Margaret Cousins

Sufragista eta feminista irlandar-indiarra

Margaret Cousins, Gretta Cousins izenez ere ezaguna (Boyle, 1878ko azaroaren 7a - Adyar, India, 1954ko martxoaren 11), hezitzailea, sufragista eta eta teosofo irlandarra izan zen.

Margaret Cousins

Bizitza
JaiotzaBoyle1878ko azaroaren 7a
Herrialdea Irlandako Errepublika
 India
BizilekuaChennai
HeriotzaAdyar (en) Itzuli1954ko martxoaren 11 (75 urte)
Familia
Ezkontidea(k)James Cousins (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakirakaslea, sufragettea eta musikagilea
Jasotako sariak
KidetzaNational Flag Presentation Committee (en) Itzuli

Irlandan eta Ingalaterran emakumeen boto-eskubidearen alde borrokatu zen, eta, Indian egon zen bitartean, ibilbide luzea egin zuen politikan, emakume indiarren eskubide politikoen mugimendua antolatu zuen, eta kolonialismoaren aurkako borrokarekin bat egin. Hainbat aldiz sartu zuten kartzelan giza eskubideen alde legeak hausteagatik.

Haren jarduna bereziki interesgarria izan zen nazioz gaindikoa zelako, zeina emakumeen historiak ez baitzuen kontuan hartu ohi.[1] Desberdintasunak desberdintasun, Irlanda eta India, biak Britainia Handiak kolonizatuak izan ziren. Bi herrialdeetako emakumeak beren herrialdeko askatasunaren eta emakumearen eskubideen alde borrokatu ziren. Margaret Cousinsek nazionalismoaren eta feminismoaren alde egin zuen bi herrialdeetan.[2]

Biografia aldatu

Gaztaroa eta prestakuntza aldatu

Margaret Gillespie 1878ko azaroaren 7an jaio zen, familia protestante irlandar batean, Boylen (Roscommongo konderria).[1]

Hamabost senideetan zaharrena zen.[3]

Neska gisa izandako esperientziak, familiako neskatoen eta mutikoen arteko tratu-desberdinkeriek, bere amaren finantza-mendekotasuneko egoerak (egindako gastu bakoitza aurpegiratzen zitzaion), laster ulertarazi zioten ze bidegabea zen emakumeek munduan zuten egoera desorekatua.

«Eta hortxe hasi nintzen, nire neska determinazioz, emazteen eta amen finantza-egoera aldarazten saiatzen, denek gogor lan eginagatik, ez baitzuten haientzako dirurik izaten. Ikusi nuen garai hartan madarikazio moduko bat zela neska jaio izana, eta mutil jaio nahi izan nuen benetan.»[2]

Beka bati esker, 1989an Derryko Victoria High School for Girls eskolan eman zuen izena. Geroago, Dublingo Erret Musika Akademian ikasi zuen. 1902an amaitu zituen ikasketak, eta musika irakasten hasi zen.[3]

Ikasten ari zela, James Cousins poeta eta literatura-kritikariarekin egin zuen topo, eta harexekin ezkondu zen, 1903an. Garai hartako ohituraren aurka, ezkondu ondoren ere musika irakasten jarraitu zuen denbora erdiz.[3]

Teosofia aldatu

Biei interesatzen zitzaizkien sozialismoa, begetarianismoa, teosofia eta emakumeen sufragioa. Irlandako Elkarte Begetarianoaren sorreran parte hartu zuten, 1905ean, eta Margaret Cousins zein ohorezko idazkaria. Annie Besant teosofo famatua ezagutu zuten, 1902an, «Teosofia eta Irlanda» gaiari buruzko hitzaldia emateko egin zuten bisitan. Ezagutza horren ondorioz, 1915ean, Indian bizitza berri bat izan zuten. 1909an, Besanten beste bisita baten ondoren, Elkarte Teosofikoaren Dublingo etxea berreraikitzen lagundu zuen bikoteak.[2]

Bizitza intelektuala Dublinen aldatu

Emakumeen politikaz eta mugimenduaz gain, Margaret eta James Cousinsen bizitza literaturan, poesian, antzerkian, mito irlandarrean eta ezkutuko zientzietan zentratzen zen. Irlandako Antzoki Nazionalean parte hartu zuten, eta K.V. Khedkar doktoreak sarrarazi zituen Bhagavad-gitan, 1906an.

Dublingo etxean, pertsona hauek errezibitu zituzten, besteak beste, James Joyce eta George Russel, zeinekin partekatzen baitzuten teosofiarekiko interesa; William Butler Yeat; Irish Literary Theatre, National Dramatic Society, Abbey Theatre eta Theatre of Ireland taldeetako aktoreak.[1][3]

Margaret Cousinsek idazketa automatikoa esperimentatu zuen, astrologiarekin iniziatu zen, eta medium gisa jardun zuen, familiaren etxean egindako espiritismo-saioetan.[3]

1905ean, Irish Vegetarian Society eratu zuten, eta Margaret Cousins izan zen idazkaria.[1]

Mugimendu feminista Irlandan aldatu

1906an, Margaret Cousins Emakumearen Konferentzia Nazionalaren (National Conference of Women, NCW) bilera batera joan zen Manchesterrera, eta emakume sufragista ingelesekin harremana izan zuen, bereziki Emmeline Pankhurtsekin. Hurrengo urteetan, hainbat bisita egin zituen Women's Social and Political Unionen bileretara joateko, eta, ondoren, Konferentziako adar irlandarrarekin bat egin zuen (Irish Women's Suffrage and Local Government Association).

Sufragista irlandarrek protesta egiten zuten emakumeak tokiko autonomiari buruzko proposamenean (Home rule) ez sartzearen aurka. Home Ruleko Irlandako politikari gehienek, hala nola Tim Healyk, John Redmondek, Hugh Lawk eta Joe Devlinek, Irlandako sufragistak Kabineteko ministroen «hitza eteten» zuten «ate-apurtzailetzat» jo zituzten, beren errebindikazioak ezagutarazteko metodo oldarkorrak erabiltzen zituztela iritzita.[1]

Margaret Cousinsek Irish Women's Franchise League (IWFL) sortu zuen Hanna Sheehy-Skeffingtonekin, 1908an. Diruzaina izan izan zen, eta, geroago, idazkaria. Ez zen sufragioaren aldeko Irlandako lehen mugimendua edo bakarra. Hala ere, IWFLk, helburu militantea izanik, moderatuegiak iruditzen zitzaizkion eta herritarren laguntzarik gabekoak.[2] Margaret Cousinsek, publiko irlandarra esnarazteko asmoz, parkeetan, bilera-geletan, elizetan eta unibertsitateetan hitz egiten zuen, publikoa zegoen leku orotan. The Irish Citizen IWFLren astekarian artikuluekin kolaboratu zuen. Mundu osoko sufragistekin harremanetan zegoen, eta Irlandara eramaten zituen hitzaldi-birak egiteko.[2]

Sufragista irlandarrek herrialdeko egoera politikoaren berariazko arazoei egin behar zieten aurre. Ez zuten parlamentu nazionalik interpelatzeko, eta emakumeen sufragioari buruzko lege-proiektu bat eskatu behar izan zioten Westminsterreko Parlamentuari emakume ingelesekin. Irlandarako autonomiaren lege-proiektuan emakumeen sufragioa sar zezaten konbentzitzen saiatu ziren hautatutako irlandarrak. Hala ere, Irlandako Parlamentuko kideek ez zuten sartu nahi autonomiari buruzko lege-proiektua konprometitu zezakeen oro. Eta Britainia Handiko Parlamentuak emakume ingelesei botoa eman nahi ez zien artean, nekez emango zien Irlandako emakumeei.[2]

1910eko azaroan, Irlandako sei ordezkarietako bat izan zen Londresko Emakumearen Parlamentuan.[3] Londresen egon zen bitartean, 10 Downing Streeteko leihoak hausteagatik atxilotu egin zuten, eta hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten, Hollowayko kartzelan.

