Mau Mau matxinada

Mau-Mau matxinada» orritik birbideratua)

Mau Mau matxinada altxamendu antikolonialista izan zen, 19521960 bitartean Kenya Britainiarrean gertatutakoa. Batez ere kikuyu etniako kideez osaturik zegoen Mau Mau higikundeak indarrez erantzun zion Britainia Handiko agintariek egindako lur banaketa diskriminatzaileari. Ingelesen eta haien laguntzaileen kontrako ekintzak egin zituzten.[2] Britainiarren errepresioa oso bortitza izan zen. 1960an matxinada militarki zapaldua izan bazen ere, hiru urte geroago Kenyak independentzia erdietsi zuen.[3]

Mau Mau matxinada
Afrikako deskolonizazioa
King's African Rifles batailoiko britainiar soldaduak
Data19521960
Lekua Kenya Britainiarra
EmaitzaMatxinada zapaldua izan zen
Gudulariak
 Erresuma Batua
Mau Mau taldea
Buruzagiak
Evelyn Baring
George Erskine
Kenneth O'Connor
Dedan Kimathi
Musa Mwariama
Waruhiu Itote
Stanley Mathenge
Indarra
10.000 soldadu erregular
21.000 poliziakide
25.000 soldadu kikuyu
ezezaguna
Galerak
200 hildako
579 zauritu
12.000-20.000 hildako
2.633 preso
2.714 errenditu
Zibilak: 50.000-100.000 hildako[1]
320.000 atxilotu

Izena aldatu

Ez dago argi zein den Mau Mau izenaren jatorria. Kikuyuek ez zuten erabiltzen, eta nahiago zuten Kenya Land and Freedom Army (KLFA, “Kenyako Lurraren eta Askatasunaren Armada”) izendapena. Muingi ("Mugimendua"), Muigwithania ("Ulermena") eta Muuma wa Uiguano ("Batasuneko Zina") deiturak ere erabiltzen zituzten. Egile batzuen arabera, Uma Uma (“irten, irten”) edo Ma Umau (“gure arbasoak”) esaldien akronimoa izan liteke, edo Muuma (“zina”) hitzaren deformazioa. Gatazka hasi ondoren, Mzungu Aende Ulaya - Mwafrika Apate Uhuru ("Atzerritarra atzerrira itzul dadin, afrikarrak independentzia berreskura dezan") swahilizko esaldia sortu zuten, Mau Mau akronimoarekin bat datorrena.

Aurrekariak aldatu

1895ean britainiarrek Ekialdeko Afrika Britainiarra izeneko protektoratua eratu zuten, 1920an Kenya Britainiarra bilakatu zena. Herrialde hartan XIX. mendean ez zen estaturik. Herritar gehienak nekazaritzan edo abeltzaintzan aritzen ziren, ehizatik eta bilketatik bizi ziren gutxiengoak ahaztu gabe. Orduko Kenyan tribuak baino gehiago familia eta leinuak zeuden, eta aginte zentralik ere ez zegoen. Britainiarrek inportatu zuten estatua XIX. mende bukaeran, eta beren aldean oso ahulak ziren lider afrikarrak berenganatu zituzten.[1]

XIX. mende amaieratik aurrera, Kenyako barnealdeko lur hoberenez jabetu ziren kolono zuriak. 1915ean promulgatu zen Koroaren Lurren Ordenantzak (Crown Lands Ordinance Act) lurren gaineko eskubiderik gabe utzi zituen herri indigenak.[3] 1945ean, herrialdeko lur emankorrenen 43.000 kilometro koadro 3.000 europar kolonoren esku zeuden, eta %6 besterik ez zegoen landurik. 5,25 milioi indigenek, berriz, 135.000 kilometro koadro lur besterik ez zuten.[4] Britainiar kolono gehienak kikuyu jendearen eskualdean kokatu ziren, Nairobi ondoan. Beraz, kikuyu asko kolonoen etxaldeetako langile bilakatu ziren. Afrikarrak kristautzera etorritako misiolarientzako ere eskualde hori zen erakargarriena, eta bertan ezarri zituzten eskola gehienak. Kikuyuak lehenago hasi ziren modernotzen gainerako herritarrak baino.[1]

Gainerako etnietakoak ere hasi ziren beren leku bila. Batzuetan misiolariek berek eman zieten halako tribu-nazio kontzientzia, Bibliaren irakurketa lokalekin. Txirotasunetik ihesi, ekonomia berriaren bazter auzoetara jo zuten lan bila: trenbideetan, lurjabe zurien morrontzan edo soroetan, polizian, armadan, ganadu tratuan. Ugazabak eta agintariak etnien artean mesfidantza ereiten saiatu ziren. Kikuyu jendeak giro horretan hartu zuen etniaren kontzientzia. 1945etik aurrera, Rift Haraneko goialdeetako baserri handietako ugazabak beren soroak mekanizatzen hasi zirenean, urte batzuk lehenago bertara eramandako langile kikuyuei bizi baldintza okerragoak ezarri zizkieten. Hauek saiatu ziren beren sorlekuetan berriro nekazaritzan hasten, baina ez zuten lortu, eta Nairobi inguruko txabolategietara jo behar izan zuten, nola edo hala bizimodua ateratzera.[1] Oso bestelakoa zen gizarte kolonialean aberastuak ziren kikuyuen egoera. Loyalist (“leialak”) izena ematen zitzaien, eta lurjabe handi eta boteretsuak ziren.

Matxinada aldatu

 
Mau Mauren aurka jardun zuen kontra-gerrilla unitate bateko kideak

Lurrak kentzeaz gainera, bizitza politikotik erabat baztertu zituzten Kenyako indigenak. Mau Mau erakundea 1947an sortu zen, kikuyu etniaren barnean, baina embu eta meru etnietako militanteak ere zituen. Isileko elkartea zen, eta kideek odolezko zina egin behar izaten zuten. Zin hori oso ahaltsua zen kikuyuentzat, magikoa, eta hura hausteak heriotza zekarrela sinesten zuten.[4] 1952an, armak hartu eta Mau Mau gerrilla bihurtu zen.[5] Lehenbiziko erasoak loyalist-en aurkakoak izan ziren. 1952ko urriaren 7an, senior chief Waruhiu, britainiar kolonialismoaren aldeko sutsua, hil zuten tiroka.[6]

Horiek horrela, koloniako gobernadoreak larrialdi egoera ezarri zuen. Matxinadari laguntza ematen ziotela leporaturik, 187 buruzagi indigena atxilotu zituzten, Jomo Kenyatta barne. Kenyatta zazpi urteko gartzelara eta gatibu lanetara zigortu zuten. Milaka kikuyu beren etxeetatik joan, eta Aberdare eta Kenya mendiguneetako oihanetan kokatu ziren.[3] Britainiar soldadu gehiago iritsi ziren Kenyara matxinadari aurre egitera, eta indigenez osatutako Kikuyu Home Guard talde paramilitarra ere eratu zuten.[4] Errepresioari erantzunez, kolonoen eta lurjabe beltzen aurkako eraso gehiago egin zituen Mau Mauk 1953an. Martxoaren 26an, senior chief Lukaren etxaldea eraso zuten Larin, Nairobitik hurbil; gerrillariek 97 lagun hil zituzten. Mendekuz, Mau Mauko 400 kide hil zituzten britainiar soldaduek eta kukuyu paramilitarrek.[7][8]

1953ko maiatzean, George Erskine izendatu zuten Mau Mauren aurkako operazioen arduradun nagusi. Haren agindupean, 10.000 britainiar soldadu eta Kikuyu Home Guard-eko 25.000 indigena borrokatu ziren Kenyako oihanetan, Royal Air Forcek lagundurik, Mau Mauko dozenaka mila gerrillarien aurka. Kikuyu kolaborazionistek eta desertoreek osatutako kontra-gerrilla unitateak ere sortu zituzten, Mau Maun infiltratzen zirenak.[7][4] 1954ko urtarrilean China jenerala (Waruhiu Itote), matxinoen buruzagia, atzitu eta galdekatu ondoren, britainiarren estrategiak aurrerapauso handia egin zuen.[9] Martxoan Katanga jenerala eta Tanganyika jenerala harrapatu zituzten. Apirilaren amaieran, oihaneko borroka nahiko bideraturik zutela, Anvil Operazioa hasi zuten britainiarrek: Nairobi erabat hartu zuten eta kikuyu etniako 100.000 pertsona atxilotu zituzten; horietako 30.000 atxilotze eremuetara eraman zituzten.[4] 1955eko hasierarako matxinada mendean harturik zegoen. Dedan Kimathi mariskala, Mau Mauko buruzagi nagusia, 1956ko urrian harrapatu eta 1957ko otsailean urkatu zuten.[4]

Elektroshocka maiz erabili zen, eta baita zigarretak eta sua ere. Botilak (askotan hautsiak), armen kanoiak, ganibetak, sugeak, basapiztiak eta arrautza beroak sartzen zituzten gizonen ondesteetan eta emakumeen baginetan. Operazio militarretarako informazioa eta froga judizialak lortzeko asmoz, atxilotze-taldeek jo, tirokatu, erre eta mutilatu zituzten Mau Mauko kide izatearen susmagarriak.

Britain's Gulag: The Brutal End of Empire in Kenya
Caroline Elkins

Oihanetako borrokaz gain, kikuyu zibilen aurkako zapalkuntza ere erabili zuten britainiarrek. Kolonia osoan pipeline izeneko 150 atxilotze eremu eraiki eta atxiloketa masiboak egin zituzten. Britain's Gulag (“Britainiar Gulag-a”) idatzi zuen Caroline Elkins ikerlariaren arabera, 160.000-320.000 indigena egon ziren preso pipeline-etan, eta ehunka mila emakume eta ume herrixketan konfinaturik eduki zituzten. Herrixka horiek kontzentrazio esparruak ziren errealitatean, alanbre arantzadunez eta lubakiez inguraturik eta zaintze-dorreez horniturik egoten baitziren. Bai atxilotze eremuetan, bai herrixketan, gatibu lanak, gaixotasunak, gosea, torturak, bortxaketak eta erailketak pairatu zituzten kikuyuek.[10] Errepresioa zuritzeko, desmasia guztiak egotzi zizkion britainiar propagandak Mau Mau taldeari, kanibalismoa barne.[1]

Ondorioak aldatu

Matxinada azpiratua izan bazen ere, garrantzi handikoa izan zen Kenyaren independentziarako bidean. Agerian utzi zituen europarren ahuleziak, eta kolono moderatuen eta estremisten arteko desadostasunak piztu zituen. Bestalde, gobernuaren errepresio latzak bizkortu zuen kenyarren sentimendu antikolonialista.[3] Herrialdearen independentzia 1960tik aurrera negoziatu zen, Lancaster Etxeko Konferentzietan, eta 1963ko abenduaren 12an gauzatu zen. Jomo Kenyatta izan zen lehenbiziko presidentea.

 
Garai kolonialean tortura pairatu zuten kenyarren omenezko oroitarria.

Mau Mauk 1.819 pertsona erahil zituen 1952 eta 1961 bitartean, horietako 32 zuriak.[4] Britainiar soldaduek, berriz, 65.000 lagun hil zituzten urte horietan, Kenyako Giza Eskubideen Batzordearen arabera. Aipagarria da britainiar agintariek 1.090 kikuyu urkatu zituztela, horietako jendaurrean, Erresuma Batuan exekuzio publikoak debekaturik zeuden arren.[11][8] Kontzentrazio eremuak sortu zituzten, eta bertan, ekintzaile independentistatzat jotzen zituztenak hiltzeaz gainera, baldintza ezin txarragotan edukitzen zituzten gainerako presoak. Caroline Elkinsek egindako ikerketaren arabera, berriz, 100.000 kenyar hilarazi zituzten britainiarrek, eta ehunka mila kikuyu egon ziren preso. Erresuma Batuko Gobernuaren eta segurtasun indarren erabateko gardentasun eza ere salatzen da ikerlan horretan.[5]

2013an, Mau Mau mugimenduko independentisten aurka torturak eta gehiegikeriak egin zituela aitortu eta “damu zintzoa” adierazi zuen Erresuma Batuko gobernuak. “Gizakion duintasunaren urraketa izugarriak dira torturak eta tratu iraingarriak, eta, horregatik, erreparorik gabe deitoratu nahi ditugu” zioen adierazpen ofizialak. Horrez gainera, 19,9 milioi libera esterlinako kalte-ordaina ematea onartu zuen, torturak sufritu zituzten Mau Mau mugimenduko 5.228 ekintzaile ohien artean banatzeko.[5]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e Kenyan jirafak lasai zeuden baina herritarrak haserre. Argia aldizkaria, 2008ko otsailak 17, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-15).
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. a b c d The Mau Mau Uprising. South African History Online, sahistory.org.za (Noiz kontsultatua: 2019-08-19).
  4. a b c d e f g Friedman, Herbert A.. PSYOP of the Mau-Mau Uprising. psywar.org (Noiz kontsultatua: 2019-08-16).
  5. a b c Orzaiz, Ion. Ankerkeria ordainduko dute. Berria egonkaria, 2013ko ekainak 7, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-15).
  6. Twitter Post: Assassination of Waruhiu - Trigger for the Emergency. museumofbritishcolonialism.org (Noiz kontsultatua: 2019-08-15).
  7. a b El Mau Mau y el fín de la colonia. kenyalogy.com (Noiz kontsultatua: 2019-08-15).
  8. a b Kenia: el Gulag británico (II). andaquepaque.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2019-08-15).
  9. Wesangula, Daniel. The Mau Mau general who stopped Amin in his tracks. Daily Nation, 2010eko martxoak 27, nation.co.ke (Noiz kontsultatua: 2019-08-18).
  10. Parry, Marc. Uncovering the brutal truth about the British empire. The Guardian, 2016ko abuztuak 18, theguardian.com (Noiz kontsultatua: 2019-08-18).
  11. Mau Mau uprising: Bloody history of Kenya conflict. BBC News, 2011ko apirilak 7, bbc.com (Noiz kontsultatua: 2019-08-23).

Kanpo estekak aldatu