, ahizpa» — эгч нар «arrebak, ahizpak».
Kasuak aldatu

Mongolierak zortzi kasu ditu: nominatiboa, genitiboa, datibo-lokatiboa, akusatiboa, ablatiboa, instrumentala, adlatiboa eta komitatiboa. Izen guztiak «gogorrak» edo «bigunak» dira beren bokalen arabera (ikus «bokalak» atala).[18]

  • Mongoliera zaharrean nominatiboak -н adierazlea zuen: morin «zaldi», modun «zuhaitz», čilaγun «harri». Gaur egun mongolierazko nominatiboak ez du adierazle zehatzik, baina izenak kasuen (genitiboa, datibo-lokatiboa, ablatiboa eta instrumentala) arabera aldatzen direnean -н adierazle zaharra agertzen da batzuetan. Nominatiboan -аа partikula erabiltzen da eta hori bokatiboaren adierazlea da: Халиун аа! Чамд толь бичиг байна уу? «Haliun! Ba al duzu hiztegirik?».[19]
  • Genitiboaren galderak «Nolako?» eta «Norena?» dira eta haren adierazleak -ын, -ийн, -ы, -н eta -ий dira. Izenak bokal «gogorrak» dituenean eta kontsonante batekin amaitzen denean -ын atzizkia erabiltzen da: улс «herrialde» — улсын «herrialdearen, publiko»; -ы atizkia hitz «gogor»retan -н ondoren erabiltzen da: орон «lurralde, herri» (-o- galtzen da) — орны «lurraldearen, herriaren»; -н diptongo baten ondoren erabiltzen da: орой «arrats» — оройн «arratseko»; -ийн hitz «gogor»retan erabiltzen da -г, -ь, -ш edo -ч amaieran dituztenean, baita hitz «bigun»etan ere: өвөл «negu» — өвлийн «neguko»; -ий hitz bigunetan erabiltzen da -н amaieran dutenean (-н hori hitz aldatzerakoan agertu daiteke): хэл(эн) «hizkuntza» — хэлний «hizkuntzaren». Genitiboaren adierazlea duen hitza beti aurretik jartzen da euskaran bezala: байгшийн ном «irakaslearen liburua».[20]
  • Datiboaren adierazlea -д (-с, -г eta -р ondoren -т bihurtzen da) da eta -н- «galdua» (nominatiboaren adierazle zaharra) agertzen da beti: Энэ хүнд битгий хэл «Ez esan gizon honi». Datiboa higitzea adierazten duten aditzekin erabiltzen da sarri. Lokatiboak zein tokian ekintza bat jazo den adierazten du: фабрикад ажиллах «lantegian lan egin».[21]
  • Akusatiboaren adierazleak -г, -ыг eta -ийг dira; izenak bokal luze bat edo diptongo bat amaieran dituenean -г erabiltzen da: дуу — дууг; -ыг hitz «gogor»retan kontsonante eta bokal laburren ondoren erabiltzen da: ном — номыг; hitz «bigun»ek -ж, -ч, -ш, -г, -и edo -ь amaieran dituztenean -йиг erabiltzen da: эх — эхийг, засаг — засгийг. Azkeneko bokal laburrak galtzen dira: гэрэл — гэрлийг.[22]
  • Ablatiboaren galderak «nondik?» eta «zergatik» dira eta haren adierazleak -аас, -ээс, -оос eta -өөс dira: Ээж ажлаас ирэв «Ama lanetik itzuli da», Энэ надаас болсон хэрэг «Niregatik jazo da hori»; kasu hori alderatzerakoan erabiltzen da ere: Дорж Болдоос сайн сурдаг «Dorj Bold baino hobeto ikasten du». Kasu horrek н «galdua» gordetzen du.[23]
  • Komitatiboaren adierazlea -тай, -тэй, -той dira eta haren galderak «norekin? zerekin?» eta «zenbat?» dira; «eduki» aditza adierazteko erabiltzen da ere: Би хүүхэдтэй «Seme-alabak ditut» (hitzez hitz: «Seme-alabekin nago»), Би хорин настай «Hogei urte ditut».[16]
  • Instrumentalaren galdera «nola?, zeren bitartez?» da eta haren adierazleak -аар, -ээр, -оор, -өөр dira: зам «bide» — замаар, өвөл «negu» — өвлөөр. Izenak bokal luze bat amaieran duenean adierazleen aurretik -г- jartzen da: бараа «salgai» — бараагаар. Izenak bokal labur bat edo kontsonante bigun bat amaieran dituenean instrumentalaren adierazleak -иар eta -иор dira: тамхи «tabako» — тамхиар, морь «zaldi» — мориор. Kasu horrek erak, bitartekoak, zerbait ekoizteko erabiltzen diren gaiak eta ekintza baten zergatiak eta helburuak adierazten ditu.[24]
Ukapena aldatu