1913an, Margaret Cousinsek eta beste sufragista batzuek, besteak beste, Conneryk eta Hoskinsek, Dublingo gazteluko leihoak hautsi zituzten, Second Home Rule Bill irakurtzen ari zirela, eta atxilotu eta hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zieten, Tullamoreko kartzelan. Preso politikoaren estatusa eskatu zuten. Azkenean, mediatizatutako gose-greba baten ondoren lortu zuten.[3]

«Gutako hiru boluntario agertu ziren Dublingo Gazteluko leihoak hausteko, dominazio ingelesaren egoitza ofiziala zena. 1913ko urtarrilaren 28an hautsitako kristal horien zaratak munduari bira eman zion... Munduari esan zion emakume irlandarrek protesta egin zutela etxe-autonomia inperfektu eta antidemokratiko bati buruzko lege-proiektu baten aurka.»[1].

Ingalaterra aldatu

1913an, Margaret eta James Cousins Liverpoolera joan ziren bizitzera; han, James Cousinsek mozkin begetarianoen fabrika batean lan egin zuen.

Ingalaterran, Margaret Cousinsek emakumeentzako eliza baten sorreran parte hartu zuen: Church of the New Ideal. Ekimen hura emakume asko beren elizekiko eta, bereziki, Ingalaterrako Elizarekiko kontentagaitz egotearen erreakzioa izan zen, elizok gizonezkoen baluarteak baitziren, eta predikazioa gizonen monopolioa. Hala ere, ez dago eliza horri buruzko informazio handirik, eta Margaret Cousinsek berak gutxi hitz egin zuen hari buruz bere autobiografian, baina kristau-obedientzia bazuen, argi eta garbi.[2]

India aldatu

1915ean, Cousins bikotea Indiara abiatu zen. James Cousins New India egunkariarentzat aritu zen lanean lehenik, Annie Besantek sortutako egunkaria, eta, gero, Eskola teosofikoko zuzendari.

1916an, Margaret Cousins Indiako Emakumeen Unibertsitateko lehen kide ez-indiarra izan zen, Poonan.

Nesken hezkuntza aldatu

1919an, Margaret Cousinsek nesken eskola bat inauguratu zuen Mangaloren, eta lehen zuzendaria izan zen. Han ohartu zen haur-ezkontzaren errealitateaz, eta horren kontra egin zuen aurrerago. Kolpatua sentitzen zen Indian neskentzako eskolarik ez zegoelako; haren arabera, hamar haur-eskolatatik bakarra zegoen neskentzat. Nesken derrigorrezko hezkuntzaren aldeko kanpaina egin zuen, eta, hein handi batean, bere ahaleginari esker, Madrasen legea sartu zuten, 1932an.[2]

Mugimendu feminista Indian aldatu

Nahiko azkar, Indiako emakumeen aldeko kanpaina egin zuen, sufragio irlandarreko eta ingeleseko mugimenduetan izan zuen esperientzia aprobetxatuz. Madrasen Women's India Association (WIA) sortzen lagundu zuen, 1917an, Annie Besant eta Dorothy Jinarajadasarekin, eta Stri Dharma hilabetekariaren zuzendaria izan zen.

Indian, Irlandan bezala, independentzia nazionalaren auzia planteatzen zen, eta eztabaidatzen zen ea emakumeen sufragioak kausa nazionalistari kalte egiten zion ala ez. Margaret Cousins eta WIAko lehendakari Annie Besant ez zeuden ados horrekin, baina, azkenik, 1917an, Madras izan zen emakumeei boto-eskubide osorako eskubidea eman zien Indiako lehen eskualdea. Indiako beste eskualde batzuek hurrengo urteetan jarraitu zuten mugimendua. Margaret Cousinsek harrotasunez adierazten zuen Indiako emakumeek boto-eskubide osoa emakume britainiarrek baino lehenago lortu zutela, haiek 1928 arte itxaron behar izan baitzuten.[2]

1927an, All India Women's Conference sortu zuen, eta 1936an presidente izan zen.

Bi elkarte horiek lanean jardun zuten India modernoko emakumeen alde.

Margaret Cousins kezkatuta zegoen emakumearen egoerarekin lotutako beste arazo batzuekin. Bi liburu idatzi zituen, Awakening of Asian Womanhood (1922) eta Indian Womanhood Today (1941), baita hainbat prentsa-artikulu ere, emakumearen emantzipazioa oztopatzen zuten gaiak jorratzen zituztenak: haur-ezkontza, purdah sistema, alargun gazteen zoria, emakumearen hezkuntzaren urritasuna eta lanbide-heziketa. Arreta berezia jartzen zion neskatoen zoriari, zeinak bospasei urterekin ezkontarazten baitzituzten, 12 edo 13 urteko ama izaten ziren, eta, batzuetan, nerabezaroan alargun, ezkon-familien etxean lan egitera behartuak.[2][1]

1926an, Margaret Cousinsek dei egin zien herrialde osoko emakume-elkarteetako kideei, eta eskatu zien elkartzeko eta hezkuntzaren erreformari buruzko gogoetak azaltzeko, eta ordezkari bat aukeratzeko Poonan 1927ko urtarrilean egitekoa zen hitzaldi berezi batera joateko. Hasierako konferentzia eta hainbat komunitate eta jatorritako emakumeen parte-hartzea kapitulu garrantzitsuak izan ziren Indiako emakumeen mugimenduaren garapenean. Lehen konferentzian zenbait ebazpen onetsi ziren, bereziki lehen eta bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako programen edukia aberasteko ebazpenak.[4]

Era horretako beste hitzaldi batzuk ere egin ziren, eta, 1931n, Asia osoko emakumeen lehen konferentzia (All-Asia Conference) egin zen Lahoren, hein handi batean Margaret Cousinsen ahaleginari esker.[5] India osoko beste emakume-konferentzia bat egin zen Ahmedabaden, 1936ko abenduan, Margaret Cousins buru zela.[2]

Ibilbide politiko luzea egin zuen Indian. Indiako emakumeen eskubide politikoen mugimendua zuzendu zuen, askatasunaren aldeko borrokan paper bat hartuta. Emakume indiar oso garrantzitsuekin lan egin zuen, hala nola Muthulakshmi Reddy, Sarojini Naidu eta Kamladevi Chattopadhyayrekin.

Komunitatearentzako zerbitzua aldatu

Margaret Cousinsek lan filantropikoan ere parte hartu zuen, eta klinika pediatrikoak, ama-etxeak eta indiarren egoera hobetzeko bestelako neurriak sortzen parte hartu zuen. Emakumeen erakundeen sareak eta irakasleen prestakuntza-zentroak sortzea bultzatu zuen.[2]

1923an, Madrasko Gorteko ohorezko magistratu bihurtu zen, hindu batek gonbidatuta. Aitortu zuen ez zuela onartuko estatu kolonialeko ordezkari batek egin izan balio gonbita. Batez ere gai zibilak zuzentzen zituen, eta Indiako erlijio desberdinetako buruak ondoan izan zituen, hari laguntzeko. Lanpostua utzi zuen urtebetera.[1]

Indiako nazionalismoari laguntzea aldatu

1920ko hamarkadan, Margaret Cousinsek Mohandas Gandhik abiarazitako britainiarrekiko lankidetza-ezaren mugimenduan eta nazionalismo indiarraren kausan parte hartu zuen. Lotura estua zuen Indiako Kongresu Nazionalarekin, eta Gandhiren laguna zen. Indiako Kongresu Nazionalaren izenean eta Gandhiren alde hitz egin zuen 1932an, New Yorken egindako bilera masibo batean.[2]

Hilabete batzuk geroago, Genevako Nazioen Ligaren alde agertu zen Indiaren independentziaren alde: “Nazioarteko zentro hauetan Britainia Handiak jokatzen duen joko bikoitza agerian utzi dut: batetik, Indiari askatasuna emateko konstituzio bat egiteko asmoa, eta, bestetik, Indiaren autonomiarako funtsezkoa den guztian tinko eusteko asmoa”.[2]

Bereziki, jendaurrean hitz egitea debekatzen zuten aginduen aurka zegoen. Aholkularitza juridikoa lortu eta zenbait buruzagi nazionalistarekin bildu ondoren, besteak beste, Gandhirekin, zeina espetxean zegoen, hitza hartu zuen mila lagunetik gora bildu ziren hondartza batean egindako bilera publiko batean. Handik gutxira atxilotu zuten, eta hitzaldi sutsua eman zuen audientzia-aretoan, indiar nazionalismoaren alde. Amaitzeko, honako hau esan zuen:

“Urtebetez ni isilarazi nahi banaute, hauxe da atera dezakegun ondorio: haien Konstituzio berria hain txarra izango da, non, ez dezadan kritikatu, behin betiko giltzapean egon behar izango dudan? Justizia eta demokrazia britainiarrak badira, orduan harro nago adierazpen-askatasunaz eta Indiako askatasun nazionalaz, eta lotsatu egiten nau idealismo ingelesa zapalkuntzaren egungo sakontasunetan erori izanak”.[2]

Urtebeteko kartzela-zigorra ezarri zioten Velloreko emakumeen kartzelan. Hamar hilabete eta erdi eman zituen kartzelan, eta, denbora horretan, presoen zoria hobetzen saiatu zen: loreak landatzen zituen kartzelako patioan; gizarte-hezkuntzako, kantuko eta joskintzako eskolak abiarazi zituen, eta astero errezitaldiak ematen zituen bizi osoko kartzela-zigorra zuten emakumeentzat, indiar diskoak eta fonografo zahar bat erabiliz. Kartzelan zegoela, bere zeldakide batek, hilketagatik heriotz-zigorrera kondenatua zenak, nahiz eta berak errugabe zela esan, bere burua urkatu zuen. Gertaerak kolpatuta, Margaret Cousinsek heriotz-zigorraren aurkako kanpaina egin zuen espetxetik irten zenean.[2]

Margaret Cousinsek kanpaina egin zuen Kongresu Nazionaleko Alderdiko kide ziren hauteskundeetarako hautagaientzat, eta emakume hautagaiei lagundu zien zenbait hauteskundetan.[2] Margaretek Indiako askatasunaren aldeko borrokari egindako ekarpena aintzatetsi zuen Estatu indiarrak, eta sari nazional bat jaso zuen 1947an, independentzia lortu ondoren.

1930eko hamarkadaren amaieran, Indiako feminista indigenei lekua uzteko beharraz ohartu zen: “Borrokan egon nahi nuen, baina uste dut nik zuzenean parte hartzea jada ez dela beharrezkoa, ezta orain buru diren Indiako emakume liderrek nahi dutena ere”.

Teosofia bezala, musikak leku nagusia izaten jarraitu zuen bere bizitzan, eta, 1934an, Madrasko Unibertsitateko Mendebaldeko Musika Ikasketen Kontseiluan izendatu zuten. Handik gutxira, The Music of Orient and Occident (Madras, 1935) argitaratu zuen, Indiako prentsarako idatzi zituen artikulu batzuk biltzen zituena. “Musikaren Jainkosari Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko hautematea soinu leun baten bidez sustatzeko saiakera apal hori” eskaini zion.[2]

1940an, Margaret eta James Cousins autobiografia bateratua idazten hasi ziren. 700 orrialde baino gehiagoko liburua baliabide paregabea da Irlandako eta Ingalaterrako sufragio-mugimenduei eta Indiako emakumeen mugimenduari buruz, baita mugimendu nazionalista indiarraren kontakizun liluragarri bat ere, eta teosofiari buruzko informazioa ematen du.[2]

Bizi-amaiera aldatu

Garun-hodietako istripu batek paralizatuta utzi zuen 1944an. Madrasko Gobernuaren laguntza finantzarioa jaso zuen, eta, geroago, Jawaharlal Nerhurena, Indiari emandako zerbitzuak aitortzeko. Laguntza baliotsua izan zen, bikoteak finantza-arazoak baitzituen. 1954ko martxoaren 11n hil zen.[2]

Nahiko denbora bizi izan zen 1947an Indiaren independentzia ikusi ahal izateko, baina pixka bat desengainatu zuen herrialdearen partizioak eta Pakistango Estatuaren sorrerak. Era berean, ikusi zuen politikan eta emakumearen hezkuntzaren hobekuntzan laguntzen parte hartzen zuen emakume indiarren kopurua handitzen.[2]

Argitalpenak aldatu

Aintzatespenak aldatu

  • 1947an, independentzia lortu ondoren, Estatu indiarrak, sari nazionala eman zion Indiako askatasunaren aldeko borrokan egindako ekarpenarengatik.

Erreferentziak aldatu

Bibliografia aldatu

  • (en) Barbara N. Ramusack, « Cousins [née Gillespie], Margaret Elizabeth (1878–1954) », Oxford Dictionary of National Biography, Oxford University Press, 2004 (lire en ligne )

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu