Marikaka handi

Marikoi handi» orritik birbideratua)

Marikaka handia (Stercorarius skua) Charadriiformes ordeneko eta Stercorariidae familiako espezie handi bat da. Kakajale handia, kakajantzale, kakatatzaile, kakax eta marikoi handia izenez ere ezagutzen da[2]. Marikaka familiako hegazti guztiak bezala, espezie hau harraparia eta oportunista da, kleptoparasitismoa ere burutzen du jakiak eskuratzeko.

Marikaka handi
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaCharadriiformes
FamiliaStercorariidae
GeneroaStercorarius
Espeziea Stercorarius skua
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa111,7 g (pisua jaiotzean)
arra: 1,735 kg (helduen pisua)
emea: 1,935 kg (helduen pisua)
Zabalera136 cm
Kumaldiaren tamaina2
Errute denbora29 egun
Arrautza

Eskandinaviako herrialdeetan jasotzen duen izen arrunta ("Skúa") faroera hizkuntzatik "skügver" dator (euskaraz: "luma-sorta").

Taxonomia aldatu

Marikaka handia Faroe eta Islandia uharteetan deskribatu zuen Morten Thrane Brünnich zoologo daniarrak 1764an, Catharacta skúa izen binomialarekin. Orain Stercorarius generoan kokatzen da, Mathurin Jacques Brisson zoologo frantsesak sartu zuen espezie hau genero horretan 1760-an. Uste denez, ingelesezko izena eta "skua" espeziearen izena "skúvur", "skúgvur" edo "skügver" feroera hizkuntzan sortzen dela, eta Faroe Uharteetan sortu eta beste leku batzuetan ohiko bihurtu den hegazti izen ezagun bakarra da. Britainia Handian, batzuetan "bonxie" izenarekin ezagutzen da, jatorri eskandinaviarreko Shetlandeko izen batekin. Stercorarius generoaren izena latindarra da eta "simaurreko" edo "gorotzeko" esan nahi du; hau marikakek beste hegaztiak jazartzen zituztenean eta hauek bere jakiak (arrainak batez ere) botatzera behartzen zituztenean jaki horiek gorotzak zirela pentsatzen zelako da. Espeziea monotipikoa da: ez da azpiespezierik ezagutzen.

Ezaugarriak aldatu

Espezie handia eta gorpuzkera mardulekoa da. 58 cm luze da eta 1,4 metroko zabalera du. 1,7 kg-ko masa izatera irits daitezke. Eme bereziki handiak 1,9 kg gaindi dezakete baldintza optimoetan. Emea arra baino handiagoa eta pisutsuagoa da.

Marroi arre kolorekoa da hegoen punta inguruan kolore zuri deigarria dutelarik. Kolore hori ugaltze garaian elar gorteatzeko erabiltzen dute. Mokoa gris kolorekoa, zorrotza eta kakoduna da. Zangoak ere grisak dira eta kaioek baino atzapar zorrotzagoak dituzte.

Buztana motza eta gogorra dute, hegaldi indartsua dute.

Marikaka handiaren deia "hah-hah-hah-hah" latz eta zakarra da, txakur baten zaunkaren antzekoa. Ugaltze eta kumatze garaian zaratasua izan daiteke baina urteko beste sasoietan bereziki isila da, itsaso zabalean udazkena eta negua pasatzen dutenean marikaka handiak behatzea oso zaila da, hain zuzen ere itsasoaren handitasunean erabat isilik eta barreiatuta daudelako.

Marikaka espezie hau beste espezieengandik bereiztea nahiko erraza da bere tamaina mardulari eta hegoen punta inguruko marka zuri bereizgarriari erreparatzen badiegu. Ipar hemisferioan ez dago marikaka handiaren tamainara heltzen den bestelako marikaka espezierik, horrek espeziea bereiztea erraztu egiten du. Hego hemisferioan, ordea, badaude honen tamainara heldu eta batezbestekoa gaindi dezaketen espezie batzuk, baina hemisferio ezberdinetan bizi direnez ez du oztoporik suposatzen honen identifikazioan.

Elikadura aldatu

Arrainez, arrautzez, hegaztiez, karraskariez, untxiez, sarraskiez eta itsasoan aurki dezaketen hondarraz elikatzen dira.

Marikaka handia espezie kleptoparasitoa da eta askotan bere jakia beste itsas hegaztiei saria lapurtuz lortzen dute. Txenadei, kaioei, lanperna-musuei, martin arruntei, pottorro arruntei eta, oro har, bestelako alcidae familiako hegaztiei eraso eginez sarri lortzen du jatekoa. Zangei ere askotan erasotzen die, hauek marikaka handiak baino handiagoak badira ere. Zangak hegan daudenean marikakek hauek hego batetik heldu, desorekatu eta itsasora botatzen dituzte, behin itsasazalean daudenean marikaka handiak hauen gainera etorri, erasotu eta zangak bere arrainak uztera behartzen dituzte.

Baina kleptoparasitoak ez ezik, harrapari bikainak ere badira, Stercorariidae familiari "kaio-harrapariak" edo "itsas hegazti harrapariak" bezala ezagutzen zaio. Kaioak baino trebeagoak eta indartsuagoak dira harrapakinak harrapatzeko, mokoa hauek baino kakodunagoa eta atzaparrak garatuagoak dituzte. Itsaso zabalean eta kostaldean hegazti harraparien ekologia eta rolla betetzen dute (kostaldeko itsas arranoak kenduta). Bera baino txikiagoa den edozein itsas hegazti harrapatu eta hiltzeko gai da, kaio hauskara edota kaio hankahoriaren tamainako kaioak ere hiltzeko gai da. Itsas hegaztiez gain untxiak eta karraskariak harrapatzen ditu han-hemenka lur lehorrera hurbiltzen denean.

Sarraskigileak ere badira, itsasoko edota kostaldeko gorpuetaz ere elikatzen da.

Banaketa eremua eta habitata aldatu

Eskoziako iparraldean eta iparralderago dauden beste uharte batzuetan hazten ditu kumeak (Faroe Uharteak eta Islandia). Udaberrian eta udazkenean erraz ikus daiteke mendebaldeko Europan, normalean itsasoan, nahiz eta sarritan ekaitzek lehorrera eramaten duten. Neguan, eskualde epelagoetara jotzen du, eta hegoaldeko Atlantikora eta Hego Amerikara iristen da.

Habitata aldatu

Marikaka handiak itsaso zabalean igarotzen du urtearen zatirik handiena, eta lehorrean finkatzen da ugaldu eta kumatzeko bakarrik. Urruneko irletan, muinoetan eta kostaldeko paduretan egiten du habia. Espeziea itsastarra da, beraz kostaldetik lehorrerago ez da igarotzen habiak egiteko.

Euskal Herrian aldatu

Marikaka handia Euskal Herriko itsasoan eta han-hemenka bertako itsaslabarretan behatu daiteke. Neguak bere ugaltze eremuko urak baino itsaso epelagoetan pasatzen ditu eta beraz Euskal Herrian behatzen direnak bertan negua pasatzen duten edota migrazio mugimenduetan dauden aleak dira.

Mugimenduak aldatu

Marikaka handiak, itsas hegazti askok bezala, bi mugimendu mota egiten ditu bere ziklo ekologikoan. Alde batetik itsaso zabaletik kostalderako bidaia eta alderantzizkoa, ugaltze garaia eta urteko gainontzeko garaiaren artean egiten duen mugimendu mota. Bestetik, iparretik hegoaldera eta alderantziz egiten duen urtaro ezberdineko mugimendu mota. Negu hotzak latzak dira bere ugaltze eremuetan, zenbait lekutan itsasazala izoztu ere egiten delarik, beraz, negua epelago pasatzeko eta batez ere harrapakinak harrapatu ahal izateko ur epelagoetara mugitzen da, iberiar penintsularen pareraino edo hegoalderaino ere. Mediterraneo itsasoan oso arraroa eta eskasa da, baina ale batzuek bertan pasatzen dute negua.

Ugalketa aldatu

Gorteoan bikoteak airean biribilak marraztuz jaisten dira kumatze gunera, eta, lehorrean daudenean, agur-zeremonia moduko bat egiten dute (elkarri agurra eta ongi etorria ematen diote). Habia tapizatu gabeko zulo bat da, maiatzetik ekainera bitartean errutzen dituzte bi arrautza habi bakarrean.

Oso jokabide bortitza dute beren kumatze eremuan sartzen direnen aurrean, gizakiak barne. Kasu batzuetan arriskutsuak izaten dira, eta mokoaz gogor jotzen dute beren habi inguruetara hurbiltzen den arrotzaren burua.

Kostaldean ugaltzen da, bikote gutxiko kolonia isolatuak osatuz, nahiz eta kolonia batzuk egon milaka bikoterekin. Gazte gehienak jaiotza-kolonietara itzultzen dira helduaroan ugaltzeko, baina badira ere beren kumatze eremuekiko fideltasun gutxi duten hegaztiak, eta, horren ondorioz, beste kolonia batzuk sortu dira eremu desberdinetan (beren kolonia eremuak hedatuz). Ugalketa garaian, eta bereziki arrautzak txitatzen direnean, oso oldarkor agertzen da eta oso aktiboki defendatzen ditu hazkuntza lurraldeak.

Hazkuntza aldia maiatza eta uztaila bitartean luzatzen da eta espezie honek urtero erruten du. Habia lurrean dagoen zulogune xume bat da, landare-material gutxikoa, eme eta arraren lan partekatuaz. Bikotearen fideltasuna nahiko egonkorra da eta normalean biak urtero itzultzen dira kumatzeko kolonia berera. Ohiko erruteak bi arrautza ditu, baina arrautza bat eta bi artekoa izan daiteke. Batez besteko inkubazio aldia 26 egunetik 32 egunera bitartekoa da, eta txitek 40-51 egun behar izaten dituzte hegan egiteko. 5-7 urterekin iristen dira sexu-heldutasunera, eta baldintza onetan 32 urte bizitzera irits daitezke.

Espezieen arteko elkarrekintzak aldatu

Marikaka handia goikaldeko harrapariaren rolla betetzen du. Bera baino txikiagoak diren animaliak ehizatu egiten ditu edo hauek lortutako harrapakinak lapurtzen ditu. Itsas hegazti espezie askotan kontrol biologiko bat suposatzen du, hauen arrautza, txita edo helduen ehizarekin gehiegizko populazioa ekiditen baitute. Lanperna-musu, pottorro arrunt, martin arrunt, txenada mota ezberdin, zangak eta mota askotako kaioak erasotzen ditu, bai hauei lapurtzeko edo bai hauek ehizatzeko. Kaio hauskora eta kaio hankahori baten tamainako kaioak ehizatzeko gai da, baita ere kaio beltz gazteak eta erabat garatu ez direnak (helduak handiegiak, indartsuegiak eta arriskutsuegiak dira ehizatu ahal izateko) menderatzeko eta ehizatzeko.

Marikaka handiak, heldua denean bere tamaina, indarra eta oldarkortasuna direla eta, ez dauka harrapari asko, soilik arrano beltzak, itsas arrano buztanzuriak eta arrano buruzuriak ehiza dezakete heldu bat. Arrautzak eta txitak ordea, korbidoen, kaioen, arratoien, katuen eta azerien (adibidez azeri artikoa) dietan sartzen dira. Itsasoan barrena, noizbehinka orkek edo marrazoek harrapa ditzakete bai ale gazteak eta baita helduak ere.

Kontserbazio egoera aldatu

Marikaka handiaren populazioaren inguruko ikerketak ez dira errazak, batez ere itsaso zabalean barreiaturik ematen duelako bere bizitzaren zatirik handiena eta kostaldera hurbiltzean, kolonia txikietan mugitzen delako.

Gaur egun, mundu mailan "kezka txikia" gisa katalogatuta dago animalia hau IUCN-ren zerrenda gorrian. Hala ere, hegazti honek mehatxu ezberdinei aurre egin behar die egunez egun, habitataren suntsipena, gizakiaren presioaren areagotzea eta itsasoan kutsadura dira bere mehatxu handienak, hau konpondu ezean, bere ekosistemako erregulatzaile naturala den espezie gako hau arriskuan sar daiteke.

Irudiak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) IOC Master List
  2. «Marikaka handia» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-13).

Bibliografia aldatu

Kanpo estekak aldatu