Izenekin egiten den ukapena биш hitzaren bidez osatzen da: Энэ ном биш «Ez da liburu bat».[25]

Aditzak aldatu

Mongolierazko aditzek hiru forma nagusi dituzte: aditzakoa, partizipiokoa eta ekintza osagarrikoa. Hizkiak aditzen erroei gehitzen zaizkie, adibidez, явах aditzak яв- erroa, -а- bi zati lotzeko erabiltzen den bokala da eta -х infinitiboaren adierazlea ditu.[26]

Aldiak aldatu

Etorkizuna adierazteko infinitiboa erabiltzen da: Багш маргааш явах юм «Irakaslea bihar etorriko da»; eragozpenak daudenean юм partikula aditzaren ondoren jartzen da: Би Монгол явах юм «Mongoliara joango naiz (baina ez nago ziur)»; юм байна hitzek halabeharrezko ekintza bat adierazten dute: Тэр хүн ирэх юм байна «Gizon hori etorriko da (eta ziur nago)».[27]

Etengabeko ekintzak -даг, -дэг, -дог eta -дөг atzizkien bidez adierazten dira: Би энд байдаг «Hemen bizi naiz».[28]

Irauten duen orainaldia байна hitzaren bidez adierazten da: Би ажил хийж байна «Lan egiten ari naiz».

Lehenaldia adierazteko atzizki asko erabil daitezke: -в, -лаа (-лээ, -лоо, -лөө), -жээ (-чээ) eta -сан (-сэн, -сон, -сөн). Liburuetako hizkuntza eta galdegiterakoan -в atzizkia erabiltzen da: Таа сайхан амрав уу? «Atseden ona hartu al duzue?»; -лаа atzizkiak duela gutxiko ekintzak adierazten ditu, horrelako ekintzak orainalditik hurbil daude: Би явлаа «Alde egin dut», atzizki hori ekintzaileak berak egin edo ikusi zuen ekintzak adierazteko erabiltzen da; -жээ atzizkiak aspaldeko ekintzak adierazten ditu: Эрт урьт цагт эмгэн өмгөн судаг байжээ «Duela urte asko gizon zaharra eta bere emaztea bizi ziren», atzizki horrek ekintzaileak berak egin edo ikusi ez zuen ekintzak edo ustekabean jazo ziren ekintzak adierazten ditu: Би үзэг мартажээ «Bolaluma ahaztu dut / nuen»; -сан lehenaldiaren atzizki neutralena da, юм hitzarekin nagusiki erabiltzen dena: Багш ирсэн юм «Irakaslea etorri da / zen».[29]

Moduak aldatu

Inperatiboa adierazteko aditzen erroak behar dira: явах «ibili, joan» — яв! «zoaz!».[30]

Ukapena aldatu

Aditzekin erabiltzen den ukapena -гүй atzizkiaren bitartez adierazten da: Би явахгүй «Ez naiz joango»; битгий eta бүү partikulak debekatzeko erabiltzen dira: Бүү ярь «Ez esan (esateko baimenik ez duzu)»; indikatiboan aditzaren aurretik эс eta үл partikulak ere jar daitezke: Би үл мэднэ «Ez dakit».[31]

Ekintza osagarriak aldatu

Aldi berean jazotzen diren bi ekintza daudenean horietako bat ekintza osagarria bihurtzen da eta -ж (-ч) atzizkia jasotzen du: Би ном ушиж сууна «Eserita nago eta liburua irakurtzen dut».

Izenondoak aldatu

Mongolierazko izenondoak ez dira inoiz aldatzen: сайн ном «liburu ona» — сайн номыг (akusatiboa).[32]

Partizipioak aldatu

Orainaldiko mongolierazko partizipioak -аа, -ээ, -оо eta -өө atzizkien bitartez osatzen dira; aditzaren erroak bokal bat edo erdi-bokal bat amaieran duenean -г- gehitzen da: байх «egon» — байгаа «egoten den».[33]

Joskera (sintaxia) aldatu

Mongolierazko esaldiek hitz ordena zehatza izan behar dute. Aditzek esaldiak amaitzen dituzte eta subjektua aditzaren aurretik jartzen da beti; izenondoak izenen aurretik jartzen dira eta aditzondoak aditzen aurretik jartzen dira. Adibidez, Оуютан ном сайн уншина «Ikasleak liburua ondo irakurtzen du»: оуютан «ikaslea(k)», ном «liburu», сайн «ondo», уншина «irakurtzen du».[32]

Galderak aldatu

Galdegiteko partikulula bereziak erabiltzen dira, esaldien amaieretan beti jartzen direnak: Энэ ном уу? «Hori liburu bat al da?», Энэ ширээ юү «Hori mahai bat al da?»; бэ (м, н eta л ondoren) eta вэ partikulak galderazko hitzak dituzten esaldietan erabiltzen dira: Энэ хэн бэ? «Nor da hau?»; «edo» hitza duten galderazko esaldiak partikulak berresateaz osatzen dira: Энэ ном уу, дэвтэр үү? «Liburu bat edo koaderno bat da hori?».[34]

Lexikoa aldatu

Mongolierak, beste hizkuntzak bezala, bere lexikoan hitz jatorrak eta maileguak ditu: bere garapenaren bidean hizkuntza askotatik hartu ditu hitzak. turkiar hizkuntzetatik: оточ «sendagile», шат «eskailera», буурцаг «ilar»; sankritotik: тив «kontinente», чавганц «moja», хийд «monasterio»; tibeteratik: даваа «astelehen», лхагва «asteazken», аравнайлах «argitu»; txinerazko maileguak hainbat garaitan etortzen ziren: цай «te», байцаа «aza», лууван «azenario», жанжин «gudarostearen buruzagia» eta besteak. Beste hizkuntzetatiko maileguak ere badaude, adibidez, errusieratik, persieratik, arabieratik.[35]

Hitz berriak sortzea aldatu

Aditzen erroetatik -л, -лт eta -дал atzizkiak erabiliz izenak sortzen dira: явах «ibili, joan» — явдал «gertaera, jazoera».[22]

Hitz askok esanahi bat baino gehiago dituzte: татах «tiratu», татвар татах «zerga bildu», ус идээ татах «jateari edo edateari utzi».[36]

Idazketa aldatu

 
Mongolieraren idazketa zaharra

Mongoliako mongolierak alfabeto zirilikoaren aldaera erabiltzen du gaur egun; aldaera horrek 35 hizki ditu, baina к, ф, щ eta п maileguetan bakarrik agertzen dira; в eta р ez dira inoiz hitzaren hasieran agertzen[37]:

Zenbakia Alfabeto zirilikoa Izena NAF (hotsa) ISO 9 Latindar alfabetoa, lehenengo aldaera Latindar alfabetoa, bigarren aldaera Latindar alfabetoa, hirugarren aldaera
1 Аа а a a a a a
2 Бб бэ p, pʲ, b b b b b
3 Вв вэ w, wʲ v v w v
4 Г г гэ ɡ, ɡʲ, k, ɢ g g g g
5 Дд дэ t, tʲ, d d d d d
6 Ее е jɛ~jɜ, e e ye, yë ye, yö e
7 Ёё ё ë yo, yö yo ë
8 Жж жэ tʃ, dʒ ž j j zh
9 Зз зэ ts, dz z z z z
10 Ии и i i i i i
11 Йй хагас и i j ĭ i ĭ
12 (Кк) ка (kʰ, kʰʲ) k k k k
13 Лл эл ɮ, ɮʲ l l l l
14 Мм эм m, mʲ m m m m
15 Нн эн n, nʲ, ŋ n n n n
16 Оо о ɔ o o o o
17 Өө ө o ô ö ö ȯ
18 (Пп) пэ (pʰ, pʰʲ) p p p p
19 Рр эр r, rʲ r r r r
20 Сс эс s s s s s
21 Тт тэ tʰ, tʰʲ t t t t
22 Уу у ʊ u u u u
23 Үү ү u ù ü ü
24 (Фф) фэ, фа, эф (f) f f f f
25 Хх хэ, ха x, xʲ h x kh kh
26 Цц цэ tsʰ c c ts ts
27 Чч чэ tʃʰ č č ch ch
28 Шш ша, эш ʃ š š sh sh
29 (Щщ) ща, эшчэ (stʃ) ŝ šč shch shch
30 Ъъ хатуугийн тэмдэг ʺ ı ʺ ı
31 Ыы эр үгийн ы i y y î y
32 Ьь зөөлний тэмдэг ʲ ʹ ʹ ĭ i
33 Ээ э e è e e ê
34 Юю ю jʊ, ju û yu, yü yu, yü iu
35 Яя я ja, j â ya ya ia

Soziolinguistika aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. Euskaltzaindia. (2007-03-30). 38. araua - Munduko estatu-izenak. .
  2. a b c Janhunen, Juha. (2012-11-29). Mongolian. John Benjamins Publishing Company, 11 or..
  3. a b Linda, Tsung. (2014-10-27). Language Power and Hierarchy: Multilingual Education in China. Bloomsbury Academic.
  4. Iredale, Robyn. (2003-08-02). China's Minorities on the Move: Selected Case Studies. , 84 or..
  5. Janhunen, Juha. (2012-11-29). Mongolian. John Benjamins Publishing Company, 16 or..
  6. Otsuka, Hitomi. (2012-11-30). More Morphologies: Contributions to the Festival of Languages, Bremen,17 Sep to 7 Oct, 2009. , 99 or..
  7. Iredale, Robyn. (2003-08-02). China's Minorities on the Move: Selected Case Studies. , 56, 64-67 or..
  8. Iredale, Robyn. (2003-08-02). China's Minorities on the Move: Selected Case Studies. , 61 or..
  9. (Ingelesez) Shih, Gerry. «Chinese authorities face widespread anger in Inner Mongolia after requiring Mandarin-language classes» Washington Post ISSN 0190-8286. (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  10. (Ingelesez) Qin, Amy. (2020-08-31). «Curbs on Mongolian Language Teaching Prompt Large Protests in China» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  11. (Ingelesez) «Parents Keep Children Home As China Limits Mongolian Language In The Classroom» NPR.org (Noiz kontsultatua: 2021-01-22).
  12. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 4-5 or..
  13. a b Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 5 or..
  14. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 6-7 or..
  15. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 14 or..
  16. a b Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 71 or..
  17. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 75-80 or..
  18. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 81 or..
  19. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 81-82 or..
  20. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 29-30 or..
  21. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 41, 87 or..
  22. a b Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 56 or..
  23. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 70 or..
  24. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 93-94 or..
  25. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 31 or..
  26. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 14-16 or..
  27. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 17-18 or..
  28. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 29 or..
  29. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 40-41 or..
  30. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 16 or..
  31. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 31, 41 or..
  32. a b Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 15 or..
  33. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 54 or..
  34. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 30 or..
  35. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 32-35 or..
  36. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 12 or..
  37. Skorodumova, Lidija. (2002). Mongolieraren ikasliburua. Учебник монгольского языка. Муравей, 4 or..

Kanpo estekak aldatu

Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu.