Maria Benedita Mouzinho de Albuquerque de Faria Pinho

Portugalgo idazle, aktibista errepublikano eta feminista (1865-1939)

Maria Benedita Mouzinho de Albuquerque de Faria Pinho (Figueiró dos Vinhos, Leiria, 1865eko apirilaren 5a – Santa Isabel, Lisboa, 1939ko urtarrilaren 12a) idazlea, itzultzailea, irakaslea, propagandista, errepublikar aktibista eta feminista izan zen. XX. mendearen hasieran eskubide zibikoen aldeko borrokan eta emakumeen eskubideen aldarrikapenean aitzindaria izan zen. Portugalgo Lehen Errepublika garaian emakumeen boto eskubidearen eta dibortzioaren legearen aldeko aldarria etengabean, hainbat elkarte politiko eta feministatan aritu zen, haien artean, Portugalgo Emakumeen Liga Errepublikanoa eta "Pela Pátria" Emakumeen Batzordea, bere sortzaileetako bat izanik.

Maria Benedita Mouzinho de Albuquerque de Faria Pinho

Bizitza
JaiotzaFigueiró dos Vinhos (en) Itzuli1865eko apirilaren 12a
Herrialdea Portugal
 Portugalgo Erresuma
Lehen hizkuntzaportugesa
HeriotzaSanta Isabel (en) Itzuli1939ko urtarrilaren 12a (73 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakportugesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, itzultzailea eta irakaslea

Biografia aldatu

Maria Benedita Mouzinho de Albuquerque de Faria Pinho Figueiró dos Vinhos-en jaio zen, 1865eko apirilaren 5ean. Aita Diogo de Faria Pinho e Vasconcelos Soares de Albergaria kazetari eta enpresaburua izan zen, Figueiró dos Vinhos-en jaiotakoa eta bertako administratzailea, eta ama, Maria do Amparo Raposo Mouzinho de Albuquerque, Luis da Silva Mouzinho de Albuquerqueren, Madeirako gobernadore, administratzaile kolonial eta Erresumako ministro izan zenaren biloba.[1] Maria Beneditaren aitona-amonak, aitaren aldetik, Manuel José de Pinho Soares de Albergaria, Salgueirako baroia eta lizentziatua, eta Maria Benedita de Faria Pereira de Vasconcellos izan ziren; eta amaren aldetik, Fernando Luís Mouzinho de Albuquerque, soldadu, enpresaburu, kazetari, idazle, poeta eta politikaria, eta Matilde da Conceição Raposo. 1865eko maiatzaren 8an São João Baptista de Figueiró dos Vinhos Parrokian bataiatu zuten, aitaren aldeko aitona eta amaren aldeko amona aita eta ama pontekoak izan zirelarik. Maria Benedita zazpi senidetatik hirugarrena izan zen.[2]

 
Bernardino Machado.

Maria Beneditaren familia leinu aristokratiko baina demokratiko luze batetik zetorren. Heziketa zorrotza izan zuen, hizkuntza klasikoen eta modernoen ikasketan eta filosofia, politika eta literaturaren azterketan oinarritua. Bere familiaren jatorriari esker, oso gaztetatik, harreman handia izan ahal izan zuen garai hartako Portugalgo politikako pertsonaia ospetsuenetariko batzuekin, tartean, geroago Errepublikako presidente izango zen Bernardino Machadorekin,[3] Mariarengan eragin handia izango zuena bere ideal demokratiko eta humanisten bilaketan.[4]

17 urte zituela, 1882ko uztailaren 1ean, Leiriako Katedralean ezkondu zen Joaquim Lúcio Lobo jeneral eta ingeniari militarrarekin. Joaquim, Leirian jaioa, Maria baino hamalau urte zaharragoa zen. Senar-emazteek Maria Henriqueta Lobo izeneko alaba izan zuten.[5] Ezkondu eta gutxira, baina, bikotekideen arteko harremanak gaiztotzen hasi ziren, senarrak bete behar zituen misio militarrengatik eta hainbat nortasun bateraezintasunengatik. Horren ondorioz, Maria Benedita Lehen Errepublika baino lehen ere dibortzio eskubidea aldarrikatzen hasi zen.

 
"A Mulher e a Criança" hileroko aldizkaria , Portugalgo Emakumeen Liga Errepublikarrak 1909an argitaratu eta banatua.

