Memento mori latinezko esaldi bat da, euskaraz "Hilko zarela gogoratu" esan nahi du, "Hilkorra zarela gogoratu" zentzuan. Ohikoa den gai bat identifikatzeko erabiltzen da, bai artean zein literaturan: Bizitzaren iheskortasuna.

Memento mori.

Jatorria aldatu

Bere jatorria Antzinako Erromako ohitura bitxi bat da. Imperator delakoak Erromako kaleetan barna garaile desfilatzen zuenean, bere atzetik morroi batek giza naturaren mugak oroituarazten zizkion, handinahikerian erori ez zedin, eta jainko ahalguztidun baten antzera bere boterea legeak eta ohiturek ezartzen zituzten mugetatik at erabil ez zezan. Esaldi hau aipatuz egiten zuen, nahiz eta Tertulianoren testigantzaren arabera ziurrenik erabilitako esaldia honako hau litzateke[1]:

« Respice post te! Hominem te esse memento!
"Begira zure atzetik! Gogoratu gizon bat zarela" (eta ez jainko bat).
»

Agerpenak artean aldatu

Esaldi hau artearen historian hildakoen errepresentazioak izendatzeko ere erabili izan da.

Euskal Herrian aldatu

Euskal Herrian hilerrietan eta beste toki batzuetan hitzezko inskripzioak erabili izan dira (Europako beste herrialde batzuetan bezala), baita euskaraz ere, memento mori zentzuarekin. Kanpoastuetako sarreretan idatzi ohi ziren XX. mendera arte halakoak, Gipuzkoan zenbait herritan errepikaturiko leloa, euskarazko aldaera desberdinekin, honelakoa da: "Laster esango dute zuengatik gugatik esaten ohi dena orain. Hil ziren!". Honelakoak irakur daitezke Hernaniko hilerrian[2], Polloekoan Donostian (gazteleraz ere bai, ate baten alde banatan bi hizkuntzak)[3], Oiartzungoan (eraitsia), eta beste batzuetan[4].

 
Artadiko hilerrian; Memento mori mezua euskaraz: LASTER ESANGO DA / ZUENGATIC ESATEN / DANA GUGATIK / ¡IL ZIRAN!

Beste hilerri batzuetan beste mezu antzeko baino laburragoak dira. Gaintzakoan eta Orendaingoan, "gaur ni, bihar zu"[4]; Fikakoan "Suek sariena ixan ginien gu / Gu gariena i(xen)go sarie suek"[5]. Erdarazko mezuak ere badira, adibidez Lizarran[3] edo Abadiñon ("No hay ciencia ni poder ni mañana / que del filo de la guadaña / egsimir a nadie pueda / resígnate y a Dios ruega")[6], eta hilerri sarreretan direnez aparte, barrualdeetan ere egoten dira gogorakizunak idatzira, Abadiñon bertan , eta Berrizen adibidez (hemen euskaraz: "Ni gaur ta zu bihar, hona ekarri behar" eta "Lehen bizi arren harro, orain usteltzen nago", grafia zaharrez baina[7]).

Europako zenbait tokitan ohitura den bezala, Euskal Herriko kanpandorre batzuetan ere badaude memento mori mezuak, denboraren iragatearekin lotuta. Ezaguna da batez ere Sarako Jondoni Martine elizakoa, kanpandorrean irakurtzen ahal dena erlojuaren ondoan:

Oren guziek dute gizona kolpatzen azkenekoak du hobirat egortzen.

Tradizioaren arabera bertan erretore izandako Pedro Axularrena omen da testua[8].

21. mendean, mezu hauek umore beltzeko iruzkinekin hartu ohi dira[4][8]. Iñaki Segurola idazleak kartel horiek merezi ez zituztelakoan hildakoek, ordezkapenak proposatu zituen[9]: “barre asko egin”, “lepo jo”, “ez izan presarik”, “bake gehitxo gauza onerako”...[8] Formula ordezkapenik ez da gertatzen ari 21. mendean, ezta inskripzio berririk, ez bada lehengoak eraitsi egiten dituztela sinbologia berriekin ordezkatzeko (baina inskripzio batzuk gorde dira eta berrikuntzetan errespetatu). 20. mendeko azken laurdenean hilerriak akonfesional bihurtu dira, eta ez da jada ohikoa katolizismoaren testuekin hornitzea.

Erreferentziak aldatu

  1. «Memento Mori» www.revistaadios.es (Noiz kontsultatua: 2023-01-23).
  2. «Agustin Iturriagaren hilobia - Hernani» Kronika.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  3. a b Izagirre, Ander. «Poloen ere» Twitter (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  4. a b c Kitto, Martin. «Umore beltza Euskal Herriko hilerrietan» bilgunea.blogetan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  5. Gonzalez, Galder. «Suek sariena ixan ginien gu» Twitter (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  6. Hernando, Javi Guerra. (2011-02-18). Español: Abadiño (Vizcaya)-Cementerio-3. (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  7. Arrieta Sanz, Julio. «Berrizko kanposantuan» Twitter (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  8. a b c Galarraga, Aritz. «Gero arte» Argia (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  9. «Iñaki Segurola: "Hildakoek ez dituzte hilerrietako kartel horiek merezi"» EITB 2020-11-08 (Noiz kontsultatua: 2023-01-27).

Kanpo estekak aldatu