Millet satitsua (Sorex coronatus) ugaztuna da, soricidaeen familiakoa. Mendebaldeko Europan bizi da[1].

Millet satitsu
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaEulipotyphla
FamiliaSoricidae
LeinuaSoricini (en) Soricini
GeneroaSorex
Espeziea Sorex coronatus
(Millet, 1828)
Banaketa mapa

Europa atlantiarrera mugaturiko espezie hau eurasiar satitsu edo satitsu buztankarratuaren (Sorex araneus) –Euskal Herrian ez dago- azpiespezie kontsideratu zen urte luzez, baina egun espezie kategoria esleitzen zaio. Sorex generoko gainerako satitsuen oso antzekoa da, baina hiru koloretako kolorazioak errazten du espezie hau identifikatu ahal izatea. Euskal Herriko eremu guztian aurki daiteke Nafarroako Erriberan salbu.

Deskribapena aldatu

Tamaina ertaineko satitsua da, 7-7,5 cm bitarteko gorputz-luzera eta 4-5 cm-ko buztana duena. 12 eta 14 gramo bitarteko pisua izan ohi du. Kolorazioa eremu geografikoaren arabera aldakorra den arren, hiru koloreko ilaje bereizgarria du espezie honek. Bizkarraldea arre edo marroi iluna da, eta sabelaldea, berriz arre-grisaxka. Gorputzaren alboetan, ordea, ilaje horixka izan ohi du. Neguan ilajea ilunagoa izan ohi da. Emeek hiru ugatz-pare dituzte iztaietan.

Banaketa aldatu

Mendebaldeko Europan eragin atlantikoa duten eremuetara mugaturiko espeziea da. Hegoaldeko muga Ebro eta Tajo ibaien arroek ezartzen dute, eta iparraldean Jutlandiako penintsularen hegoalderaino hedatzen da. Ekialdean, aldiz, Oder ibaiak (Alemania) eta Alpeek mugatzen dute[2].

Euskal Herriko lurralde guztian bizi den espeziea da, Nafarroako Erriberan salbu.

Habitata aldatu

Ezaugarri atlantikoak –hezetasuna eta tenperatura leunak- behar dituen espeziea da. Ezaugarri horiek betetzen dituzten askotariko habitatetan aurki daiteke, baso atlantikoetatik hasi eta goi-mendietako larretaraino[2]. Pirinioetan 2000 metrotik gora ere aurkitu izan da[3].

Elikadura aldatu

Espezie honek lurreko ornogabe txikietan oinarritutako dieta du, eta dipteroen larbak, ehunzangoak eta zizareak irensten ditu batez ere. Barraskiloak, armiarmak eta kakarraldoak ere jaten ditu eta noizbehinka landareak ere irensten ditu[2].

Ugalketa eta ontogenia aldatu

Iberiar penintsulan otsaila amaieratik azaroa hasierara arte luzatzen da ugal sasoia, eta aktibitate maximoa udaberrian gertatzen da[3]. Ernaldiak 24-25 egun irauten du, eta batez beste lau kume izaten ditu kumaldiko eme bakoitzak. Emeek 3-4 kumaldi izan ditzakete euren bizitzan, eta 11-12 kume izan urteko. Lehen kumaldietan jaiotako arrek, urtea amaitu aurretik lortzen dute heldutasun sexuala, baina emeek urte oso bat behar izaten dute ugalketarako prest egoteko[3].

Animalia hauen batez besteko bizi-luzetasuna urtebete pasatxokoa da, nahiz eta hainbat ale 20-21 hilabete izatera iritsi daitezkeen[3].

Bizimodua aldatu

Izaera bakartia duen espeziea da. Ugal sasoitik at oso lurraldekoia da, eta indibiduoen arteko lurraldeak ez dira apenas gainjartzean. Ugal sasoian, aldiz, arren lurraldeak zabaldu eta gainjarri egiten dira. Egunez zein gauez mantentzen dira aktibo, eta ehiza azkarrak eta atseden hartzeak tartekatzen dituzte etengabe[3].

Espezieen arteko elkarrekintzak aldatu

Gainerako satitsu gehienen kasuan bezala, hegazti harrapari gautarrak eta karniboroak dira espezie honen harrapari nagusiak. Hontz zuria (Tyto alba), urubia (Strix aluco), hontz handia (Bubo bubo) eta hontz ertaina (Asio otus) nabarmendu behar dira. Karniboroen artean, berriz, erbinude zuria (Mustela erminea) eta ipurtatsa (Mustela putorius) aipa daitezke[3].

Antzeko espeziea satitsu txikia (Sorex minutus) du. Antzekotasun morfologikoa nabarmena izan arren, satitsu txikia eta Millet satitsua bereizteko ezaugarririk errazena azken horrek gorputzaren alboetan duen kolorazio argia da. Bestalde, satitsu txikia, izenak berak dioen bezala, txikiagoa izan ohi da.

Kontserbazioa aldatu

Ez du kontserbazio arazo berezirik.

Erreferentziak aldatu

  1. Insectivore Specialist Group. (1996). Sorex coronatus. in: IUCN Zerrenda Gorria..
  2. a b c Mitchell-Jones, AJ,; Amori, G,; Bogdanowicz, W,; Kryštufek, B,; Reijnders, PJH,; Spitzenberger, F,; Stubbe, M,; Thissen, JBM, et al.. (1999). The Atlas of European Mammals. Londres: Academic Press.
  3. a b c d e f Palomo, JL,; Gisbert, J,; Blanco, C. (2007). Atlas y Libro Rojo de los Mamíferos Terrestres de España. Madril: MMA.