1909an, oraindik ezkonduta baina bananduta, Lisboara joan zen bizitzera. Han irakasle lanetan hasi zen. Liga Republicana das Mulheres Portuguesas (LRMP - Portugalgo Emakumeen Liga Errepublikarra) erakunde politiko eta feministan sartu zen.[6] Ana de Castro Osório idazle eta kazetariak sortutako elkarte horren helburua "Portugaldar emakumeak printzipio demokratikoetan gidatu, hezi eta irakastea" eta "legeak, bereziki emakumeei eta umeei dagozkien ataletan, berrikustea sustatzea" zen.[7] 1909. urtean bertan, Ligaren lehen zuzendaritza taldeko kide izendatu zuten eta otsailaren 27an elkartearen sorrera ofiziala izan zen batzar orokorreko idazkari ardura hartu zuen. Horrez gain, Ana de Castro Osório eta Fausta Pinto da Gamarekin batera, "A Mulher e a Criança" aldizkari ofizialaren zuzendaritza batzordean ere parte hartu zuen. Aldizkariaren helburua “gai politiko-sozialak, historikoak eta hezkuntzakoak, bereziki emakumeei eta umeei buruzkoak” jorratzea zen. Handik urtebetera, Maria Benedita Mouzinho de Albuquerque de Faria Pinhok LRMPko prentsa-organo ofizialean zeukan karguari uko egin zion, "A Mulher e a Criança" argitalpenak, Ligaren zuzendaritza-organoen menpe egonik, bere autonomia gal zezakeela uste zuelako.[2][8]

LRMP bileretan, Cristina Torres dos Santos irakasle, aktibista errepublikano eta propagandista ezagutzeko aukera izan zuen, eta laster, nahiz eta beren jatorriak oso ezberdinak izan, lagun handiak egin ziren. "O Mundo" egunkariak jakinarazi zuenez, elkarrekin egon ziren biak 1910eko urriaren 6an, Figueira da Fozen egin zen gaueko manifestazio batean Portugalgo Errepublika ezarri eta egun batera.[9]

Urtebete geroago, 1911n, Ana de Castro Osório buru zuen LRMPren eta Afonso Costa orduko Justizia ministroaren elkarlanari esker dibortzio legea onartu zela aprobetxatuz, Maria Benedita Mouzinho de Albuquerque de Faria Pinho dibortziatu egin zen.[10] Urte batzuk geroago, 1953an, Joaquim Lúcio Lobo Portugalgo Armadako ofizial zaharrena bihurtu zen 101 urte zituela hil zenean.

1914an, Europan Lehen Mundu Gerra hasi zenean, Ana Augusta de Castilho, Ana de Castro Osório eta Antónia Bermudes aktibista feminista eta errepublikanoekin batera, “Pela Pátria” Emakumeen Batzordea sortu zuen, gerra zela eta Portugalen antolatu zen lehen erakundeetako bat. Batzordeak hainbat helburu zituen, hala nola Portugalgo emakumeak gerra-esfortzurako mobilizatzea, gerraren ondorioz euren etxeetatik alde egin behar izan zuten borroka frontera mobilizatutako soldaduei eta haien familiei laguntza eskaintzera. Elkarteak "A Semeadora" (Ereilea) aldizkaria argitaratu eta zabaldu egiten zuen, beren kausa ezagutarazteko eta portugaldar emakume guztien atxikimendua lortzeko diru laguntza biltzeko.

 
Elzira Dantas Machado.

Bi urte geroago, 1916an, Portugal Europako frontean parte hartzen hasi zenean, "Pela Pátria" Batzordea Bernardino Machado presidenteak sortu eta haren emazte Elzira Dantas Machadok zuzendutako "Cruzada das Mulheres Portuguesas" (Portugalgo Emakumeen Gurutzada) karitate-mugimendu berrian integratu zen.[11] María Beneditak bere kausaren alde lanean jarraitu zuen 1938an desagertu zen arte, Estatu Novoak errefuxiatuei eta gerrako biktimei laguntza ematea debekatu zuenean bere jarduera eten zelako.[12]

Maria Benedita 73 urte zituela hil zen, 1939ko urtarrilaren 12an, Lisboako Rua Ferreira Borgesen, 27. zenbakian, bigarren solairuan zeukan etxean. Gaur egun neuroendekapenezko gaixotasuntzat jotzen den baina garai hartan zahartzaroko dementzia izenez ezaguna zen gaixotasun baten ondorioz hil zen. Lisboako Ajuda parrokiako hilerrian dago ehortzita.

 
"As Andorinhas" (Enarak), Maria Benedita Mouzinho de Albuquerque de Faria Pinhoren ipuinen bilduma. Haren salmentarekin lortutakoa "Pela Pátria" Emakumezkoen Batzordearentzat izan zen (1915)

Lanak aldatu

Oso familia aberatsekoa izan arren, Maria Benedita Mouzinho de Albuquerque Pinho — bere lanak izenpetzeko erabiltzen zuen izena— beti saiatu zen finantza-autonomiari eusten. Lisboan eta Leirian lan egin zuen Belgikako, Frantziako eta Errusiako egileen testuak itzultzen, hala nola, Hector Fleischmann, Alphonse Karr, Paul Margueritte, Victor Margueritte, Gencéko kondesa eta Lev Tolstoi., Horrez gain, emakumeen eskubideak eta haien ideal errepublikazaleak aldarrikatzen zituzten artikuluak idatzi eta garaiko hainbat aldizkari eta egunkaritan argitaratu zituen, esate baterako, "A Semeadora" edo "O Mundo" aldizkarietan.

Literaturaren alorrean, gainera, hainbat eleberri argitaratu zituen, hala nola, "Marina" (1912)[13], "O Vagabundo" (Arlotea - 1913) edo "Sonho Desfeito" (Amets hautsia - 1922) eta baita haurrentzako hainbat ipuin bilduma ere, hala nola "As Rosas do Menino Jesus" (Jesus Haurtxoaren Arrosak - 1923) Mily Possoz-en ilustrazioekin edo "As Andorinhas" (Enarak - 1915)[14], zeinaren diru-sarrera osoa "Pela Pátria" Emakumeen Batzordearen ongintzazko lanetarako dedikatu zen.[15][16]

Erreferentziak aldatu

  1. (Portugesez) Esteves, João. (2016). MARIA BENEDITA MOUZINHO DE ALBUQUERQUE FARIA PINHO [I. ] Silêncios e Memórias (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
  2. a b (Portugesez) Esteves, João. (1998). As origens do sufragismo português: a primeira organização sufragista portuguesa, a Associação de Propaganda Feminista (1911-1918). Editorial Bizâncio ISBN 978-972-53-0042-8. (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
  3. «| Cc | Arquivos» Casa Comum | Fundação Mário Soares.
  4. (Portugesez) Faces de Eva. Edicões Colibri 2004 (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
  5. «Descendentes, ascendentes e colaterais de algumas famílias de Leiria: Página de nomes de indivíduos nº - 317» Famílias de Leiria.
  6. (Portugesez) Esteves, João. «Silêncios e Feminismo. Mulheres na História de Portugal» APH - Associação de Professores de História (APH - Associação de Professores de História).
  7. (Portugesez) Esteves, João Gomes. (1991). A Liga Republicana das Mulheres Portugueses: uma organização política e feminista (1909-1919). Comissão para a Igualdade e para os Direitos das Mulheres (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
  8. (Portugesez) «A MULHER E A CRIANÇA. ORGÃO DA LIGA REPUBLICANA DAS MULHERES» Almanaque Republicano 2013ko maiatzaren 25a (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
  9. Esteves, João. (2016). «Maria Benedita Mouzinho de Albuquerque Faria Pinho (I)» Silêncios e Memórias.
  10. Esteves, João. (9 de novembro de 2010). «Apoiantes da lei do divórcio(II) | "Jornal da Mulher" - 1909» Silêncios e Memórias.
  11. «A Solidariedade: O Papel das Associações de Solidariedade e as Associações Femininas» Momentos de História 2013.
  12. (Portugesez) «No Centenário da Cruzada das Mulheres Portuguesas: Mostra Documental na Biblioteca Nacional» Almanaque Republicano 2016ko urtarrilaren 29a.
  13. (Portugesez) Illustração portugueza. 1912 (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
  14. (Portugesez) Geral, Universidade de Coimbra Biblioteca. (1915). Boletim da Biblioteca da Universidade de Coimbra. (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
  15. (Portugesez) Tinoco, Agostinho Gomes. (1979). Dicionário dos autores do Distrito de Leiria. Assembleia Distrital (Noiz kontsultatua: 2022-03-24).
  16. (Portugesez) Portela, Miguel. (2020). Fernandes, Carlos ed. Retratos de um Território: Maria Benedita Mouzinho de Albuquerque Faria de Pinho [1865-1939]. Leiria: Hora de Ler.